Ihesi: Arantzatik arantzara


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Autoa Arantzako frontoiaren parean utzi eta bideari ekingo diogu. Herri dotore honekin gozatzeko aukera izango dugu. Bere kale estuek ongietorria egiten diguten bitartean, behe laino itxiak estaltzen digu gure helburua. Hala ere, urrutira ezer ikusi ezin duen edonork egin ohi duen moduan hobe dugu gertuan daukagunari arreta jartzea. Herri polita baita Arantza. Eta kuriosoa. Kuriosoa baita frontoia ere. Beno, egia esan, kuriosoa ez da frontoia bera, bere «euskarri» den zutabea baizik. Guk ez dugu esango bitxia zergatik den, joan eta ikustea da onena.

Dena den, hobe izango dugu frontoiari begira denbora gehiegi ez egotea, goizari heltzea komeni baita. Udaletxetik gora joango gara, hilerri aldera, hirurehun metro. Herri kaskotik irten baino lehen eskuinera hartuko dugu hormigoizko bide batetik, Larrañen bordatik barrena, pare bat kilometroz. Tartean, eskuineranzko bihurgune batean erreka baten gainetik igaroko gara. Zuhaitz artean egingo dugu bidea, itzaletan, eta ezingo dugu inguruko paisaiaz gozatu. Hala ere, bide ederra da, erraz egiten dena, aldapa handiegirik gabekoa.

Halako batean, ordea, basoa bukatu eta soilgune batera iritsiko gara. Aurrealdean pista ikusiko dugu, berriro ere basoan sartzen. Guk, ordea, ez dugu bide hori hartuko, gorantz jotzeko unea heldu baita.

Iritsi gara, beraz, benetako igoera hasten den lekura, autoa utzi dugun puntutik pare bat kilometrora. Hemen egurrezko banku moduko bat ikus genezake zuhaitz baten azpian -orain ez dugu estimatuko, baina behera iritsi ondoren gustura hartuko dugu honen itzala-. Eguraldi tristea egokitu zaigu, eta behe-lainoak ez digu urrutira gauza handirik ikusten uzten. Hala ere, eguraldia lagun izanez gero, toki honetatik herria argi eta garbi ikus daiteke, itsaso berdeak inguratuta.


Maldan gora

Gozamenari bizkarra eman eta pixka batean sufritu beharko dugu; dena den, gailurretik bista hobea izango dugu. Borda zahar baten ondoko bidea hartuko dugu, pista utzita. Zuhaitz artean sartuko gara, baina itzalak ez digu asko iraungo -guri egokitu zaiguna bezain egun tristeetan askorik estimatzen ez baldin bada ere-, berehala bide-gurutze batean ezkerrera hartu eta inongo babesik gabeko bide bati ekin beharko baitiogu. Ezker aldean Arantzako zirkoa delako harana ikusiko dugu eta eskuinean, berriz, oraindik hazi gabeko pinudi batek lagun egingo digu. Baso hori igaro ondoren eskuinera hartuko dugu, eta bide estu-estu batetik gora joango gara, sasi artean, Arantzari bizkarra emanez. Arantza artean. Arantza handiena egiten ari garen bidearen malda gogorra izan arren.

Aldaparen bukaera aldera atseden har daiteke, apaizaren gurutzea begiratzeko. Gurutze hau urtetan Arantzako apaiza izan zenaren omenez ipini zuten, eta merezi du bertan idatzirikoa irakurtzea arnasari buelta ematen diogun bitartean, bestela ere aldapa gogorra baitugu aurretik. Sufrimendua.

Hala ere, sufrimenduak ez du askorik iraungo, handik ordu laurdenera-edo iritsiko baikara hurrengo bide-gurutzera, pista nagusiarekin elkartuko garen lekura, hain zuzen ere. Pistan, hala ere, metro gutxi egingo ditugu, gora heltzen garenean eskuinerantz jo beharko baitugu bide estu batetik. Hau izango da, beharbada, bidearen zatirik ederrena, sekulako ikuspegia egon ohi baita normalean: ezkerrean Pirinioetako gainik altuenak ikusiko ditugu urrunera eta eskuinean, berriz, Arantza eta bere inguruko bailara berdea. Guk ezin esan dezakegu paraje horiekin gozatuko dugunik, behe-lainoa ez baita izenak dioen bezain behekoa, eta gain hartan ere ikuspegi osoa galduko dugu bere erruz.

Bide horri jarraituko diogu eta gainez gain joango gara tarte batean, bertan bazkatzen dauden ardi, behi eta pottokak lagun harturik. Tarteka artzainen bat etorriko zaigu ongietorria ematera, bertako istorioren bat kontatuz askotan.


Buztin Lepo

Artzaina agurtu eta bideari jarraituko diogu harik eta Buztin Lepora heldu arte. Buztin Lepo delako hau Mendieder eta Mendaur elkartzen diren puntua da, ederra benetan, eta megalito bat aurki genezake bertan. Hobe dugu, bai, megalitoari begira geratzea, ezker aldera begiratuz gero megalitoaren itzaletan eseri eta bokadiloa lasai jateko gogoa etortzen baita. Dena den, bere alboan txiki ikusten gaituen mendi gupidagabeak halako ontasun puntu bat ere erakusten du batzuetan, eta benetan iturri polita dago gugandik hurbil.

Pixka bat freskatu ondoren, aldapari aurrez aurre begiratzeko unea da: Mendiederren edertasuna atzean utzi -gutxi izango dira hau bezain izen egokia duten mendiak- eta Mendaurko azken maldari aurre egin beharko diogu. Pazientzia handiz igo beharreko aldapa da hau, Rosciollik Espainiako Itzuliko mendate batean baino «s» gehiago eginez, alegia. Behin baino gehiagotan ikusi izan dugu gora zuzen-zuzen jotzen duenik ere, baina hobe da bakoitzak bere indarrak neurtzea, zaharrak bezala igo behar baita gazteak bezala jaisteko.

Aldapa luzea da oso; luzea eta pikoa. Bukaerarako bizkarra oker-oker eginda ibiliko gara, ia lau hanketan. Eta ustez aldapa bukatzen denean Arantzako frontoian aurki dezakegunarekin baino ezusteko handiagoarekin egingo dugu topo: eskailerak. Hirurogei omen dira. Omen, guk ez baititugu kontatu. Batetik, gauza garrantzitsuagoak ditugu egiteko, eta kontatzea guztiz ezinezkoa da, bestetik. Izan ere, askotan eskuinean maila bakarra dagoen lekuan ezkerrean bi daude, eta alderantziz. Kontua da, hirurogei izan edo ez izan, eskailerak guk nahi baino gehiago direla.

Norbaitek galdetuko du, agian, Mendaurren gogortasunagatik beti kexu den norbaitek zergatik proposatu ote duen mendi horretara buelta egitea. Galdera hori duenak, ziur aski, bere jakinmina asetuko du ingurura begiratu eta Euskal Herriko mendi ugari ikusten dituenean. Azpialdean Nafarroa hezeko lur berdeak aurkitzen dituenean. Eta, agian, oraindik ere harrigarriagoa gertatuko zaio gailurrean ikusiko duen ermita, Trinitate ermita, hain zuzen ere. Eta, agian, eskertu ere egingo du, haizeak gogor jotzen duenean batez ere, ermita horren babesa.


Etxera berriz

Hamaiketakoa egin eta igoerari buruz hizketan aritu ondoren, beherakoan zer egin hautatzeko unea da. Bi aukera daude: zuzenean etorritako bidetik joan edo Mendiederrera igo eta ondoren beheranzko bidea gainez gain egitea. Ausartenek bestelako aukera batzuk ere izan ditzakete, Ekaitzatik barrena buelta luzatzea, esate baterako.

Kontu handiz eskailerak jaitsi ondoren, eta, noski, paisaiari azken aldiz begiratu ostean, beheranzko bideari ekingo diogu. Ordu laurden beranduago, azken aldapa jaitsi ondoren, gure belaunek errukia eskatuko digute, baina, hortik aurrerako zatia nahiko laua da, berriro ere pistara atera arte. Bukatzeko, etorri garen bidetik jaitsiko gara autora. Tartean, benetan igoera hasten zen puntuan, egurrezko aulki bat dagoen lekuan, atseden har daiteke berriro ere Arantzara jaisteko indarrak berreskuratzeko, paisaiarekin gozatzen dugun bitartean, guri gertatu bezala behe-lainorik ez baldin badago behintzat. Eta, guk bezain zorte txarra izanda ere, gustura hartzen da hamar minutuko atsedena.

Azkenik, berriro ere bideari ekin eta ordu erdi inguruan autoa utzi dugun lekura helduko gara. Frontoiko zutabe kuriosoari begirada bat bota ondoren, errepideari helduko diogu etxerako bidean. Hala ere, bidean bazkari legea egitera inguruko jatetxeren batean geratzea ez da ideia txarra, merezia izango dugu-eta. Gosea ere behe-laino artean galdu ez badugu bederen.

San Joan Xahar

Arantzako kaskora iritsi aurretik, bide ertzean, bada santutegi bat, kobazulo baten barruan, San Joan Xahar izena duena. Azpian iturri bat dago. Hala zioen Joxemiel Barandiaranek Eusko-Folklore sailean: «Hainbat pertsona hurbildu ohi da bertara inguruko herrietatik ekainaren 24an, erromeria bat ospatzen baita bertan bezperako gauean hasita. Azaleko gaixotasunen bat dutenek iturri honen uretan bainu bat hartu ohi dute, gau horretan ur hauek botere bereziak izan ohi baitituzte. Gainera, kandelekin argitu ohi dute San Joan Txikiren irudia. Bainatu ondoren gaixoek lehortzeko erabilitako zapiak inguruan utzi ohi dira, Igantziko sakristauak erre ditzan».

Trinitate ermita

Trinitate ermita 1693. urtean eraiki zuten; hori da, behintzat, bertan lehenengo meza eman zuten urtea, nahiz eta eraikitzeko baimena bi urte lehenago eman zuten. Hala ere, 1781ean Iruñeko apezpikuak ermita botatzeko agindu zuen, bidelapur, kontrabandista eta antzekoen bizileku zela argudiatuz. Kontuak kontu, une hartan garbi geratu zen iturendarrek mendiari eta ermitari zioten maitasuna, apaizarekin batera teilatua eta ateak eraistera joan zirenak epaitu eta kartzelan sartu egin baitzituzten hurrengo urtean. Hala, Iturengo herriaren eta Elizaren artean sua piztu zen, harik eta 1784an herritarrek ermita berreskuratzea lortu zuten arte, herriaren diruarekin. Handik urte askotara, 1963an hain zuzen ere, iturendarrek ermita berritu zuten, eta ordutik zenbait konponketa egin badizkiote ere, nagusiki urte hartan hartu zuen gaur egun daukan itxura.


Azkenak
2025-03-12 | Etzi.pm
Zerocalcare: “Nire bihotza taupaka jartzen duen ezer ez da existitzen jada”

SCk Zerocalcareri egindako galdera sorta eta honen erantzunak, jarraian.


EUSKAL HERRIKO TORTURATUEN SAREA
“Milaka gara tortura sufritu dugunak eta hamarkadatan isilaraziak egon gara”

MARTA PIKAZA GARAIGORTA (Laudio, 1968) Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideak eta eskualdeko beste torturatu batzuek ekin diote Aiaraldean ekimena antolatzeari. Egingo dituzten urratsak eta helburuak azaldu dituzte.


Hernaniko natur eremuen sarea osatu dute ikasleek eurek

Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]


Ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu du Jaurlaritzak sindikatu nagusiekin

ERNE, ESAN eta SIPErekin egin du akordioa Eusko Jaurlaritzak 2025-2028 aldirako. Besteak beste, urteko soldatan 4.200 euro gordineko igoera "graduala" izango du ertzain bakoitzak. Sindikatuen iturriek El Diario Vascori azaldu diotenez, akordioarekin Ertzaintza Espainiako... [+]


Bost greba egun berri iragarri dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan

LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]


2025-03-11 | Hala Bedi
Izanen gazte aldizkaria jaio da

Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.


2025-03-11 | Euskal Irratiak
Daniela Albizu euskaltzale eta abertzaleari plaza bat eskaini diote Urruñan

Larunbatean, martxoaren 8an, Urruñako herriak Daniela Albizu izena ezarri dio herriko etxearen aitzineko plazari, emazte abertzale honen memoria omentzeko.


Gurutzetako Ospitaleko Larrialdiak “kolapsoaren ertzean” daudela salatu du ESK sindikatuak

Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]


2025-03-11 | Estitxu Eizagirre
Makroeolikoez hitzaldia Andoainen eta egunpasa Aranon
Komunitatean hitz egin eta kultura sortu, haize-erroten aurrean

Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]


‘Statu quo’-a mantentzea espero da Groenlandiako hauteskundeetan, Trumpen presiopean

Inkesta gehienen arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokrataren arteko aliantzak jarraituko du indarrean parlamentuan. Herrialdeko lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen, AEBen "kanpo presioek"... [+]


2025-03-11 | Joan Mari Beloki
Euskal Herria Europa berrian

Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar... [+]


Pablo Gonzálezen aurkako zigor auzibidea itxi du Poloniako Justiziak

Varsoviako Barrutiko Auzitegiak argudiatu du González jada ez dagoela Polonian, eta ezin dutela jakin noiz aterako den Errusiatik. Auzitegiak ez du kazetari nabarniztarraren aurkako bestelako prodezurarik abian jarriko.


2025-03-11 | ARGIA
Euskal Herria antimilitarista dela aldarrikatuko du EH Bilduk apirilaren 20ko Aberri Egunean

Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.


Duela bost urte baino %155 aldiz arma astun gehiago inportatzen ditu Europak

Ukraina da munduan arma gehien erosten dituen herrialdea; munduko erosketa guztien %8,8. Merkatuaren ia erdia kontrolatzen duena, berriz, AEB dira: Europak erosi dituen armen erdia baino gehiagok jatorri estatubatuarra dute.


Eguneraketa berriak daude