36ko Gerra. Uztaileko kronika: Hamaika mila matxino


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Errepublikaren historia, konspirazioena

Historiagile zenbaitek II. Errepublikaren historia bere aurkako konspirazioena dela diote. Ez dute arrazoirik falta. Izan ere bost urte iraun zuen erregimen demokratiko horrek sortze unetik beretik pairatu zuen azpijoko eta konspirazio giro ikaragarria. Euskal Herrian bertan, karlismoaren ezarpena zela eta, hainbat toki eta esparru politikotan horrelako jarduna izan zuten egunez egun. Azkenean, nolabaiteko arrakastaz, eta egundoko indarkeriaz, 1936ko udan azaleratu zen, Nafarroako hiriburuan bereziki.

Konspirazioak erro luzeak bezain zabalak zituen erresuma ohian. Errepublika aldarrikatu zen egunetik bertatik, jardun eta erakunde paramilitarrak hasi baitziren garatzen lurralde horretan. Karlistentzat, Alfontso XIII.aren monarkiaren suntsitzea, I. Errepublikako abagunean gertatu zen legez, beste matxinada bat burutzeko une aproposa zen. Hori dela eta, 1931z geroztik beraien elkarteak, elizak eta erakunde erlijiosoak babesteko aitzakiaz lehen talde armatuak eratu zituzten, dekuria deiturikoak hain zuzen ere. Baina laster, autodefentsaren mugak gaindituz, talde horiek etorkizunean erregimen demokratikoaren aurka altxatzeko hasi ziren prestatzen. Hori dela eta, Andia eta Urbasako mendikateak, Iruñerriko eta Lizarraldeko larrainak ariketa militarren probaleku bilakatu ziren. 1933ko hauteskundeetan eskuina ordezkatzen zuen CEDA eta alderdi errepublikanoen sektorerik kontrairaultzaileena biltzen zuen Partido Republicano Radical delakoa irabazle suertatzeak ez zituen asmo konspiratzaileak moteldu. Alderantziz, «biurteko beltza»n, hau da, Errepublikak maila guztietan kontrairaultza jasan zuen 1934-1935 urteetan, karlistek eta sortu berriak ziren falangistek demokraziari amaiera emateko beraien ekimenak azkartu zituzten. 1934ko martxoaren 31n, esate baterako, Rafael Olazabal eta Antonio Lizarza nagusi karlistak, hainbat militar eta beste arduradun eskuindar batzuekin batera, Italiara joan ziren Mussolinirekin sostengu militar eta ekonomikoa adostera. Quirinal jauregian bertan egindako bilkuraren ondorioz, buruzagi faxistak 1.500.000 pezetako diru-laguntza luzatzeaz gain, 20.000 fusil, 200 metraileta eta 20.000 granada eskaini zizkien. Horrez gain, ordutik aurrera, Erromatik gertu zegoen La Dispoli esparru militarrean, ehunka gazte espainiarrek soldadu ariketetan trebatzeko aukera izanen zuten. Besteak beste, hortik igaro ziren Nicolas Belzunze, Emiliano Larrea, Pascasio Osacar eta Jaime Del Burgo errekete nafarrak.

Ordurako, nahiz eta Errepublikak karlismoak zuen jite kontrairaultzailearen alde egin, beraiek beste karlistada berri bat abiaraztea zuten amets. Bestetik, mugimendu horren buruzagitzan izandako aldaketak -Rodezno Kondearen ordez Manuel Fal Conde jartzeak- ekimen paramilitarrak areagotu zituen. Horren ondorioz, 1935ean Lizarzaren arabera, 899 patruila eta 5.394 errekete zeuden egituraturik Nafarroa osoan zehar. Kopuru horretan, Zangotza-Agoitzeko merindadea nabarmentzen zen besteen gainetik, 247 talde eta 1.482 errekete biltzen zituelako. Bigarren lekuan zetorren Iruñerria 8.215 patruila eta 1.290 txapelgorrirekin, pixka bat atzerago Lizarraldekoa 186 eta 1.116 erreketerekin eta milako marratik gertu baina iritsi gabe, hegoaldeko merindadeak: Tuterakoa eta Erriberri-Tafallakoa alegia. Horiek guztiek, Erriberakoek bereziki, altxamendua gauzatuta, Falangearen bitartez hornitu zituzten beraien matxinatuen multzoak. Erreketei dagokienez, horietako asko, egun argiz irten ziren plazara Lizarran, 1935ko martxoaren 21ean, Tomas Zumalakarregiren heriotzaren mendeurrena zela eta eskainitako omenaldian. Izan ere, Egako herrian, txapel gorria jantzita, 3.000 inguru elkartu ziren karlismo berrindartuaren agerraldia burutzeko.


Bakoitza bere banderarekin, 17an 17:00etan eta 19an 0:00tan

Baina benetako indar erakustaldia urtebete beranduago etorriko zen. Horren abiapuntua 1936ko hauteskundeetan, Fronte Popularrak izandako garaipena dugu. Dirudienez Errepublikako lehen biurtekoak izan zuen jite aurrerakoira itzultzea jasanezina suertatu zitzaien karlistei zein hainbat militarri. Izan ere, 1936ko martxoaz geroztik batzuek eta besteek azkartu egin zituzten beraien konspirazio asmoak. Nafarroan azkenean kide bihurtuko zirenek ez zuten oso berandu arte bat egin, altxamenduaren bezperetako uztailaren 15a iritsi arte, hain zuzen ere. Bitartean, karlistak eta matxino militarren buru zen Emilio Mola bakoitza bere aldetik aritu ziren, estatu kolpea prestatzen. Azken hori, 1936ko martxoaren 14an iritsi zen Iruñera eta beste hainbat militar -Manuel Vicario, Carlos Moscoso, Gerardo Lastra- konspiratzaileekin bildu ondoren, Aragoitik Gipuzkoara zihoan matxinoen armiarma sareko kapitaina bilakatu zen. Bide batez karlistekin harremanetan jarri zen baina, erreboltak eduki beharko zuen orientabideaz zituzten desberdintasunak zirela medio, beraien arteko adostasuna oraindik hagitz urrun zegoen. Generalaren asmoa, tropekin Zaragozatik, Iruñetik, Burgosetik eta Valladolidetik Madril aldera jotzea zen, agintea eskuratzeko asmoz. Eta hori egin orduko, 1923ko estatu kolpearen ondorengo antzeko diktadura martxan jartzea. Karlistek 1936ko ekainaren 11n Jose Luis Zamanilloren bitartez Molari berari aurkeztu zioten programa askoz osatuagoa zen ordea. Bertan, konstituzio errepublikarra eta aro horretako gainontzeko legeak bertan behera lagatzeaz gain, sindikatu eta alderdi politiko guztien deuseztapena azaltzen zen. Egoera berriari aurre egiteko, behin-behineko diktadura eta 1932ko kolpe saioaren egilea zen Jose Sanjurjok zein bi ordezkari karlistek osatuko zuten «directorio» delakoa aldarrikatzen zuten. Erregimen politikoari buruz ez zegoen aipu zehatzik, baina banderaren inguruko eztabaidak -hau da, zer nolako ikurraren atzetik altxatu beharko zuten- zeharka bazen ere, matxinadak hartu beharko zuen behin betiko norabide politikoa -diktadura errepublikarra ala monarkia berrezartzea- islatzen zuen. Molak bandera hirukoloreduna defendatu zuen bitartean, karlistek Errepublikaren aurreko bikoloreduna, gorrihoria, jendeak «piperpotoa» deiturikoa nahi zuten soldaduen eta boluntarioen aitzindari.

Bilerak bilera eta desadostasunak desadostasun, bi konspirazioek bidea egin zuten. Militarrek 1936ko ekainaren bukaeraz geroztik, Juan Yagüe, Gabriel Saenz de Buruaga eta Francoren bitartez, Afrikako iparraldean zegoen armadaren matxinada hitz emanda zuten. Horrela, gero suertatu zen legez, Marokotik penintsulara jauzi eginez, hegoaldetik Madrilera eginen zuten. Emilio Mola Iruñetik prest zegoen agindupean zituen soldaduekin eta inguruko dibisioekin, erreketeekin edo gabe, gauza bera egiteko. Azkenean, banderen eta beste programaren puntuak alboratuta, Nafarroako batzordeko kide ziren Baleztena anaiek, Martinez Berasainek eta Luis Arellanok Donibane Lohizunen zegoen karlisten buruzagitza nazionalari altxamendu militarrean parte hartzeko baimena eskatu zioten. Uztailak 14an militarrekin batera parte hartzea ebatzi zutenean, behin-betiko hitzorduak jakinarazi zituzten: uztailak 17an 17:00tan Marokon; bi egun beranduago, 19ko lehen ordutan, Iruñean.


Odolezko Bezperak

Hala eta guztiz ere, Afrikako armadaren altxamenduaren berri izan bezain agudo, mugimenduak hasi ziren Euskal Herri osoan. Molak esate baterako, 18an bertan deitu zion Nafarroako goardia zibilen burua zen Jose Rodríguez Medeli matxinada militararekin bat egiteko ea prest zegoen jakiteko. Ezetza eman zion eta erabaki horrekin sinatu zuen ordu batzuk beranduago bere menpekoek burutuko zuten bere aurkako erahilketa zigorra. Izan ere, arratsaldean, Iruñeko kuartelean, bertako txapelokerrak bildu zituenean Tafalla aldera eramateko, atarian bertan tirokatu zuten guardiek Rodríguez Medel komandantea. Gerra beraz, 19a baino lehenago hasita zegoen Iruñeko alde zaharreko Merced kalean. Odol isuri horrekin batera, lehen atxiloketak gauzatzen hasi ziren Iruñean eta herri askotan. Mariano Menor Poblador gobernadore zibila bera 18ko ilunabarrean matxinoek kanporarazi zuten bitartean, herrietan alkate eta zinegotzi errepublikar, nazionalista eta ezkertiarren aurkako ehiza hasita zegoen.

Tokian tokiko kartzelak, azken hilabeteetan atxiloturiko falangistez hustu ziren heinean, atxilotu berriekin betetzen joan ziren. Tafalla, Tutera edo Lizarrako barruti espetxeaz gain, Iruñekoa laster bete zuten pikete falangistek eta karlistek harrapaturiko ezkertiar, jelkide eta errepublikano ugarirekin. Hori dela eta, martxoaz geroztik hutsik zegoen San Cristobalgo gotorlekua berriro ere kartzelarik handiena eta latzena bilakatu zen. 18ko gauez hasitako indarkeriak jarraipen entzutetsu bezain jendetsua izan zuen hurrengo orduetan. Ordurarte taldexka maila gainditu ez zuten falangistek, egoera berriarekin harrotuta, beste alderdien egoitzak erasotzeari ekin zioten. Izquierda Republicana delakoak Errepublikaren Plazan (egun Gaztelu enparantza deitzen duguna) zuen biltokia izan zen lehena. Ordu batzuk beranduago, EAJ-k Zapateria karrikan zuen batzokia eta La Voz de Navarra egunkari jelkidearen inprimategia eskuratuko zituzten betirako, Franco hil arte bederen. Frankistek Gerra osoan burutuko zituzten lapurketen zerrenda luzearen lehenengoak ziren.

Larunbata zen uztailak 18 hura eta arratsean, Diego Martinez Barriosek deitu zion Molari Madrildik, kinka larri horretatik ateratzeko asmoz eratu beharko zuten gobernu berrian parte hartzeko. Molak ezetz erantzun ondoren, Estatu gerra adierazi zuen Nafarroako hiriburuan. Ordu batzuk beranduago, Guardia Zibilek Diario de Navarrako inprimategitik jasotako gerra bandoak lurralde osora zabaldu zituzten. Iruñean bertan goizeko 6:00tatik, soldaduak turutez eta atabalez lagundurik, kalez kale paratzen aritu ziren askatasun guztiak deuseztatzen zituen gerra aldarri hori. Ondorengo orduetan, milaka gizonek herrietatik hiribururako bidea hartu zuten. Asko eta asko boluntario gisa, urte horietan ikasitakoa ekintzara eramateko gogoz. Beste anitz bizitza salbatu nahian, halabeharrez, ator txuria kenduta, falangisten urdina edo karlisten kakia jantzi behar izan zuten luze pentsatu gabe. Nafarroako altxamenduaren indarra ikusita, «Frontera edo Fuertera» zirt edo zart erabaki beharreko ataka arras famatuari, ezkertiar, errepublikar eta jelkide anitzek matxinoen aldeko erantzuna eman zioten. Nahita matxinaturikoak eta beharturikoak metatuta, uztaila amaitu baino lehen, erreboltarien uzta itzela zen Nafarroan, 11.000 gizon armetan baitzeuden: 6.828 errekete frontetara atera ziren bitartean, 3.054 falangista joan ziren gerrara eta 312 gizon zeuden armadan boluntario sartuta. Tuterako merindadea ezik, gainontzekoetan, karlistak nagusitu ziren jendea antolatzeko tenorean. Baina aintzat hartzen badugu Gerra hasi baino lehen batzuek eta besteek zuten ezarpena, zalantzarik gabe hazkunderik handiena ator urdinen aldetik etorri zen, Falange Española izan baitzen matxinadara etorri berrien kokaleku nagusia. Guzti horiek Siciliako, Americako eta Arapilesgo batailoien soldaduekin batera Madril eta Gipuzkoa aldera abiatu ziren. Molak Madril zuen helburu, baina Donostian altxamendua korapilatu eta azkenean porrot egin zuelako, hara desbideratu behar izan zituen soldadu eta boluntario asko. Donostiako Loiolako koarteletan matxinaturik zeuden militarrek uztailaren azken egunetan amore eman zutenean, Oiartzundik, Goierritik eta Bidasoatik kostata ari ziren hurbiltzen matxino nafarrak. Eta ordurako argi eta garbi zegoen Madril alderako txango militarra, egun batzuetako kontua izan behar zuen hura, Gerra Zibila bilakatzen ari zela. Diario de Navarrak berak 1931ko apirilaren 12an, Errepublikaren aldarrikapenaren bezperetan, «hauteskundeak galduz gero gerra zibila baino ez zaigu geldituko», iragarritakoa, bost urte beranduago egi bihurtzen ari ziren.


Matxino txikien atzean... handiak

Hamaika mila altxatu horiek mugiarazteko hamaika matxino gidari izan ziren Errepublikako urteetan. Konspirazio lanetan, parlamentari jardunetan edo komunikabidetan aritu zirenak, hain zuzen ere. Horietako batzuk aipaturiko esparru horietako batean baino gehiagotan jardun zuten. Militarrak dira ezagunenak azken batean, beraiek leherrarazi zutelako erregimen demokratikoa eta Euskal Herriari dagokionez Emilio Mola eta Camilo Alonso Vega nagusitzen dira ezbairik gabe. Mola 1936ko martxoaz geroztik zegoen Iruñean eta ikerlari guztiak bat datoz esaterakoan Errepublikako agintariek hanka-sartze galanta burutu zutela Mola Marokoko Larachetik Iruñera bidali zutenean. Izan ere, bere kokapen berria erabili zuen iparraldeko matxinoen arteko kontaktuak eta konspirazioa indartzeko. Arabako, Gipuzkoako eta Zaragozako militarrekin harremanak erraz lotu zituen. Camilo Alonso Vegarekin, Ortiz de Zaraterekin, Bartzelonan zegoen bere anaia Ramonekin eta Zaragozako Miguel Cabanellasekin bilerak burutu zituen behin eta berriro Iruñeko ingurutan, altxamendu militarra prestatzeko. Horiei guztiei luzatu zizkien berak idatziriko Instrukzio erreserbatuak direlakoak, erreboltaren ezaugarri bortitzak azpimarratuz. Apirilaz geroztik, Iruñetik mugitu gabe, karlismoak zuen ezarpen handienetako hirian beraz, txapelgorria eta mauserra hartzeko gogo biziak zituztenekin negoziatzen aritu zen. Molak osagarritzat jo zuen karlismoaren esku hartzea, baina era berean funtsezkoa soldaduekin izan zitezkeen arazoak deuseztatzeko, gudarostean zeuden ezkertiarrak indargabetzeko. Karlistekin azken egunetan lorturiko hitzarmena gauzatzeko, eremu tradizionalistatik bertatik, Tomas Domínguez Arévalo Rodeznoko kondea zenaren eskutik izan zuen laguntza general espainiarrak. 1934z geroztik, Manuel Fal Condek karlisten goreneko buruzagitzan lekua hartu bazion ere, Nafarroako diputatu izan zen Madrilgo Parlamentuan Errepublika osoan. Alesbeseko jauntxo eta lur jabe handia izanik, egundoko eragina jarraitu zuen izaten karlista nafarren artean. Berak prestatu zuen Molaren eta Nafarroako buruzagi karlisten arteko bilera, Fal Conderen ikuspuntuak saihestuz, altxamenduan horien parte hartzea bermatzeko.

Elkarrizketa horiek gauzatzeko beste konspiratzaile esanguratsua ezin dugu aipatu gabe utzi. Raimundo Garcia «Garcilaso» izengoitia erabiltzen zuen Diario de Navarrako zuzendaria, alegia. Madriletik etorritako kazetari hori, 1912az geroztik Diario de Navarraren lehen arduraduna zen. Euskal antinazionalista amorratua bezain diktadurazalea, 1923koa aldarrikatu zenean ¡Ba zen Garaia! izenburuko editorialarekin agurtu zuen. Errepublika iritsitakoan, ongi deskribatu zuen Manuel Azañak «Garcilaso», berarekin bilduta egon ostean. Horrela zioen buruzagi errepublikarrak Diarioko zuzendariaz: «Katolikoa, espainolista eta Errepublikaren etsaia da. Berarentzat oker politikorik handiena Baskongaden eta Nafarroaren batasun politikoa laguntzea izanen zen. Orduan nazionalismoa arriskutsua bihurtuko zen. Hara doa Lizarrako Estatutua. Bizkaitarrak gorrotatzen ditu eta gustura debekatuko zituen mendigoroleen (sic) erromeriak». Garcia, 1933az geroztik parlamentaria zen eta 1936ko bozketetan berritu zuen ardura hori. Hala ere, ez zen batere nabarmendu Parlamentuan egindako lanengatik, bai, ostera, Madrilen egonik konspiratzen ari ziren militarren arteko bitartekari lanak burutu zituelako. Bere egunkarian, parlamentuko eta Madrileko giroko kronika ezkorrak zabaltzen zituen bitartean, Molarekin, Francorekin, Godedekin, baita Sanjurjorekin ere harreman estu-estutan jardun zuen «Garcilaso»k kolpea prestatzeko. Matxinada lehertzear zegoenean, Diario de Navarran bertan inprimatu zuten Emilio Molaren gerra bando ikaragarria eta uztailaren 19ko alean lehen orrian ¡Viva España!ko izenburupean argitara eman zuen kazetari matxino horrek. Gerrak iraun zuen bitartean, bere egunkaria frankisten bozeramaile sutsuena izan zen. Bigarren Mundu Gerran ere faxismo eta nazismoaren aldeko jarrera gartsua adierazi zuen «Garcilaso»k. Zer esanik ez Francoren garaian diktadurarekiko atxikimenduari dagokionez. Horren truke, Francok berak irekitzen zuen Estatuko kazetarien zerrendan zazpigarren karneta eman zioten madrildarrari.

Sari askoz potoloagoak jaso zituen beste faxista esanguratsuenetakoa, Rodeznoko kondea izan zen, hain zuzen ere. Frankistek estreinako gobernua eratu zutenean bera izendatu zuten Justizia Ministro. Horrela eskertu zioten Falangearen eta karlismoaren arteko batze prozesuan izandako aldeko jarrera, beste buruzagi karlistek izan ez zutena. Gerra amaitu baino lehen Errepublikak indarrean jarritako legeriaren kontraerreforma burutu zuen Rodeznok. Horrez gain, diktadura frankistaren ezaugarri latzenetakoa izan zen Epaitegi Gorena martxan jartzea izan zen bere eginbeharrik nabarmenena. Bestalde, justiziaz arduratu behar zen jauntxo hori ez zen gauza izan Nafarroako erretagoardian, eta bereziki bere eskualdean zein herrian, suertatu ziren erahilketa ugari eragozteko. Gerra amaiturik, jauntxokeria foralfrankistaren adierazpiderik nabarmenena bilakatuta, Nafarroako Foru Aldundiko diputatu nagusia izan zen erretiratu zen arte. Dena den, aipu beltzen historia ez zen amaitu ardura horrekin, gaur egun, 36ko matxinada antidemokratiko horretatik 70 urte betetzear direnean, Iruñeko plaza handienetako batek jauntxo faxista horren izena daramalako.

Patu kaxkarragoa izan zuen beste matxino handi pare batek: Molak eta Sanjurjok, hain zuzen. Biak hegazkin istripuz hil ziren. Bizkaia osoa mehatxupean eta bonben pean izan eta gero, lehenengoaren hegazkinak Alcocerreko muinoaren kontra jo zuen, 1937ko ekainaren 3an. Bestea, Portugaletik altxamenduan parte hartzeko abiatu berria zelarik, Juan Antonio Ansaldo gidariak zeraman hegazkinak murru baten kontra jo ondoren, bertan hil zen. Demokrazia eta bizitza askoren borrero izatetik, beraiek martxan jarritako heriotz gurpil zoroaren biktima izatera igaro ziren. Ez dakigu, Nerudak, poesien bitartez eskaini zien infernuan egonen diren matxino handi horiek. Bai, ordea, 1936ko udan, militar horiek sustaturiko matxinadak hamaika mila hildako eta sufrikario ekarri zituela. Hamaika urte igaro arren ahantziko ez direnak.

Literaturaren argitan
Andolin Eguzkitza. Herioaren itzalpeetan. Txalaparta 1998

Zer espero zuten

«Arratsaldeko seiak dira. Uztailean gaude, hamazortzian izan ere. Iruña osoan zurrumurruak kurritzen du militarrak zerbait egiten ari direla. Oraindik ez dakigu deus segurutik, baina aroa ederra izanagatik, goibel dago giroa». Pasartea, Andolin Eguzkitza zenaren Herioaren itzalpeetan eleberriatik hartua da. Argitara eman zenean, oraindik bizirik ziren protagonistetako batzuk. Liburuan, Cunchillos familaren ibilbidea zaigu kontatzen, bereziki Santiago Cunchillos abokatu abertzalearena. Eguzkitzak gai bat nabarmendu zuen bereziki, protagonistek hartu zuten erabakiena, bide bat eta ez bestea hautatzearen arrazoiena. Nola jokatu egoera anker baten aurrean? Inork espero al zuen uztaileko altxamenduak ekarri zuena? Nola ulertu politikari batzuen jokabidea?

Literaturaren argitan izenburua aukeratu dugu sail honetarako, literatura garai bateko soziologia ulertu eta ezagutzeko tresna egokia baita. Sail honen asmoa ez da ikerketa sakon bat egitea, ez da kolosala izanen, ezinezkoa da argitara eman den guztia biltzea. Zenbait erreferentzia eskaintzea dugu xede. Bestalde, Espainiako Gerra Zibilarena gure literaturan, ez da gai isolatua, Euskal Herriaz ari gara, beraz, Espainiako II. Errepublika, errepresioa, erbestea (edota erbesteak esan beharko genuke) eta II. Mundu Gerrara, erresistentzia eta beste jorratu behar. Gerra bera, ez zen 1937an, 1939an edota 1945ean bukatu. Nekez isilduko da gerraren oihartzuna gure literaturan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


2024-11-18 | Hala Bedi
Frankismoaren errepresaliatuak omendu zituen Lagrango Udalak larunbatean [Argazki galeria]

"88 urteko isiltasuna nahikoa da; gure herritarrek behingoz aitortza ekitaldi bat merezi dute"


2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Puig Antich, Estatuak ez du inoiz barkamena eskatzen

Espainiako Gobernuak dokumentu bat helarazi die Salvador Puig Antichen arrebei, Oroimen Demokratikorako ministro Ángel Víctor Torresen eskutik. Frankismoak anarkista katalanari jarritako heriotza kondenaren “baliogabetasun akta” dela diote. Harrigarria... [+]


2024-10-17 | Cira Crespo
Herriaren ahotsa onartuko duzu

Gaur gauean, urriak 17, 88 urte faxistek Jose Ariztimuño, Aitzol, hil zutena. Fusilamendu pelotoiaren aurrean ez zuela isilik gelditu nahi irakurri berri dut. Soldaduei tiro egitea kosta egin omen zitzaien, behin eta berriz agindu behar izan omen zieten su egiteko. Hala... [+]


ANALISIA | Urriak 12
Torturatuak: ausart edo aske?

“Gaur eguerdiko albistegian, zuen hiriburuko alkatea ikusiko duzue, torturatu gintuen gorputz militarrari hiriko plaza nagusia eskaintzen. Gaur eguerdiko albistegian, gure lagun eta senideak hil zituen egitura ikusiko duzue gure kaleetan desfilatzen. Eta guk, beste egun... [+]


Donostiako La Cumbre “Estatuaren biktimen etxea” izatea proposatu dute

La Cumbre Jauregia biktimen aitortzarako, erreparaziorako eta dibulgaziorako gune bilakatzeko proposamena egin dute memoriaren inguruan dabiltzan hainbat taldek eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideek. Memoria Demokratikoaren Legearen arabera, eraikina Donostiako Udalaren... [+]


2024-10-15 | Julen Orbea | Zuzeu
Bizitza oroit dezagun

1944an, Stauffenberg-en agindupean, Hitler bonba batekin hiltzen saiatu ziren, soldadu eta herritar alemaniar batzuen artean prestatutako ekintza baten. Hurrengo hilabeteetan naziek 90 pertsona exekutatu zituzten ekintza haren ondorioz.


Eguneraketa berriak daude