Euskadi Buru Batzarra (EBB) EAJren Sanedrina ote den adierazi diogu Josune Ariztondori: «Bai, batzuek EAJn gailur moduko bat badagoela uste dute. Hitz horrek beste garai eta kultura adierazten du edonola ere. Gaur egun jendeak ia ez du ezagutzen Sanedrin hitza. Gu doktrina eta testamentu zaharra ikastera behartuta egon ginen eta ezagutzen dugu. EBB EAJren Sanedrina ote den? Ez, inola ere. Hori begi-bistan dago». EBBn Gema Gonzalez de Txabarri eta bera dira emakume bakarrak: «Bai, urri gara emakumeok. Emakumeen presentzia mugatzen duen organorik bada, alderdi politikoen exekutiboa da, eta hori ez da gurean bakarrik gertatzen. Baina gurean nabarmena da eta autokritika egin behar dugu. Berdintasunaren aldeko diskurtsoa sendotzen ari den honetan, kapaz izango al gara diskurtsoa oskol hutsa izan ez dadin?».
Emakumeak politikaren jitea alda lezakeen itaundu dugu segidan: «Borobilegia litzateke baietz erantzutea, ezta? Gizarte honetan erdia baino apurtxo bat gehiago emakumeak gara, eta hezkuntzaren ondorioz gizonekiko ezberdinak gara gauzak egiteko orduan. Berdintasunen bidean lantzen den hezkuntza bermatu ahala, gure moduko zerbait garatzen ari gara. Gizartearen erdia bere moduko norbait dela sumatzea garrantzia handikoa da».
Bake eta normalizazio prozesuaren gaineko berbak landu ditugu jarraian, berbok udazken politikoak ekarriko duena ulertzeko adierazgarriak izaki.
Zapaterok «herritarren erabakia errespetatzeko konpromisoa» adierazi du bake eta normalizazio politikoaren bidean. Ez ote da adierazpen anbiguoa?
Lehenik, Zapateroren adierazpenean bakearen aldeko zatia dago: «ETArekin elkarrizketatzen hastera noa». Oso inportantea eta beharrezkoa. Bigarrenik, oinarri demokratikoak hartuz -dio Zapaterok adierazpen horretan-, euskaldunen, euskal herritarren edota euskal gizartearen erabakitzeko gaitasuna -eskubidearen ordez gaitasuna diolakoan nago eta hitz guztiak oso inportanteak dira- aipatzen du: «Oinarrien berdintasunean aukera guztiek lekua dute eta nire eta Gobernuaren izenean Konstituzioaren balore, printzipio, erregelak edo horiekiko konpromisoa nire egiten ditut» esan zuen. Borondatearen errespetua argia da, oinarri demokratikoetan irekia edota anbiguoa, ados. Baina Zapaterok ez du esan, beste batzuek egin ohi duten bezala, Konstituzioaren markoan edo Konstituzioaren halako artikulu pean arituko denik. Konstituzioaren baloreak eta printzipioak aipatzen ditu eta horiek giza eskubideen errespetuak eta baloreak badira, ni prest nago bide horretan joateko.
«Baina»ren bat tartekatu zuen hala ere.
Ni ez diot «baina»rik jarriko ordea, oraingoz ez behintzat. Irekitasun edo anbiguotasun horrek balio bat duela uste dut, eta da: bide bat zabaltzen du bakoitzaren borondatea zein den ikusteko. Herriaren borondateak denon borondatea batzen du eta hor bildu beharko dugu alderdi politiko ezberdinek, zeinek herriaren zati bana ordezkatzen duten, bakoitzak berea. Bakoitzak bestearen mugak eta ordezkaritzak ezagutuz, borondate bakar hori adosten ahal dugun aztertu beharko dugu, izan ere, zerbait adosteko badago hori da eta. Beraz, bainarik jarri gabe, irekitasunak dituen ahalbidetze puntuekin geratzen naiz. Adierazpena itxia balitz alderantziz esango nuke, baina ez diot beldurrik nire iritzia besteekin erkatzeari.
Beste «baina» bat ere ikusi izan da Zapateroren hitzetan: «La decisión de los vascos» euskal herritarrenaz gain, nafarrena edota Iparraldekoena ere ba ote?
Egia da. Niretzat garbi da euskaldunak nor garen! Berarentzat? Berak vascos esaten du. Eta horrexegatik esaten dut adierazpen irekia dela, ez baitu ere esan vascos de la comunidad autonoma... Agian berarentzat ez da beharrezkoa. EAJk akordioetara iristeko borondatea dauka, baldin eta euskaldunok itunetara iristeko borondatea badaukagu, itun horrekin Estatuarekin ere, berdinetik berdinera, ituna lortu nahi dugu. Ikusiko dugu denon artean zer adosten dugun, baina denon arteko esfortzuarekin itun batera iritsiko garelakoan nago.
Badago beste «kezka» bat ere: PSOE eta PPren arteko harreman txarra. Zein neurritan kezkatzen zaitu horrek?
Neurri handian. Bakearen aldeko apustu handi eta estrategiko honetan PP ez egotea oso larria da. PP bere baitan asko sufritutako alderdia da, Estatuan milioika boto biltzen duen alderdi oso hedatua da, baita EAEn eta Euskal Herri osoan ere. Horregatik, PPren buruzagien jarrerak kezkatzen nau.
Frantziako Barne ministro Sarkozyk honela esan du bestalde: «ETAren arazoa Espainiari dagokion gaia da».
Sarkozyk edo maila bereko ministro batek horrelako balorazio bat egitea friboloa ez ote den nago. Europako Batasunean ez dago ia estaturik ukitzen ez duen gatazka edo arazorik. Poliziaren ikuspegitik baino ez bada ere kontuan hartzekoa da, horregatik dago seguritateari buruzko Shengen akordioa. Halaber, Euskal Herriaren zati bat Frantziako Estatuan dago eta hori ez du EAJk esaten, entziklopediek baizik. Euskal Herriko gatazka bortitzak Frantziako Estatuan duen tokia izanda, ez duela berarekin ezer ikusirik esatea itsua izatea da. Baliteke Sarkozyk pentsatzea ETAk zeharka baino ez duela ukitzen eta Espainiako kontua dela. Hori auzia bide motzetik eta ikuspegi taktikotik aztertzea da ordea. Euskara galtzea eta euskal kultura hiltzea Frantziako arazoa ere badelako. Euskal auziak badu Frantziako Estatuan ere leku, eta gainera ez da nazio arazo bakarra. Korsika, Bretainia... ere badaude eta Sarkozyk hobe luke auzi denentzat irtenbide demokratikoa bilatzea.
Prozesua aurrera doa, baina atxiloketak daude. EBBko Gorka Agirrerena tarteko.
Gorkaren irudia lurraren pare jartzeko asmoa izan da, besterik da bakoitzak zer sinesten duen eta zer ez. Gorkak bere burua desitxuratua ikusi du hedabideetan, irainez betetako aipamen artean. Berea bakearen alde egindako lan politikoa eta gizatiarra da, horregatik ez dugu ulertzen Marlaskaren joera. Epaile honek ez ditu sumarioaren sekretua eta errugabetasun printzipioa babestu, eta gainera ez du argitu zein den akusazioa. Gorkak ez du bere burua defendatzeko akusazio garbirik jaso. Non dago justiziaren seriotasuna?
Judikatura politizatua, erakunde politikoak judikaturaren menpe... Bake prozesuak krisia eragin al lezake Estatuan?
Ez dut uste. Gainera ez dut EAJ biktima bakar gisa azaldu nahi. Errugabe asko sufritu eta sufritzen ari da herri honetan. Gorka bat da eta horrek gure alderdiaren zaina ukitu du, exekutibo nazionala. Baina gure Lehendakaria ere ukitu dute, baita kultur eta pertsona gune garrantzitsuak ere. Zentzugabekeria judizial hauek kointurazkoak direla eta laster beren lekua hartuko dutela pentsatu nahi dut, amaitzen direnean ez dutela baliorik izango, alegia. Denborak argituko du gertatua. Zapaterok erabakia aditzera eman duen garaian, bere gainetik eta denon gainetik agertu nahi izan du Marlaskak. Ez dut auzia banalizatu nahi, gertatua larria baita. Judikaturak barruraino sartu du hanka eta berak atera dezala.
Zapateroren adierazpenaren ostean PSE-EE eta Batasuna bildu ziren. Batasuna legez kanpo dago. Praktikan ezagutzeko modu bat izan ote da? Beharrezko argazkia?
Argazki hori zabaldu da, baina -PP alde batera utzita- jakina da alderdi guztiok bildu garela, argazki izan edo ez. Legala balitz bezalako tratua emateak asetzen al du Batasuna? Ez, garbi dago ezetz. Batasunak legezko estatusa berreskuratu behar du. Legez kanpo dagoenak segurtasun eza ikaragarria dauka eta gizartean kalteak jasaten ditu. Bileran horretaz ere berba egingo zutela imajinatzen dut. Elkar onartzen eta elkar aitortuz sartu baziren bilerara, bada, itxaropena dut ez dela denbora luze joango Batasunak bere izaera juridikoa berreskura dezan.
EAJ Ménage a trois delakotik at dago itxura batez. Protagonistak eurak dira...
Ez naiz abila pose kontuetan eta ez nuke itxurakeriatan aritu nahi. EAJ da dena, eta horrela da herritarrek horrela nahi dutelako. Badugu prozesu bikoitz bat, batetik bakea lortu nahi dugu eta aldi berean gure arteko elkarbizitza politikorako habeak jartzeko konpromisoa hartu dugu. Herri honetan protagonismoak 48 ordutan aldatzen dira, eraldatzen edo itxuraldatzen. Bihar beste argazki bat aterako da eta prozesuak beste itxura bat hartuko du. Ez naute aldian aldiko argazkiek kezkatzen. Bakeak ekarriko digun eta elkarbizitza politikora eramango gaituen prozesuak eraldaketa handiak ekarriko ditu gizartean, protagonismoaren klabeak aldatuko dira, klabeak denok aldatuko ditugu, alegia. Protagonismo politikoa boto biltzean lortzen da, boto emaitzen balantzea da alderdiok daukagun orrialde bakarra, gure aurkezpen gutuna, eta hori ez da egun bateko argazkiaren arabera lortzen. EAJ zentzuz eta gogoz ari da bakearen alde lanean eta ez protagonismoaren bila.
Prozesuan Ibarretxe Plana izan zen. Iragana al da? Koiunturazkoa izan ote zen?
Ez zen koiunturazkoa ez iragana. Prozesua bide horretatik doa eta gainera Legebiltzarrean onartu ziren planaren balore eta printzipioek are onarpen zabalagoa izango dute etorkizunean.
Imaz eta Egibarren sektoreen jarreren oreka eta lema eramailea ote da Josune Ariztondo? Barne indarrak orekatuak al dira alderdian?
EBB organo kolejiatua da. Gutariko bakoitza eta banaka hautatuak gara, horrek eztabaidarako aukera gehiago ematen digu, baita beste sendotasun bat ere alderdiari. Ondo dakigu kanpoan zer esames dabiltzan eta alderdian zerk egiten duen kalte. Elkarbizitzarako bake-bideak agiria da gure ardatza eta lema, datozen urtetarako prozesuaren nondik norakoa zehatz-mehatz adierazten duena. Gure estrategia politikoa, hitz batean. Hitzez hitz elkarri zuzenketak eginda eta elkarrekin onartua da. Bertan gaur egun egiten diren galdera askori erantzuten zaio. EAJn dauden organoak daude eta bertan erabakitzen da erabaki beharrekoa. Azken exekutiboa 2004an hautatu zen. Hortik kanpo interes asko dago, eraso foko asko dago, bakoitzak nahi duena esango du, baina alderdian ez dago desorekarik, esames horiek ez gaituzte ukitzen ez desorekatzen.
ETA eta Gobernuaren arteko harremanen ondoko zein udazken politiko espero duzu? Espetxe politikan aldaketarik edota Downing Streeten antzeko adierazpen bat espero daitezke?
Adierazpenak izan daitezke, ez dut dudarik egiten. Adierazpenez gain ordea, urratsak ikusi nahi nituzke. Hauxe da ikusi nahiko nukeen argazkia: Estatu eta ETAren arteko elkarrizketak erritmo onean doazelako preso politikoen politika aldatzea, hurbiltze programa batekin zerikusia izan dezaketen neurriak hartzea eta egoera batzuetan dauden presoak kaleratzea. Adierazpenekin edo gabe, horrelako zerbait. Bestetik, Batasuna, izen horrekin edo besterekin, elkargune izatea, alderdiok politikarako prest egotea eta askotan modu kriptikoan metodologia diogun hori mahai gainean egotea. Alegia, alderdiok taldetan hitz egiten hasi garela ikustea, adierazpen baten bidez, adierazpenik gabe edo aurresku batekin beharrezkoa bada ere.
Udal eta Foru hauteskundeak etorriko dira ondoren. Orduan neurtuko al da prozesuaren osasuna?
Ez da erraza ezer iragartzea, egoera berri batera baikoaz. Aipatu urratsak ematen badira, denok espero dugu 2000tik gaur arte burututako hauteskundeetan izandako tentsio guneak eta uneak ez errepikatzea. ETAren biolentziarik gabeko aroetan ezker abertzaleak leku zabalagoa aurkitu du. Gainera, alderdien arteko mugimendu horiek guztiak eman ondoren aldaketak egongo dira. Denon artean elkarlan foro bat ipintzen dugun neurrian, herri lanak eginez gero, bakoitza bere egoitzan lanean, nik uste, hauteskunde biharamunean, emaitzak emaitza, denok lanera eta harmonian itzultzeko gai izango garela. Bestela ez ditugu herri honek alderdi politiko nahiz buruzagiengandik espero dituen aurreikuspenak beteko eta orduan porrota alderdiona izango da.