Autoarekin sartu eta burdinazko atea pixkanaka gure atzean itxi denean, argazkilariak eta biok estutasun pixka bat sentitu dugu. Hesiz inguratuta gaude, irteerarik gabe, kamera eta zaintzaile artean. Paisaia atsegina da, adinez beherako mutilentzako Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo zentroa mendian galduta baitago, baina hertsi sentsazioa arnasten da. Ibaiondokoa, Ortuellan (Bizkaia), Aramaion (Araba) edo Gasteizen dauden zentroen aldean, zigor luzeagoak eta erregimen itxiagoak dituzten gazteentzat diseinaturik dago eta segurtasun neurri zorrotzagoak ditu. Bisitan zentroko hezitzaile batek lagundu digu, gainean walky talkya darama eta modulu batetik bestera igarotzeko, edozein gelatan sartzeko nahiz patiora irten edo berriz sartzeko zaintzaileei deitu behar izan die, beraiek baitituzte giltzak. Ateak beti itxita daude eta pasatzeko ireki ostean berriz ere itxi egiten dituzte gure atzean. Gazte gutxi ikusi ditugu, zentroko berdeguneetatik igarotzen den ibaian monitorearekin zubia eraikitzen ari den talde bat baino ez. Adingabekoak gehienez zazpiko taldeetan banatuta daude eta gainontzeko taldeekin ezin dute harremanik izan, modulutan bananduta baitaude eta tailerrean, ikasgelan edo gainontzeko ekintzetan aritzeko ordutegi desberdinak dituzte. Zentroa handia da eta barnetik datorren oihu isolaturen bat salbu, isiltasuna da nagusi. Hezitzailearen arabera, egunerokoa ez omen da oso gatazkatsua. Hori bai, idi-begi formako ateetako leihoak plastikozkoak dira orain, kristalezkoak ukabilkadaz edo burukadak emanez apurtzen baitzituzten mutilek. Matxinada antzeko azken gertaera 2004ko Gabonetan jazo zen: gazteek giltzak hartu zituzten eta alde batetik bestera ibili ziren kontrolik gabe, teilatuetara igota. Zaintzaileen erantzuna gogorregia izan zela uste du hezitzaileak. Ateak zabaldu dizkigun zaintzaileak berriz, mutiletako batek zurgintza tailerrean mailu eta paletarekin iskanbila sortu zuela du gogoan. Segurtasunekoak borra eta ezkutuarekin azaldu zirenean, ordea, istilua berehala amaitu zen.
Noiz eta nola jan
Halakoak saihesteko, arau oso zorrotzak dituzte. Iristen diren gazteei lehenengo egunetan jakinarazten zaizkie hutsak edo faltak (arinak, larriak eta oso larriak) zeintzuk diren eta horiei dagozkien zigorrak -«erantzun zuzentzaileak» direlakoak-. Guk ikusi dugun taldeak hamabost egun emango ditu ping-pong, mahai-futbol, musika eta telebistarik gabe, haietako batek tabakoa ezkutuan zuelako eta egunean erre dezaketen zigarro kopurua mugatua daukate. Gazteak sartzen diren lehenengo minututik azkeneraino dena arautua dago: zer arropa eraman behar duten, nola mugitu behar diren, noiz jaiki eta oheratu, nola zuzendu hezitzaileei, mahaian nola jokatu -korroka egiteak edo puzkerra botatzeak zigorra dakar-, noiz eta nola jan, dei kopurua... eta sakelako telefonoak, boligrafoak edo linternak bezalako makina bat objektu debekatuta daude. Zigorra, asteko paga kentzea, deiak murriztea edo hurrengo aisialdian logelan geratzea izan daiteke, esaterako. Hutsa oso larria denean -erasoak, matxinada, drogak sartzea eta abar- gazteari taldetik bost eta zazpi egun bitartean isolatzen zaio eta ez du aisialdiko ekintzetan parte hartzen. Txabi Etxebarria EAEko Zigor Betearazpen zuzendariaren esanetan, askori inork ez die inoiz esan hau edo bestea ezin dutela egin, ez dutelako familiarik edo familian ez delako halakorik egon eta hasieran gaizki hartu dezakete, «baina neurri batean mugak daudela barneratzen joaten dira, besteen eskubideak hasten direnean gureak bukatzen direla eta nahi dutelako ezin dutela lapurtu ulertzen dute».
Gazte horien artean, baliabiderik eta nagusi baten laguntzarik ez dutenak eta giro marjinalean hazi direnak daude. Oso ezohikoak dira delitu larriak egin dituzten adingabeak, nahiz eta komunikabideetan oihartzun handiena horiek bereganatu. Aldiz, geroz eta ohikoagoa da erdi mailako edo erdi altuko familia normalizatuetako gazteak sartzea. Ertzaintzaren atxilotze datuen arabera, gazte delinkuentziak ez du gora egin, baina bai salaketengatik epaitegietara iritsi diren gazteen kopuruak eta horietako gehienak etxeko indarkeriari lotutako salaketak dira; gurasoenganako biolentziari, alegia. Gurasoek mugarik jarri ez dizkieten gazteak izan ohi dira. Txabi Etxebarriak kontatu digunez, fenomeno hau ziurrenik aspaldikoa da, baina iaztik hasi zen nabarmentzen. Aurten, iazko kasuekin alderatuz, etxeko indarkeriarekin zerikusia duten kasuak hirukoiztu egin dira. Gehienak ez dira kasu larriak, agresioekin edo mehatxuekin lotutako une konkretuak dira eta denek ez dute zentroetan bukatzen. Gainera, zentroetan sartzea ez beste zigor arinagoak -gizarte lanak, droga mendekotasunaren aurkako terapiak, ikastaroak...- jasotzen dituzten gazteen %85 behin bakarrik joaten dira epaitegira. Zentroetara lapurretekin, borrokekin edota etxeko indarkeriarekin zerikusia duten delituak egin dituzten gazteak iristen dira batik bat, askok zentro horiek bortxatzailez eta hiltzailez beteta daudela uste badezake ere.
Epaileak adinez beherako delitugilea zentroan sartzea erabakitzen duenean, hiru motatako erregimena jarri diezaioke: itxia, erdi irekia eta irekia (etxebizitzetan). Ohikoena zigorra bete ahala erregimen itxiagoetatik irekiagoetara pasatzea da, ekintza guztiak barruan egitetik kanpoan egiten hastea eta segurtasun handiko zentroetatik etxebizitzetara igarotzea. Segurtasun neurri zorrotzenak Ibaiondon daude eta bertan 8-12 hilabete igaro ohi dituzte gazteek. Hasieran, gazteari arautegia eta funtzionamendua azaltzen zaizkio; dituen gabezi, arazo eta aukerak aztertzen dira eta helburu indibidualak ezartzen zaizkio -prestakuntza, familiarekin duen harremana hobetzea...-, barneko ekintzak komunak diren arren. Normalean, lehenengo unetan guztiarekiko jarrera ezkorra dute, hirugarren astean lurreratu eta krisia sortzen den arte, konturatzen direlako aurrera egin eta atera nahi badute, funtzionamendua onartzea dela onena. Adingabe bakoitzak tutorea du eta tutore horrek, psikologoaren eta hezitzaileen laguntzarekin, programazioa zehazten dio. Epaileak ere epaitutako gazteen segimendua egiten du eta betebeharrak, ekintzak, ordutegiak eta arauak errespetatuz gero, mutilek puntuak eta «pribilegioak» lortzen dituzte: logelan argazkiak ipini ahal izatea, musika, erlojua, objektu pertsonalak... Bestalde, informatika eskolak, ikasketak, prestakuntza tailerrak, kirol ekintzak eta bestelako jarduerei esker, eguna aktibitatez beteta izan ohi dute.
Gatazkak
Eguneroko horretan, gazte batek ahotsa altxatzea, haserretzea, gauzei ostikoren bat ematea edo borrokan aritzea ez da ezohikoa. Patxi Lasa Ibaiondoko hezitzaileen koordinatzailearen hitzetan, zentroa ireki berriko garaiak gatazkatsuak izan ziren, baina egoera normalizatu egin da eta orain lasaiagoa da. Esaterako, gaztea berandu esnatu delako zigortu eta protestaka hasiz gero, aisialdian logelan geratuko dela esaten zaio, protestan jarraitzen badu, beste zigor bat ezartzen zaio eta azkenean, bere onerako, isildu egingo da. «Normalean, talde bakoitzean beren burua kontrolatzeko gaitasun gutxiago duten mutil bat edo bi egon ohi dira -banatu egiten ditugu denak talde berean ez egokitzeko-, baina zigorrak jarriz dinamika hori moztu egiten diogu eta besteek ez diote jarraitzen». Lasaren arabera, astero baten bat logelan zigortua egon daiteke eta hiruzpalauri neurri zuzentzaileak jartzen zaizkio, ez gehiago. Hezitzaileek ez dituzte mutil gatazkatsuak fisikoki geldiarazten, hori zaintzaileen lana da, ateak ireki eta ixteaz gain, histeria uneak eta erasoak kontrolatzeko baitaude. Hezitzaileek bilagailuak dituzte, zaintzaileen laguntza behar izanez gero ohartarazteko. Halakoetan, zaintzaileek eskuak, ezkutuak, esku-burdinak eta gomazko borrak erabili ditzakete. Aurten, gazte bat asko asaldatu zela gogoratu du Lasak, denak eraso nahi izan zituen eta gauzei ostikoka hasi zen. «Antsietate krisiak izaten dituzte, hemen barruan egotea gogorra delako eta batzuetan liskarraren ostean konturatzen gara gazte horrek botikak hartzea komeni dela».
Zigorren eta segurtasun neurrien gainetik, ordea, Lasak gaztearen eta hezitzailearen artean sortzen den harremanean jartzen du bere lanaren oinarria. Beste zentroetan gogorragoak badira ere, Ibaiondon harreman pertsonalari garrantzia ematen diotela dio, «horrek dituen arriskuekin». «Maitasuna, heziketa, konfiantza... indartzen ditugu, beti ere faltek beren neurri zuzentzailea dutela kontuan hartuz. Oreka bilatzea da gakoa». Modu hori da gaztea benetan ezagutzeko biderik egokiena eta aldi berean, gomendioak ematerakoan beretzat hobe delako esaten zaizkiola konturatzen da. Gaztea pixkanaka jarrera irekiagoa hartzen joaten da eta hezitzailearekin arazoez, bizitzaz, harremanez hitz egitera ausartzen da. «Denetik kontatzen digute: babesik gabeko harreman sexualak izan dituela eta HIESAren proba egin nahi duela; ez duela nahi neskak edo familiak bisitatzea horrek gero angustia sortzen diolako... Guk hezitzaile papera egiten dugu, larritasun eta estres hori bideratzen jakin dezan eta gauzak objektiboki ikus ditzan. Azken finean, 15-17 urterekin oso esperientzia gogorrak bizi dituzte eta normala da gaizki egotea. Anaia kartzelan sartu dutela, egun batzuetara epaiketa dutela, neska haurdun geratu dela... eta gu gara hitz egiteko hurbilen dituztenak».
Eta gero zer?
Harreman pertsonal horri esker, baloreak transmititzen dizkietela dio Lasak, askotan fruituak neurtzea ezinezkoa bada ere. «Batzuek aurrera egingo dute eta beste batzuek ez, mila faktorek eragiten dutelako, baina heziketa lana barneratzen dute. Pena da, baina batzuetan garbi ikusten duzu gazte batek kartzelan bukatuko duela, oso zaila izango dela bizimodu berera itzultzen bada giro horretatik irtetea». Beste hainbatetan, gaztea ez da heldu, ez du ezerenganako errespeturik eta dinamika bera jarraituko du, errazagoa delako lapurtzea, ikastaro batera joatea baino. «Familia oneko» gurasoekin ere gertatu ohi da ez daudela prest familiartekoek landu behar duten arazoa dela onartzeko eta ikastetxeari edo inguruari egozten diote errua. Atzerritarren kasuan, paperak lortzea izan ohi da bizimoduz aldatzeko giltza eta kontraesana bada ere, gizarteratzeko zentroan prestatzen dituzten gazteek sistemaren eta legearen horma aurkitzen dute kanpoan: ez dizkiete paperak ematen eta beraz, egindako lan guztia ezerezean geratzen da. Hala ere, zentrotik ateratzean askatasun zaindua ezartzen zaie denei eta hezitzailearekin astero hitz egiten dute, dena ondo doakiela ziurtatzeko.
Lan horren guztiaren inguruan gizartean ezjakintasun handia dagoela dio Lasak: «Jendeak uste du ez dela egiten egin beharko litzatekeen guztia, zentroek ez dutela ondo funtzionatzen eta gazteak berehala ateratzen direla. Adingabekoentzako kartzelak direla uste dute eta aldi berean pentsatzen dute ona dela barruan edukitzea, gizartetik at». Nolanahi ere, irtenbidea zentrora iritsi aurreko prebentzioan inbertitzea dela argi du. Masifikazioa saihesteko, hurrengo urtean adinez beherakoentzako zentro berri bat irekiko dutela iragarri du Txabi Etxebarriak, baina zentro ahalik eta gutxien izatearen alde egiten du Lasak, beharrezkoak ikusten dituen arren. Izan ere, «50 pertsonentzako lekua duen zentroa badago, epaileek 50ak beteko dituzte eta 100 leku badaude, 100ak. Epaileak gizartea zaintzen du, ez du nahi gizartean alarma pizterik eta jendearen bidegabeko beldur horrekin amaitzeko 'arazoak' kaletik kentzen ditu, zentroetan sartuz».
Mohamed
Mohamed 'arazo' horietako bat izan zen. Bere benetako izena argitaratzerik nahi ez duen 23 urteko mutil isila da Mohamed. Marokotik familiarik gabe iritsi zen eta Bilbon sei-zazpi urte daramatza dagoeneko. 17 urterekin adingabekoentzako zentro batean sartu zuten 18 hilabetez, indarkeria erabilita lapurreta egiteagatik. «Ez nekien nora eraman behar ninduten, norekin egongo nintzen, zer egin behar nuen eta hasieran ez nintzen inorekin fidatzen. Ihes egin nahi nuen, 'jende honek askatasuna kenduko dit', pentsatzen nuen eta lau hilabete inguru eman nituen jarrera horrekin. Ez nuen jendearekin kasik hitz egiten, nire munduan sartuta nengoen eta ez nion inori bertara sartzen uzten. Beraz, lau hilabete luze izan nituen pentsatzeko, zer egin nahi nuen, nolakoa nintzen, zer aldatuko nukeen...». Gainera, lehenengo sei hilabeteetan zentrotik ateratzea guztiz galarazita izan zuen. Hizkuntza ere arazoa zen eta gauza asko botatzen zituen faltan, konpainia batez ere. Dena den, hasieratik argi izan zuen leku hartako arauak betez gero ez zuela arazorik izango eta bide hori aukeratu zuen: «Gainontzekoak errespetatzen nituen, ez nuen marra hori gurutzatzen eta gainontzekoek ni errespetatzen ninduten».
Halaber, eguna ekintzez nahiko betea izan ohi zuen, zurgintza tailerrean hartu zuen parte eta ikasketak egin zituen. «Zerbaitetan aritzea ondo dago, bestela pentsatzen ematen duzu eguna eta benetako kartzela bilakatu daiteke, beti hara eraman zaituen hutsegitea buruan bueltaka dabilkizula». Mohamedek dio egun onak eta txarrak zituela, baina mutil baikorra da eta begirada etorkizuneko asmoetan jarri zuen. Azken finean, zentroak munduarekiko ikuspegia zeharo aldatu zion: «Tutoretza orduetan hezitzailearekin bizitzaz hitz egiten nuen, lan egitearen balioaz, dena ez direla lagunak eta parranda, eta niretzako kontzeptu berriak ziren, kalean bultzatzen diren baloreak bestelakoak delako: gaiztoa izatea, denetik izatea, lanik ez egitea». Begiak ireki zizkioten, curriculumak bidaltzen hasi zen eta paperekin lagundu zioten, «paperik gabe ezin duzulako lanik egin eta lanik gabe ezin duzu paperik lortu, desesperagarria da».
18 hilabeteak bete ostean, Bilbo utzi eta Elantxobera joan zen, itsasoan lan egitera. Lehengo bizimodua albo batera uztea erabakigarria izan zen, pentsamoldea aldatu arren koadrila berarekin itzuliz gero azkenean arazo berdinetara itzuliko zela argi duelako. Zentroko gazteekin badu oraindik harremana eta horietako batzuk berriz ere giltzaperatu dituzte, mundu berera itzuli zirelako. «Batzuetan -dio-, kalean norbait izateko gaiztoa izan behar duzu, lapurtu egin behar duzu, errespetatu zaitzaten. Beste batzuetan, etxean arazoak dituzte eta ez daude ondo gurasoekin, ez dute maitasunik sentitzen edo bertan ikusten dutena errepikatzen dute». Mohamedek bizitza horri uko egin dio eta egun, bera bezala inor eta ezer gabe iristen diren atzerritar adingabeen hezitzailea da. Argi du bere egitekoaren xedea: gazteek zentro batean ez bukatzea.