Euskal Herriaren «Konstituzio politikoak» XIX. mendean: 1852

Konstituzioa eta nazioa, horra politikagintza berriko bi kontzeptu ardatz. Eta gurean, 1918. urteaz geroztik, Estatutua eta autonomia. 1852an, Pedro Egaña eta Blas Lopez politikari eta legelariek, espainiar konstituzionalismoaren baitan, mendebaldeko hiru euskal herrialdeetako euskaldunen berezko konstituzio politikoa zertan zetzan definitu zuten. 1839an jadanik euskal «nazionalitate»aren erakusle zirela aldarrikatu zuten Madrilen bizi ziren lau herrialdeetako euskal jatorriko buruzagi politikoek.

1936an Eusko Jaurlaritza antolatu zen Espainiako II. Errepublikaren baitan. Antolaturiko autogobernuak bestelako oinarri politiko eta juridikoak izan zituen. Baina hainbat arlotan, iraganeko konstituzio foralen eragin politikoa nabarmena zen.

XXI. mendean, konstituzioa eta nazioa mundu osoko biztanleen kontzeptuak bihurtu zaizkigu. Europar kulturaren ikurrak ditugu eta munduan barrena zabaldurik daude. Eta gurean, egun hauetan berriz eztabaida politikoan agertu dira XIX. mende erdiko gaiak eta soluziobideak: Bizikidetza, Euskal Herria, Espainia, berriz ditugu aipagai. Iraganeko arazoen berpizkundea? Gutxienez, iraganeko esperientzien berrirakurketa egin behar dugu etorkizunari begira.

Konstituzioak egituraketa adierazten du eta, Argien Mendean, arrazoiaren araberako egituraketak behar zirela-eta, politikagintzaren ardatza bihurtu zen. XVIII. mendearen amaieran arau politikoen egituraketa adierazten zuen, non eskubide pertsonalak eta komunitatearen antolaketa, berme publiko eta nabarmenez jagonik adierazten ziren. Konstituzioetan nazioak ageri ziren. Hasieran, jaioterria baino adierazten ez zuten nazioak. XIX. mendean, aldiz, konstituzio baten arabera egituraturik dagoen komunitate politikoa dugu. XVIII. mende bukaeran, gizartearen alde jakintsu eta adoretsuak osatzen zuen nazioa eta horregatik aginte osoaren jabe bihurtu behar zen, jakinduria zuelako lagun ongizate gizartea lortzeko.

Lehen konstituzio moderno arautua independentzia lortzeko ikurraren ildoan sortu zen. Ameriketako iparraldeko lurraldeetan, 1776an, federalismoa bide zela, konstituzio egituraketak eskubide pertsonalak eta komunitatearenak argitzen eta bermatzen zituen. Mende bat lehenago, Erresuma Batuan, Parlamentuen aldekoek irabazi zuten gerra zibila eta ondorioz, Parlamentuak harturiko erabakien bidez konstituzioa definitzen zen, epaileek ere zeregin handia zutelarik legedien sorreran. Beraz, etengabeko konstituzio egituraketa zen, egunez egun erabakiz definitzen zena. Gaur egunean Erresuma Batuan ere ildo horretan jarraitzen dute.

Frantziako Iraultzan berriz, gizaki guztion eskubide indibidualen zerrenda idatzi zuten eta konstituzio erabat berria egin zuten, aurreko legedi guztiak alde batera utziz. Egun handia izan zen, zalantzarik barik, pertsona bakoitzaren eskubideak zaintzeko bermeak sortzen zirelako. Sinesmenen esparruan askatasunaren egunsentia nabari zen. Ez dago beste lege nagusirik pertsona bakoitzaren eskubide zehatzak zaintzen dituena baino. Eta adierazpen askatasuna, hizkuntzaren bidezkoa ere, pertsonen eskubidea da. Baina aldi berean, nazioa definitu zuten, euskaldunen ordezkariak han bertan zeudela. Han zen adibidez D. Garat, ministro eta buruzagi politikoa izango zena. Eta ondorioz frantsesa zer zen definitu eta ereduzko frantsesaren irudia asmatu zuten, lurralde jakin batekoak horretara mugatuz. Delako ereduari egokitzea lortzen zen heinean irabaziko zuen norberak bere askatasuna. Frantsesa zer den definitu ondoren, frantsesak egiteko araua indarrean jarri zen, indarrez, jakina. Eta aldi horretan, euskaldunak bete-betean sartu ziren mundu berriko gurpilaren abiada konstituzionalean.

Gaur egun, Europako konstituzioa dugu eztabaida gai. Espainian, 1978ko konstituzioak oinarri eta legitimazio sendoa irabazi du. Frantzian eztabaida berritu egin da, populazio berri andana frantses bihurtzeko kezka baitago. Eta Euskal Herrian botere konstituziogileak, berriz ere eratu eta sendotu egin dira: Eusko Legebiltzarra eta Nafarroan, Foru Parlamentua. Berriz ere, diot, aurreko garaian ere egon zelako, egon. Eta duela lau edo bost belaunaldi pentsatu eta asmaturikoa ezin baita besterik barik ezereztu. Grabitazio legea astuna dugu gizarte eta pertsonen izatean.


Euskal herritarren Batzar Nagusiak

Konstituzio politiko berrien garaian berehala piztu zen eztabaida. Euskal Herrian antolaturik zeuden Batzar Nagusiak eztabaida leku bihurtu ziren. Batzar Nagusien nortasun politikoaren jarraipena lortzeko doktrina politikoa asmatu eta egokitu zen.

Ipar Euskal Herrian 1789an, adibidez, Lapurdiko Biltzarra desegin zen, Asanblea Nazionala Parisen erabakitzen ari zen konstituzio berriaren arabera. Lapurdiko Biltzarra, 1789ko irailaren 1ean bildu zen eta, besteak beste, zera adierazi zuen : «Les Basques francais du Labourt n’ont cessé de repeter dans tous les temps au gouvernement que leur constitution actuelle est la seule sous laquelle ils puissent exister». Hau da, euskaldunen izate politikoa foru konstituzioaren iraupenari loturik ageri da. Ideia hau Hegoaldean errepikatu zen XIX. mendean barrena. Frantzian, aurrerantzean, Asanblea Nazionala bihurtzen zen legezko aginte guztien iturburu.

Hego Euskal Herrian, XIX. mendeko konstituzionalismo politikoaren garaian Espainian Parlamentu Nazionala egituraturik egon arren, euskal nortasun politikoaren adierazle gisa, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban Batzar Nagusiek indarrean eta egokitzapen prozesuaren gurpilean iraun zuten, harik eta 1877an Espainiako Gobernuburuak desegin arte. Batzar Nagusiak parlamentarismo liberalaren ildoan aldatzen eta berrantolatzen ari ziren. Eta esperientzia hau ez da aintzat hartzen behar den beste. A. Canovasek, bat batean moztu zuen, 1876an erabaki zuen legearen ondorioz.

Adierazgarri da La Paz, Madrilen argitaratzen zen egunkariak jasan zuen epaiketa 1877an. Salaketa: Espainiako Parlamentua eta Batzar Nagusiak parez pareko erakundetzat jartzen zituela.

XX. mende hasieran, ezin izan zuten lortu Batzar Nagusiak berreskuratzea. Eta ondorioz, 1918an, estatutu autonomikoen definizioa eta eskakizuna hasi zen. Baina 1979an, berriz berrantolatu ziren Nafarroan Foru Parlamentua bihurtzeko asmoz. 1841ean Espainiako Parlamentuan onarturiko legeak bere indarra adierazten zuen. Horra adibide bitxia: iraganeko biztanleen erabakien grabitazio eta esku luzearen eragina.

1936an, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren bidez, Euskadi autonomiazko nazio politikoa antolatu zen. Sortu, sortu zen Euskadi politikoa, euskadianoak erakundetzeko. Laburra izan arren esperientzia, aurrerantzean, ezinbesteko erreferentzia bihurtu zen. 1980an, Batzar Nagusiak zeudela, Eusko Legebiltzarra antolatu zen.

XXI. mendearen testuinguruan XIX. mendean euskal herritarren konstituzioaren definizio baterako eraturiko esperientzia praktikoa gogoratu behar dugu, aginte publikoaren jabe izan zelako. Historia honetan, hiru kinka aldi gogoratu behar dira: 1793-1794,1808-1812, eta 1839-1852.


Konstituzio politikoa Euskal Herrirako aginte publikoa bermatzeko

1793an jadanik, mendebaleko lurraldeetan, Batzar Nagusien ordezkariek Bilbon bildurik, argi eta garbi adierazi zuten konstituzio politikoa arautzeko eta zaintzeko premia zutela. Foru nortasun politikoak porrot eginez gero, Euskal herritarrena ere beste horrenbesteko amildegian desagertuko zelako. Batzar Nagusien aginteak izate politikoa gorde behar zuen. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusiak populazioaren borondatearen erakusle ziren.

Bilboko bilkura komunean, hara nolako zehaztasunez adierazi zuten: «Excitadas por sus naturales y el deseo de conservar sus fueros, franquezas, y libertades contemplaron conveniente examinar (egindako aldaketak)... como también de aquellos que pueden mejorar la Constitución del País y consolidar la Hermandad que desean perpetuar». Helburu hau, Arabako ordezkariak egin zuen deialdian ageri zen. Bilkurak lau egunez iraun zuen -1793eko urriaren 30ean hasi eta azaroaren 2an amaitu zen-.

Bilkuran, eskubide indibidualen arloan, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian gertatu zena ezagutu arren, ez zen eztabaida gai izan. Bileran liberal eta absolutista joerako buruzagiak egon ziren.

Beraz, lehen ondorioa hauxe dugu: Euskal kultura konstituzionalaren abiapuntua ez da, halabeharrez, Espainian konstituzio liberal formalen ondorioz soilik sortzen. Badu beste iturri argia, foru konstituzioa deiturikoan, delako honek egokitzapen berritzailea sortzeko gaitasuna ere gordetzen zuelako, Batzar Nagusiak indarrean zeuden bitartean behintzat.

XIX. mendean barrena, hiru herrialdeetako Batzar Nagusien ordezkarien bilkura komunen aktak irakurtzen baditugu, hau da «konferentziak» direlakoak, argi eta garbi ageri da aginte eta administrazio publikoa antolatzeko borondatea gorde nahi zutela. Bere kabuz antolaturiko aginteak administrazio publiko berriak sortzen zituen erronka berriak kudeatzeko gaitasuna adierazten zuen. Eta egituratze komun honek 1800ean errege agindua lortu zuen, hau da, lege zaharraren erresuman legezko erakunde egin zen.

1794ko gerra giroan Espainiar erresumarekiko leialtasunak erdi porrot egin zuen, Getarin bildu zirenean Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Hala ere, aldi berean, erregea, erlijioa eta patria ikur bihurturik Arrasaten antolatu ziren, Espainiar leialtasunari eusteko eta azken hauek benetako euskaldun jatorraren izatea definitu eta bereganatzeko gaitasuna erakutsi zuten. Adibidez, 1794an Bilbon Santiago elizarako argitaratu ziren bertso paperetan, honelakoak ageri ziren:

Bakotxak egiten dau
hemen al dabena
jakinik dala gerra
Jaunak nahi dabena
fraile ta abadiak
besteekaz batera
badira dira pozarren
armak hartutera

Señorijo, Konsulau
ta Urija alkarturik,
aberatsak izanda
dagoz pobreturik,
emoten ditubela
ondasun handijak,
gordetearren errege,
fede ta herrijak.


XIX. mendean barrena, Espainietako Erresumarekiko leialtasuna erabatekoa izan zen. Espainia barik, Espainiak baitzeuden Erresumaren baitan.

Baiona, 1808: Kultura konstituzionalen topaleku eta eztabaida
1808an Baionan Espainiarako lehen konstituzio liberala eztabaida gai izan zen. Napoleon Bonapartek Borboiak Espainiako erresumatik kendu, bere anaia errege jarri eta Frantziako ereduan oinarrituriko konstituzio politiko berria indarrez ezarri nahi izan zuen. Espainiako ordezkariak deitu zituen Baionara eta bertara joan ziren Bilbo eta Donostiako merkatarien kontsulatuetako ordezkariak, eliza katolikoaren ordezkariak eta Euskal Herriko Batzar Nagusietako ordezkariak eta Nafarroako Diputaziokoak.

1808an, Baiona Euskal Herriko kultura konstituzionalen abiapuntua izan zen. Legez aukeratuak izan ziren euskal herrialdeetako ordezkariak Baionara joan ziren eta herrialde bakoitzeko konstituzio politikoen alde egin zuten, foru konstituzioaren alde. Izan ere, liberalismoaren ildokoak omen ziren.

Nafarroako ordezkariak ziren Luis Gainza eta Miguel Escuderok (24-06-1808) honakoa adierazi zuten: «Se conserve a Navarra su Constitución particular». Arabako Ortuño Agirrek -Montehermosoko markesak- adierazi zuen «Que la provincia de Alava no sea comprendida en la Constitución que se va a dar a España y que se la conserve la que actualmente goza por fuero (...) sería inevitable su ruina, con la falta de la Constitución foral que goza». Jose Maria Lardizabalek Gipuzkoako legedia eta Konstituzio berriaren arteko kontraesanak adierazi zituen eta bere horretan Gipuzkoakoa gorde behar zela aldarrikatu zuen. Bizkaiko ordezkariak, Juan Jose María Yandiolak, honelako ondorioa atera zuen: Espainiak behar du Konstituzio berria baina Bizkaiak badu berea eta bizimodua ateratzeko premiazkoa: «Ha existido Vizcaya separada del Gobierno general de España, con Constitución y leyes propias».

Baina, bestalde, 1808 frantsesadaren hasiera ere izan zen. Indar armatu okupatzaileek libertatearen bandera aitzaki, aginte militar berria ezarri zuten. Iparraldeko euskaldunak Hegoaldera igaro ziren, libertatearen misiolari zirelakoan, «Bego Frantzia libro» oihukatuz. Okupatu eta okupatzaileen arteko tirabira sortu zen eta aldi berean gerra soziala izan zen, tokian tokiko matxinoak jauntxoak erasotzen hasi zirelako. Euskal Herriko buruzagi argiek, jauntxoek, Espainian erreformak sartzeko aukera zela ulertu zuten. Azkenean, Foru aginteak desegin ziren. Nafarroako Gobernua eta Bizkaiko Gobernua sortu ziren Paris zutela agintaritza iturri.

Bestalde, Espainiako patriotak Cadizen bildu eta konstituzio politiko berria idatzi zuten 1812an. 1808koaren aldekoak, frantsestuak eta traidoreak ziren. Bertan beste euskaldun legelari bat izan zen. Ez zuen izan Gipuzkoako Batzar Nagusien ordezkaritzarik, baina errefuxiaturik zeuden gizpuzkoarrek aukeratua izan zen: Migel Antonio Zumalakarregi. Batzar Nagusien bidez sorturiko legediak lege zaharrekoak zirela uste zuen eta Euskal Herrian Cadizeko Konstituzioan oinarriturikoa bere horretan aplikatu behar zela aldarrikatu zuen. Beraz, espainiar konstituzionalismo liberalaren sorreran bertan baditugu bi jokamolde desberdin.

Eta 1812an, Cadizeko Konstituzioa Batzar Nagusietan, Bizkaian (Bilbon) eta Gipuzkoan (Deban) zin egin zen, baina salbuespenezko klausulak jarriz: herrialdeetako konstituzio politikoaren berme edo egokitzapena lortzeko bide ematen bazuen.

Cadizeko gobernu ordezkariek ez zuten horrelakorik onartu eta aginte militarra bidali zuten, beste barik bere horretan indarrez jartzeko.

Euskaldunen nortasun politiko jatorra berdefinitua izan zen lege zaharreko moldetan: antzinako euskaldunen alabantzen poeman ageri du euskaldun jatorraren izatea. Bizenta Mogelek, Abandon eta Bilbon, liberalen aurkako ideologiaren zabalkundea egin zuen, frantziskotarrak lagun. 1819ko bertsoetan emakumeen aurkako erasoak ere salatu zituen. Tokian tokiko nortasun politikoaren etsaia liberalismoa zela aldarrikatzen zuen. Laburbilduz, bi ildok hasi eta iraun dute XIX. eta XX. mendean zehar: bata, O. Agirre -Montehermosoko markesa-, Yandiola eta Lardizabal liberalen lerrokoa; bestea, Ullibarri, Bizenta Mogel, P. Novia de Salcedo eta Valdespinako markesa lege zaharreko errege zaleen ildokoa. Batzar Nagusietako ordezkarienak eta liberal lerrokoenak sortu zuen euskal herritarren konstituzionalismo liberaleko oinarri teorikorik sendoena.


1839-1852. Euskal Herrirako Konstituzio

politikoaren bila
Konstituzioaren legediak zuzenbidea zuen iturri eta aldi berean pertsonen eskubideak bermatzen zituen. Horra kultura konstituzional berriaren oinarria eta zergatik zen erakargarria. Eta Espainian kultura konstituzional honen egarriak adierazpen ugari izan zituen, ez bakarra eta ezinbesteko norabidekoa. Ez da pentsatu behar Madrilen eztabaidatu zena izan zenik halabeharrez aukera bakarra. Horren lekuko, 1840an Katalunian errepublikaren joerakoa hartzen ari zen indarra. Militarrek gero eta sarriago ezartzen zituzten salbuespenezko egoerak, berme konstituzionalak kenduz. Eta Euskal Herrian gerra zibil baten amaierak bizikidetza berria halabeharrez ekarri behar zuela eta, Espainiar Parlamentuak, azkenean, 1839ko urriaren 25eko legea onartu zuen. Beraz, 1837ko konstituzioak debekatzen zuena, lege berriak jarri zuen indarrean: Batzar Nagusiak eta aginte publikoa, aurrerantzean foral izenpetua.

1839-1852 urteen artean politikagintza eta ideologien adierazpenen mintegia bihurtu zen Euskal Herria. Urte giltzarriak, Euskal Herriko erakundetze publiko berria ulertzeko.

Baina zergatik 1839ko legea, foru konstituzioaren eragina indarrera ekarri zuena? Gaur egun oraindik delako legearen eraginpean gaude.

1839an, Bilbotar biztanleak hainbat sinaduraz babesturik foruen alde agertu ziren. Foruen kontua ez zen soil-soilik jauntxo batzuen gogoa. Bilbo liberalismoaren ikurra bihurtu zen eta beraz, foruak eskatzen bazituzten, zerbaitengatik izango zen eta Madrileko iritzi publikoan eragina izan zuen. Aldi berean, Diputazio probintzialetako buruak, euskal liberal epelak eta sutsuak, 1839ko irailaren 19an bildu ziren Bilbon euskal herritarren aginte publikoak konstituzioaren baitan nolakoa izan behar zuen adosteko. Zera hitzartu zuten: Eskubide pertsonalak bermaturik zeuden 1837ko konstituzioan, Justizia ere konstituzioak modu berezituan antolatzen zuen. Guztiak horretan ados. Baina horrez gainera, merkatal askatasuna, -beraz, aduanak Ebron- eta Batzar Nagusien bidezko aginte publikoa bere horretan irauteko adostasuna premiazkoa zela hitzartu zuten.

Hala ere, beste modu batean ulertzen hasi ziren liberal sutsuak (donostiarrak) eta liberal kontserbadore edo epelak foruen bidezko agintaritzaren geroa. Nafarroako buruzagientzat -desamortizazio legeez baliaturik elizaren lurren jabe egin eta aberastu zirenak-, aski zen zerga eta udalen aurrekontuen kudeaketa, bestelakoan Estatuaren agintea onartzen zuten. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoek, aldiz, aginte politikoa ere nahi zuten.

Mendebaldeko herrialdeetan 1840 urteaz geroztik, foru konstituzioaren moldaketa-konponketa konstituzionala luzatzen hasi zen, ez zutelako onartzen Nafarroak hitzartu zuen eredua. Laster batean luzamendua euskal arazoa deiturikoa bihurtu zen, «la cuestión vascongada» delakoa. Jakina, kuestio edo arazo delako honen edukia eta mamia abagune bakoitzean aldatuz zihoan, unean uneko arazoen abiadan. Horregatik, konponketarako proiektu eta egitasmo instituzional ugari izan arren, abagune bakoitzean desberdinak dira. Hala ere, badago elementu iraunkorra: Foruzaletasun osoa nahi zutenentzat Batzar Nagusietan erabakitakoa onartu eta agindu beharreko bihurtzen zen. Beste batzuentzat aldiz, Espainiar Parlamentuak zuen aginte nagusia. Eta giro horretan, 1852ko azaroaren 7an, Pedro Egaña eta Blas Lopezek memoria luze eta sakona irakurri zuten, foruen moldaketarako bideak zein izan behar zuen adierazteko mendebaldeko hiru euskal herrialdeen estatusa finkatzeko. Proiektu horri deitu zioten euskal konstituzioa (ikus Breves apuntes en defensa de las libertades vascongadas. Escrito leído a la llamada Comisión de arreglo de Fueros nombrada por el Señor Don Juan Bravo Murillo en 1852. Bilbao. J.E.Delmas, 1870).

Gasteizen, 1834an jadanik hasi ziren foruzaletasuna liberalismoarekin uztartzen eta begiratzen. Blas Lopez Arabako Batzar nagusietako legelari nagusia zen. F. Otazu eta I. Ortes de Velascorekin batera ildo berria jorratu zuten. Liberalismoaren baitan epelak ziren eta 1850ean jadanik, proposamen finkoa bultzatu zuten foruen moldaketa berritzailea lortzeko. Baina Bizkaiko Batzar Nagusietan ez zen onartua izan.

Giro honetan euskal konstituzio politikoaren ardatzak hauek zirela adierazi zuten:

1.- Euskal administrazio publikoak ez zuela bestelako administrazio publikoen eraginez agindurik jasan behar.
2.- Merkatal askatasuna, baina 1841eko aldaketa, aduanak kostaldean, onartzen zituzten.
3.- Espainiar armadarako ez dute onartzen kintarik ez eta kontribuzio edo kupo handirik, neurrikoa izan ezik.
4.- Horretarako, berriz gogoratzen dute pase foralaren premia, hau da, espainiar legedia aplikatzeko, euskal administrazioko ordezkarien onespena lortu behar zela. («Para defender y salvar contra toda invasión injusta los anteriores derechos, la Constitución vascongada tiene un medio eficacísimo, testimonio a la vez y garantía de su originaria independencia: el pase foral»). Horra agintea sendotzeko edo blindatzeko tresna.

P. Egañak eta B. Lopezek novísimo derecho foral delakoaren oinarriak ezarri zituzten. Euskal politikagintzaren esparrua bi kontzeptu hauetan oinarritzen hasi ziren: «Euskal Konstituzioa» eta «Euskal autonomia». Biak euskal diskurtso politikoan ageriko dira urteetan barrena. Beraien ustez, ez zen nahikoa hala nolako moldaketa administratibo soila, berme politikorik jaso gabe.

Zalantzarik barik, bai ideologia arloan, zein foruen moldaketaren ibilbidean, P. Egaña eta B. Lopezen testuak jauzi sakona ekarri zuen eta aurrerantzean, ezinbestekoak bihurtu ziren foruzaleen artean.

Aldi eta urte berean, euskal nazionalitate kategoria erabiltzen zuten P. Egañak eta V. L. Gaminde liberal sutsuak ere. Iparragirrek Gernikako arbola kanta asmatu zuen eta Irurac bat ikur politikoa sendotzen ari zen. Partido fuerista delakoa gorputz hartzen hasi zen lurralde bateko biztanleen borondate eta agintean oinarriturik. Horra XIX. mende erdian gertaturiko aldaketa sakona euskal politikagintzan eta ideologian, belaunaldi berrietan eraginkorra izan zena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: XVIII. eta XIX. mendeetako iraultzak
Elhuyar anaiek baino lehen

Knustrup (Danimarka), 1546ko abenduaren 15a. Tycho Brahe astronomoa jaio zen. Besteak beste, Kopernikoren Ilargiari buruzko teoria hobetu zuen, errefrakzioei buruzko lehen taula osatu zuen eta Johannes Keplerren irakaslea izan zen.

Beraz, astronomiaren alorrean egindako... [+]


Ahanzturaren gaixotasuna

Frankfurt (Alemania), 1901. Alois Alzheimer psikiatra eta neurologoak Auguste Deter pazientea ikusi zuen lehen aldiz. 51 urteko etxekoandre alemaniarra kasu arraroa zen. "Pazientea eserita dago eta babesgabe dirudi" jaso zuen Alzheimerrek idatziz: "Nola duzu... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Egile eskubideak alkoholetan

Paris, 1847ko martxoa. Gau batez, Café des Ambassadeurs lokal ezagunean musika zuzenean jotzen ari ziren, beste hainbatetan bezala. Entzuleen artean Ernest Bourget, Paul Henrion eta Victor Parizot zeuden, hirurak musikariak, beren sormen lanaz bizitzeko borrokan ari... [+]


Billy Waters kale musikariari zor zaiona

Londres, 1823ko martxoaren 21a. Billy Waters kale abeslari, biolin jotzaile, dantzari eta aktore herrena hil zen St Giles auzoko benefizentzia etxean, 44-45 urte zituela.


Hilma Af Klint, abstrakzioaren ama

Stockholm (Suedia) 1896. Hilma Af Klint (1862-1944) margolariak eta beste lau lagun artistek boskote bat osatu zuten espiritismo saioak egiteko. Saio horietan oinarrituta, idazketa eta pintura automatikoan jarduten zuten taldekideek. Handik urte batzuetara, Klintek... [+]


Pastelak jan ditzatela?

Frantziar Iraultzan Luis XVI.a gillotinatik Maria Antonieta baino lehenago pasa arren, austriar artxidukesaren lepoa eskatzen lehenago hasi ziren. Zergatik ordea?


Migel Joakin Eleizegi Ateaga
Altzoko Handiaren itzulera

Azaroaren 20an dira 160 Altzoko Handiak agur esan ziola munduari, bere hezur handi eta guzti. Europako oholtza dirdiratsuetan itzulia egin zuen gizonkoteak sortetxean amaitu zuen umil, Altzo Azpiko Ipintza Haundi baserrian. Gero, bere oroimena ahozko istorio eta idatzizko... [+]


Esklabotza
Haiti, iraultza eta mendekua

1791ko abuztuan mundua astindu zuen iraultza batek. Eta ez zen Europan gertatu. Esklabotzan oinarrituriko sistema ekonomiko kolonial atlantiarra hankaz gora jarri zuten milaka beltzek Saint-Domingue uhartean: hainbat urtetako borrokaren ostean Haiti herrialde librea sortu zuten... [+]


Napoleon ez zen sekula Waterloon egon

1815eko ekainean, Napoleonek azken eta behin betiko porrot militarra izan zuen Waterlooko guduan. Baina Napoleonek ez zituen sekula udalerri hartako lurrak zapaldu.


‘Retour des cendres’, Napoleonen hileta luzea

Longwood, Santa Helena uhartea, 1821eko apirilaren 16an. Erbestealdian zela eta hil baino bizpahiru aste lehenago, Napoleon Bonapartek azken nahia erantsi zion bere testamentuari: Parisen ehortzi zezaten nahi zuen, “Sena ibaiaren ertzean, hainbeste maitatu dudan frantziar... [+]


‘Pétroleuses’, Parisko Komunako mitoa

150 urte igaro dira 1871 Parisko Komuna eratu zenetik. Bi hilabeteren buruan komuneroak jazartu eta eraikin ugarik su hartu zuten. Agintariek pétroleuse deitzen zieten emakumeen egotzi zieten suteak pizta petrolioa erabilita. Ehunka atxilotu zituzten, eta asko epaiketarik... [+]


2021-01-13 | ARGIA
Pariseko Komuna ezagutarazteko xedez, Communard-e-sen Lagunak elkartea sortu dute Garazi aldean

Martxoaren 18tik maiatzaren 28ra hainbat ekimen antolatu ditu elkarte berri honek. 1871ko martxoaren 18tik maiatzaren 28ra iraun zuen lehen gobernu iraultzaile eta sozialista erradikala izan zen Parisko Komuna.


Eguneraketa berriak daude