Erromatarrak Tiberretik Bidasoara


2021eko uztailaren 19an
«Baina nork dio erromatarrik ez zela egon hemen? Caro Barojak esan zuen: saltus eta ager. Baina hori erromatar idatzietan ez da ageri eta aztarna arkeologikoek justu kontrakoa diote!», ahotsa punttu bat igo eta baieztatzen du, seguru, eskuan pintzela eta aitzur txikia balitu bezala. Teoria hutsalak dira horiek beretzat eta aipatu orduko sutu zaigu: «Zergatik izan behar du saltus basoa? Zergatik ez pasabidea? Esanahi hori ere badu. Saltus eta ager... hori bai dela topiko bat». Plinio zaharrak saltus vasconum deitu zion Oiassori, baina Mertxe Urteagaren ustez horrek ez du hutsa zegoenik esan nahi: «Caro Barojak asmatu zuen ideia hori eta gero denok joan gara atzetik, egia ote den pentsatu gabe» amaitzen du.

Arrazoi du Mertxe Urteagak eta berak bezala, beste ikerlari askok jardun dute lanean topiko horiek behingoaz baztertzeko. Euskaldun mendikoak, inoiz erromatartu eta zibilizatu gabeak... teoria hori gozoki gozoegia da metalen aleazioaren mundu globalari aurre egiteko, egurrezko ezkutu gogorregia, egia izateko. Erromatarrak gure unibertso «saltusiarrean» ere izan ziren, Ravenako mapa anonimoak erakutsi zien iristeko bidea eta bertan utzi zituzten beren urratsak eta zapaten zolak, Oiasso da horren lekuko.


Aztarnak atera eta topikoak lurperatzen

Mertxe Urteagak urte mordoa darama erromatar garaiko historia eta arkeologia aztertzen eta horietatik zati handi bat Irungo Oiasso aztarnategian eman du. Hain zuzen, uztailetik irekita dagoen Oiasso Museoko zuzendaria da eta berak ezagutzen du, inork baino hobeto, erromatar hiria historiara ekartzeko arkeologoek egindako lana.

Irungo Santiago kalean kolektore bat sartzeko zangak egiten hasi ziren 1992an, eta orduan ohartu ziren arkeologoak bertan aztarna erromatarrak azaldu zitezkeela. Hiru metroko zangak ireki zituztenean, lokatz artean, Euskal Herriko kostaldean inoiz aurkitu den erromatar garaiko material eta zeramika puska multzo handiena azaldu zen. Baina hori bakarrik ez, lokatza kendu eta kendu, erromatarrek eraikitako egurrezko portu batekin egin zuten topo arkeologoek, kontserbazio egoera paregabean. Hasieran, indusketekin ari zirenean, herritarrek ez zuten ulertzen: «Baina zuek jota zaudete, oraindik ez duzue ikasi hemen ez zela erromatarrik egon?» esaten zieten, aztarnak ateratzeko lanean ari zirela. «Galdera hori gaur egun egiten dute batzuek oraindik, bada imajinatu duela 16 urte» dio Urteagak, eta hasperen txiki batek ahotik ihes egiten dio jarraian: «Momentu zailak izan ziren, baina pentsa, goizean zuloan sartu eta katilu bete zeramika ateratzen genuen, arratsaldean sartu eta berdin... horrek indarra ematen zigun», esaten du Oiassoko Zuzendariak, begiak iraganera itzultzen dituen bitartean. Izan ere, marka guztiak hausteko moduko aztarnak berreskuratu zituzten sasoi hartan Irunen. Datu bat: ordura arte Ama Xantalengo ermitako hil kutxetan azaldutako erromatar garaiko 40 zeramika zati besterik ez zituzten, eta Oiassoko aztarnategitik 14.000 pieza atera dituzte jadanik. «Deskubrimendu horrek nazioarteko sareetan sartzeko aukera eman zigun batez ere», azaltzen du Urteagak baikor.


Pieza txikientzako museo handi bat

Oiasso Museoa irekitzeko prozesua mantso joan da, baina horrek merezi izan du, Fernando San Martinen ustez. Irungo udal kultur arduraduna pozik ageri da museoak ateak ireki dituelako, baina hasieran «bakarrik» zeudela argitzen du. Bere hitzetan, arazoak izan ziren museoaren kontzeptuarekin: «Guk pentsatzen dugu museoa ez dela gauzak gordetzeko leku soil bat, gure ondarea herritarrei erakusteko baizik» dio San Martinek. Hala ere, Estatuko eta EAEko erakundeak proiektuarekin konprometiturik daudela ziurtatu digu irundarrak. Irekierak atzerapen batzuk izan zituen, antza denez, zenbait erakundeen esku zegoen erromatar garaiko ondare arkeologikoa eskuratzeko gestioek luze jo dutelako: «Baina horrek museoa aberasteko balio izan du» dio zinegotziak.

Eguerdia da eta altzifre luze eta estu batzuek zeru urdina zatitzen dute atarian. Irungo Eskola zaharren eraikina dotore ageri da, zuri kolore. Barrura sartu garenean iruditu zaigu denboraren tunel ilun baten ateak ireki dizkigutela; antzinarora bidaiatu dugu, mundu klasikora. Baina ez dugu panteoi handietako harrizko jainkorik ikusi, ezta anfiteatroetako zutabe kolosalik aurkitu. Museo hau ezberdina da, Erromako mikrokosmos barnera eramaten gaitu eta pieza txikiak elkarren ondoan jarrita, teselaz tesela, mosaiko eder bat erakusten digu azkenerako. Karmele Barandiaran Oiassoko gerentea da, eta museoko proiektu ezberdinak martxan jartzeko lanean ari da, «Baina hain gauza txikiak izanda... ez al da erronka handiegia jendea erakartzea?» galdetu diogu kuriositatez. Erantzuna bat-batekoa izan da: «Normalean objektu handien atzean finantzaketa handiagoa izaten da eta marketina egiteko diru gehiago. Baina jendea hobeto identifikatzen da eguneroko objektu txikiekin».

Izan ere, zirrara gorputzean sartzen zaio bati, bi mila urteko egurrezko orrazi leun bati begira dagoenean. Eta hor burura etorri zaigun hurrengo galdera: «Nola demontre kontserbatu da orrazi hori gaur egun arte?». Erantzuna lokatza da.


Papiroak bezala kontserbatu dira
Oiassoko aztarnak

Materia organikoa bi baldintza ezberdinetan mantentzen da hain ondo: klima oso lehorrean, edo oso bustian. Egiptoko papiroak, esaterako, horregatik iritsi dira guganaino. Bidasoa ez da Nilo ordea, hemen baldintzak erabat ezberdinak dira, hezeak. Aztarnak lokatzetan mantendu direnez, zeluletan oxigenoa beharrean ura izan dute, eta horri esker mirestu ditzakegu gaur Oiasson azaldu diren orrazi, jostorratz, melokotoi hezur eta egurrezko kai handia. Baina arazo bat dago: «Kontua da, materia hori lokatzetatik ateratzean ura lurrundu egiten dela segituan eta horregatik atera bezain laster uretan sartu behar da, tenperatura egoki batean» azaltzen digu pazientzia handiz Mertxe Urteagak. Aztarna organikoa tratatzeko modua badago ordea, liofilizadore baten bidez -materiatik ura kentzeko aparatua da, substantzia izoztu eta deshidratatu egiten du- . Gipuzkoako Diputazioak liofilizadore bat erosi zuen bere garaian eta makina horrekin tratatzen dituzte Artelekuko zaharberritzaileek aztarna organikoak, baita Oiassokoak ere. Egurrezko kaiaren kasuan ordea, arduradunek Grenoblera (Frantzia) eramatea erabaki zuten, bertan tratamendu egokiago bat izan zezan. Egun, materia organiko guztiak Irunen daude, eta dudarik gabe, objektu horiek dira museoaren altxorrik onena.

Alabaina, kontserbazio arazoak ez dituzte materia organikoekin bakarrik izan. Duela hamarkada bat Ama Xantalengo eliza ondoan katak -indusketa frogak- egin zituzten, Oiasso museoaren atzealdean hain justu, eta bertan erromatar terma batzuen arrastoak azaldu ziren. Erromatarrek Inperio osora esportatu zuten berotze sistema harrigarri baten ereduari jarraitzen die Irunen aurkituriko termak, hiru gelatan banatuta: caldarium, tepidarium eta frigidarium -azkeneko gela honetan, adreiluz estalitako opus edo zoru aberats bat azaleratu dute gainera-. Baina oraingoz termak ez daude ikusgai, zer pasako da horiekin orduan? «Indusketaren shocka deitzen zaiona gertatu zaigu termekin -dio museoko zuzendariak-, aztarnak lurretik atera eta jendeari erakustean, derrigorrean degradazio prozesu bat jasaten dute» azaltzen du. Momentu honetan termak material berezi batekin daude estalirik, gainean txapazko teilatu bat dutela, baina arkeologoek badakite denbora amaitzen ari dela eta irtenbide bat atera behar diotela egoera horri. Hain zuzen, termak museoarekin bat egiteko proiektuari azaroan ekingo diote eta seguruenik egitura altuago bat eraikiko dute, jendeak aztarnak barrutik ikusi ditzan.


Zilarraren bila, ez latina irakastera

«Erromatarrak oso bizkorrak izan ziren eta herriei beren hizkuntzan hitz egiten utzi zieten». Esaldi horixe esan zuen Juan Santos Yanguas irakasleak EHUko Udako Ikastaroen barruan egin ziren Erromanizazioari buruzko jardunaldietan. Izan ere, «erromanizazio» hitza esatea ez omen da zuzena, azken teorien arabera erromatarrak ez ziren etorri beren eredu «zibilizatua» inori inposatzera, baizik eta interes ekonomiko soilagatik.

Baina zer topatu zuten erromatarrek gure kostaldean? Eta zer pentsatu zuten euskaldunek oilar itxurako erromatar haiek ikustean? Zaila da jakitea. Badirudi Euskal Herrian bi kultura zeudela garai haietan: batetik harrespil edo mairubaratzen eremua zegoen, Pirinioen inguruan -tribu baskoiaren lurraldearekin bat egiten du honek-, bestetik azken aldian Gipuzkoan aurkitu diren Burdin Aroko herri harresituak dauzkagu. Xabier Peñalver arkeologoak bi mundu horien inguruko hipotesiak plazaratu ditu eta elkarren artean osagarriak izan zitezkeela dio berak, oraindik datu askorik ez dagoen arren.

Dena dela ere, erromatarrak segituan hasi ziren tribu euskaldunekin harremanak izaten eta bertako askok Erromako ohitura hiritarra barneratu zuten. Biek zuten interesa azken finean, eta horren arabera jokatu zuten batzuek eta besteek. Adibidez, K.a. 10. urte inguruan Augustoren menpekoak Bidasoara iritsi zirenean, bertako meatzeak jo zituzten begiz, eta ez zuten denborarik galdu. Horrela, Aiako Harrien inguruan galeria ugari sortu eta zilarra ustiatu zuten, euskaldunen laguntzarekin, Arditurriko galeria ezagunak kasu.


Arkeologia, ondarea eta zinema

Gaur egungo museoen irudi berritzaileen ildotik, Oiassok proiektu bizi bat izan nahi duela adierazi digu Fernando San Martin udal arduradunak. Memoriaren Museoa izeneko sare barruan dago Irungoa -San Telmo, Santa Teresa, Ekain eta Oiasso sartzen dira sare horretan eta Diputazioak sustaturiko ekimena da -. Beraz, Oiasso ez da Eskoleta kaleko eraikin zurira mugatuko, alderantziz, hortik kanpora aterako diren ibilbideak prestatu nahi dituzte, eta Ama Xantalengo ermita edo Arditurriko aztarnak giltzarri izango dira horretarako. Hain zuzen, Oiartzungo Udalak proiektu bat jarri du martxan Arditurriko meategiak egokitu eta jendaurrean erakusteko, guztira 500 metro galeria moldatu nahi dituzte.

Irungo erromatar museoaren beste ekimen bat da Nazioarteko Arkeologia Zinema Jaialdia. Arkitrabe greko eta zutabe etruskoen arte konbentzionaletik zazpigarren artera pasako gara, beste behin, zinematografoaren abiadan. Seigarren edizioa da aurtengoa eta Jaialdia urriaren 17tik 20ra bitartean egingo da Irunen. Historia bitxia du arkeologia zinemaldi honek: Irungo Udalak Arkeolan taldeari hitzaldi ziklo bat prestatzea proposatu zion, baina hitzaldiak beharrean dokumentalak proiektatzea erabaki zuten eta konturatzerako nazioarteko zinemaldi bat egiteko adina pelikula bildu zituzten, Bordele, Brusela edo Atenasen egiten dituzten jaialdien tankerakoa. Dokumentalekin batera pelikula komertzialak ere izaten dira eta aurten Australia, Italia, Txekia eta Frantziatik ekarritako pelikulak izango dira ikusgai besteak beste, baita Hondarribiako harresiei buruzko dokumental bat ere. Bistan da, zinemak atzera begiratzeko gaitasun handia duela, eta hasierako arkeologo darwinisten deskubrimendu zirraragarriak gogorarazi izan dizkigu pantaila handian, erromantizismoz jantzita bada ere.


«Foroa baino, itsasontzi bat azaltzea nahiago genuke»

Zinematekarik handienaren ondoan jartzeko moduko instalazioak ditu museoak. Gora eta behera ibili gara, gelaz gela, duela bi mila urtetik hona pertsonak zein gutxi aldatu garen ohartzeaz txundituta: ikusi ditugu orraziak eta jostorratz txiki eta landuak, ikusi ditugu arropen botoiak edo modako bitxiak; zeramika fineko ontziei erreparatu diegu baita ere, eta dieta mediterraniarraren zaporeak etorri zaizkigu gogora. Erromatar portuko enborrekin harri eta zur geratu gara, eta geratu gara aho zabalik kobrezko amuaren zorrotzarekin, edo berunezko lastaren kamutsarekin... «Gure Kantaurin arrantzan aritu ziren!» oihukatu dugu lotsagabe, eta gure buila ezjakinak brontzezko Jainkoak asaldatu ditu.

Museoko arduradunak pozik daude, jendearen erantzuna paregabea izan baita - lehenengo hilabetean 10.000 bisitari izan ditu Oiassok-. Apustu ausart horren zifrak ere ez dira makalak, izan ere, lau milioi euro baino gehiago kosta ditu museoak eta proiektu museografikoak. Edukiak ikerlari talde aditu batek landu ditu -horien artean Javier Arce historialariak-, «hemen ikerketa zientifikoa landu nahi duen edonor kabitzen da», dio Karmele Barandiaran museologoak.

Etorkizunera begira jarrita, denek egiten dute bat iritzi batekin, denek: Irungo kaleetan erromatar aztarna gehiago azalduko dira pixkanaka. Museoan ikusgai dagoen maketak garai bateko Oiasso erakusten digu, ikerlariek ondorioztatu duten hiri hipotetikoa da eta bertan azaltzen dira teatroa, foroa, hilerria... horiek guztiek Irungo Beraun auzoko zoru azpian behar lukete egon. Baina Mertxe Urteagak ez dio hainbeste hiriari begiratzen, portuari baizik: «Behin kaia aurkituta, nik itsasontzi bat nahiko nuke -dio erdi bromatan eta erdi serio-, foroa ere bai noski, baina foro asko daude, eta erromatar garaiko ontzi bat azalduko balitz, zama handi batekin...» egiten du amets arkeologoak. Gure Kantauri, haien Mare Externum, sorpresaz beteriko anfora bat da, eta denborak esango du Ravenako mapa anonimoaren hutsuneak betetzeko gain izango ote garen.

Erromatar aztarnen azken berriak gure kostaldean

K.a 19. urtean Augusto enperadorea Hispanian izan zen, Kantauriko Guden ondoren Erromako pax-a lurralde osoan ezartzera, propaganda hutsa. Hain zuzen, urte horretatik aurrera hasiko dira erromatarrak euskal kostaldea kolonizatzen, batez ere Aiako Harriko zilarra ustiatzeko eta arrain gatzategiak ezartzeko -cetaria izenez ezagunak-. Vespasiano enperadorearen garaian (K.o 69-79) merkataritzak gorakada nabarmena izan zuen. Oiasso, Burdigala (Bordele) eta Flaviobriga (Castro Urdiales) arteko portu garrantzitsua bihurtu zen, meategietako materiala exportatzeko ezinbestekoa.

Merkataritzaren beherakada K.o III. mendean hasi zen. Inperioak arazo larriak zituen ipar-ekialdeko tribu barbaroen presioa zela medio; gainera, erlijio kristauaren jazarpenak goi politika ezegonkortu zuen (K.o 380 urtean Erromako erlijio ofizial bihurtu zen kristautasuna). K.o 406 urtean, Hispania iparraldeko tribuen menpe erori zen, baina ordurako apenas zegoen erromatar arrastorik Oiasson eta gainerako erromatar kokalekuetan. Marmolezko Antzin Arotik, egurrezko Erdi Arora pasa zen Euskal Herria.

Aurkikuntza baten historia

1790 Camino historialariak erromatar garaiko Beraungo aurkikuntza batzuen berri eman zuen.
1961-1984 Higer lurmuturreko itsas hondoan pieza arkeologikoak azaldu ziren, horien artean brontzezko Jainko batzuen irudia.
1972-1982 Ama Xantalen ermitan 106 hilkutxa aurkitu zituzten. Aiako Harriko meategiak katalogatzeari ekin zioten.
1992-1996 Irungo Santiago kalean eta inguruetan erromatar garaiko portua industu zuten eta aztarna ugari aurkitu zituzten bertan.
2006- Beraungo termak industen hasi ziren. Hiru gelatako bainu publikoa azaldu zen lur azpian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromanizazioa Euskal Herrian
2024-07-24 | ARGIA
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian

Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.


5.000 lagunentzako zirku erromatar baten aztarnak aurkitu dituzte Iruña-Veleian

Arabako aztarnategi arkeologikoaren ondoan 280 metro luze eta 72 metro zabal dituen egitura ezkutatzen da soroen azpian. Arkikus enpresak drone bidezko kartografia teknika bereziak erabilita egin du aurkikuntza. Euskal Herrian ez da halako besterik eta Tarraco edo Calagurris... [+]


Euskal Herrian aurkituriko mosaiko erromatar garrantzitsuenetako bat ikusgai jarri dute Ablitasen

El Villar aztarnategian 2017an aurkituriko mosaiko erromatar handia zaharberritu eta ikusgai jarri dute Ablitasko kultur etxean. IV. mendeko villa edo etxaldeak 40.000 metro koadro ditu eta oso-osorik dagoela uste dute arkeologoek, nahiz eta zati txiki bat baino ez duten... [+]


Baskoiak, erromatarrek sarituak ala zigortuak?

Irulegiko indusketek, Antzinaroko euskarazko inskripzioak dituen eta mundu osoari bira eman dion brontzezko xaflaz gain, beste hamaika aztarna baliotsu azaleratu dituzte jadanik, eta, sarritan mitoekin bete izan dugun Euskal Herriko historiaren hutsune bat betetzen lagun... [+]


Izenik gabeko erromatar hiria

2018an Artiedako (Zaragoza) udalak El Forau de la Tuta aztarnategiko arrastoak ikertzeko laguntza eskatu zion Zaragozako Unibertsitateko Arkeologia Sailari.


Antzinaroan ere Pirinioak ez ziren muga

Ibañetako lepoa, duela 2.000 urte inguru. Erromatarrek galtzada eraiki zuten, Pirinioak puntu horretatik igarotzeko. 2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila.


Foruko erromatar herrixka

Hil honetan hasi eta abuztuaren 28a bitartean, Foruko (Bizkaia) erromatar herrixkaren arrastoetara hurbiltzen denak bisita gidatu berezia egin ahal izango du, aurrez aurrekoa eta birtuala, aldi berean.


PORTZELANAZKO IRUN
Izebaren etxeko salako apaletan distiratsu eta hauskor begiratzen gaituzten iruditxo gorrotagarri koadrilaren atzean, zabal, aberats eta, batez ere, erabilgarri ageri da portzelanaren eta, oro har, zeramikaren mundua. Noski, Ming dinastiako jarroi autentikoa ez dugu kantinplora... [+]

ERROMAREN PAUSOA GURE ZILARREZKO KOSTALDEAN
Ager eta Saltus. Bi hitz horiek datozkio askori gogora eskola garaian erromatarren inguruan irakasleak esandakoetatik. Euskal Herria horrela banatzen omen zutelako: lautada eta mendialdea; isuri mediterraneo aberatsa, batetik, eta interesik gabeko isuri atlantiarra, bestetik... [+]

Ebroko urak daramana
Mantibleko zubiaren gainbehera

Urtarrilaren 24tik 25erako gauean erori da oraindik zutik mantentzen ziren Lantziegoko Mantibleko zubiaren bi arkuetako bat. Arabar Errioxako monumenturik garrantzitsuenetakoa da. Josu Narbartek artikulu honetan azaldu du bere jatorria, eta hainbat elkartek iragarria zutela... [+]


Mattin Ayestaran
“Irulegiko hiri baskoiaren aurkikuntza oso garrantzitsua da”

Burdin Aroko baskoien hiri baten aztarnak aurkitu ditu Aranzadik Irulegi mendiko magalean eta honek Erromatarren aurreko baskoiak duela 2.700 urte nola bizi ziren hobeto ezagutzeko aukera emanen du.


Irulegi
Baskoien herri gotortu bat Pirinioen magalean

Bi aste lanean eman ondoren, bukatutzat jo dituzte 2020ko indusketa-lanak Irulegiko aztarnategi arkeologikoan. Uztailaren 9an lehen emaitzak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte proiektuaren parte diren Aranzadi Zientzia Elkarteko, Arangurengo Udaleko eta Nafarroako Gobernuko... [+]


2020-03-03 | Aritz Galarraga
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Erromatar

Beste deskubrimendu bat: erromatarrak. Tira, deskubrimendu, aspalditik ezagutzen ditut erromatarrak, Kaligula, Pontzio Pilatos, Coronavirus bera, Asterix Italian komikiko auriga; baina orain berriz aurkitu ditut, izan dut irudipen, argialdi, epifania moduko bat. Sarri xamar joan... [+]


Oiartzun (Gipuzkoa)
Arditurri, ur azpian behar luketen aztarnak

Erromatarren garaian bazebilen jendea Arditurriko meategiari minerala ebasteko lan gogorrean. Gaur, bi milurtekoko ustiapenaren aztarnek liluratu egiten dute bisitaria. Ezin osorik ikusi, baina ikus daitekeena nahikoa duzu bidaia harrigarria egiteko. Teknologia modernoak ere... [+]


Eguneraketa berriak daude