Portuak: lehen lantoki huts, orain olgetarako gune


2021eko uztailaren 19an
Arrantzaren etorkizuna hodei ilunez beteta dago. Hala uste du, behinik behin, Jaime Tejedorrek, Gipuzkoako Arrantzale Kofradien presidenteak: «Orain dela urtebete nioen Zaintza Intentsiboko Gunean geundela, eta hortxe jarraitzen dugu, gaitza ezagututa ere ez dugulako hura sendatzeko neurririk hartzen». Gaitz horren berri eman digu laburrean Tejedorrek: «Europako Batasunaren politikak ez ditu oinarritzat itsasoaren ondasunak eta arrantzaleen beharrak. Aitzitik, estatuei, industria handiari, errentagarritasunari... begira ari dira. Hain merkatu globalizatuan, arraina neurriz harrapatzea ez da errentagarria honezkero; hala, ondasunak xahutzen ari dira, eskulangintzako bitartekoak erabiltzen ditugunon kaltetan».

Globalizazioak beste ondorio bat dakar: arraina edonondik etortzen da gaur egun. Euskal Herriko arrantza-porturik handiena lehorrean dagoela esaten dute askok. Forondako aireportuan, hain zuzen. Mundu osotik datorkigu arraina, eta merke gainera. Lehiatzeko, ezin garestiegi saldu hemengoa. Hala, kasu askotan gure arrantzaleek orain dela hamar urteko prezio bertsuan saltzen dute arraina, gastuak -erregaia batik bat- nabarmen hazi diren arren. Arrantza beti izan da lanbide gogorra, eta askotan horri leporatu izan zaio sektorearen gainbehera: gazteek ez omen dute gehiago itsasora nahi. Hori egia izanik ere, ezin daiteke ukatu arrantzak garai bateko pizgarriak galdu dituela gainera. Lehen, sikiera, diru-sari hobea lortzen zen lanaren truke.

Hori horrela, euskal arrantza-ontzidia etengabe murriztuz doa, eta zenbait portutan guztiz desagertu da dagoeneko: Zumaia, Deba, Hendaia... Beste askotan gutxi batzuek eusten diote, iraganaren oroigarri. Badira, azkenik, oraindik sendo antzean dabiltzan bospasei portu -Bermeo, Ondarroa, Getaria, Hondarribia, Pasaia...-, eta askoren ustez horiek izango dira, urte gutxiren buruan, Euskal Herriko arrantza-portu bakarrak.


Ez hain txarto Jaurlaritzaren ustez

Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaria, Josu Santiago, baikorragoa da. «Egia da gero eta ontzi gutxiago dagoela, baina gero eta ontzi hobeak dira. Eta hemen arrantza egiten jarraituko da. Sektore batzutan egora latza da, bai, baina ez guztietan, denetik dago eta. Badira ondo dabiltzanak ere». Santiagok dio euskal herritarrok -EAEkook behintzat- Kantauri itsasoko arrain freskoa jaten segituko dugula luzaroan, «arrantzale gutxiago egon arren eta kanpotik arrain asko ekarri arren». Langile kopuruari dagokionez, Santiagok uste du ez dela askoz gehiago murriztuko hemendik aurrera. Gainbehera ez da geldituko, baina motelagoa izango ei da. «Ontziak berritu dira, aurrerakuntza teknikoz hornitu dira... Lan egiteko baldintzak hobetzea da orain dugun erronka, arrantza erakargarri bihurtu, sektorea egonkorra izateko».

Eusko Jaurlaritzak arrantza sustatu nahi duela dio, eta arrantzaleek eurek aitortu egiten dute ahalegin hori, Jaime Tejedorren hitzei kasu egitera bederen. Azpiegiturei dagokienez ere, Andoni Idoiaga Portu eta Itsas Gaietako Zuzendariak dio arrantzak duela lehentasuna: «Gure egitasmo nagusiak, oraintxe, Ondarroan lonja berria eraikitzea eta Bermeokoa egokitzea dira. Baditugu beste proiektu batzuk ere, ez hain garrantzitsuak, Getarian, Hondarribian... arrantzari begira beti».


Arrantza behera, kirola gora

Kontuak kontu, arrantzaren gainbeherak ez ditu euskal portuak hustu. Olgetako ontziek bete dute arrantzaleek utzitako lekua, edo beste barik kirol-portu berriak sortu dira, gorantz doan eskari bat asetzeko. Orain dela hamar urte, kirol-portu bakarra zegoen Hego Euskal Herrian. Getxon, hain zuzen. 1997an zabaldu zen bigarrena, hiri berean eta lehenengotik oso hurbil; momentuz, hori da Euskal Herriko handiena, Hendaiakoarekin batera: 830 amarraleku inguru dago bakoitzean.

Getxokoaren ostean kirol-portu gehiago egin da Hegoaldean: Zumaia, Getaria, Donostia, Hondarribia, Bermeo... Zerrenda gizenduz doa gainera, uda ostean zabalduko baita Oriokoa. Gehienetan, betiko arrantza-portuaren barruan egokitutako guneak dira. «Guztiz logikoa da, arrantza behera doala ikusita, kirola egiteko erabiltzea lekua. Badaukagu ura, badauzkagu hornikuntzak... eta gero eta jende gehiagok dauka zaletasuna». Hala mintzo dena Guillermo Garate da, Euskal Kirol Portuak (EKP) elkarte publikoko zuzendari nagusia. Gaur egun, Bizkaia eta Gipuzkoako kirol-portu guztiak kudeatzeaz arduratzen da EKP, Getxokoak eta Zumaiakoa izan ezik. «Elkartea 2000. urtean sortu zuen Jaurlaritzak, kirol-portuak sustatu eta kudeatzeko. Jaurlaritzak eraikitzen ditu portuok, eta gero EKPren esku jarri».


Erakundeen bultzada

Olgeta-sektorea, hortaz, ez da berez hazi, erakunde publikoek sustatuta baizik. Edo alderantziz izan da? «Betiko kontua da hori: zer lehenago, arrautza ala oiloa?», galdetzen du Guillermo Garatek. Adolfo Zabala, Euskal Herriko Kapitain eta Patroien Elkarteko presidentearen ustez, «errepiderik ezean alferrik da autoa edukitzea; beraz, nork nahi du ontzia, hura uzteko ganorazko porturik ez bada? Argi dago Jaurlaritzaren ahaleginari esker zaletasuna sortzen ari dela». Edo, sortu baino, XX. mendeko lehen hamarkadetan galdutako tradizioa berreskuratzen ari dela uste du Zabalak. «Azken urteotan, diru aldetik gaitasun handiagoa dugula-eta, itsasoa aisialdi gune modura ezagutzen hasi gara berriro».

Zabalak aipatutakoarekin bat datoz iturri guztiak: herritar xehearen patrika gizentzeak zerikusi handia izan du olgetako nautika berpiztean. Dena den, ez da eman dezakeen bezain zaletasun garestia. Ontzi gehienek auto baten prezioa dute, eta kirol-portuetako amarralekuen alokera ia edonoren esku dago. Besterik da mantenua, baina arlo horretan beste zaletasun batzuen pare dago olgetako nautika, Adolfo Zabalak azpimarratzen duenez.


Iparraldeko tradizioa

Bizkaian eta Gipuzkoan kirol-portu dira; Lapurdin, laket-portu. Hitza gaztelaniatik edo frantsesetik hartu, hori da aldea. Izena gorabehera, Iparraldean askoz sendoagoa da tradizioa, Frantziako Estatu osoan bezalaxe. Eusko Jaurlaritzak eskarmentu hori baliatu nahi du, Andoni Idoiaga Portu Zuzendariak azaldu digunez: «EAEko kirol-portuak Euskaquitaine izeneko erakundean daude, Iparraldeko hirurekin eta Akitaniako beste birekin batera. Uste dut hori ona dela guretzat, haien kalitate maila bera lortze aldera».

Hendaia, Donibane-Ziburu eta Angelukoa dira, hain zuzen ere, lapurtar itsasertzeko laket-portuak. Donibane-Ziburukoa da apalena; beharbada, Iparraldean geratzen den arrantza-portu bakarrarekin partekatu behar dituelako urak. Xabier Martiarena ziburutar arrantzaleak dioenez, «duela 40 urte dago zabalduta hemengo arrantzaleengan politikariek arrantza baztertzen duteneko ustea, laket-portuaren mesedetan. Baina arrantzaren gainbeherak beste arrazoi batzuk ditu».

Antzeko iritziak topa ditzakegu Hego Euskal Herrian. Joxemi Zumalabe elkartearen Fite! aldizkariaren azalak, berbarako, honela zioen 2003ko urtarrilean: «Mutriku, hurrengoa Euskal Herriko kirol portuen festan». Eusko Jaurlaritzak bertako portuan kanpo-dikea egiteko agertutako proiektuak eragin zuen izenburu hura; orain, lanak ondo aurreratuta daudenean, ildo beretik doa Iñigo Agirre, Mutriku Natur Taldeko kidearen iritzia: «Jaurlaritzak kirol-portuak sortu nahi ditu kostalde osoan, klonak bailiran. Denak eredu berari jarraituta. Nik kirol portuen aurka ez daukat ezer, zaletasun bat da beste edozein bezala, baina diru publikoarekin proiektu pribatuak finantzatzea -eta kirol portua horixe da- onartezina da. Gainera, eremu publiko batean». Mutrikun, hala ere, gatazkaren muina ez da kirol-portua bera, Jaurlaritzak hasitako lanek askoren ustez eragingo dituzten kalte ekologiko eta paisajistiko itzelak baizik.

Bestetik, eta Agirreren ustez, kirol-portuak ez dio Mutrikuri Jaurlaritzak iragarritako onurarik ekarriko. «Lanpostuak? Getxon bai beharbada, baina Mutriku ezin daiteke Getxorekin konpara. Zumaiarekin konparatu beharko genuke, eta Zumaiari zer on egin dio kirol-portuak? Bat ere ez. Hemen, adibidez, kirol-portuak lau lanpostu baino ez ditu sortuko, aurreikuspenek diotenez». Agirreren ustez, zerbait ekartzekotan hirigintzaren hazkunde basatia dakarte portuok: «Mutrikun zer egingo dute? Etxeak barra-barra eraiki, eta ez babes ofizialekoak. Dagoeneko ari dira, izan ere».


Gero eta zale gehiago

Bada noski kirol-portuen aldekorik. EKPko zuzendari Guillermo Garatek, esaterako, haien onurak aldarrikatzen ditu: «Lehenik eta behin, garbitasuna: kirol-portuak askoz garbiago daude arrantza-portuak baino, bertako ontziek ez dutelako hondakinik botatzen uretara. Bigarrenik, aukera ematen zaie herritarrei maite duten kirol bat egiteko. Hirugarrenik, herrietan duten eragina: datozenek bertan gastatzen dute, bai ostalaritzan, bai ontzigintzari lotutako lantegietan...». Kontuak kontu, olgetako nautikaren sendotasuna arrantzaren ahuleziaren parekoa da. Garatek emandako datuen arabera, EKPren kirol-portuak beteta daude, eta itxaron-zerrendek ehunka lagun dituzte. Zer ote, tradizio handiagoa bagenu?

Mutrikun ez ezik, Pasaian ere ekologistak aurka
Dagoeneko mintzatu gara Mutrikun kanpo-dikearen eraikuntzak sortutako haserreaz. Bada, gipuzkoar kostaldeko beste aldean ere ika-mika askotxo eragin dute erakunde publikoen asmoek. Pasaiako portu berriaz ari gara, noski.

Jaizkibel Bizirik taldeko Javi Delsak dioskunez, portuak sekulako kaltea egingo luke balio handiko ingurunean, eta gainera ez lituzke iragarritako helburuak beteko. «Hazi beharra aipatu dute, baina aurreikusten den hazkundea ez da oso handia. Portu-agintaritzak 2000. urtean egindako aurreproiektuak zioen urteko sei milioi tonako trafikotik 8.350.000kora pasatuko zela. Hori ez da asko. Ingurumenari egindako kalteaz gain, proiektu hau ez da onargarria, ez eta bideragarria ere, ekonomiaren ikuspegitik».

Delsak Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren ikerketa bat ekarri du gogora: «Gaur egungo portua gaizki kudeatuta dagoela frogatu dute, beraz ez da txiki geratu. Askoz leku gutxiago hartuta ere gaur egungo jardunari eutsi ahal zaio, beraz bada hazkunderako aukerarik. Argudioetako bat izan da ontzi batzuek arazoak dauzkatela badian sartzeko, sakonera eskasa dela-eta, baina hori inguruko portuekin -Baiona, Bilbo- lankidetza sustatuz konpon liteke. Bilbokoak, esaterako, bere kapazitate osoaren heren bat baino ez du erabiltzen».

Portu berriaren bultzatzaileak, bestalde, tinko ageri dira haren alde. «Kanpo porturik ez dela egongo pentsatzea galdutako borroka da», esan zuen orain aste batzuk Koldo Azkoitia Gipuzkoako Aldundiko Lurralde-Antolamendu diputatuak. Erabakitzeke dago portu berria uhartea izango den edo mendiari atxikirik eraikiko duten, baina egin egingo da Azkoitiak dioenez, ingurumenarenganako begirunez beti ere.

Diputatuaren esanetan, gaurko portua gainezka egitear dago, eta kanpo-portuak arazo hori saihestuko luke. Aldundiak, bestalde, merkatal-jarduna kanpora atera nahi du erabat, Pasaiako badia berreskuratze aldera. «Hori da erakundeek orain darabilten argudio nagusia -dio Javi Delsak-; lehen hazkundea zen, orain berreskurapena... Kontua da: lanak burutu egin behar direla nahi eta nahi ez, eta dirua xahutu. Guzti-guztia, jakina, gizartean inongo eztabaidarik egin gabe».

Bidasoa al da euskal arrantzaleak banatzen dituena?
Itsasoak, arraina ez ezik, gatazka ugari ere ematen digu, oraindik orain Kantauriko antxoari buruzko aferak agerian utzi duenez. Estatuen nahiak izan ohi dira tartean eta, Espainiarenak eta Frantziarenak bata bestearen aurkakoak izaki maiz, ez da harritzekoa Ipar eta Hego Euskal Herriko arrantzaleak elkarren areriotzat agertu izana.

Hain zabalduta dagoen uste hori, ordea, guztiz usteltzat dauka Josu Santiago EAEko Arrantza Zuzendariak: «Ez da egia mugaren alde bietako euskal arrantzaleen arteko gatazka dagoenik. Gatazka badago, bai, baina arrantza egiteko modu biren artean, eta bai Hegoaldean bai Iparraldean aurkituko dituzu bataren eta bestearen alde nahiz kontrakoak». Hala ere, Bidasoaren alde banatan iritzi desberdinak gailentzen direla aditzera ematen du Santiagok. «Hegoaldean artisau-arrantzaren aldeko jarrera dago zabalduagoa, alegia, familiakoa, ontzi-jabea ontzian bertan doanekoa, eta etorkizunari begira eramangarriagoa».

Iparraldean, berriz, industria-ikuspegiak indar handiagoa omen dauka, sare pelagikoak erabiltzea barne. «Hori ere ez da horren sinplea», uste du, alabaina, Xabier Mariuarena Donibane Lohitzune-Ziburuko portuko arrantzaleak. «Hendaian baziren pelagikoak, baina hango arrantza-portua desagertu zenez... Donibanen oso gutxi dira hala dabiltzanak; antxoatan dabiltzan gehienak Bretainiakoak dira, edo La Rochelletik iparralderagokoak bederen. Gatazka nagusia, antxoari dagokionez, Bretainiako pelagikoen eta Hegoaldeko bolintxero handien artekoa da, eta Donibaneko bolintxero txikiok borroka horretatik kanpo gara, baina albo-kalteak jasaten ditugu». Kalte horiengatik protestan hain justu, portuko sarrera oztopatu zuten orain dela aste batzuk, antxoatan ibilitako pelagikoei harrapakina saltzea eragotzi nahian. Eta lehentxoago, ehunka kilo antxoa jaurti zituzten Baionako Itsas Aferetako bulegoen aurrean. Itsaso zakarra dabil, bai mugaren alde bietan ibili ere.

Luxuak ere badu lekurik
Aurten, eta ez eztabaidarik gabe, Bilboko Portuak transatlantikoetarako kai berria zabaldu du, Getxon. Lehengoa, Santurtzikoa, ez ei zen egokia luxuzko ontziak hartzeko, eta horrek eragin du aldaketa. «Turismoa bultzatzeko nahitaezkoa zen», Jose Angel Corres Bilboko Portu-Agintaritzako presidentearen ustez. Eta ez nolanahiko turismoa gainera, luxu-luxuzkoa baizik. Otsailean iritsi zen estreinako ontzia, Midnatsol norvegiarra, eta bertako bidaiariek, lehorreratu bezain laster, jakinmin handiagoa agertu zuten merkatalgunerik hurbilenaren koordenadez Getxoko paisaia ederrez baino. Orduko kroniken arabera, inguruko taxi-gidariek nahikoa lan izan zuten egun hartan norvegiar saldo bat, nola Bilbora eramaten hala berriro handik ekartzen, patrikak zeharo meharragoak itzuleran joaterakoan baino. Eta ez izan patrika makalak!

Kai berria itsasoari lapurtutako eremu batean eraiki dute, kirol-portutik oso hurbil, eta lau ontzi hartzeko gauza da aldi berean, 160 metro baino luzeago ez badira. 2006an zehar luxuzko hogei bidaia ontziren bisita jasoko duela iragarri da, batzuk oso ezagunak, Queen Elizabeth 2 erraldoia edo elitearen gailurrean dagoen Hebridean Spirit esaterako. Are gehiago, bigarrenak Getxo aukeratu du bere txangoen abiapuntu eta helmugatzat. Nolanahi, portuko arduradunek esan dute kai berriak, lau ontzirako lekua edukitzeagatik, bakarra hartuko duela aldi bakoitzeko. Ez da komeni, antza, oilar gehiegi sartzea urrezko arrautzen oilategian.

Pasaia eta Bilboko portuak, ororentzat interesgarri
Espainiako Estatuko hainbat portu interes orokorreko izendatuta dauzka Madrilgo administrazioak, eta baita haien eskumena ondo atxikia ere. Euskal Herriari dagokionez, bi dira zerrenda horretan: Pasaia eta Bilbo. Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan agertu duenez, biak ere gustura hartuko lituzke bere altzoan, Bizkaia eta Gipuzkoako beste guztiak dituen moduan. «Guri transferituz gero, bultzada ederra emango genieke bi portu horiei, penintsulako trafikoaren buru bihurtuz eta Europarekin batuz», diosku Andoni Idoiaga Jaurlaritzako Portu Zuzendariak.

Estatuak, nolanahi, tinko eusten die interes orokorreko portuei. Puertos del Estado (Estatuko Portuak) izeneko erakundeak dauka horiek kudeatzeko ardura, eta bertako iturriei galdetuta, berehala gogorarazi digute Espainiako Konstituzioak zer dioen. Alegia, ezaugarri jakineko portu guztiak estatuarenak direla. Hala ere, azpimarratu dute, horrek ez du esan nahi Madrilen esku daudenik erabat: «Portua bera, hau da, lurzorua, estatuarena da, baina kudaketa autonomia-erkidegoekin batera egiten da». Hala, bai Bilboko bai Pasaiako portu-agintaritzetan Eusko Jaurlaritzako kideak daude, eta baita tokian tokiko udaletxeetakoak, merkatzaritza-ganbaratakoak eta sindikatuetakoak. «Are gehiago -dio Puertos del Estadok- kontseilarien heren bi autonomia-erkidegoek izendatzen dituzte, eta presidentea ere erkidegoak proposatukoa izaten da ia beti». Nolanahi ere, inbertsioak, lanak... ezin daitezke Madrilen onespenik gabe egin.


Itsasertzeko Trebiño

Jaime Tejedor, Gipuzkoako Arrantzale Kofradien presidentea, Pasaian aritzen da hain zuzen. «Beste portuetan dabiltzanak -Eusko Jaurlaritzari transferitutakoez ari da Tejedor-, kexu direnean, nik barre egiten dut neure kolkorako. Hemen baleude! Hirugarren munduko portua da hau; Pasaian arrantza egitea miraria da, izan ere. Sinestezina, tamaina honetako portu batean. Erregai hornigailurik ere ez daukagu, munduko porturik txikienak daukan arren. Guk kamioietan ekarri behar dugu. Zer ote da hau, Euskadi edo itsasertzeko Trebiño?».

Tejedorren esanetan, sarritan eskatu zaio Madrilgo Gobernuari Pasaiako arrantza aldea, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren esku jartzeko. Andoni Idoiagak ere baieztatu digu Gasteizko Portu Zuzendaritzak, Pasaiakoarena ez ezik, Abrako arrantza-portuen eskumena -Santurtzi, Zierbena, Algorta...- ere eskatu izan duela sikiera, merkatal-portuarena lortu ezean. Alabaina, eskariok Espainiaren ezezkoa baizik ez dute jaso orain arte, interes orokorra argudio. Hain baita orokorra, non ia jardunik gabeko arrantza-portutxoak ere hartzen baititu bere baitan, itxura denez. Zer esanik ez Pasaiakoa, Euskal Herrian deskarga gehien duenetako bat.

Kontuak kontu, ez litzateke aparteko gauza interes orokorreko portu baten eskumena autonomia-erkidego batek bereganatzea, azken urteotan pare bat aldiz gertatu da eta. Interes orokorra ez da betierekoa, nonbait. Legeak ezarritako hainbat ezaugarriren menpe dago, eta ezaugarriok galduta akabo interesa. Ez dirudi, hala ere, Bilbo eta Pasaian halakorik jazoko denik oraingoz.



Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude