Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
I
Kexa bat ekarri dut
bertso bihurtuta
telebistak aspertu
samar bainauka.
Inori bota gabe
kexa honen kulpa
ea azaltzen dudan
disimulatuta:
Euskaldun arrunta
euskaraz ohituta
(telebistan dauka
sekulako mauka)
kate bakarrak dauka
kateatuta.
II
Etxera heldu eta
betiko berdina:
sofan eseri eta
piztu makina.
Peluxezko txakur bat
hizlari egina
eta haren ondoan
neska pinpirina...
Zerbait ezberdina
ikusteko grina
banuen; jakina,
nahi eta ezina...
Noiz sortuko ote da
euskal zappinga?
III
Astelehenean kale
asteartean «bis
asteazkenean jai
tristura handiz.
Azken saiakera bat
egingo dut, aldiz,
deskonektatu nahian
ostegun gauerdiz:
botoikada erdiz
telebistak dizdiz
ta ehungarren aldiz...
Estepan Aldamiz!
Gaur ohera goizago
joango naiz berriz.
IV
Ez dut esan nahi tipo
jatorra ez denik
edota meriturik
falta zaionik,
baina lo egiteko
ez daukat gogorik
ta erdal kateetara
pasa naiz azkenik;
ez dut barkamenik
euskaldun izanik;
hemen ere lehendik
ez da saio onik
baina behintzat badago
aukeratzerik.
V
Dena da zoriona,
denak gaude pozik,
ez baitugu ikusten
horixe baizik.
Dena da futbola, gag,
edo Sintxan kasik...
ETB 1ek, izan,
ez baitu akatsik,
ez du tarte hutsik,
ez iraindun hitzik,
ez film odol-hotzik,
ez gorputz biluzik,
soilik «mostronko» eta
«earki gatxink».
VI
Entzun dudanez laster
dator lurrikara
aukera ekartzeko
telebistara.
Zerbait berria dator
bertatik bertara
baina ez lar fidatu
hortaz badaezpada,
aldiz, pantailara
ailegatzen bada
betiko euskara
nahi dugun gisara,
Hamaika ikusteko
jaioko gara.