2003ko Gasaren Gerra: Hanka baten istorioa


2021eko uztailaren 19an
Boliviatik ez da itsasorik ikusten. Historia militarrak kontatzen du, Pazifikoko Gerran, Txilek kendu ziola bistatik. Hildakoen hitzak dio britainiarrak ere ez omen zirela oso aparte ibili. Kontua da itsasoa galdu zuela Boliviak, eta itsasoarekin batera kresala. Zilarra ere bai antzina, berdin eztainua ere, marea behera batek eraman zituen, eta ez da geroztik marearik igo. Baina hura, hura burla handiegia zen. Sanchez de Lozada diktadoreak gasa ere saldu nahi zuen, kosta ahala kosta, kanpora. AEBetara bidaltzeko tratua egiten ari zen, nondik, eta Txileko portuetatik, nondik, eta itsas lapur haien bideetatik. Burla handiegia zen hura boliviarrentzat. Eta albistea esnatu zenean hildakoek baino ez zuten segitu lotan.

Luissss!!! Luissss!!! Ileetatik tiraka ari zitzaidan norbait. Ez zidan uzten lo egiten. Eta nik lo hartu nahi nuen. Sendagilea ere gaixotu beharrean zebilen: «Nork lagunduko dio?! Nork!?». Emazteari ez zioten utzi igotzen. «Ni joango naiz», aitaren ahotsa zen, «ya» sendagilearena. Eta motorra piztu baino lehen abiatuak ginen. Zerua ikusten nuen kristaletik, zati urdinxkak zipriztin gorri artetik. Mina engainatzen saiatu nintzen: «Non gaude aita? Nora goaz?». El Altotik La Pazerako autopista hartzera gindoazela esplikatu zidan. Baina ezin zen. Kalean jendea ez zen kabitzen, eta anbulantzia nola? Trapu zuria ere atera zuten leihotik, «ZAURITUA! ZAURITUA!». Alferrik zen. «Buelta erdia hartuko dugu -sendagileak txoferrari- hemen ez dago pasorik». «Ez al da odolustuko?».

(...) Gero eta gasolina gutxiago zegoen. Eta herri bat gasolinarik gabe gelditzen denean oinezkoak izaten dira errege. Mila ziren hasieran, bi mila gero, lau, zortzi, hamasei... harri atzetatik ere zango berriak azaltzen ziren, eta ukabilak zetozen zango gainetan: «No pasarán! No pasarán!». La Paz gasolinaz hornitu behar zuten zisternak jendeari begira zeuden, egarrituta. Baina han ez ziren pasako. Gasoila garesti zegoen gasa debalde saltzen zen herrian. ...Gas natural gaixoa, kapitalizatu egin hinduen lehenik, pribatizatu gero, eta orain, kanpokoek lehengai bezala xurga hazaten utzi nahi dik diktadore zerri horrek. Eta hik, hik refinatzean hartzen duk prezioa, lantzeak egiten hau hi preziatu, heure zuloan hagoelarik ez duk satorrak baino gehiago balio. Eta hala saldu nahi hau urdeak, heure izate hutsean, baina hori, hori ez duk gasa saltzea, hori lurra saltzea duk... Herriagatik ez balitz, ederra emango zukeen Boliviak, ez lur eta ez itsaso.

Sueroa sartu zidaten ospitalean, odol berria, oxigenoa ere bazekarten... malkoak ahaztu zitzaizkien. Negar egiteko gogoa nuen, eta malkoak falta zitzaizkidan, denak gerra batean galdu izan banitu bezala. Ez nuen indarrik begiratzeko ere. Belarriak nituen zabalik, eta handik jakiten nuen nahi ez nuen guztia. «Txikitua du hanka, aldez alde zulatua, zainak kiskaliak ditu... Mutil honek operazio urgentea behar du!». Baina erantzun bakarrik ez, galdetu ere egiten zuen Raul de La Quintana sendagileak: «Non daude zure senideak? Zure senideak behar ditut». «Aita hemen zegoen lehenago, baina joan egin da». «Nola joan egin dela?! Ebakuntza egiteko norbaiten baimena behar dugu, nik ezin dut garantizatu, eta baimenik gabe ezin zaitugu operatu!». Halakorik inon! Gangrenak gora egingo zuen inori baimenik eskatzen nekatu gabe, eta gu, hari begira. Erreguka hartu nuen sendagilea, operatzeko, arren, azkar, nik ematen niola baimena, zangoa nirea zela, nirea baino ez... Baina hitza harena zen, «ezin duzu zuk eman, zure aitaren baimena behar dugu». «Zer nahi duzu? Korrika joatea bere bila!».

(...) Hegan zebilen helikopteroa, eta arrastaka zetozen tankeak. Dortoka berde beldurgarri haien aurrean bazegoen soluzio bat, erbiarena egitea, baina putreak atzaparrak azaltzen dituenean galduta gelditzen da txita, arrautzan sartuko litzateke gustura, atzera, eta desagertu. Han ez zegoen desagertzerik, ez atzera egiterik, oilar dema zen hura. Indigena denek gandorra atera zuten, meatzariak paparra erakusten ari ziren, eta ikasleek ere kukurrukura bat egin zuten: «GASA EZ DA SALTZEN! GASA EZ DA SALTZEN!». Olatu haren aurrean iparra galdu zuen gobernuak, diktadorea mutu gelditu zen, eta militarrak mintzarazi zituen. Oso ironia finez, gasa botatzen hasi ziren herriari, doan.
Larrutik ordaindu nuen. Ebaki ez zuten egin, baina zortzi aldiz sartu ninduten ebakuntza mahaira, zortzi aldiz garbitu zidaten hanka, zortzi aldiz egin zidaten kura, baina zertarako? Hogei egun pasa ziren, eta zangoak gero eta aho zabalagoa zuen, gero eta kirats handiagoa botatzen zuen, belzten ari zen, itsusia zegoen. Eta baimena inork eman nahi ez zuela ikusirik, sendagilea ere tematu egin zen: «Salbatu egingo dugu, ez dugu ebakiko, salbatu egingo dugu!». Neronek azaldu behar izan nion bere setaren absurdua: «Ni salbatzen ez banaiz, zeinentzako izango duzu hanka?».

(...) Warisatan erori zen lehena, Marlene, zortzi urteko neska txikia. Ventillan meatzariak hil zituzten, Senkatan segitu zuten tiroka, eta ukabilen gainetik brinkoka, El Altoraino iritsi zen herio. Ikusi egin zuen Luis Alfredok, traktore hori batean iritsi zen, kamuflatuta, baina tiroak ez zituen ahapeka jotzen: «RA-TA-TA-TA-TA-TA!!!!». Soldaduen kaskoa zeraman jantzita. Askok errekara jo zuen, Luis Alfredok denda txiki baten ondoan hartu zuen ostatu. Hasieran pentsatu zuen tiroak ez zirela haraino iritsiko.

Azkenean esku bat iritsi zen, eta eskuarekin izenpedura. Zangoa ebakitzeko baimena emana zegoen. Ebaki zuten. Baina gaizki. Lehen egunean egin izan balute belaun azpitik ebakitzea aski izango zen, beranduko lanak belaun gainean pasa zidan zerra. Kito. Han gelditu zen, hanka zatia, bakar-bakarrik. Emazteak hartu zuen, eta hilerrian eman zion lur. Geroztik ez naiz joan ikustera.

(...) Ikusi izan banu agian kuzkurtu egingo nintzatekeen, edo jauzi egingo nukeen. Baina ni kiosko txikira begira nengoen, ez dakit zergatik, biharamuneko notiziak irakurtzen edo. Orduan jo ninduen balak. Kalanbrea bezala sentitu nuen, eta mina, MIna, MINAAA!!! Hanka lurrean pausatzen hasi nintzen, eta ez nuen sentitu. Ez zuen alde egin, baina txikitua zegoen.

Behar zena baino gehiago txikitu zidaten. Izter puska bat baino ez zait gelditu. Eta horregatik, ez daukat protesirik jartzerik. Protesiaren faltan makuluekin ibili behar dut. Eta makuluekin ibili behar duenak, hanka bat bakarrik ez, hanka bat eta bi esku galdu ditu.

Hiru urte luze pasa dira Luis Alfredok hanka galdu zuenetik. Bi haurren aita da, baina emazteak lehendik zituen lauak erantsita, sei haur ditu etxean. Eta bere jornala gutxi da zortzi lagunentzako, zorrak ere baditu; makuluekin ere hilabete bukaerara ezin iritsiz ibiltzen dira. «Askotan inutila sentitzen naiz, nire arropa nik garbitzen dut, baina lehortzen jartzera ezin dut joan. Hanka batek zenbat balio duen orain konturatu naiz». Berriz ere manifestazioetara joango ote litzatekeen galdetu, eta «bai -erantzun du firme-, joango naiz, baina ez edozein martxatara. Ni joango naiz gasa eta petrolioa defendatu behar direnean, horiek direlako gure baliabide bakarrak. Joango naiz. Baita hanka baten gainean brinkoka joan behar badut ere».
--------------------------------------------------------------
Gai honen inguruko argazkiak www.argia.eus/bolivia helbidean


Sanchez de Lozada

2003ko urriko masakrean segurtasun indarrek 64 lagun hil zituzten, eta lau anputatuak gelditu dira. Herriaren presioari eutsi ezinik, urriaren 17an, Sanchez de Lozada «Goni» diktadoreak kargua utzi egin behar izan zuen, eta ordutik AEBetan bizi da. Hildakoen senitartekoak Sanchez de Lozada eta bere kolaboratzaileak Boliviara ekarri eta epai ditzatela eskatzen ari dira. Evo Moralesen promesetako bat horixe zen, lehengo krimenak justiziak argituko zituela. Baina epaiketa oraindik hasteko dago eta «Goni»k AEBetan jarraitzen du.


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude