Alain Rousset: «Deszentralizatzaile erradikala naiz»


2021eko uztailaren 20an
Zein da gaur egungo Frantzian, erregioak izateko arrazoi politikoa?
Lehenik eta behin gure historia azpimarratu nahi nuke, gure historiak gure herrialdea zentralizatu du. Erregeek lehenik, enperadoreek gero eta Errepublikak azkenik. Horri guztiari jakobinismoa deitzen zaio. Kultura zentralizatu jakobinista hau bertan behera uztea zinez zaila da Frantzian. Alta, erregioetako presidenteak nahiz herrietako auzapezak egoera aldatzeko gogoz ari gara.

Hori horrela, ez ote dira Erregioetako Kontseiluen egiturak aldatu behar?
Hasteko, ezinbestekoa da erregioek ditugun eskuduntzen erabilpena bururaino eramatea, hots, geure baliabide ekonomiko-politikoak ehuneko ehun garatzea. Estatuak eskuduntzak eman dizkigu baina eskuduntzak lantzeko moldean ez dago argitasun nahikorik. Konparazione, industriaguneei buruzko bilera batean parte hartu dut gaur, Euskal Herriko Inasmet erakundeak antolatua. Gurean gune hauetako erabakiak Parisen hartzen dira oraino. Espainian aldiz ez da horrela. Euskadikoak Gasteizen hartzen dira, ezta? Beraz, ez dira Erregioetako Kontseiluen egiturak aldatu behar bereziki, eskuduntzak kudeatzeko modua baizik.

Akitaniako Kontseiluaren eta Estatuaren arteko Proiektu Kontratuan desadostasunak izan dira berriki. Zer dela-eta, zure ustez?
Komeni da hitzarmen hau (Contrat de projet Etat-Région) zer den argitzea, kolektibitate erregionalen boterea eta rola sarritan nahasten baitira. Eragiketa bat egin behar dugunean usu nahasten ditugu estatu, erregio, departamendu eta komunen -herrien- helburuak. Frantziako politika oso konplikatua da. Plan hitzarmen hau Michel Rocard lehen ministro ohiak eratu zuen 80ko hamarkadan. Erregioen aurrekontuak handitzea eta sei urterako sinatzea erabaki zen orduan. Frantzia arras zentralizatu honetan, geure azpiegiturak, nekazaritza zein irakaskuntzarako finantza-jarduera proiektuak hitzarmen koherente honen bidez erabakitzen ditugu.

Aurrekontuaren %20 gutxitua izan da ordea.
Baiki. Gutxitua izan da Estatuak finantza arazo oso larriak dituelako eta arazo politikoak ere oro har. Egungo Gobernua Erregioetako Kontseiluen gainetik pasatzen da, baita hiri, herri edo departamenduen gainetik ere. [UMPko] Gobernuak Projektu Hitzarmenaren koherentzia puskatu du.

Erregioko presidente gehienak sozialistak izateak ba al du zerikusia?
Ez da funtsezko arrazoia. Gauzak konplikatuagoak dira, egoera larriagoa da. Estatuaren aurrekontuetan krisi finantzarioa dago eta gobernuak den-dena kontrolatu nahi du. Frantziak bere politika ekonomikoa berritu behar du horregatik. Esaterako, Espainian langabezia jaisten ari da, Akitaniako langabezi tasa gure auzo diren lau probintzietan [Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa] baino hiruzpalau bider handiagoa da. Euskadi eta Nafarroako aktibitate ekonomikoa askoz sendoagoa da gurea baino.

Ezkerraren eta eskuinaren arteko lehia politikoak eragiten du oraingo Gobernuaren jarreretan alta.
Nolabait ere... Erregioetako presidente gehienak sozialistak izanda, badago gure gainetik pasatzeko nolabaiteko nahia. Izan ere, hitzarmen hauen bidez proiektu eraginkorrak guk geuk garatzea, Erregioaren antolaketaren kudeatzaile nagusiak gu bihurtzea onartezina da Estatuaren aparatuarentzat. Estatuak Erregioetako kolektibitate guztiak maila hierarkiko berean atxiki nahi ditu. Ez gaude Espainiako kasuan, ezta hurrik eman ere.


Ikus dezagun Frantzia Europaren testuinguruan. Zer iritzi duzu hizkuntza gutxituekiko duen jarreraz, euskararekin kasu?
Frantziako Gobernuak Europako Kontseiluaren hitzarmena berretsi ez izana deitoratzen dut. Alabaina, Erregioko Kontseiluak euskal hizkuntzaren ikasketa eta erabilpena sustatzen ditu. Frantziako Gobernuak Euskal Herriarentzat sortutako Hitzarmen Berezia deituarekin (Convention Special) amini bat onartu du euskara. Gure desioa da gauza bera egitea okzitanierarekin. Bretainiako Kontseiluaren presidenteak ere bretoieraren ezagutza eskatu du. Populuek beren berezitasunak aldarrikatzeko gero eta nahikari gehiago agertzen dute eta ados nago.

Zer iritzi duzu Ipar Euskal Herriko populazioaren aldarrikapenei buruz? Euskal Departamendua, Laborantza Ganbara, Euskal Unibertsitatea, euskararen ofizializazioa, besteak beste.
Horiek guztiak errebindikazioak dira, hainbat hautetsiren eta jende askoren sostenguz. Baina denek ez dituzte aintzat hartzen. Egia da Frantziako Euskal Herrian gai horien eztabaida dagoela, baina eztabaida hori urrun samar dago gure Kontseilutik. Ez naiz horri buruzko erantzun zehatz bat emateko gauza, demagogia egingo nuke nire kargutik. Niri axola zaidana Erregioa da, kolektibitateen arteko elkarlana, arazo ekonomikoak eta kulturalak herriko etxeetan eta gure Kontseiluan sustatzea, benetako aurrerakuntza Erregioaren egituren bitartez etorriko baita. Ekonomia eta kulturaren beharrak hurbiletik segitzea axola zait. Konparazione, Zuberoan gaztaren ekoizpena indartzeko proiektu bat dagoela? Bada, eragile ekonomikoekin batera aritzea da nire zeregina, baita ikastolen edo Baionako Unibertsitatearen eskakizunetan laguntzea ere. Zeregin horiek naturaltasun osoz betetzen ari gara gainera.

Departamenduaren egiturak ez zaitu asebetetzen.
Departamenduaren egitura aspaldikoa da, zaharra. Ez dut eztabaida horretan sartu nahi, ez dut berau oztopatu nahi ere. Egitura honen funtzioa aldatu beharko litzatekeela uste dut, politikari askok kuestionatuta dago honezkero.

Laborantza Ganbara hor dago halaber. Pirinio Atlantiarrak Departamenduko Jean-Jacques Lasserre presidenteak behinola Erregioaren laguntza geldiarazi zuen.
ELBren (Euskal Laborarien Batasuna) eskaerari emandako laguntza izan zen. Erran behar dut hasteko, ELB auzitegien aitzinean dagoela Laborantza Ganbara afera dela eta...

Zer iritzi duzu horri buruz?
Auzia Justiziaren esku den bitartean guk nekez egin dezakegu ezer. Guk laborarien beharrak egituratzeko hainbat dosier landu ditugu, ELB sindikatuaren ordezkaritza eta eragina nekazaritzan aintzat hartzen dugu, bistan da. Baina zaila zait Laborantza Ganbaraz iritzirik ematea, gai minbera da, jarrera anitzak daude bere inguruan, ez dut nire kargua afera horrekin lotu behar.

Hego Euskal Herrira joanez. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ezagutzen duzu. Euskal auzia ere bai? Zein neurrian segitzen duzu?
Ez dut ezagutzen gaia hurbiletik, badakit Ibarretxe lehendakaria bake eta normalizazio prozesuan berebiziko lana egiten ari dela. Badakit atentatuen gelditzeak lasaitasun unea ekarri duela eta asko dagoela jokoan.

Nicolas Sarkozy barne ministroak Frantziak edozein negoziaziotik kanpo izan behar duela esan du.
Ez naiz Nicolas Sarkozyren lekuan. Segurtasun alorrean -polizia eta justiziaren lana aintzat hartuta- onena desiratzen dut Frantzia eta Espainia arteko harremanetan, baita Akitania eta Euskadiren artean ere. Desiratzen dudana da gure erregioen arteko harremanak garatzea bakea erdiesteko. Eta horretarako are gehiago lan egiten eta elkar ezagutzen saiatzen naiz.

Ba dago, hala ere, Alain Rousset eta Juan Jose Ibarretxeren arteko harreman politikoa areagotzea eskatzen duenik, baita indartzeko bitarteko gehiago eskatzen duenik ere. Nahikoak al dira baliabide juridiko-politikoak?
Egia da, ez dugu nahiko lan egiten elkarrekin, eta Juan Jose Ibarretxe nire iritziarekin bat datorrelakoan nago. Askoz ere urrutiago joan gintezke, eta ez bagoaz ez da bitarteko eskasak ditugulako, Mugaz Gaindiko Partzuergoa hor dago. Alde anitzetako Plataforma jarri dugu abian azken urteotan: garraio-merkantziak itsasontzietan jarriko dituena, adibidez. Azpiegitura komunak garatzea daukagu, garraioaren afera esaterako. Akitaniako Kontseiluak ez badu unibertsitateetako aktibitate gehiago finantzatzen ez da legez ezin duelako egin. Ezerk ez digu oztopatzen unibertsitatean ekimen komunak garatzea. Tira, dagoeneko Bilboko eta Bordeleko Ingeniari Eskolak diplomak elkarrekin ematen ari dira. Badugu diru publiko komuna eta inork ez digu oztopatzen erabiltzea, Txingudi badiako hiriaren proiektua lekuko. Bitartekoak badira baina areago landu behar ditugu.

Nafarroara joanez. Bertako Gobernua eta Departamenduko Kontseiluaren -2x2 autobidea- proiektua gelditua dago.
Akitaniako Kontseiluak ez du lagundu Departamenduko Kontseilua proiektu horretan, Pirinioen gaindi eta Baxenabarren barrena letorkeen bide zabal hori alegia. Pirinioak oso mendi malkartsuak dira eta proiektu hori ez dugu egokitzat jo kamioiak pasarazteko. Oro har, bide zabal horrek oso leku hauskorretatik pasa beharko luke eta populazioak ez du ongi ikusi. Bide berria behar den arren, gure alternatiba merkantzia gehiena trenbideetatik itsasontzietara sartzea da, sistema koherenteena garraio astuna itsasoan barrena eramatea da. Beraz, Akitaniak ez dio Jean-Jacques Lasserreren asmoari jarraitu.

Azpiegitura asko eta bideak gainezka, hala ere.
Garraio zati handiena trenbidetik eta itsasotik eramateko hiru garraio alternatiben arteko finantza-jardun orekatua lortu behar dugu. AHTz gain Espainiarekin lotu litekeen beste trenbide arin bat eraiki behar da. Adibidez, merkantziak Espainiatik eta Portugaletik datozelarik Gijon, Santander edo Bilboko portuetan hartu eta Baionara [Baionako portua Akitaniako Kontseiluaren eskuduntza izatera pasa da berriki] ekarri, hartara bideak arindu litezke.

Nola irudikatzen duzu Akitania, Euskadi (EAE) eta Nafarroaren geroa?
Bi konbikzio dauzkat. Lehena, Europaren eraikuntza ziurtatu behar dela. Frantziak Europako eraikuntzarekiko duen jarrera ez da nire gustukoa. Bere jarrerak zerikusi gehiago dauka barne politikarekin bestelako gaiekin baino, pertsonalitate politiko batzuen rolak ere biziki eragiten du. Nire alderdian bertan ikusten dut hori. Sozialisten rola Europan ezberdina litzateke erreferendumean baiezkoak irabazi izan balu. Europako lehen ministroa edo kanpo arazoetarako ministroa bagenitu, baita Europaren egituretarako ministro bat izateko gauza bagina, Europa eraikitzea errazago litzateke. Bigarrena: bilakabide horretan gure arteko harremana sendotu eta Euskadi, Nafarroa eta Akitaniak Europako erregio bat osatzea nahi nuke.


Beren arteko egitura bat ikusten duzu, beraz.
Bai. Ibarretxe eta Sanzekin lan egiteko prest naiz norabide horretan, Europaren mailan jarri behar dugu hirurok. Horretarako baditugu funtsezko egitura juridikoak, herri-aglomerazioek rol garrantzizkoa jokatzen dute dagoeneko. Estatuari bere izaera jakobinista aurpegiratzen diot, ni deszentralizatzaile erradikala naiz.

Nortasun agiria
Alain Rousset 1951ko otsailaren 16an jaio zen, Chazelles sur Lyon herrian (Loire Departamendua). Ezkondua eta bi seme-alaben aita. Zientzia politikoak eta goi-mailako ikasketa juridikoak eginak ditu. Alderdi sozialistako (PS) kidea da. Akitaniako Kontseiluaren presidentea da, baita Frantziako Erregioen elkartearen presidentea ere. PSren ildo jakobinistaren aurkakoa da. Presidentziarako hautagai sozialista Estatuaren deszentralizazio politikan serioski engaiatzea nahi du. VI. Errepublika sortzearen aldekoa da, baldin eta Frantzia deszentralizatzeko bada. Ez ditu VI. Errepublika eta Konstituzio berria nahi, lehen ministroari botere gehiago emateko soilik bada. Frantziak erreformak egiteko duen zailtasunetik ateratzea funtsezko jotzen du, blokeotik ateratzea; gizartea ere blokeatua ikusten du. Oso gustura etortzen da Ipar nahiz Hego Euskal Herrira. Euskal sukaldaritza biziki maite du, arraina bereziki. Kirolerako asti gutxi du. Bizikleta du gustuko kirola eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin hitzemandako itzulia burutzea igurikitzen du.

Presidenterako bere hautagaia: Ségolène Royal
«Frantziako erregioetako elkartearen presidentea naiz eta hautagai sozialistek deszentralizazioari buruz dituzten iritziak eta asmoak entzun nahi ditut. Ségolène Royal [Poitou-Charentes erregioaren presidentea] ondo ezagutzen dudan hautagaia da, oso hurbilekoa daukat, bere desmartxa politikoa laket zait. Printzipioz bera da nire hautagaia».


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude