Net Hurbil: Munduko kopa atsedenaldi Brasilgo krisian

  • Zorionean iritsi zaie Munduko Futbol Kopa Brasilgo agintariei. Maiatzeko liskarrak baretu eta Lulagandik hasita espetxeetako labezomorroetaraino, denak hiptonizatu dituzte Ronaldok eta Ronaldinhok. Gero, Alemaniako argiak itzaliko dira eta Brasilek su hartuko du berriro.

2021eko uztailaren 19an
Ronaldo ez al dago gizenegi? Cafu zaharra ez al zuen entrenatzaileak etxean utzi behar? Argentinako urde horiek menderatuko ote ditugu? «Hilabetez horiek dira gairik garrantzizkoenak herrialde honetan. Baina dena bukatu eta Brasilgo jokalariak, kopa irabazita edo hondoa jota, etxeratzen direnean Brasilgo jendeak arazo itsusiagoak aurkituko ditu ostera aurrez aurre: justiziaren eta presondegien egoera, eta bazterketa sozialean eta desberdintasunean oinarritutako sistema baten errealitate gordina».

Horrela idatzi duena Sue Branford da. BBC eta The Guardianerako egiten du lana Hego Amerikatik, eta pare bat liburu idatziak ditu: Cutting the Wire: the Story of the Brazilian Landless Workers' Movement (Sareak urratzen: Brasilgo Lurrik Gabeko Langileen Mugimenduaren historia) eta Chemical Warfare in Colombia: The Costs of Fumigation (Gerra kimikoa Kolonbian: Fumigazioaren prezioa). Ekain honetan Brazil's historic test lerroburua daraman artikulua plazaratu du Open Democracy aldizkari elektronikoan.

Branfordek dioenez, Alemanian Brasilgo jokalari horizkoek beren balentriak nola lortzen dituzten erreparaka daude sorterriko espetxeetan ere, eta presoen artean Primeiro Comando da Capital (PCC) erakundeko buruzagiak plasmazko telebisten kreno handietan ariko dira partidak ikusten. «Baina laburra izango da atsedenaldi hau, eta luze baino lehen berriro piztuko dira joan den maiatzeko 11-19an gertatu ziren bezalako istiluak». Orduko gertakizunei «an urban civil war» deitu die Branfordek, gerra zibil hirikoa.

Maiatzean PCCk txundituta utzi zituen brasildarrak Sao Pauloko estatuan, herrialdearen bihotz industriazkoan, matxinada bortitzak antolatu zituenean. Agintariek aldez aurretik jakin zuten presondegietan sekulako oldartzea zegoela prest maiatzaren 13rako. Erakundean zeuzkaten salatarien bidez izan zuten horren berri agintariek. Baina PCCk ere baditu bere zakurrak polizien artean, eta presoen buruzagiek jakin zutenean PCCko 500 kide espetxez aldatzera zihoazela, data baino hiru egun lehenago lehertarazi zuten errieta.

Munduak harrituta ikusi zituen Brasilgo 100 presondegitan gertatutako triskantzen eta polizia-etxeen kontra egindako erasoen irudiak. Europan azkar bezain erraz ahaztu zen jendea, baina egun haietan panikoa nagusitu zen Sao Pauloko herritarren artean, bigarren erasoaldi are gogorragoa gertatuko zela zabaldu zenean. Kristo guztiak handik ihes egin nahi zuenez, trafikoa kolapsatuta egon zen. Azkenean ez zen apokalipsirik gertatu: PCCk erasoak geldiarazi egin zituen, askoren ustez agintariekin akordio batera iritsitakoan.

Poliziaren errepresaliek ondoko egunetan jarraitu zuten, ordea. Polizien webgune batean hau irakurri omen zuen Branfordek: «Erori den Mike (polizia militar) bakoitzeko, bi gaizkile akabatu behar ditugu». Egun horietan 122 susmagarri hil zituzten Sao Paulo hirian. Horietatik gutxienik 28 ziur errugabeak zirela hiriko Arartekoak berak aitortu zuen. Lekuko batzuek adierazi zuten poliziek tabernetako terrazak tirokatu zituztela, bere horretan.


Milioi erdi preso abandonatu

Maiatzeko kalapitarekin ohartu dira Brasilgo klase ertainetako biztanleak badela PCC izeneko erakunde bat espetxeetan 140.000 kide eta kanpoan beste 500.000 dauzkana. Hileroko kuotak kobratzen dizkie bere bazkideei eta berriemaileak badituzte abokatuen artean bezala taxizaleetan. Agintariek PCCko kideei egozten dizkiete Brasilen gertatzen diren lapurreta eta hilketa garrantzizkoenen %20. Urteotan gainera kolpe ikusgarriak eman dituzte.

Nola ulertu erakunde kriminal batek horrelako indarra edukitzea? Sue Branforden esplikazioak hiru gako dauzka. Hasteko, PCCk espetxeetan errekrutatzen ditu nagusiki bere kideak. Espetxeak mukuru daude presoz, birentzako ziegetan 12 pilatuta, kaos betean, droga nonahi, epaitu gabe urteak daramatzaten asko eta kondenak bete arren han segitzen duten ugari. PCC da presondegietako bortizkeria hein batean murriztuarazi duena, bisita eskubideak bermatzea lortu duena, familiarteko askori bidaiak erraztu dizkiena. Jakina, bere kideak defendatzeko ausardia bera darabil PCCk traizioa edo lapurreta egin dion edonor gupidarik gabe kalitzeko.

Bigarrenik, agintariek gauzak arras oker egiten dituzte alor honetan. Diktaduraren jarraipena den poliziak salaketa asko izan ditu, giza eskubideei begirunerik batere ez dielako. «Polizia militarra -idatzi du Branfordek- gerrilla ezkertiarrari erasotzeko sortu zuten, eta gaur orduko taktika berak erabiltzen dituzte gaiztaginen kontra auzune txiroetan». Sao Pauloko estatuko segurtasun idazkaria behin eta berriro esana omen da jendaurrean: «Lapurrik onena, lapur hila eta ilargipean lurperatua». Krimen antolatuaren kontrako borrokaren buru den Ruy Ferraz Fontes-ek eslogan hau dauka: «Direitos humanos para os humanos direitos» (Giza eskubideak, gizaki zuzenentzako). Poliziak ohituta daude susmagarriak hotz-hotzean garbitzen.

PCC indartu arazten duen hirugarren arrazoia egiturazkoa da. Brasil izango da munduan dagoen gizarterik injustuenetako bat. Herrialdeko aberastasunaren %46 herritarren %10 aberatsenen esku dago, eta %50 behartsuenek ondasun guztien %13 baino ez dute irabazten. Askok diote Brasilen apartheid sozial eta arrazazkoa dagoela, eta hau justiziaren kudeaketan ere islatzen da. Aberats zuririk apenas dagoen espetxe arruntetan, eta brasildarrek dioten moduan, presondegietan daudenak «pobres, pretos e putas» dira: txiroak, beltzak eta prostitutak.

Txiroentzako ez da justiziarik. Ekain honen hasieran Rio de Janeiroko txabolategi bateko eskola batean tiroketa izan zen gaiztagin gang baten eta poliziaren artean, eta 17 haur zauritu zituzten balaz; ez du inork ikertu han gertatu zena, eta gurasoek badakite ez dela ikertuko ere.

Lula da Silvak, 2003an agintera iritsi zenetik, zenbait hobekuntza ekarri zituen behartsuenentzako, eta beharbada horrek baimenduko dio hurrengo hauteskundeetan berriro lehendakari ateratzea. Baina Brasilek eskatzen dituen aldaketak izugarriak dira, eta Lulak martxan jarri duen politika ekonomikoak ez du hainbestetarako emango. Espetxeei dagokienez, gaur 340.000 herritar daude gatibu, eta 2008rako 500.000 egongo direla kalkulatzen da. Kopuru horiekin, presondegietako pilaketa are latzagoa izango da.

Sue Branfordek artikulua Ronaldinho, Ronaldo eta Kakaren aipamenez bukatu du. «Zorioneko jokalari horiek aurkitu dute aberasteko bidea, baina berena ametsa da futbolaren ihauteri alaian: atzean utzi dituzten brasildar askok bizimodua ateratzeko, babesteko edo ihes egiteko ez dauka PCC bezalako gang batean sartzea beste aukerarik».


www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude