Munduko Txapelketatik zer animurekin itzuli zara?
Nahiko etsita, jokatuz disfrutatzen ari ginen, eta pena izan zen. Baina bagenekien hori gerta zitekeela, Frantziaren aurka irabazi bezalaxe galdu egin baitezakezu. Azkenean partida bakarrean bi hilabeteko hegaldi horretatik jaitsi beharra, egun batengatik etxera itzuli beharra, gogorra izan zen.
Espainiako kazetariak oso sinestuta zeuden, oso hazita... Zuei ere eragin dizue horrek?
Nahi gabe agian pixka bat eragiten dizu. Eta niri pertsonalki, nahiz eta jakin komunikabideek hala funtzionatzen dutela, ez zait gustatzen globo horren barruan hain puztuta ibiltzea, hain garaiz gainera... Baina badakizu hola izaten dela, eta horren aurka ezin duzu ezer egin, zu saiatu behar zara ahal denik eta kontzentratuen egoten, eta gauzak beren errealitatean ikusten.
Horrelakoetan irakurtzen al duzue kirol prentsa?
Nik beti irakurtzen dut normalean, gustatzen zait gure inguruan zer esaten ari diren jakitea.
Astakeria handiak irakurtzen dira?
Bai, gauza asko irakurtzen da. Baina hainbeste urte dira kontua horrela dabilela, esperientziaz, azkenean, harritzen nauen bakarra da jendea nola harritzen den.
Liverpoolera joan zinenean nondik zindoazela esplikatu zenien taldekideei, espainola zinela pentsatuko zuten denek...
Basque Country esan nien, ia-ia herrialde bat zela, eta dezentek ezagutzen zuten, bazekiten non zegoen.
Basque Country esan eta zer aurpegi jartzen dute? Normalean, badakizu...
Ni normal-normal hartu naute. Baina gogora etorri, ba betikoa, «i-ti-ei» esaten dute beraiek, ETA, tamalez hemendik kanpora ateratzen diren berri gehienek hori aipatzen dute, eta, oso-oso gainetik baina bazekiten Euskal Herrian zer arazo dagoen.
Barkatu, baina galdetu beharra daukat: Xabi Alonso the basque player, baina Espainiako selekzioarekin jokatzen. Ez zara deseroso sentitzen?
Nik garbi daukat nik zer pentsatzen dudan eta ni nolakoa naizen. Gero, selekzioarekin nik badakit zer paper egiten dudan, eta garbi daukat nire postura zein den. Kanpotik hitz egitea oso merkea eta erraza da, baina egoera horretan zaudenean ez da berdina.
Gaur egun selekzioari uko egingo liokeen batek ondorioak edukiko lituzke profesionalki?
Ez dakit zer gertatuko litzatekeen. Garbi dago ondorio onak etorriko litzaizkiokeela, eta ondorio txarrak ere bai. Baina zehatz-mehatz ez dakit.
Oleguer katalanarekin harrotu zen hauts pixka bat. Zuek nola bizi izan duzue?
Hauts harrotze horrek amorru pixka bat ematen dizu, bakoitzak bere erabakiak hartzeko askatasun osoa dauka, eta norberak bere kabuz erabakitzen duena oso errespetagarria da.
Baina berak ezezkoa eman zuen?
Ez dakit garbi, ni kanpoan nengoen hautsak harrotu zirenean, baina niri esan didatenez ez dago ezer, bera kontzentrazio batera joan zen, eta hortik aurrera gertatu zena ez dakit.
Himnoa entzuteko momentua nolakoa da zuretzat?
Normal bizi dut, badakit horrela funtzionatzen duela eta kito.
Egun batean Euskal Herriko selekzioa iritsiko dela sinesten duzu?
Ez da kirolaren eskumena bakarrik, kirolak oso indar gutxi dauka alde horretatik. Beste zelai batzutan jokatzen da hori, eta ikusiko dugu.
Hemen ari gara Espainiaz eta Euskal Herriaz, baina zuk lehen urteak Bartzelonan eman zenituen.
Bai, aita Bartzelonak fitxatu zuen, eta nik urtebete neukala joan ginen. Nire lehenengo oroitzapenak Bartzelonakoak dira. Eskolan han hasi nintzen, eta lehenengo klaseak katalanez eman nituen, baina jada ahaztua daukat.
Eskolan, idazlan batean galdetu izan balizute: «Zuk handitan zer izan nahi duzu?»
Ez dakit zer erantzungo ote nuen, ez neukan batere garbi. Baloiarekin ibiltzen nintzen beti, baina ez nuen pentsatzen futbolari izatera iritsiko nintzenik, oso zaila ikusten nuen. Nik ez dut inoiz esan nire ametsa futbolari izatea zenik. Futbolaz gain denetik egiten nuen, baina ez nekien zehatz-mehatz zer nahi nuen izan, etxetik gauzarik garrantzitsuena ikasketak zirela jaso nuen.
Patioko partidetan denek beren taldean nahi izaten zuten hura zinen?
Bai, klase batean beti izaten dira bizpahiru nabarmentzen direnak, eta bizpahiru horien artean banengoen. Baina badakizu zer gertatzen zaion horri, denek beren taldean nahi, baina txikitatik pixka bat hobeto jokatzen duenez, txupoi bat ere izaten da.
Etxepean Mikel anaiarekin futbolean ordu asko pasatakoa zara. Anaia zaharragoa izateak, indartsuagoa, zuri hobetzen ere lagunduko zizun, ezta?
Segur aski bai. Ni beti saiatzen nintzen bere mailara iristen, eta ez zen erraza, teknikoki oso ona izan baita beti, fisikoki ere bai, eta segur aski on egin dit txikitatik haren aurka egin beharrak eta hari irabazi nahiak.
Ba omen duzue beste anaia bat ere, berdeguneetan ibiltzen dena bera, baina ez zuek bezala jantzita...
Arbitroa da.
Nondik nora arbitro?
Lehen futbolean jokatzen zuen, baina koadrilako beste batzuk eta bera arbitro lana probatzen hasi ziren, eta berak jarraitu egin du. Futbolarekin eduki litekeen beste harreman bat da, eta nahiko ondo egiten du.
Itzul gaitezen zuregana, urte beteko Real glorioso hartako pieza gako bat izan zinen. Liga irabaz zenezaketela noiz sinestu zenuten?
Etxean Real Madrili irabazi genionean. Partida hura oso berezia izan zen, dena nahi bezala atera zitzaigun, lehen zatian hiru gol sartu genituen, nik laugarrena sartu nuen, eta hura mahaiaren gainean kolpe bat jo eta «gu ere hemen gaude» esatea izan zen. Ordura arte «ea Championseko postu bat ziurtatzen dugun» pentsatzen genuen, baina handik aurrera «orain jada ligaren bila joan behar gara» esan genuen. Eta liga hura ez irabaziaren pena beti bihotz barruan edukiko dut, futbolean gauzak dauden bezala, Realarekin liga irabaztetik hain gertu egotea oso-oso zaila da. Orain atzera begira jarri eta pentsatzen duzu: «Ia-ia Realarekin liga irabazi genuen...» kar-kar-kar-kar! Badirudi ezinezkoa dela.
Baina momentu onak ez ezik Realarekin sufritzen pasatakoak ere ez dira ahaztekoak izango...
Ez dauzkat ahazteko. Realean pasatako hiru urteetatik bitan beheko postuetan galduta ibili ginen, eta hortik begiratuta askoz luzeagoa egiten da urtea. Nahiko aste eta hilabete gogorrak izan ziren, baina asko balio izan zuten, sufrimendutik askoz ere gehiago ikasten da. Eta batik bat, norberak ere ikasi egiten du sufritzen.
Lo asko galtzen zenuen?
Nik, gauzak gaizki edo ondo joan, beti, partidaren ondoren ez dut lorik egiten. Astean zehar bai, nahiko ondo egiten dut. Partida osteko lo hartu ezinak arrazoi fisikoak ditu, nekatuta egoten zara, eta oraindik tentsioa botatzen aritzen zara.
Agian egunkarietan ateratzen ziren berriak ikusiz ere galduko zenuen loa; halako taldek fitxatu nahi zintuela, beste halakok ere bai... Ez zen kontua gutxi ibili.
Bai, baina egunkarietan esaten diren gauzen %5a bakarrik da egia, eta ez da gezurra interesak egon zirela, baina benetako eskaintzak bi bakarrik jaso zituen Realak: bat Real Madrilena, eta bestea Liverpoolena.
Hara abiatu aurretik, zer zen zuretzat Liverpool?
Fitxatu baino lehenagotik maitasun berezia nion, Liverpoolek xarma handia du; historia handi hori, Anfield zelaia, bertako tradizioak, abestiak... Ingalaterrako zelai guztietan daude kantu eta kontu mitikoak, klub bakoitzak bere historia du eta zaleek historia guztia dakite, baina Liverpool berezietan bereziena da. Bai neuk eta bai euskaldun askok maitasun berezia diogu Liverpooli. Horrek lagundu zidan baiezkora erortzen, eta behin hara iritsi nintzenean, jabetu nintzen, nekizkien berezitasun horiek guztiak egiak zirela, eta ez nekizkien pila bat ere bazirela.
Zein adibidez?
Nik banekien Ingalaterran orokorrean, eta Liverpoolen partikularki zaleen pasioa eta errespetua izugarriak direla, baina Liverpooleko jokalaria izanda barrutik sentitzen duzu hori dena, entzuten dituzu abestiak, ikusten dituzu Anfielden bertan dauden gauza bereziak: aulkitxoak, aldagelak, ateak, harmaila bat... Detaile gutxi dira baina bata besteari gehitu eta esaten duzu: «A zer historia klub honena!».
Ateak, aldagelak, harmailak... azaldu ezazu gehiago.
Zutoinak dauden inguruan ehorzketa asko egiten da. Jende askok eskatzen du hil ostean bere hautsak Anfielden zabaltzeko, eta halaxe egiten da. Hori dela eta, orain beste zelai bat egiteko proiektua dago, baina Anfielden ezin izango dira etxeak egin hor dauden hautsak ezin direlako etxepeetan sartu, parke bat egin beharko da. Aldagelak ere baditu berezitasunak. Kanpokoen aldagelako lurra etxekoona baino askoz ere irristakorragoa da. Horrez gain, gure aldagela besteena baino askoz ere txikiagoa da, eta gure aldageletako atea ere bai, askoz txikiagoa, handik ateratzean gu handiago sentitzeko. Eta ateratzen zarenean eta zelaira bidean zoazenean hantxe dago This is Anfield koadroa, zelaira jauzi egin baino lehen hura ukitzen duzu. Oso berezia da.
Nork asmatu zituen horiek denak?
Bill Shanklyk. Liverpooleko entrenatzailea izan zen, oso tipo berezia, bere jokalariak motibatzeko asmatu zituen horiek denak.
Ez al ditu jokalari bakoitzak bere zapatak garbitzen?
Garai hartan gehiago egingo zen hori orain baino, baina oraindik ere neurri batean betetzen da. Astean zehar zuk garbitu behar dituzu zure zapatak, entrenamenduetako zapatei zuk pasa behar diezu zepiloa, zuk grasa eman, dena norberak egiten du.
Niri harrigarriena egiten zaidana beste lekuetan hala ez izatea da.
Realean eta beste klubetan egunero pasatzen da botileroa jokalarien zapatak garbitzera. Liverpoolen ere asteburuetan etortzen da, partidetako zapatak hark garbitzen dizkigu, baina astean zehar gu moldatzen gara.
Joera handia omen dago zaleak kanpoko partidak ikustera ere joateko.
Bai. Kanpoko partida bakoitzera hiru mila zalek jarraitzen digute. Eta gehiago ez joateko, arazoa ez da jendea falta dela, arazoa da ezin direla sarrera gehiago lortu. Europara mugitzen garenean beti bost mila zale edo joaten dira, eta azken partida batean hamar mila zale genituen kanpoko partidan. Gainera ez da joatea bakarrik, entzun egiten dituzu, eta badakizu hor daudela. Azkenerako, beti jokatzen dugu erdi etxean.
Liverpool, iraultza industrialaren hiria, langileriaren hiria, eta bere ikurra futbol taldea. Gaur egun futbol taldea multinazional bat da.
Bai, Liverpoolen nazionalitate asko nahasten dira, baina oraindik badago bertako nukleo bat: Gerrard, Carrager, biak dira bertakoak. Gainera, ikusten duzu nolakoak diren, ikusten duzu Liverpooleko kaleko jendea, eta segidan ohartzen zara hortik datozela. Baina zaleei ez zaie hainbeste inporta kanpokoak egotea, axola zaie bertako jendeak ere jokatzea taldean, baina batez ere zu Liverpooleko jokalaria izateari ematen diote garrantzia, ez nondik iritsi zaren. Eta zuk pixka bat erantzuten baldin baduzu, bai zelaian eta bai zelaitik kanpo asko babesten zaituzte, oso tratu ona ematen dizute.
Nola bilatzen du bakoitzak bere lekua hain gazte, eta hain talde handi eta koloretsuan?
Bakoitzaren izaeraren araberakoa da hori. Garbi dago futbolean maila txukuna baldin baduzu, horrek beste jokalariekin harremanak edukitzea asko errazten duela. Lehenik errespetua mantendu behar duzu, isil-isilik sartzen zara, saiatzen zara ikusten eta ikasten, belarriak ere irekita edukitzen, eta zelaian errespetua irabazten baduzu hori errazago trasladatzen da beste alorretara ere. Orduan sartzen zara beraien dinamikan, eta bromak egiten ere has zintezke.
Futbola ere kateko lana da?
Bai, bakoitzak bere funtzioa du, zure postuaren arabera eginbehar bat duzu, zure lana berezia da. Alde horretatik begiratuta futbola enpresa bat da, eta jokoa kate lana. Denek dute lan ezberdina baina denek helburu bera.
Zu kate horretako begirik funtsezkoenetakoa zara...
Ni komertzial bat naiz, bitartekari bat. Hor erdian jartzen naute, baloia atzetik hartu, eta aurrera pasa behar dut. Hori da komertzial baten lana. Baloia ahal den modurik onenean erosi behar dut aurrena, eta gero ahal denik eta eskaintza onena eginda aurrera saldu. Ni ere horrek aberastuko nau.
Komertzial bat bezala bila eta bila ibiltzen zara, zer non salduko. Erosterako beti jakiten duzu gero non salduko duzun baloia?
Hori da lan egiteko erarik onena, baloia hartu aurretik nora eraman pentsatua edukitzea, baina askotan ez da jakiten. Batzutan ez duzu inolako irteerarik aurkitzen eta orduan sortzen dira arazoak. Kontua da oso azkar pentsatu behar dela, eta erabakiak segundo batean baino gutxiagoan hartu behar direla, horixe da goi mailako futbola eta beste maila bateko futbola ezberdintzen duena: abiadura.
Enpresa, kate lanak, komertziala, saldu erosiak... Baloia gustura zebilen, baina orain dira komeriak; finantzen munduan bezala iruzur istorioak azaldu berri dira Italiako futbolean. Zer diozu?
Harrituta gelditu naiz, ez nekien horrelakorik. Oso zaila iruditzen zitzaidan hori gertatzea, eta hainbeste urtean hala ibili izana, ez dakit... Nik beti pentsatu izan dut gauzak nahiko garbi zeudela, harritu egin naiz.
Espainiako Ligan eta Ingalaterrakoan ez da horrelakorik?
Ez, ez.
Eta Eufemiano Fuentesek esan berri du futbolariak ere pasa direla bere eskuetatik...
Nik ikusi dudan guztia garbia izan da, eta alde horretatik ez daukat inolako zalantzarik nirekin eta nire inguruarekin. Nik neuk aurten hamar kontrol baino gehiago pasa ditut.
Baina esan duenerako, zerbait izango da, ala?
Berak jakingo du zer esaten duen, nik daukadan esperientzian behintzat ez dut ezer ikusi.
Italian izan ziren halako kasuak...
Bai, Italian izan ziren, baina beren funtzionatzeko era ezberdina da. Uste dut ezberdin prestatzen direla, eta hango kontrolak egiteko modua ere ez da berdina.
Fuentesen hitzak entzun, Italiako iruzur kasuak irakurri... Futbolak fairplay hitza zabalduko du batean eta bestean, baina nola sinestu ikusten duguna ez dela antzerki bat?
Normala da zaleek pentsatzea gaur egungo kirolak antzerki edo teatro puntu bat baduela. Baina zaleek disfrutatu egiten dute, segimendu handia dauka, eta hainbestekoa daukan bitarte denak funtzionatzen segituko du.
Fairplay aipatu dugunez gero, Munduko Txapelketako finalaren bukaera zer iruditu zitzaizun?
Italiak irabaztea sorpresa izan zen niretzat, eta Zidanena berriz... Nik ezagutu dut pixka bat, bai jokatzen, eta bai Adidaseko publizitate lanekin, zenbait gauza elkarrekin egin ditugu. Oso tipo xumea eta isila da, oso diskretua. Zerbait berezia esango zion Materazzik berak horrela erreakzionatzeko, baina hala ere, ez dauka inolako justifikaziorik.
Zelai barruan irain asko entzuten da?
Bai, asko entzuten da, eta esan ere egiten dira. Momentuko berotasunean tentsio pixka bat kentzeko esaten dituzu. Baina tira, dena esatea ere ez da libre. Irainak baditu bere mugak, eta keinuak ere bai. Hitzez edo gorputz keinuz erakutsi dezakezun amorruak bere mugak ditu.
Probokazioa jokoaren barruan sartzen al da?
Sar daiteke, baina neurri bateraino, beti tranparen bila ibiltzea ez zait gustatzen. Badira jokalari zikinak, tranposoak, eta beti zu estutzen ari direnak. Horrelakoetan zaila izaten da odolari eustea, errazena da ukabila altxa eta lurrera botatzea, baina hori ere ezin duzu egin.