Ihesi: GR-11, Pirinioen zilborreraino


2021eko uztailaren 20an

Zuriza Ansó bailaran dago, Euskal Herriko mugan. Leku ezaguna da Pirinio zaleentzat eta han hasi dugu gure ibilbidea Ainara eta biok, kontentu eta aldi berean urduri, aurrean zer izango ote dugun. Lehenengo kolpea motxilen pisua izan da: 9-11 kilo pisatzen dute apenas, baina balantzaka ibili gara hasieran, ohitu arteko kontua.


Aguas Tuertas, lainoen erreinua

Aguas Tuertasera joateko Taxeras aterpetik gora egin behar da Petrafichako leporaino, handik Guarrinzara jaitsi eta pista bati jarraituz bailara eder hartan azaldu gara arratsalde partean. Erreka bihurriari begira egin dugu afari mokadua. Janari sobreak, latak eta zenbait energetiko daramatzagu gainean, besterik ez, gainerakoan aterpe eta herrietan egingo ditugu otorduak.

Gauean lainoa zerro-zerro sartu da eta goizean esnaera bustia izan dugu. Orain ulertu dugu zergatik den hain berdea Aguas Tuertas, belar freskoaren hazi-toki eta ganaduaren paradisu. Eguzkiak lainoa jaso orduko bertako zezenak aztoratzen hasi dira. Guk Ibon d'Estanesera egin dugu badaezpada, Pirinioetako ibon natural handienera. Bidean marmotak ikusi ditugu lehen aldiz, baina txistu eginez abisua eman eta ezkutalekuetan sartu dira ugaztun txikiak. Marmotak Alpeetatik ekarri zituen Frantziako Gobernuak, hegaztien janari izateko, eta gaur egun izugarri ugaldu dira.

Ibon d'Estanesen jende asko ibili ohi da, Somportera doan bidetik erraza baita bertara igotzea. Hortik, Pirinioetako Parke Nazionalean barrena, Canfranc-era jotzen du GR-ak eta bertako kanpin batean egin dugu lo. Ez da oso kanpin erosoa egia esan, bigarren mailakoa beharrean bosgarren mailakoa izan behar luke.


Anayet, tontor txiki handia

Kanpina bidegurutze batean dago, Canal Roya eta Canal d'Izas artean. GR-11ko etapa bi aldeetatik egin daiteke eta guk lehenengoa hartu dugu, Ibons d'Anayet-etik pasatzen da eta politagoa dela esan digute. Hasieran basopean, gero zelaian eta azkenik, harrizko horma gogor bat igo ondoren heldu gara ibon horietara (2.227m). Bertan dira Anayet mendia eta tontorra, eta gertu ikusten da, baita ere, Midi d'Ossau harritzarra.

Bazkalostean abiatu gara poliki-poliki, erreka garden baten ondotik, Formigal aldera. Sorpresa galanta izan dugu behera iritsitakoan: eskiatzeko pista gehiago egiten ari dira eta obrak daude edonon; sekulako txikizioa mendi magaletan! Formigaldik Sallenterako bidea penagarria izan da; ahal izanez gero, behatza atera eta bide hori autoz egitea gomendatzen dizuegu, hautsa eta trafikoa besterik ez baitugu izan lagun.


Respomuso (2.160m)

Sallent de Gallego Tena bailarako hiriburua da, herri turistikoa nolanahi ere, taberna eta jatetxe ugari daude bertan. Festak dira eta jendez gainezka aurkitu dugu Sallent. Foratata izeneko etxean ostatu hartu -inguruko mendi ezaguna da Foratata- eta herrian barrena ibili gara.

Hurrengo etapak Panticosaraino eramaten du, baina guk bide erdian geldialditxoa egitea pentsatu dugu, Respomuso aterpetxean. Ondo zaindutako aterpea da eta arau zorrotzak dituzte, ezin baita bertara autoz iritsi. Goiza makal hasi da, lanbro artean eta euripean ekin diogu bideari. Halere, Sarrako urtegia pasatakoan txoko politak azaldu zaizkigu, Aguas Limpias errekak ondutako ur jauzi eta putzu sakonak ikusi daitezke. Respomusora iristeko ez dugu askorik behar izan eta harrituta begiratu diogu aterpe azpian dagoen urtegi handiari, erdi hutsik dago! Arratsalderako, eguraldiak txukundu egin du eta aterpe atarian jarri gara sugandila moduan. Parean Marmoletak azaldu dira laino artean, 3.000 metroko mugan dauden tontor gorriak, eta hotzikara batek esnatu gaitu, haien artetik pasako baikara hurrengo egunean.


Infiernos edo zerua

Aterpetxean goizean goizetik mugimendu handia somatzen da, Kataluniatik etorritako talde handi bat dago bertan, eta gu bezala, GR-a egiten ari diren hainbat lagun ere badaude. Goizeko 6etan jaiki eta motxilak prestatu ondoren bapo gosaldu dugu. Egunak argitu berritan hasi dugu martxa, arrasto txuri gorriak eta harri piloak jarraituz. Respomusoko urtegia albo batean utzi eta Llena Cantal izeneko ibonera igo gara lehenik; ordurako, eguzkiak mendi tontorrak gorritu ditu eta itzal luzeen artean Respomuso urruti ikusten dugu jadanik. Llena Cantal pasa ondoren hasi da benetako malda, harrikari artean Piedrafitako lepora igotzen dena. Azkeneko zatian makilak motxilan gorde eta bi eskuak erabili behar izan ditugu leporaino iristeko. Gure ibilbideko punturik altuenera iritsi gara (2.782m) eta bista ederra benetan ederra aurkitu dugu: alde batean Piedrafitako zirkoa, Respomuso aterpetxea erdian dela, eta bestean aldean berriz Infiernos-eko gailurrak (3.082m). Zeruan gaude!

Piedrafitako lepotik Infiernos-eko lepora pasa gara di-da batean, Tebarrai ibona azpian utzita. Horren ondoren, Ibons Azuls-etara jaitsi eta Bachimañako urtegia segituan topatu dugu. Nabari da Panticosa gertu dela, gero eta jende gehiago gurutzatu baitugu bidean: euskaldunak, katalanak eta baita motxila erraldoiak bizkarrean, okertuta doazen aleman batzuk ere.

Bachimañatik Panticosarako bidea ez da erraza, desnibel handiko malda da eta harria gastaturik dago jadanik. Halere, putzu politak aurkitu ditugu; lastima ura hotzegia dagoena! Arroka, pinu beltz eta obratako garabi artean agertu da Panticosa. Bainuetxea eraberritzeko lanek luze jo dute nonbait eta oraindik eraikin multzo osoa bukatu gabe dago. Casa de Piedra aterpetxeko terrazan eseri gara lasai, bertan afaldu eta egingo dugu lo.


Buxargüelo berdea

Eguna urdin esnatu da berriro. Arrasto txuri gorriak aurkitzeko hasierako zailtasun batzuk atzean utzita, gustura igo ditugu, pinu beltz artean, Brazatoko ibonetara dauden malda gogorrak. Halako batean, sarrio bat azaldu zaigu bidera, ibilbide osoan ikusi dugun bakarra. Pirinioetan 25.000 sarrio inguru bizi dira, baina azken aldian birus ezezagun baten erasoa jasan dute eta populazioa izugarri jaitsi da, batez ere Katalunian.

Brazatoko lepotik (2.550m) Ibons d'Batans-era pasatzeko granito bloke artean ibili gara, harriz harri saltoka. Batans-etako ura da, dudarik gabe, orain arte ikusi dugun urik garbiena; harria, hondarra eta anfibio txikiak ikusi ditugu ibonaren hondoan. Ara izeneko bailarara arazorik gabe jaitsi gara hortik; parean Vignemale dugu, glaziar zuriekin dotore jantzia. Buxargüelora joateko Ara erreka ondoko bidea jarraitu besterik ez da egin behar. Lehenik zelaian eta ganadu artean ibili gara, gero baso hostogalkorra azaldu zaigu, Ordiso izeneko zubi inguruan. Kilometro asko dira, baina malda behera leunean erraz egitekoak. Buxargüelo baino lehentxeago bailara zabaldu egiten da eta erreka bazterrean zelai gozoak ikusi ditugu, zuhaitz artean. Harritu gaitu leku hura zein garbi eta ondo zaindua dagoen ikusteak, Buxargüelotik bi kilometrora besterik ez dagoen arren.

Buxargüeloko harrizko zubia eta aterpea pasa eta inguruko kanpin batean amaitu dugu ibilbidea. Nekatuta gaude, baina gustura, Ordesako paretak ukitu ditugu eta Pirinioen zilborreraino iritsi gara.

Ura eta iturriak

Pirinioetan ura gauza ederra da, baina baita preziatua ere, urte sasoi batzuetan batez ere. Ibilbide luze bat egin behar izanez gero, pastilla potabilizatzaileak eramatea komeni da, urarekin inolako arazorik ez izateko. Hala ere, zenbait iturri aurkitu ditugu ibilbidean zehar, mendizaleentzat prestatuak:
- Guarrinzatik Aguas Tuertas-erako pista ondoan, ezkerrera.
- Ibon d'Estanes-etik Candanchura bidean, Causiat lepora iritsi baino lehenago.
- Canfranc-en Canal Roya hartzerakoan «Fuente del Cerezo» izenekoa aurkituko dugu.
- Buxargüelo baino bi kilometro lehenago, pistatik jarraitu eta zubia pasata.
Iturburuak aurkitzea ere ez da zaila: Petrafichako lepoa pasata, Aguas Tuertasen, Ibon d'Éstanesen, Ibons Azuls-etan...


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude