Historia, zuentzat, gu baino aurrerago dagoena da, baina nolako dimentsio grafikoa du?
Gure historiak ez du dimentsio lineala, ezta ikuspegi ziklikoa ere zenbait antropologok dioen bezala. Gure historiak espiral baten irudia du. Historiari Pachakuti deitzen diogu, eta Pachakuti hitzak denboren eta espazioen itzulera esan nahi du. Denborak eta espazioak, bizipen epokak, itzuli egiten baitira, nahiz inoiz berdinak ez izan. Eta bizipen epoka horiek eguzki bezala ezagutzen ditugu.
Zenbatgarren eguzkian gaude gaur egun?
Gure arbasoek konfirmatzen digute orain seigarren eguzkia ari dela ateratzen Andeetako munduan. Seigarren eguzki hau indigenen eta jatorrizko populuen berpizkundeari dagokio. Evo Morales presidentea da seigarren eguzki horren izpirik argiena. Baina seigarren eguzkia ateratzeak esan nahi du, aurrerago, bosgarren eguzki bat izan zela. Eta bosgarren eguzki hori garai kolonialari dagokio, ukazio garaiari, espainolek inbaditu gintuztenetik 1990a arte.
Eta nola pasatzen da eguzki batetik bestera?
Eguzki batetik bestera pasatzeko kataklismoak gertatzen dira. Kataklismoek epoka bati bukaera ematen diote eta beste berri bat sortzen dute, erabat ezberdina. Adibidez, espainolak iritsi zirenean laugarren eguzkia garatzen hastera zihoan Andeetan. Laugarren eguzkia inkek hasitako Tawantinsuyu osoaren bizitza proiektua zen, eta Tawantinsuyuren garaia izango zen bosgarren eguzki bat ekarri behar zuen atzetik, baina proiektu osoa erori zen espainolak iristearekin. Inbasioaren kataklismoa izan da gure eguzkietan jasan dugun kataklismorik okerrena. Beste kataklismoak naturari lotutako kataklismoak dira, suarena, urarena, lurrarena...
Baina inkak ere inperialistak izan omen ziren...
Halaxe da, eta urte gutxitan Tawantinsuyu osoa dominatzera iritsi ziren. Baina hala ere, laugarren eguzkia positibotzat dugu, esperantza eguzki bat da guretzat, inkek, nahiz eta jatorriz Amazonaskoak izan Tihuanacoko proiektuei heldu zietelako. Tihuanaco bigarren eguzkia izan zen, eta inkek Amazoniako indarra eta Tihuanacoko jakinduria uztartzen asmatu zuten, horregatik bihurtu ziren inperio.
Eta inken eta tihuanacoarren artean agertu zen hirugarren eguzkia?
Hirugarren eguzkiari antropologoek erreinu zatituak deitzen diote. Populuak bereizirik bizi ziren garaia zen. Herri bat hemen, beste bat han... Garai horrek nahiko kutsu negatiboa du, antolatu gabeko populuak baitziren, proiektu komunik gabeak, eta enfrentamendu beliko konstanteak gertatu ziren.
Bigarren eguzkia, Tihuanacorena, zergatik da hain sonatua?
Andeetako jakinduriaren gailurra izan zelako. Guretzat Tihuanaco da bizitza proiektuen zentroa, populuen jakintzaren elkargunea. Tihuanacoko eguzkian bertan antropologoek eguzki txiki ezberdinak bereizten dituzte, eta hirugarren edo laugarren aroan jo omen zuen gailurra. Ezagutza zientifiko handiak lortu zituzten, bai astronomian, bai medikuntzan, bai arkitekturan, bai laborantzan... gaur egun ere erreferentzia izaten segitzen du Tihuanacok zientifikoentzat. Ez da kasualitatea gaurko gobernuak, Evo Moralesenak, Tihuanacori erreferentzia sarri egiten badio.
Mendebaldeko egutegi linealera etorriz, zein urtetan kokatzen da Tihuanaco?
Kristo baino 800 edo 1.000 urte lehenago hasi zen.
Eta zenbaterainoko jakinduria zientifikoa lortu zuten?
Astronomiako ezagutza handia zuten, eguzkiaren bidea, lurrarena, ezagutzen zituzten. Kosmosa sakontasun handiz ezagutzen zuten. Medikuntzan ere oso aurreratuak ziren. Badira mostrak esaten dutenak Tihuanacon burmuineko ebakuntzak egiten zituztela orduan. Orduko buru hezurrak ikusita arkeologoek kirurgia egin zitzaiela baieztatzen dute. Beraz giza anatomiaren ezagutza zientifiko sakona zuten. Eta medikuntzan bezain aurreratuak zeuden arkitekturan ere, harriaren erabilpenean maisuak ziren, eraikuntza perfektuak zituzten, nola lerro hala angelu. Gaur egun dagoen teknologiarik aurreratuena ere mugatua sentitzen da haiek egiten zutena egiteko. Pentsa, Tihuanacoko monolitoetako bat hemen zegoen hirian, eta orain dela gutxi lekuz aldatu behar izan zuten. Garabi bakarrez jaso ezin, eta plegatuta bi garabitan mugitu zuten. Ezezaguna da orduan nola leku aldatu ote zuten hori? Izan ere arroka horiek Tihuanacotik 80 kilometroko distantziara daude. Badakigu garai hartan ura gertuago zegoela Tihuanacotik, eta segur aski ura erabiliko zuten karga hori lekuz aldatzeko, baina nola? Ez dakigu.
Zein kataklismok itzali zuen Tihuanacoko eguzkia?
Uraren kataklismoak. Historikoki frogatua dago egun batean Tihuanacora sekulako ekaitza sartu zela, segur aski gauean gertatuko zen gainera, arkeologoek lur emanak izan diren pertsonak atseden posizioan deskubritu dituztelako. Gehienak hil egin ziren.
Eta lehen eguzkiak zer argitzen du?
Garai hori gure Pachakutiaren ikuspegitik garai iluna bezala ezagutzen da, hala diote aztiek. Iluna, eguzkirik gabeko garaiak direlako, eta iluna, garai ezezagunak direlako. Garai horietaz hitz egitean kataklismoak aipatzen dira, lurren, airearen eta uraren kataklismoak, horiekin desagertu ziren antzinako populuak.
Gure urteetako egutegira itzuliz, noiz agertu zen Andeetan gizakia?
Bertsio ezberdinak daude, baina ia hanka sartzeko beldurrik gabe esan liteke hemen orain dela 80.000 urte jada existitzen zela giza populakuntza.