La Pazeko San Pedro kartzela: sei zirikitutatik begira


2021eko uztailaren 19an
Baina mundua izatez ez da ulertu erraza. Inork sartu nahi ez duen lekura sartzeko gogo biziz geunden gu, baldintza batekin, berriz ateratzekotan. Kartzelak irteerako atea izaten du irekitzen zaila, eta sarrerakoarekin borrokatu behar izan genuen guk. Azkenean, utzi ziguten sartzen, eta goiz oso bat pasa genuen San Pedro kartzelan. Goiz batean sei zirrikitu aurkitu genituen. Ez ihes egiteko zirrikituak, baizik eta begira jartzeko balio zutenak. Begira jartzeko barrura, eta begira jartzeko kanpora. Ez baitago San Pedrori begiratzea bezalakorik Bolivia ikusteko. Hona hemen zirrikitu bakoitzetik zer ikusten den.


Ernesto Michel, teniente koronela

Harro dago barne segurtasunaz arduratzen den teniente koronela: "Gurea da Hego Amerika osoan bortizkeria indizerik txikiena duen kartzela". Baina ez du harro egoteko motibo handirik. Hirurehun lagunentzat prestatua dagoen presondegian 1.554 kabitu ditu. 1.554 preso + 400 ume (aita presoarekin bizi direnak) = ia 2.000. Hirurehun behar eta bi mila. Kartzelako funtzionarioen soldatak aldrebes izaten dira. Bi mila behar eta hirurehun.


Valerito, kartzelako haurra

Amak ekarri zuen mundura, eta aitak mundutik kanpora. Sei urte ditu, eta ziega batean egiten du lo, anaiarekin eta aitarekin. Kartzelako atetik ateratzen da goizero, eskolara joateko, eta atzera kartzelako atetik sartzen da ea askaririk ba ote den. Askaria sakratua da Valeritorentzat, afari handirik ez baitu izaten iluntzetan: zopa, zopa, eta zopa. Presoen menua. Egunero zopa. Mafaldak arrazoi. Valeritok ez du handi-handia egin nahi, pixka bat handiak direnak lanerako erabiltzen dituztelako kartzelan, eta puska bat handiak direnek ezin dutelako eskolara joan.


Mapa de Bolivia

Hamasei urte ditu, eta hamabi urteko kondena du. Mapa de Bolivia deitzen diote preso kideek, gorputz osoa bere buruari egindako labana arrastoz josia duelako. Bart gauean ere alkohol sobera edan zuen, eta goizerako probintzia berri bat marraztu du bere bularrean. Beharko edan, San Pedron, ziegarik erosteko dirurik ez duenak patioan egiten baitu lo, eta La Pazeko neguak badaki izotza zer den. Baina presondegitik atera nahi ote duen galdetu, eta ezetz berak. «Zertarako atera? Kanpoan ere berdin egiten du hotz. Eta hemen drogarekin lasai gabiltza. Harrapatzen bagaituzte ere ez gaituzte kartzelan sartuko».


Calvo, ile moztailea

Cambek eta coyek elkar gorroto dute Bolivian. Cambak Santa Cruz probintziakoak dira, hegoaldekoak; coyak, La Pazekoak, iparraldekoak. San Pedron, camba guztiak ile luzearekin ikusten dira. Eta ez da Santa Cruzen txima modan dagoelako, baizik eta kartzelan ile apaindegia duena, Calvo, coya delako. Santa Cruz eta La Paz gerran bizi dira, baita kartzela barruan ere. Eta ez da coyarik ikusiko camba presoek muntatu duten jatetxean bazkaltzen, ezta cambarik ere coya presoen aroztegian aulkirik erosten. Negozio txikiz betea dago San Pedro, herrixka bat dirudi. Eta negozio handiena ziega salerosketarena. Merkeenak 200 dolar balio ditu, garestienak 1.500, bere sukalde eta dutxarekin. Baina ez duzu inoiz ikusiko coya bat camba bati ziega bat erosten.


Pacheco, arrain handia

Ez da koka zapaltzen ibiltzen zen laborari pobrea. Pacheco kokaina tona askorekin harrapatu zuten. Ez zion astirik eman bere abioneta pribatuan alde egiteko, eta orain, San Pedron dago, baina Evo baino hobeto bizi da. Hiru ziega bat eginik apartamentu handi bat osatu du. Bi mugikor ditu, badu Interneta, eta sauna ere bai. 6.000 dolarretan dago kotizatua bere palazioa. Esaten dute leihotik mendia ikusten dela. Beste hiru ziega merke erosi zituen, eta alokairuan ditu, hilean 100 boliviano kobratuz bakoitzarengatik. Hala ordaintzen die bere lau preso morroiei ere bere ziega garbitzeagatik.


Jose, kartzelako aitona

«Trenton» esaten zaio hogeita hamar urterako kondenatua dagoenari. Eta horietako bat da Jose. Legeak dio 70 urte baino gehiago dituenak, eta gaixo dagoenak etxera erretiratu behar duela. Josek aspaldi jaso zuen zazpigarren hamarrekoa, eta San Pedron esaten da ez dakiela non sartzen duen hanka. Ez baitu hankarik, eta itsua baita. Baina justiziak ez dio ematen etxe barruko atxilotzea. Ihes egiteko arriskua omen dago.

-----------------------------------------------------------------
www.argia.eus/bolivia helbidean La Pazeko San Pedro kartzelako argazki galeria
Ernesto Solla, La Pazeko Kartzelatik: «Ez naiz hemen hilko»
Sartu orduko marjinatu zintuzten beste presoek?
Ez, lehen bi hilabeteetan ez, ez zekitelako hiesa nuenik, nik ez nuen ezer esan. Bi hilabetean, hemen gringoak tratatzen dituzten bezala tratatu ninduten, baina ez zen hain larria. Gero, ordea, kartzelako sendagileari eskerrak denek jakin zuten nik hiesa nuela, eta hor hasi zen kalbarioa.

Zein da gurutzerik astunena?
Bakardadearena. Eta besteen hitzetan, besteen begietan, sentitzen dudan mespretxua. Hori izugarri gogorra da niretzat. Inor ez da saiatu ni bertako sentiarazten, eta ni ere ez saiatzeko esan didate, alferrik dela. Badirudi ni gauza arraro bat naizela. Ez daukat ziegarik ere, eta ziegaren faltan, ez daukat bakarrik egoteko lekurik, ez intimitaterik. Kuriosoa da, bakarrik sentitzen naiz, eta ezin dut bakarrik egon. Bi aldetatik igotzen naiz kalbariora.

Ziegarekin zer gertatu zen?
Ez didate uzten ziegarik edukitzen! Ziega bat erosi nuen, eta saldu egin behar izan nuen, ez dute nahi ni beraien sekzioetan egotea. Patioan lo egin behar izan dut behin baino gehiagotan. Ez dakit zergatik gertatzen zaidan hau, ez dakit patuak proban jarri nahi ote nauen, baina gogorra gertatzen ari zait, eta hemendik oinez ateratzea lortzen badut askatasunaren balioa bikoitza izango da niretzat.

Zergatik ez dizute estradizioa onartzen?
Eskatua daukagu, baina enbaxadak ez du ezer egiten. Alvaro Lozano kontsulak orain hilabete esan zidan lasai egoteko, dena konpondua zegoela, gutxienez etxe barruko atxilotzea emango zidatela, legez hala baitagokit. Deitu nuen enbaxadara beragatik galdetuz, eta «jada ez dago hemen, lanpostuz aldatu da» erantzun zidaten. Horrela funtzionatzen du enbaxadak. Baina espero dut laster etxean egon ahal izango naizela, hemen hiltzen ari bainaiz. Ez didate medikaziorik ekartzen, elikadura desastrea da, higienea berdin, ez didate uzten dutxatzen, zerri eginda nago... Defentsak jaisten ari zaizkit, uste dut hona sartu nintzenean 600 nituela, eta orain 100 baino gutxiago. Kontuak ateratzen baditugu, pare bat hilabete barru defentsarik gabe geldituko naiz.

Zer eskatuko zenioke Kataluniako jendeari?
Lagun diezadala, ez nazala utzi hemen hiltzen. Ados, delitu bat egin nuen, eta onartzen dut, baina ez nazatela delituagatik juzgatu. Lagun diezadala hemendik ateratzen, etxera iristen. Hil behar badut nire etxean hil nahi dut, han, Bartzelonan, hondartzan. Ez horrelako kartzela batean.

Isolamenduan ere eduki zintuzten.
Zazpi hilabetean eduki naute isolamenduko ziegetan. Baina ez nik egindako oker batengatik, gaixo egoteagatik baizik. Jendea lau egunetarako edo asko jota hamabosterako sartzen dute hara; ni sei hilabetean egon nintzen. Eta isolamenduko ziega kale estu bat da, bi metro zabal eta hamabost luze. Hotz egiten du, ez duzu eguzkirik ikusten, eta euria egiten duenean busti. Han egon nintzen sei hilabete GIB edukitzeagatik.

Nondik ateratzen duzu goizero jaikitzeko indarra?
Joaten naiz gauetan lo egitera, kalera begiratzen dut, eta zerua ikusten dut. Gainera izar asko ikusten dira hemendik, eta hori asko gustatzen zait. Orduan pentsatzen dut ni hor egongo naizela, laster, kalean, hemendik kanpora, nire giroan. Ni pertsona libre bat naiz, eta ez naiz hemen hilko. Zerbaitek esaten dit nire kasua sagar heldu bat bezalakoa dela, zuhaitzetik bere kargarekin eroriko dena. Senak esaten dit laster egongo naizela, gutxienez, Barajasen, Madril aldean, eta handik lasterrera, Bartzelonan, itsasoa sentituz nire aldamenean.

-------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/bolivia helbidean, elkarrizketaren pasarte gehiago bideoan.

Azkenak
2025-04-10 | Gedar
Ertzaintzaren interbentzio batean hil zen pertsona baten kasua ikertzen ari dira

Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.


2025-04-10 | Euskal Irratiak
Maider Hoki eta Ilora Capot
“Libertatearen beharra denek dugu, eta Bekat'uros bestak hori eskaintzen du”

Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.


Microsoftek bi langile kaleratu ditu multinazionalak Israelekin dituen harremanak salatzeagatik

Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.


Palestinaren alde egiteagatik lau herritar kanporatu nahi ditu Alemaniak

Poloniar bat, bi irlandar eta estatubatuar batek jaso dute Alemania apirilaren 21a aitzin uzteko manua. Hori gertatu ezean, kanporatuko dituztela argitu die Berlineko Migrazio Bulegoak. Salaketa jarri dute kanporaketa prozedura geldiarazteko xedez.


Ernairen ekitaldia zelatatuko du Auzitegi Nazionalak

UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Sarkozy eta Le Pen eskandalizatuta, zuzenbide estatuak hitz egin duelako

Bere burua 2027ko Frantziako Estatuko presidentzialetako garaile gisa irudikatzen duena –Marine Le Pen– gogorki zigortu du Parisko Auzitegi Korrekzionalak, lau urteko kartzela-zigorra, 100.000 euroko isuna eta batez ere, bost urtez aurkezteko debekua bideratuta. Tonu... [+]


Gorputz hotsak
“Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan”

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


Errusiarekiko gerra hauspotzen

Ukrainaren ondoren Polonia?
Europar Batasunak Ukrainako gerra hauspotu du Kiev armaz hornituta, eta menia oraindik airean delarik, gerraren zikloan murgilduta dago bete-betean. Hori bai, bere diskurtsoa modulatzen ari da, eta gero eta gehiago hitz egiten du balizko su-etenaz... [+]


Itziar

Kointzidentzia harrigarriak daude bizitzan. Izan ere, zenbat ikusle elkartu litezke Arriaga antzokian? Zenbat komun ote daude solairu bakoitzean? Zein probabilitate dago Gipuzkoako emakume bik sartu-irtenean leku eta istant berean kointziditzeko, 35 urtean elkar ikusi barik egon... [+]


2025-04-09 | Hiruki Larroxa
Zer dugu bisexualitatearekin?

Transfeminismoak argia eta konplexutasuna ekarri ditu gorputz, genero eta desirei buruzko eztabaidetara. Hala ere, itzalak ere sortu ditu. Ustezko koherentzia politiko erradikal baten izenean –askotan hegemonia oso zehatz bati lotua–, diskurtso transfeminista batzuek... [+]


2.361

Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.

Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]


Ukrainako gerraren beste irakurketa bat

Ukrainako gerrar hasierako zergatiak ez dira azaldu zizkigutenak bakarrik, beste arrazoi batzuk ere badaudelako. Errusiak zioen Ukrainako errusiar hiztunen defentsarako urrats bat eman behar zuela; Ukrainako Gobernuak, aldiz, Errusiaren armadari aurre egin behar zitzaiola,... [+]


Eguneraketa berriak daude