36ko Gerra. Abuztuko kronika: Bidasoako gudaldia


2021eko uztailaren 19an
Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga den Endarlatsatik aurrera jotzeko soldadu nazionalek egindako saioak, abuztuaren 25az geroztikoak ez ziren hasierako gatazken tankerakoak, ohiko gerra bat baizik. Izan ere, lehen aldiz, aurrez aurre milatik gora soldadu metatu ziren. Alde nazionalean, Iruñetik bidalitako soldaduez gain, 550 legionario, 450 errekete, beste hainbeste falangista eta 400 inguru Goardia Zibil. Alde errepublikanoan, datu zehatzik ez dugun arren, orduko kazetariek antzeko miliziano kopurua aritu zela zioten. Estreinako aldiz ere, infanteriarekin batera, nazionalek artilleria ugari eta hegazkineria erabili zuten Irungo defentsak suntsitzeko. Era berean, anaien arteko borroka zena, egun horietan nazioarteko bilakatu zen. Alde batetik, mugaz bestaldetik egundoko jarraipena eskaini ziotelako Bidasoa ezkerraldean gertatzen ari zenari. George L. Steer bezalako makina bat kazetari Bidasoa aldera gerturatzeaz gain, jendetza hurbildu zen, autobus eta guzti, Biriatura, Behobira eta Hendaiara, prismatikoz gudaldiak eta bonbardaketak ikusteko. La Presse du Sud Ouest egunkari baionarrak guda turismo horrek izan zuen gorakada, batere deitoratu gabe, behin baino gehiagotan azaldu zuen.

Baina ikusmin horren gainean, gatazkaren nazioartekotasuna jokaturik zegoen aldez aurretik, Londresen eta Parisen. Frantziak eta Britainia Handiak martxan jarritako Parte Ez Hartzearen Batzordea oso erabakiorra suertatu zen mugako giltzaren zoria erabakitzeko. Claude G. Bowers, Amerikako Estatu Batuetako enbaxadoreak ederki azaldu zuen auzi hori, honakoa erranez: «Irungo gudaldian, une larrienetan, defendatzaileei armak eta munizioak ekarri behar zizkieten kamioiak ez ziren Hendaiako nazioarteko zubitik igaro eta errepublikanoak biluzik gelditu ziren etsaien aurrean. Molak lortu ez zuena, gobernu demokratikoek martxan jarritako Parte ez Hartzearen batzordeak erdietsi zuen, errepublikanoei egundoko kolpea emanez. Orduz geroztik, indar leialek ezinezkoa izan zuten Espainiako iparraldeko frontea defenditzea». Ez zegoen oso desbideratua enbaxadore amerikarra. Orduan ez berak ez Irungo defendatzaileek ere ez zekiten geroxeago jakin zutena. Frankistek nazioarteko laguntza izateaz gain, bere esparru guztietako indar metaketa burutu zuten Errepublikak Euskal Herrian zuen nazioarteko errepideko lotura bakarra, Irun-Behobikoa, eskuratzeko.


Bidasoa aldeko alarde militarrak

San Martzialekoak baino askoz latzagoak suertatu ziren gune horiek eskuratzeko alardea eta indar erakustaldiak. Beorlegi eta Ortiz de Zarate buru militarren aginduetara, abuztuko bigarren hamabostaldian, soldaduekin eta karlistekin, legionarioak eta Marokotik ekarritako tropak aritu ziren. Frankistek abuztuaren 15ean burutu zuten Badajoz aldetik beraien ipar eta hegoaldeko armaden arteko lotura. Horrek ahalbidetu zuen Mugimenduko nahasmahas militarra fronte batean erabiltzea. Horrela, irundarren irudiko «zetozen nafarrak eta erreketeak» uste baino askoz gehiago ziren. Apezpikuen arabera «Gurutzada» bazen ere, mairuak ere alde nazionalean aritu ziren lehen aldiz kristauen eremu euskaldunetan.

Mauser, Naranjero eta orduko fusil moten kopuruen aldetik, nolabaiteko oreka zegoen arren, beste armetan frankistak gailentzen ziren. Bidasoako defendatzaileen aldetik, Pikoketa eta Erlaitzeko defentsa guneak galdu ondoren, Puntxasen eta San Martzialen zituzten artilleriako toki nagusiak. Pixka bat atzerago, itsas aurreko azken su iturria zuten Guadalupeko gotorlekua. Baina nazionalak artilleria mugikor ugarirekin, eta itsasotik euren Almirante Cervera, España eta Velasco gerra ontziekin, nagusi ziren gerra eremu horretan. Era berean, nazioarteko neutraltasunari muzin eginez, nazionalek egunero erabili zituzten Italiatik ekarritako hegazkinak. Caproni 101 eta Savoia Marchetti tankerakoek abuztuaren 25etik aurrera Irunera jo zuten, San Martzial, tren geltokia eta inguruak inpunitate osoz behin eta berriro bonbardatzeko.

Fronte lerroa aldatzen hasi zen egun horrez geroztik. Erasoaldia gogortu egin zen hurrengo egunetan, Irun eta Behobia eskuratzeko, Puntxas, Zubeltzu eta San Martzial frankisten helburu zirelarik. Gune horietan milizianoak txandaka aritu ziren fusilez eta metraileta apurrez. Beste aldetik, berriz, Bidasoako ezker aldetik zihoazen trenbideak altxatu ondoren, Endarlatsako zubi dinamitatuaren oztopoa gainditu zuten. Horren ondorioz, tropelka bidali zituzten erasotzaile andana San Migueletik Puntxas aldera. Tanketak lagunduta, legionarioek eta mairuek erasotu zuten Puntxasko defentsa lerroa. Kostatu zitzaien nazionalei Endarlatsatik haraino zeuden 5 kilometroak burutzea eta Puntxasko guneaz jabetzea. Bizpahiru aldiz aldatu zen kolorez bertan harro jarri zuten bandera, harik eta errepublikanoena, piperpotoak ordezkatu zuen arte. Eremu horren gainean Biriatuk duen talaiatik, xake partida odoltsu eta gogor bat bailitzan, turistek zein kazetariek, ederki ikusten zituzten aldaketa eta mugimendu horiek. Puntxasen aurkako behin betiko erasoa irailak 2an burutu zuten legionarioek, soldaduek eta erreketeek, hortik Behobiara kilometro bat besterik ez zuten. Egun berean, San Martzialez jabetu zirenean, Irungo patua erabaki zen.


Irun hutsa eta errea

Egun batzuk lehenago hasi zen alde errepublikanoak Euskal Herrian izan zuen lehen ihesaldi handia. Ordura arte, Nafarroatik bereziki, taldeka mugatik gertu zeuden haranetan edo banaka beste eskualdetan, ihes egin zuen jendeak. Baina, 1936ko abuztuaren 31n, Bidasoa zeharkatzen duten nazioarteko zubiek sekula ikusitako ihesaldirik populutsuena lagundu zuten. Mugaz bestaldean, batzuk inguruko herrietan kokatu ziren bitartean, gehienek Frantzian barrena Kataluniara jo zuten. Hor igaro zuten gerra askok, 1939ko otsailean, bigarren aldiz, erbesteratu behar izan zuten arte. Hori dela eta, irundarrak ihesean adituak izateaz gain, erbestean ugariak ziren. 1939ko apirilean ireki zuten Gurseko Kontzentrazio Zelaian, esaterako, errefuxiatu irundarren kopuruak (362koa) Bilbo eta Donostikoenak gainditzen zuen.

Frankistak irailaren 4an Behobiaratu ziren, Montejurra Tertzioko erreketeak buru zirela, legionarioek nazioarteko zubia eskuratzen zuten bitartean. Bestetik, beraien artilleriak eta hegazkineriak Irungo hainbat leku bonbardatu zituen, San Martzialetik eta Ventastik Uranzu zaharrari heltzeko. Bonbardaketa horien ondorioz, lehen suteak hasi ziren Irunen. Ikusgarriena eta lehenetarikoa, El Medio, hau da, Behobia eta Irunen artean zegoen auzotxoko La Cerillera lantokian sortu zen. Hurrengo orduetan askoz gehiago sorraraziko zituzten. Baina azken hauek, Irungo azken borrokalari anarkistek nahita piztutakoak izan ziren. Irun laga baino lehen, Kolon pasealekuan bereziki, zenbait etxeri sua eman zioten, lur errearen taktika garatu nahian. Ordu batzuk beranduago, frankisten esku zegoen, baina ia-ia hutsik aurkitzeaz gain, neurri handi batean erreta zegoen. Irailaren 5a zen.

Literaturaren argitan
Patri Urkizu.
Zoazte hemendik.
Susa 1995


Nora?

Liburua kronika da, Patri Urkizuk bere aitaren ibilbidea pausatzen digu, urrats anitz, atseden gutxi 1936ko uztailaren 18tik aintzina.

Frankistek Bidasoako Errepublika eta Oarso-Bidasoa, Nafarroatik Gipuzkoara hartu zituzten mendean, erreketea buru zelarik. Patricio Urquizu Marichalar kontakizunaren protagonistak, anitzen gisan, familia utzi eta Iparraldera, gure iparraldera joko du. Hendaian, Donibane Lohitzunen, bere herrian dago, baina, egoera ez da hoberena inon laketzeko, gainera, 1939an II. Mundu Gerra piztuko da. Azkenik, 1940an, Irungo sasi-muga zeharkatuko du Patriciok, eta kartzelako hormak ezagutuko.

Zoazte hemendik kronika da, bere aberrian ihesi dabilen baten kronika, eta ihesaldian, protagonistaren gogoetak. Horien artean, egun ere, historialarien eztabaida iturri direnak, EAJk egin hautuak, Iparraldeko kristauen jarrera Espainiako II. errepublikarekiko, sasi-muga bai, baina... zoritxarrez pasarteren bat ez da aski ongi dokumentaturik.

Zoazte hemendik ariketa da, liburuaren eskaintzak salatzen du, izpirituaren zaindaria oroimena da. Zoazte hemendik, sormen iturria ere izan da, liburu honen pasadizo batek, hasiera ematen baitio, Koldo Izagirreren Martiria ipuinari (Sua nahi, Mr. Churchill?, Susa 2005). Aitzol protagonista duen ipuinari.

Arakatuta ere, gutxi dira Gerraren hasiera Oarso-Bidasoan eskenatoki duten literatur lanak. Aipatuez gain, Alkaiagako Mikel Tabernak idatzi Txokolatezko dinamita (Susa 2001) ipuin bildumako bi kontakizun gerraren hasierako egunetan girotuak dira.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, Joxe Mari Lopetegi. Errepublikanoen Bertsolaria (Paper Hotsak, 2004) liburua. Hurrengo kapituluren batean, liburuaren berri emanen dugu.

Ez dakigu, Patriciok eta Joxe Marik elkar ezagutzen ote zuten. Horra literatur lan baterako amua.

Joaquin Galvez, Irunen 13 urterekin 36an
Nola gogoratzen duzu gerra Irun aldean?
Nik gogoan dut aitak Erlaitzen eta Pikoketan, geroxeago Behobian borrokatu zuela, baina egun batean erran zion amari, labur-labur: «Carmen presta ezazu arroparen bat eta alde! Erreketeak Behobian daude eta». Geroxeago jakin genuen horiekin batera, legioa zetorrela, falangistak eta abar. Baina Irunen, Nafarroatik zetozelako, beti erreketeez mintzatzen zen. Egun batean Arbexko errotatik hurbil, Uranzu inguruan geundenean, hegazkinetatik egunkariak bota zituzten. El Pensamiento Navarroko aleak ziren eta milizianoek esan ziguten: «Bildu paper horiek baina ez irakurri, eh! Eta ekarri hona».
Uranzu kaletik gudak ikusten genituen. Anaiak frontetik ekarri zizkidan betaurreko Zeiss batzuekin, gainera, primeran! Ikusten nuen bandera bat Zubeltzun, gero beste bat hilerri aldetik jaisten ari zena. 13 urteko mutiko batentzat hori gozamena! Bizitzen ari ginena pelikula bat bezalakoa zen.

Biriatutik edo Behobiatik begira zeuden turisten antzekoa zen hori, ezta?
Bai, pixka bat bai. Guk komentatu eta eztabaidatzen genuen. Hegazkinak igarotzen zirenean: «Caproni dira!» «Ez, Savoia dira» «Hirumotordunak!» «Zer da hori?» «Horiek 3 motor dituztenak dira», zioen batek. Besteok, begira... Mutikoentzat abentura ikaragarria zen. Eibartik eta Arrasatetik etorritako milizianoak, bere lan jantziera urdinarekin eta Trintxerpeko anarkistak ere ikusten genituen.

Nola izan zen zuen ihesaldia?
Aitak amari esan zionean alde egin behar genuela, amak mahaizapi bat atera zuen, orduan etxeetan maletarik ez zegoelako eta arropa batzuk jarri zituen. Bota zuen aurrezki kutxa libreta bat ere eta gero horrek egundoko mesedea egin zigun. Ez diruarengatik noski, gure igarobaimena izanen balitz bezala erabili genuelako baizik. Frantziako gendarmeekin eta gero Alemaniako soldaduekin, beti baliogarria izan zitzaigun. Beraiek ikusten zuten «San Sebastian» eta hasten ziren «íah basques, catoholiques!». Eta guk, «oui, oui», eta pasatzen ginen.
Nazioarteko zubitik alde egin genuen. Kolon Pasealekutik, Iparralde hiribidera eta hortik zubira. Asko ginen, 1.500dik gora. Guzti guztiok Hendaiako geltokian sartu ginen. Gendarmeak bazeuden, baina jende uholde horren aurrean ezin zuten deus egin. Geltokia jendez gainezka zegoen. Bakoitzak eramandako gauzekin gainera. Singer josteko makinen goikoak, koltxoi asko. Horiek beti, leku guztietan... Koltxoia eraman beharra, sokekin lotuta. Nik gau osoa eman nuen norbaitek ekarritako hamaka baten gainean, gure gauzei begira.

Irun erretzen ikusi al zenuten?
Bai, Hendaiatik. Sua hasita zegoen, San Martzialetik frankistek «Poxpoloen lantokia» bonbardatu zutelako. Baina gu joan ostean, Irundik ateratzen hasi zen ke laino ikaragarria eta hori ongi ikusi genuen. Horiek ziren Errusiako gerra imitatu nahian zebiltzan anarkistak eta komunistak. Jendeak Ondarraitzetik ke izugarri horiek ikusi zituen. Pena handia genuen baina ez genekien zer egin, hegazkinak ere hor zirelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Argitaratu gabeko 36ko gerrako bideoak eskura jarri ditu Los Angelesko Unibertsitateak

Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.


Erorien Monumentuko sinbologia faxista duten elementuak kentzeko eta interpretazio zentroa sortzeko lege proposamena aurkeztu dute

PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.


2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-01-28 | Leire Ibar
La Cumbre Donostiako Udalaren esku uzteko eskatu dute elkarte memorialistek

Memoria Demokratikoaren Legea bete eta Lasa eta Zabala bahitu eta torturatu zituzten Donostiako La Cumbre eraikina memoria historikorako gune bihur dezaten exijitu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Jauregia 2023an Donostiako Udalari utzi behar zion estatuak, baina prozedura... [+]


2025-01-22 | Julene Flamarique
Gorriz margotu dute Iruñeko Erorien Monumentua, ‘Caídos eraitsi’ eta ‘Faxismoaren aurka lehen lerrora’ aldarripean

Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.


2025-01-20 | Julene Flamarique
Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatu dute

Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]


Joxe Mari Esparza: “Txikitik handira borrokatu behar dugu, egunerokoan gertu ditugun gauzak aldatuz”

Tafallan, nekazal giroko etxe batean sortu zen 1951. urtean. “Neolitikoan bezala bizi ginen, animaliez eta soroez inguratuta”. Nerabe zelarik, 'Luzuriaga’ lantegian hasi zen lanean. Bertan, hogei urtez aritu zen. Lantegian ekintzaile sindikala izan zen;... [+]


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Koldo Amatria
“Eraistea da Erorien Monumentuaren esanahia aldatzeko modu bakarra”

Eraispenaren aldeko elkarteek manifestazioa antolatu dute larunbatean Iruñean. Irrintzi Plazan manifestazioaren deitzailea den Koldo Amatriarekin hitz egin dugu.

 


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Eguneraketa berriak daude