Txentxo Jimenez: «EAk eta Batasunak errealitatera etorri behar dute»


2021eko uztailaren 19an

«Berriozar berezko izaera duen herria da. Politikarako jende asko eman duena: Pernando Barrena, Jaime Iribarren, Felix Puyo... Horiek gurekin hasi ziren. Egun harremanik ez dugu, hori da txarrena», diosku Jimenezek.
Politikan hasi zenean baino maila altuagoan ari dela kontziente da: «Politikaren kontzeptua aldatu gabe hala ere. Printzipioak gordez gero bizi beharreko eboluzioa da: gaztetan iraultzaileago eta helduaroan lasaiago aritzea».

«EAk Aralarrek ez duen heldutasuna dauka» esan zigun orrialdeotan Maiorga Ramirezek, Na-Baiko hautagaiak izendatu aitzin. Urak baretu al dira Na-Bain?
EAk hogei urte ditu eta Aralarrek lau. EAren planteamenduak errespetatzen ditugu, baina jarrera berriak ekarri dituena Aralar da. Gure helburuetako bat jarrera mugiezinak aldatzea da. 25 urtez bakoitza bere lubakian ia batere mugitu gabe egon gara eta hori apurtzen saiatzen ari gara. EAk esperientzia duela dio, egia da, guk aldiz politikaren eztabaidan kontzeptu berriak sartzeko gauza garela erakusten ari gara.

Aurreko bozetan hautagai bakarra -Uxue Barkos- izendatu zenuten, orain hautagaiak gehiago dira. «Tarta» banatu beharra ez da samurra, alegia.
Na-Bai koalizioaren kontzeptua pixka bat berria da. Esaterako, independenteek koalizio normal batean ohi ez duten lekua daukate. Alabaina, Na-Bairen ekarpen handienak alderdienak dira. Alegia, ez da tartaren banaketa kontua, aurrerantzean hartuko diren erabakiak alderdien bermeaz izango dira. Madrilerako Uxue Barkos izendatu genuen, independentea, orain berriz eman beharreko urratsa eman dugu, bestela ez litzateke logikoa izango.

NA-Bai ez da izan zitekeen bezain anitza baina irekia dela esan ohi da. Zergatik ez dago, adibidez, Nafarroako EB (NEB)?
NEBek ez duelako nahi. Hiruzpalau aldiz gurekin aritzeko aukera eskaini diogu. NEB ez da Baskongadetako EB. Nafarroak edota Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea ez du berdin planteatzen hemen edo EAEn. NBEek ez du erraza Na-Bairen planteamenduekin bat egitea. Edonola ere, hauteskundeen ondoren Na-Bairekin lan egiteko prest daudela esan digute.

Bien bitartean, Aralar eta EB akordio bat bilatzen ari dira EAEn.
Ondo ikusten dut aukera. Nafarroako Aralarrek eztabaidatu du eta agertutako jarrerak aldekoak dira. Kontziente gara apustua berria dela, agian berriegia ezker abertzalearen munduan, apustu mota hauen ohitura ez delako. Nafarroatik begiratua eta guk planteatu dugun bezala, interesgarria da.

Gainerako lurraldeetako Aralarkideentzat agian ez da horren interesgarria
Agian ez. Hasteko Nafarroako kideok ez dugulako eztabaida zehatz-mehatz landu behar. Araban eta Gipuzkoan eztabaida sakona dago eta jarrera ezberdinak daude, hori ondo dago. Gainera, hartu beharreko erabakia ez du zuzendaritzak hartu behar Batzar Nazionalak baizik. Eta aldekotasuna aho batekoa ez bada askoz hobe.

Batasuna Parlamentura «indartsu» itzuliko dela esan du Pernando Barrenak.
Batasunak hauteskundeetan izanen dela dio eta guk horixe nahi dugu. Euren indarra zein den ezagutu nahi dugu Na-Bairekin alderatzeko. Legez kanpo daude eta zilegi da hori esatea. Baina zilegi da ere Aralarrek azken urteetan egin duen lana onuragarria dela esatea, eta zilegi litzateke baita ere Aralarrek bere lana errentagarri egitea. Guk ordea Nafarroaren egoera kontuan hartu dugu eta Na-Bairen aldeko apustua egin dugu. Batasunak, berriz, gainerako abertzaleok egiten dugun ahalegina aintzat hartu baino, nahiago du bere esparrua bermatu. Jokabide horrek ezberdintzen ditu Batasuna eta Aralar.

PSNk Parlamenturako bere hautagaia izendatu du: Fernando Puras.
Azken bi urteotan, Lizarberen -kritikoa- eta Chiviteren -garailea- sektoreak norgehiagoka aritu dira hautagaia nor bere aldera eramateko. Azkenik, Madrilen Fernando Puras aukeratu dute PSNren barne kohesioa ziurtatzeko. Erabaki batez Chivite hautagaia alboratu dute eta aldaketarako planteamendua indartu.

Nafarroako Gobernua UPNrekin osatzeko aukera ez duela baztertzen dio PSNk hala eta guztiz ere.
Diskurtso hori CDN nahiz UPNri botoak kentzeko darabil PSNk, noski. Esparru horretan borrokatzeko ezin du esan Na-Bairekin gobernatuko duela. PSNk ez ditu Na-Bairen esparruko botoak soilik bereganatu nahi, diskurtso horrekin, UPNri uzten diolako botoen esparru ia osoa. Uneon, PSN gure arerioa da, baina hauteskundeen ondoren aldaketa gauzatzeko akordioren bat lortu genezake.

UPNren inguruan zer antzeman duzu?
Esparru horretan elementu berriak daude: CDN desagertu liteke. UPNk eta PSNk honen espazioa bere egin nahi dute. UPNk ez bide dauka garbi CDNrekin joatea edo ez, ordea. Antza, nahiago luke bere zerrendan CDNko hautagaiak independente bezala joatea. Noski, ez zuen espero hauteskundeei begira horren egoera larrian egotea eta beharbada CDNrekin koalizioa onartu beharko du. Beharrak derrigortzen duenean... Hala ere, UPNko sektore batek ez dio Juan Cruz Alliri UPN utzi eta CDN sortu izana erraz barkatzen.

Bake eta normalizazio prozesua hizpide orain. Aralarrek alderdien mahaiari osatze data ipini dio. Argitu hori arren.
Une delikatu honetan mahaia osatu beharko litzateke, berau finkatua ez izateak prozesu osoa zalantzan jartzen baitu. Batasunak arrazoi du mahaiaren osatze dinamika atzeratzen ari dela esatean. Egia esan, gu ez gara erabakigarriak zeregin horretan. PSOE eta Batasuna dira gako, gu prest gaude lehenbailehen konpromisoa hartzeko eta pausoak ematen hasteko. Mahaiaren rola ez dago definitua, baina prozesuaren koreografia markatzen du nolabait. Beraz, bete dezagun koreografiaren lana gutxienez, hori ere garrantzitsua baita. Hasteko, eseri eta has gaitezen hizketan, edukietan sartu gabe, oraingoz hori zaila delako.

Prosezuaren tenpoari dagokionez Batasunetik hurbil zaretela dirudi behintzat.
Prozesu hauek konplikatuak dira. Guk gutxi dakigu -areago prozesua une larrian dela esaten den uneon- eta dauzkagun erreferenteekin hitz egiten dugu. Gu horretaz kontzienteak gara, dakiguna dakigu eta dugun informazioarekin ari gara. Ditugun datu objektiboekin azaldu dugu gure jarrera: espetxe politikari buruz ditugun datuekin, esaterako, ez baita ezer mugitu. Kale borroka berragertu da. Zapaterok irailean alderdiei prozesuaren berri emango ziela iragarri zuen, iraila badoa... Halako elementuek prozesua ez doala ondo adierazten dute, ezta prozesuaren tenpoa ere. Baina baliteke ere egoeraren eszenifikazio bat izatea bakoitzak bere lekua hartzeko, eta datorren astean Gobernuak oinarriak adostu dituztela esatea eta egoera aldatzea. Auskalo!

Alderdien mahaia edo mahaiak?
Batasunak mahai bakarra behar dela dio, baina ia beti Iparralde ahazten du. Mahai bakarra baina Hegoaldeari begira dago. Gu, mahai bakarra izatea posible balitz, bertan egongo ginateke, dudarik gabe. Baina, posible al da mahai bakarra? Nor eseriko da mahai horretan? Abertzaleak? Hori ez da normalizazio prozesu bat. Normalizazio prozesua mahaian adostu behar da guztien artean. PSN, CDN, UPN, UMP eta PS mahai bakar batean eseriko ote? Batasunari galdetu diogunean, hauxe dio: agian ez daude PSN eta PSE-EE, baina PSOE bai. Bada hori lortzen badute gu prest egonen gara egoteko. Tira, normalizazio prozesua aurrera eramateko errealista izan behar da, Nafarroan zaila bada mahaia sortzea, zer esanik ez Iparraldean.

Joseba Azkarragak (EA) dioenez, lehen planteamendua mahai bakarra planteatzea da, eta gero lurralde bakoitzeko beharrak aztertzeko mahaiak osatzea.
Hau da, mahai bat eta gero mahai sektorialak osatzea? Ez da serioa. Nafarroan mahaia osatzen bada, erabakitzeko esparrua eztabaidatuko da baita prozesuaren erritmoak ere. Ez dut EAren jarrera egokia ikusten, leku guztietan egon nahi duela dirudi. Adibidez, Batasunarekin ondo egon nahi du mahai bakarra planteatuz. Biek errealitatera etorri behar dute ordea. Guk Iparraldean mahaia beharrezkoa dela diogu, eta Batera izan daitekeela mahaiaren abiapuntua. EAEn Nafarroan baino lehenago osa badaitezke, bada osatu dadila. Guk Nafarroan bermea eta kohesioa eskatzen dugu hasteko. EA, EAJ, Batasuna, Aralar... egongo gara mahaian, eta PSN, UPN eta CDN konbentzitzen baditugu, bada aurrera.


Azkenak
Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Bideojokoen erabilera handitu egin da helduen artean, Ipsosen arabera

Julen Linazaroso Macsonrisas-eko kideak azaldu duenez, sari-bolek, harrapakin-kutxek eta enparauek bideojokoetan ordu gehiago jokatzea dute helburu. 35 eta 64 urteko pertsonen artean bideojokoen erabilerak gora egin du 2023tik 2024ra, Ipsosek emandako datuen arabera.


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


Osasunbidean 11 medikuk 17.000 euro irabazten dituzte hilero

Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.


Eguneraketa berriak daude