Urte askoan, nahiz eta Euskal Herrian lan egin, Eduardo Chillida (Donostia, 1924-2002) artista handiaren obrak Parisko galeria batek banatu zituen eta hona geroz eta lan gutxiago iristen zen. Chillidak, ordea, obraren zati bat bere jaioterrian gorde nahi zuen, sorterrian, maite zituen lurretan. Horregatik, 1982an galerista hil zenean, bere kabuz aritzea erabaki eta Donostia inguruan lanak biltzeko leku baten bila hasi zen. Urte horren bukaeran, Chillida-Belzunze senar-emazteek Hernaniko Zabalaga baserria ikusi zuten lehen aldiz; kasik erortzear zegoen, baina eskultoreari bikaina iruditu zitzaion zeukan ideia garatzeko. Baserriak 500 urte zituen eta sustraiak oso errotuta; tokirik egokiena zen, dudarik gabe. Munduko arkitekto handienen laguna zen eta horietako edonork bere obrak jasotzeko eraikin ikusgarria egingo zion, eskatuz gero, baina zerbait tradizionalagoa bilatu zuen, bertakoa. Hain zuzen ere, lekuak berak duen alde sentimentala da batez ere museoa berezi egiten duena. «Bere herrian ari zen lanean, bere inguruan, ezagutzen zuen tokian »dio Luis Chillida semeak». Donostialdean bizi izan zen beti eta bere sustraiak hemen daude; leku honi balioa ematea oso garrantzitsua zen beretzat eta horregatik zelaia errespetatu egin zuen; Hernani inguruan aurki ditzakegun zelaien antzekoa da, ez da museorako sortutako lorategi artifiziala».
Zabalagan lanean hasi zen Chillida, inongo presarik gabe, denbora ez zuelako epeekin lotzen, gauza bakoitza ondo egiteko beharrezkoa zen denbora neurtzen zuen. Obrak egiten eta lorategian haientzako lekua bilatzen joan zen, naturan egokitzen. Izan ere, horixe da leku publikoetan egin zituen obren ezaugarri garrantzitsua, ez zela saiatzen lekua obraren neurrira egokitzen, alderantziz baizik. Lanaren bidez, espazio horri ekarpen bat egitea zen bere asmoa, aldaketa handirik eragin gabe. Zabalaga, esaterako, baserria dela ikusten dugu kanpotik. Barrutik, hustuta dagoela ohartuko gara, Chillidaren obrez beteta. Lan berriak egiten joan zen heinean, lur gehiago erosi behar izan zituen. Halaber, egitasmoa beste motako lanekin uztartu zuen, batik bat obra publikoan oinarritutako proiektu handiekin. Hala, museoan aurki daitezkeen obra asko gero beste leku batzuetan garatutakoen ideiak dira. Azken finean, eskultura bat egiteko prozesuak fase ugari ditu eta fase edo obra bakoitza desberdina dela uste zuen berak, ideia bera izan arren, bere osotasunean desberdinak direla, materiala, tamaina eta gainontzeko ezaugarriak desberdinak direlako. Argia bilatzen eskultura itzela, adibidez, duen tamaina handiagatik Chillida-Lekuko bisitarien artean arrakasta gehien dutenetakoa da eta Municherako egin zuen proiektuaren parte da.
Zabalaga baserriaren zaharberritzeak 1997ra arte iraun zuen eta lan horretan artistak Joaquín Montero arkitektoaren laguntza izan zuen. Baserri barruko espazioa bilatzen saiatu zen Chillida, bere artelanak han kokatzeko. Baserria ulertzeko, eraikinarekin hitz egin behar zela zioen eta Monterok ere azkenean baserriarekin hitz egiten bukatu zuen. Hain zuzen ere, Zabalagan denboraren eta gauza bakoitzaren garrantzia antzeman daiteke, dena oso pentsatua eta aztertua baitago. Lan horren guztiaren ondorio, 2000. urtean Chillida-Leku inauguratu zen. Museoa eskultorea hil ostean irekitzea zen asmoa, baina urte horretan al-zheimerraren gaitzak jo zuenean, Chillidak egitasmoa ikustea izan zen emaztearen nahia eta etxeko lorategia museo bihurtu zuten. Semearen ustez, bisitariek museoari duen zentzua igartzen diote: «Gaur egun zentzurik gabe egiten dira museoak, jendea hirira erakartzeko. Zentzu artistikoa galtzen dute eta nire ustez gure kasuan jendeak balioa ematen dio museoak atzean duen zentzuari. Museo hau aita hil ondoren guk egin bagenu, dudarik gabe ez zen berdina izango eta hori jendeak hautematen du, denak sentimendu berezia duela». Azken finean, Chillida artista bezala erakusteaz gain, jaioterrira lotua dagoen pertsona islatzen du museoak.
Baina hori ez da Chillida-Lekuk duen berezitasun bakarra. Oso museo aberatsa da kolore eta tonuetan. Urtaroaren, eguneko unearen, eguraldiaren arabera, asko aldatzen da, kanpoan dagoelako. Era berean, Eduardo Chillidak ez zuen mausoleo bat nahi, bizirik dagoen museoa baizik, eta artistaren nahia errespetatu dute. Obrek munduko beste erakusketara bidaiatzen dute, Chillida-Lekun bertan aldaketa txikiak egon ohi dira, behin-behineko erakusketak antolatzen dituzte eta inguruko bizitza kulturalean integratzeko asmoz, ekintza ugari egiten dira, batez ere tradizioarekin lotuak. Hala nola, Sagardo Eguna, Solstizioaren Eguna, antzerki lanen bat eta musika emanaldiak. Chillidarentzat musika oso garrantzitsua zen eta artelan guztiek musika eta poesia izan behar dutela zioen. Luis Chillidak gogoratzen du Oreka TX taldea eskulturetan txalaparta jotzen aritu zela, esperimentatzen, tradizioa eta berrikuntza uztartuz. Obrak ukitu ahal izatea ere museoaren bitxikerietako bat da. Ez da arraroa kanpoan dauden tamaina handiko obretan bisitariak eserita edo eskulturen barrunbeak ikertzen ikustea eta haurrak artelanekin jolasean aurkitzea. Umeek lorategian gozatu egiten dute eta aldi berean artea ikusten. Hain zuzen ere, museoak heziketari garrantzia ematen dio eta haurrentzako jokoak prestatzen dituzte. Eskolan, museoa bisitatu aurretik eskulturen irudietako bat aukeratu behar dute eta beraien burua horren ondoan margotu. Normalean, marrazkian eskultura haurra baino txikiagoa izan ohi da eta harritu egiten dira Chillida-Lekura iritsi eta obraren benetako tamaina ikusten dutenean. Urtean 10.000 haur inguruk bisitatzen dute museoa. Horren guztiaren bidez, turistez gain inguruko jendea erakartzea eta gipuzkoarrek museoa bere sentitzea da helburua.
Aparteko txokoak
Semeak kontatu digunez, Eduardo Chillidari orokorrean museo guztia gustatzen zitzaion. Arratsean goian dagoen lorategitxoan esertzea atsegin zuen, baina eguneko une bakoitzerako leku bat zuen. Baserria ere oso gustuko zuen. Bertan lan asko egin zuen, asko hausnartu, eta gainera, baserria espeziala zen beretzat. Bere aiton-amonak Urretxuko baserri batean jaio ziren eta bere obrak bilduko zituen lekua baserria izatea nahi zuen. Artelanei dagokienez, ez zuen eskultura kuttunik. Obra gustukoena zein zuen galdetzen ziotenean, beti berdina erantzuten zuen: «Une honetan lantzen ari naizena». Obra bakoitzak bere energia guztia eramaten zuen, lantzen zuen unean. Familiako kideek ere txoko propioak dituzte, baina aita lurperatu zuten tokia, museoaren alde pribatuan, berezia da denentzat. Eta bisitarien kasuan, Argia bilatzen 27 tonako eskultura handia eta baserriaren xarma dira arrakastatsuenetakoak. Dena den, Chillida-Lekuk aparteko gune asko ditu. Zuhaitzez inguratuta, zelai berdean eta txorien kantupean eskultore donostiarraren artelanak mirestea plazera da, dudarik gabe.