Zipreko iparraldea, Eruoparen atzeko patioan


2021eko uztailaren 20an

Hondartza isil batean eserita,Varoshako eraikin erraldoien arrasto asaldagarriei begira nago. Garai batean Zipreko turismo gunerik handiena zen bere hotel, kasino eta apartamentuekin, baina gaur egun hiri fantasma da eta militar turkiarrak besterik ez daude han. Garai bateko giroa eta zalaparta imajinatzen ditut, milaka turista kaleetan barrena paseatzen edo hango hondartza liluragarrietan eguzkiaz gozatzen. Zoritxarrez, iragan galduaren oroitzapenak besterik ez dira. 1974ko aspaldiko uda hartan, Turkiak esku hartzea erabaki zuen azkenean Zipre eta Greziaren arteko bategitea ez gertatzeko eta irla bolborategi bihurtu zuten turkiar komunitatearen aurkako etengabeko erasoei aurre egiteko. Eta horrela, behin betiko suntsituta gelditu zen zorioneko iragan hura.

Tropa turkiarrek irlaren herena inbaditu ostean 1975eko otsailaren 13an Zipreko Estatu Federatu Turkiarra aldarrikatu zenetik, Zipreko Iparraldea nazioarteko komunitatetik isolatuta egon da eta Turkiak etengabe eman izan dion laguntzarengatik izan ez balitz, ez genuke bere berri izango, izan ere hark bakarrik aintzatesten baitu estatu gisa. Inbasioaren ondoren bakea adosteko elkarrizketak hasi ziren arren, oztopo handiak izan ziren eta, Rauf Denktash-ek, 1983an, behin betiko aldarrikatu zuen Zipreko Iparraldeko Errepublika Turkiarra. Orduz geroztik elkarrizketek gorabeherekin jarraitu dute, irlako hegoaldea oraintsu Europar Batasunean sartu den arte, iparraldea zokoratuta.



Beste aukera bat alferrik galduta

Turista ingeles batzuk hondartzako hamaketan deskantsatzen ari dira, luxuzko hotel baten ondoan. Varoshan hotel horixe besterik ez zen osorik gelditu hiri fantasmaren egitura tetrikoen artean. Nazioarteko komunitateak enbargoak jarrita ere turismoak poliki-poliki gora egin duen arren, batez ere azken urteotan, iparraldeko maila oso urruti dago oraindik ere motor nagusitzat turismoaren industria daukan hegoaldeko mailatik. Urak bare daude, oso aspaldiko iragana dirudi guztiak, baina arazoak hor jarraitzen du eta ez dirudi konponbidea laster topatuko denik. Zipre da oraindik ere munduko lurralderik militarizatuenetakoa; 100.000 soldadu inguru daude bertan, militar turkiarrak, greziar-zipretarrak, ingelesak eta NBEk bakerako bidalitako tropak kontuan hartuta. Sekulako material militar pila dago gainera.

Arazoa konpontzekotan egon zen 2004an, bi alderdiek erabaki zutenean Kofi Annan-ek berak ikuskatutako bateratze plana onartzeko erreferenduma egitea. Erreferendumera iristeko prozesua luzea izan zen, eta bi alderdiek behin baino gehiagotan ukatu eta atzera bota ondoren, erabaki zen Annan-ek beteko zituela bi komunitateetako buruzagien artean adostu ezin izan ziren puntuetako hutsuneak. Itxaropen handia zegoen, 30 urtetan izandako aukerarik onena zen bakea lortzeko. Baina Annan-en, Europar Batasunaren eta nazioarteko gainontzeko komunitate osoaren etsipenerako, Zipreko Iparraldeak planari baietza eman eta Rauf Denktash beteranoaren gomendioei entzungor egin zien bitartean hegoaldeak ez zuen plana onartu, eta pikutara joan zen aukera itxaropentsu hura. Hegoaldeak ezezkoa emateko arrazoia izan zen bere ustez gehiegizko kontzesioak egin zirela, batez ere tropa turkiarrak irlatik ez zirelako joango, Anatoliatik etorritako turkiarrek han jarraituko zutelako eta errefuxiatu guztiek ezin izango zutelako itzuli. Zartako handi haren ondorioz, bake prozesua etenda gelditu zen. Annan-ek ahalegin guztiak egin zituen arrakasta lortzeko, eta baliteke denbora luzea pasatzea nazioarteko komunitateak arazo bukaezin hau konpontzeko eginahaletan berriz hastea erabaki arte. Hegoaldeak ezetz borobila eman arren, Zipre Europar Batasunean sartu zen, eta bateratzearen aldeko botoa emandako Iparraldea inoiz baino urrutiago dirudien Europaren ateetan geratu zen.


Nikosia, hiriburu zatitua

Zipreko Iparraldeko aireportua, Nikosiatik gertu dagoena, ez du nazioarteak aintzatesten, eta hegazkinek Turkian lurreratu eta Zipreko Iparralderantz begira berriz aireratu behar izaten dute, herrialde hori delako Zipreko Iparraldea aintzatesten duen bakarra. Aireportuaren eta hiriburuaren artean dauden kilometroetan aurrera egin ahala, gero eta industria gutxiago dago eta etengabekoak dira ikur nazionalistak, bai turkiarrak, eta bai turkiar-zipretarrak. Kirenia mendietan margotutako ikurrin turkiar-zipretarra da guztien artetik gehien nabarmentzen dena.

Bidean aurrera jarraituta, hantxe dago azkenean Nikosia, Mesaoriako lautada lehorraren erdian, inguruan barreiatuta hormigoizko ehunka eraikin dituela. Hain zuzen ere, irlaren demografia aldatzeko asmoz, Turkiak Anatoliatik bidali zituen turkiar inmigranteei bizilekua emateko eraiki zituzten eraikin horiek, eta horixe bihurtu da bakerako oztoporik handienetakoa. Nikosia Zipreren paradigma da, Europako azken hiriburu zatitua, gizon-emakumeen bizitzetako historiak kontuan hartu gabe, eta inolako gupidarik gabe, jarritako Lerro Berde tamalgarriak erditik banatzen duena. Nahiz eta harresi horrek hiri osoa erdibitu, hiri zaharrean antzematen da hobekien zatiketa mingarri honen inkongruentzia: abandonatuta dauden antzinako jauregiak, aurri-egoeran dauden elizak, oraindik balen arrastoak dauzkaten hormak, eta ulertezintasunaren hormara zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta pobrezia doakabeagoa. Lerro Berdea odola darion orbaina da: batzuetan, horma soila; beste batzuetan, abandonatutako etxea, edo metalezko horma, ohar militarrez josia eta militarrek, eskuetan metrailetak dituztela, zaintzen dutena. Soldaduen begiradapean, umeak kezkarik gabe ibiltzen dira jolasean. Belaunaldi berri horrek horma beraien bizitzako berezko elementutzat dauka.

Lerro Berdearen erdigunea luxuzko antzinako Ledra Palace hotela da, NBEren bake tropen ostatua, eta oraindik ere alde batetik bestera pasatzeko leku bakarra dena. Ledra Palaceko pasealekuan jende ugari ibiltzen da 2003ko apirilaz geroztik, 29 urte eta gero azkenean urte hartan utzi zitzaielako bi aldeetako biztanleei alde batetik bestera handik pasatzen eta ia hogeita hamar urteren buruan bizilekutzat izan zituzten etxeak berriz ikusten.


Denboran gelditutako herrialdea

Zipreko Iparraldeak denboran izoztutako lekua ematen du. Mediterraneoko kostaldeak orain dela hamarkada batzuk zeuzkan bake eta lasaitasun bukolikoa aurki daitezkeen azken txokoetako bat da, baina hori guztia posible egin dutenak honakoak izan dira: ahaztera behartu izana, eta etengabeko enbargoak, irlaren iparraldea hegoaldea bezala garatzea eragotzi dutenak. Abandonatutako antzinako elizen edo meskita eraiki berrien edo besteren inguruetan pilatzen dira herriak; zenbaitetan mendixketako zuhaiztien atzean ezkutatuta, besteetan badia txikietan. Haizeak ikurrin turkiarra eta turkiar-zipretarra astindu ohi ditu, Otomandar Inperioaren erorkeraren ondoren gaur egungo Turkia eratu zuen Atatürk-en irudiaren atzean.

Abandonatutako edo mandio bihurtutako elizek osatzen dute orain dela hogeita hamar urte bukatu zen bizikidetza garaiaren testigantza isila. Karpaz penintsulako herri urrunetan bakarrik bizi da oraindik ere irlaren banaketaren ondoren bertan gelditzea erabaki zuen greziar-zipretar komunitate txiki bat, inguru lasai honetako bizitza nolakoa zen nolabait imajinatzeko balio diguna. Dipkarpaz hirixka da gune greziar-zipretar nagusia. Herriaren erdian, taberna greziar bakarrean elkartzen dira zenbait zahar, ia hutsik dagoen leku horretan patxadaz hitz egiteko. Biztanle greziarrak badaude oraindik, baina hemen ere ageri dira zatiketaren ikurrak: suntsituta dauden antzinako etxe greziarrak, lehen sakratuak ziren elizak... Noizean behin, desertuko ispilatzea bailitzan, emakumezko greziar zaharren bat ikus daiteke pasioan, beltzez jantzita eta aurpegiera hieratikoarekin, arropa ilunen gainetik urrezko gurutze distiratsua zintzilik daramala.

Herriko biztanle greziar-zipretarrak eta hegoaldetik etorritako familiartekoak erabilgarri dagoen eliza bakarrean egiten den mezetara joaten dira igandero. Eliztar gehienak agure-atsoak dira, haur eta gazte gutxi dago, eta daudenak herritarren bilobak dira, egunaren bukaeran Lerro Berdearen beste aldera itzuliko direnak. Maritzak -mezetara joan den emakume zaharretako bat da bera- azaldu dit turkiarrek irlaren iparraldeko herena okupatu zutenean bere ardurapean zituen zinema eta denda ixtera behartu zutela, eta greziar-zipretarren ihesaldiak bukatu zuela bere kafetegiarekin ere. Orain bakarrik bizi da, semeak hegoaldean lan egiten baitu, hango aukerak eta soldatak askoz handiagoak direlako iparraldekoak baino. Zipre betirako aldatu zuten zorigaiztoko egun haien oroitzapenak ez dira bere oroimenetik desagertu; herriko bizikidetza baketsua den arren, eta nahiz eta greziarrak eta turkiarrak mahai beraren inguruan egoten diren lagun zaharrak bezala berriketan, oraindik ere beldur die Maritzak turkiarrei.

Nekazaritza lur hauetan bizi dira Anatoliatik etorritako inmigrante asko; Karpaz penintsulako herri txiki batean gonbidatu nau Mehmet-ek tea hartzera, turkiarren ohiko abegikortasunarekin. Zipreko hegoaldean dagoen Larnaka-tik etorritako turkiar-zipretarra da Mehmet; umea zela alde egin behar izan zuen handik gurasoekin. Zenbait urte egin zituen Australian, baina orain bere herrian bizi nahi du, Zipren, bertan diru askorik ez badago ere laguntasuna eta antzinako ohiturak baitira nagusi, eta ez mendebaldeko zalaparta. Lagun gehienak Anatoliatik etorritako turkiarrak ditu. «Ulertzekoa den bezala, ez dute joan nahi, gehienak orain dela urte asko iritsi ziren eta hemen dago haien bizitza, hemen dituzte ondasun guztiak, eta ezin dute atzera egin», esan digu denak erbesteratzea ezinezkoa dela argudiatzeko. Bateratzearengatik galdetu diodanean, irribarre goxo batekin esan dit «tamalgarria izan zen erreferendumarena, aukera ezin hobea genuen, baina greziarrak izan ziren ezetzaren aldeko botoa eman zutenak. Gutako gehienok bateratzea nahi dugu, baina orain frogatuta gelditu da haiek direla bateratzerik nahi ez dutenak; eta hala ere, Europar Batasunean sartu ahal izan dute, gu alde batera utzita. Egunen batean beste aukera bat izatea espero dut; urte asko beharko ditugu ziur asko, baina berdin da, hemen bizitzak bere bidea jarraituko du orain arte egin izan duen bezala», esan du irribarre zabal batekin, udaberriko eguzki gozoaren azpian lasai ederrean tea hartzen eta berriketan ari diren bere lagunei begira.

Lawrence Durrell maiteminduta utzi zuen eta bere lurretan Mediterraneoko onena eta txarrena biltzen dituen irla txiki honek garai batean izan zen leku lasai hura berriz izateko bidea bilatzen jarraitu beharko du; baina ordura arte, gogora ditzagun Javier Pérez de Cuellarren hitzak. Garai batean NBEko idazkari nagusia izan zen bera, eta hirurogeita hamarreko hamarkadan Zipren ibili zen bakegintza lanetan. Honelaxe deskribatzen zuen Zipre: «Irtenbiderik gabeko laberintoa da; munduko diplomatiko onenek hantxe gozatuko dute porrota».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
2025-04-16 | Bea Salaberri
Gerlarako prestatu?

“Erresilientzia poltsa”, “biziraupen eskuliburua”, “ebakuazio bizkar-zakua”: hara nolakoak entzun daitezkeen agintarien ahotan azken asteetan.

Iragan hilabeteko adierazpenen artean, Europako Batasunak herritarrei eskatu die... [+]


2025-04-16 | Itxaro Borda
Irauteko

Beldur hori bada. Badirudi Donald Trump etorri dela Washingtoneko bulego borobila luzerako okupatzera. Bigarren mandatua du, baina bere hurbileko aholkulariei, ez dela txantxetan ari berretsiz gainera, Konstituzioan zenbaki bakan batzuk aldatzeko bere xede zurruna aipatzen die,... [+]


Muga-zergek depresioa areagotzen dute

Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.

Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]


AEB-en muga-zergak
Inperialismoa da, ergela!

Bandera amerikanoz inguratuta, muga-zergen oldarraldi berria iragarri zion munduari Donald Trumpek apirilaren 2an. Geroztik hamaika astindu jasan dituzte burtsek eta nazioarteko merkataritzak. Baina hau ez da zoro baten boxeorako ringa bakarrik: AEBetako politikan hamarkada... [+]


2025-04-16 | Gedar
Arma nuklearrei buruzko elkarrizketak izaten ari dira AEBak eta Iran

Washington eta Teheran Iranen programa nuklearraren inguruko bilerak egiten ari dira. Errusiara ere joango omen dira Irango ordezkariak aste honetan.


Gerra piztu zenetik bi urte
Sudanen paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Eguneraketa berriak daude