Soinu bandak: zineman dena ez da irudia


2021eko uztailaren 27an
Munduan gutxik jakingo dute Conrado Xalabarderrek adina zinemako musikaz. Katalan honek hainbat liburu argitaratu ditu, artikuluak idatzi ohi ditu zenbait komunikabidetarako, eta sarean topa daitekeen webgunerik osoena kudeatzen du (www.mundobso.com). Beti gai honi buruz. Are gehiago, Soinu Bandak ikasgaia ematen du Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean, Ikusentzunezko Komunikazio fakultatean.

Halako ikasgai bat existitzeak adierazten digu, beste ezerk baino hobeto, zinemako musikak zenbateraino duen berezko izaera musika ororekin alderatuta. Xalabarderrek, behinik behin, ez dauka inolako zalantzarik horretaz. «Musika genero bat da, eta zinemako musika beste bat. Izan ere, bere egoerarik gorenean zinemako musika ez da musika, zinema baizik. Pelikula bati beste elementu bat gehitzea du helburu, argazkiak edo jantziek duten bezala. Zinemako ekintza da beraz, ez musikakoa, musikaz egin arren».

Musikari askok dihardute arlo desberdinetan, bai zineman bai bestelako lanak egiten, baina beste asko ez dira gai gauza biak ondo egiteko. «Ez da harrigarria kontzertugile aparta batek porrot egitea zineman, edo alderantziz. Ekintza bera da (musika idaztea), baina bata eta bestearen teknikak oso desberdinak dira». Alegia, musikaririk iaioenak ere huts egingo du soinubanda bat sortzean, zinemagintzako teknika menperatzen ez badu. «Pelikuletarako musika sortzen denean ez dago askatasunik; pelikulak erritmo bat dauka, sentimendu batzuk... eta horiek adierazi egin behar dira. Musikarekin zerikusirik ez daukaten elementuak hartu behar dira kontuan».

Angel Illarramendi zarauztar konpositorea 1984an hasi zen zinemarako musika idazten, Montxo Armendarizen Tasio filmerako hain justu. Gaur egun ospez eta arrakastaz dabil munduan zehar; bereak dira, esaterako, El hijo de la novia (2001), Yoyes (1999), El último viaje de Robert Rylands (1996) eta Hamaseigarrenean aidanez (1985). Hainbat sari jaso du, eta oraindik orain zinemarako egin dituen lanik esanguratsuenak argitaratu ditu, CD batean bilduta. Baina zinematik kanpo ere aritzen da. Beraren aburuz, ez dago hainbesteko aldea lan eremu bien artean: «Ez pentsa pelikula baterako musika egiten nabilenean askatasun gutxiagorekin nabilenik. Ez dut gustuko bereizketa hori».


Denbora gutxi lan egiteko

Illarramendik zinemarako lan egiteko moduaren berri eman digu. «Lehenik eta behin gidoia jasotzen dugu, baina ezer gutxi egin daiteke hortik abiatuta. Ez da komeni gainera, gidoi hutsak ez baitu esaten zein den pelikularen tempoa. Eta musikak tempoarekin zerikusi handia dauka». Oro har, zinemako musikagileak filmazioa amaitutakoan hasten dira lana gogotik egiten, behin-behineko lehenengo muntaiak ikusteaz batera. Eta ez dute denbora gehiegirik edukitzen beren lana burutzeko. «Lehenengo muntaiarekin -diosku Illarramendik- pelikularen erritmoa zein den jakin dezakezu. Eta musika sortzen hasi. Gero, behin-betiko muntaia eginda dagoenean, neurri zehatza ematen zaio musikari. Eta aukeratu egiten da, zuzendariarekin batera, zein eszenatan egongo den musika eta zeinetan ez. Kontuak kontu, azkar ibili behar dugu. Hilabete eta erdi, bi hilabete... idazteko eta grabatzeko».


Zuzendariaren jarrera

Azken batean, zuzendariak dira pelikulari dagokion guztiaren erantzule nagusiak, eta nork bere jarrera izaten du musikarenganako. «Batzuek erabateko konfiantza daukate musikariarengan -dio Conrado Xalabarderrek-, eta beste batzuek, aldiz, beren irizpideak ezartzen dituzte, baita zeharo irizpide okerrak ere. Batzuek uste dute asko dakitela musikaz, eta ez dakite ezer. Horiek dira okerrenak. Baina gehienak ez dira horrelakoak». Zuzendariaren eta musikariaren arteko harreman onaren eredutzat, Xalabarderrek euskal herritar biren adibidea eman digu: Julio Medem eta Alberto Iglesias. Bigarrena euskal soinu banda egilerik ospetsuena da seguraski; Oscarra irabaztekotan ere izan da aurten, The constant gardener filmaren musikari esker.


Merkatu irizpideak nagusituz doaz

Zinemaren historian zehar, pelikuletako musikak garai hobeak eta okerragoak izan ditu. Oraingoa ez omen da onenetakoa. Pascal Gaigne, aspaldidanik Donostian bizi den frantziar musikariak ere ibilibide oparoa du. Besteak beste, Azul oscuro casi negro (2006), Supertramps (2004), El sol del membrillo (1992) eta Ander eta Yul (1988) filmetarako sortu du musika. Nortasun faltaz kexu da: «Niri gustatu egiten zait musikariek euren ikuspegia gehitzea pelikulei, baina gero eta sarriago besteren lanaren kopiak egiten ari dira. Zuzendariek, askotan, hala eskatzen dute: `halakoren antzeko musika egin ezazu'».

Conrado Xalabarder bat dator: «Merkatu irizpideak ari dira gailentzen, denetik dagoen arren. 70eko hamarkada ausardia handiko garai baten amaiera izan zen, harrezkeroztik zabalduz doa musika guztiak antzera egiteko joera. Jerry Goldsmith zenduak esan zidan behin, orain urte gutxi, berak ezin izango lukeela gaur egun Planet of the apes pelikularena bezain soinu banda ausarta egin». Xalabarderrek, nolanahi ere, salbuespenak azpimarratu nahi ditu. «Hor daude, esaterako, John Williams edo Ennio Morricone, oraindik ere nahi dutena egin dezaketenak».


Musika gehiegi

Pascal Gaigneren ustez, pelikula batzutan, AEBetako zinemarik komertzialenean batik bat, musika gehiegi dago, eta oso modu bakunean erabilita gainera. «Ergelentzako musika ematen du, irudietan ageri dena errepikatzen du; gaiztoa ateratzen bada musika mota bat, ona ateratzen bada beste bat...». Gogoratzen Star Warsen Darth Vader agertzen den bakoitzean entzun daitekeen nota errepikakor larriez? «Hara, produkzio handi batzutan ulertzekoa da hala egitea, baina sumatzen ari naiz zinema intimistagoan ere zabalduz doazela holakoak, eta horrek sormen eza salatzen du».

Zarauzko konposizio ikastaroak
2000 urtean, Nazioarteko Jazz Mintegia antolatzen hasi zen Zarauzko Udala. Horrekin batera, Soinu Banda Konposizio Ikastaroari ere ekin zioten. Angel Illarramendi, zarauztarra izanik, ez zebilen urrutiegi. «Ikastaroen sorreran parte hartu nuen, eta lehenbiziko urte hartan irakasle ere ibili nintzen; gero beste batzuek hartu zuen erreleboa».

Irakasle sonatuak izan dituzte ikastarook, eta baita ikasle asko ere. «Jende gutxi etortzea espero genuen, baina hara non 40 lagunetik gora etorri zitzaizkigun lehenengo urtean», dio Illarramendik, «Gipuzkoatik kanpokoak gehienak, are Madriletik edo Kanariar Uharteetatik iritsiak ere. Espainia osoan ez zegoen parekorik. Aurten sortu dute, oker ez banago, antzeko zerbait Madrilen». Zoritxarrez, Zarauzko Soinu Banda Konposizio Ikastaroak orain dela urte bi desagertu ziren. Illarramendiren esanetan, «Jazz Mintegiaren itzalean geratu zirela-eta, azkenik, aurrekontu faltak eraginda ikastaroak bertan behera utzi behar izan ziren .

Aitzindariak, hezur-haragizko musikariak

Jakina da zinema, lehenengo urteetan, mutua zela. Horrek ez du esan nahi, ordea, pelikula emanaldiak erabat isilak zirenik garai haietan. Aitzitik, proiektagailuek egundoko burrunba egiten zuten, eta hura moteltzeko zein ikusleak jostarazteko, zinema jabeak piano joleak kontratatzen hasi ziren. Alabaina, inork gutxik egiten zien jaramonik garai hartan musikari gizajooi.

Giroa alaitu ez ezik, zinema aretoetako piano jole eta enparauek pelikulan gertatutakoei lagundu behar zieten. Berbarako, musikari esker ikusleek berehala jakin zezaketen pantailan ageri zen pertsonaiari zer egin behar zitzaion, txalo ala txistu. Musikak esaten zuen nor zen heroia eta nor gaizkilea, noiz zetorren arriskua eta noiz maitasuna. Erritmo azkarrak jotzen ziren pertsekuzio eszenei laguntzeko, eta soinu apalak, berriz, misterio uneetan.

Lanbide berri hura, apurka, egonkortuz joan zen. Batzuetan, piano joleek pelikula ikusi ahala erabakitzen zuten zer jo, baina gehienetan musika aldez aurretik ezartzen zen. Musikariei agindu zehatzak ematen zitzaizkien, eszena mota bakoitzari nola lagundu behar zioten azalduz; edo bestela, partiturak jasotzen zituzten pelikulekin batera.

Esan gabe doa pelikula berak oso musika desberdina izaten zuela areto batean edo bestean. Munduko hiri handienetan orkestra ederrak izaten ziren pantailaren eta ikusleen artean; apalagoetan taldetxoak baino ez, eta herri txikietan, onen-onenean, bibolin edo piano jole bat. Eta denak ez ziren trebe-trebeak.

Zinemaren historiaren hastapenean, aldez aurretik idatzitako musika erabiltzen zen. Ez dago garbi zein izan zen pelikula baterako propio idatzitako lehenengo soinu banda ofiziala. Batzuek L'assassinat du Duc de Guise (1908) frantziar filmari aitortzen diote ohore hori; beste batzuek, Italiako Malia dell'Orori (1906). Kontuak kontu, lehenbiziko banda aipagarria David W. Griffithek zuzendutako The Birth of a Nation (1915) filmarena izan zen. Joseph Carl Breilek idatzi zuen, erabateko arrakastaz. Askok filmeko kantu nagusiaren partitura erosi zuten, euren etxeko pianoetan jo ahal izateko. Ia mendebete geroago zinemarako musika ordenagailuz sortzen da batez ere, baina badira oraindik, antza denez, betiko eran paper soilean idazten dutenak. Inork ez du orain arte frogatu haien musika okerragoa denik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
'Itoiz, udako sesioak' filma
“Itoizek eragindako emozioen bideari eutsi diogu, Juan Carlosek egin duen benetako prozesua jaso dugu”

Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

 


Nolakoa zatekeen sekula eraso gabeko Palestina?

Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]


2025-01-14 | Sustatu
“Dragoi Bola” maratoia, atalak Makusin ikusgai jarriko dituztela ospatzeko

"Dragoi Bola" maratoia egingo da EITBren Bilboko egoitzan datorren larunbatean urtarrilak 18; 16:00etatik 21:00etara. Motiboa da Dragoi Bola euskaraz bikoiztuaren atalak Makusi plataformara iritsiko direla, euskaraz eta doan, ostiralero atalen batzuk gehituz joango... [+]


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


Eguneraketa berriak daude