Jaca: Euskaldunon udalekua Pirinioetan

  • Bilboko euskaltegi batean eman beharreko hitzaldia amaitu eta Tolosakoa nintzela jakitean ikasleetako batek honako hau esan zidan: «Bada, agian, udan Tolosaldera joango naiz euskara praktikatzera». «Udan ez zaitez Tolosaldera joan; han ez da inor geratzen eta! Euskara praktikatzera zoaz Jacara!».

2021eko uztailaren 27an
Ikasle hark txantxetan nenbilela pentsatuko zuen agian, baina serio ari nintzen; izan ere, udan, euskara gehien entzuten den hirietako bat izango da Jaca, edo nahiago baduzue, Chaca, aragoieraz. Ez dut kale-neurketarik egin, baina emaitzak harrigarriak izango lirateke.


Euskaldunon topaleku

Euskal Herria inguratzen duten Kantabria, Errioxa edo Gaztelako beste hainbat herri bezala, Jaca familia euskaldun askoren opor-leku da, gustu guztietarako aukerak eskaintzen baititu Oroelen itzalak babesten duen Donejakue bideko herri zahar eta eder honek: mendi ibilaldiak, kaleko giroa, igerilekuak, ikuskizunak... eta normalean ondo jasan daitekeen mikroklima lehor eta atsegina; freskoa goiz eta iluntzetan eta beroa arratsetan, nahi duenean erretzen ondo baldin badaki ere.

Neguan elurra, udan hiria edo mendia... Kontua da Jaca eta Jacetania urte osoko turismo gune bilakatu direla. Horren froga, azken hamarkadako hirigintza hazkunde ikaragarria. Bertako batzuekin hizketan, eraikitzen ari zirenak «casas para vascos» zirela aipatu zidaten. Bazekitela etorkizun ekonomikoa neurri batean turismo euskaldunaren baitan zegoela, baina... Ez ninduen «baina»ren doinu saminak harritu.


Historia aberatseko eskualdea

Ez dago zalantzarik. Done Jakue bidean zaude. Erromesak maiz ikusiko dituzu bide ertzean. Eta erromanikoaren bila joan gabe, bera hurbilduko zaizu. Aragoiko erresumako hiriburu izan zen honetakoa dugu, esate baterako, penintsulako lehen katedral erromanikoa.

Askoz ere ikusgarriagoa da, ordea, San Juan de la Peña, harkaitzaren kontra eraikitako monasterio magikoa. Granitozko txapelak babesturiko zenobio honetan, Erdi Arora itzuli zareten sentsazioak hartuko zaituzte. Eta horren ezagunak ez izan arren, Santa Maria de Iguácel edo San Pedro de Siresara hurbiltzea gomendatuko nizueke.

Jacan bertan, garai eta estilo desberdinetako eraikinak ikusi ahal izango dituzue, katedraleko plazatik abiatuta, hiriko kalexka estuetatik barrena abiatzen bazarete: Erlojuaren dorrea, Aragoiko platereskoaren adibide ederra den Udaletxea edo Aragón ibaia zeharkatzen duen San Miguel zubia, konparazio batera. Rapitaneko gotorlekura igoz gero, inguruetako bista zabalaz gozatu ahal izango duzue, eta fortea eta berunezko soldadutxoen erakusketa ikusi.

Eta Gotorlekua. Oso-osorik mantentzen den gutxietako bat da. Haurrekin joateko leku egokia da; bertako lubakian dauden oreinak bisitatzeko aitzakian, inguruko terrazetan egonalditxoa egin ahal izango duzuelako. Bertan militarrak daude, eta egia esan, ez naiz inoiz sartu.


Egañaren Jaca

1930eko abenduan Galán kapitaina Errepublikaren alde matxinatu zenean, haren soldaduen artean bazen zarauztar bat, urteetara fraide sartu eta Francoren eskutik saria jasoko zuena, Espainiako Lanbide Eskolarik onena sortzeagatik. Horixe da, duela urte batzuk Andoni Egañak idatzitako Pausoa noiz luzatu eleberriaren gaia. Jacara doanak eraman dezakeen irakurgairik egokienetako bat da, zalantzarik gabe.


Chaca

Hiri honen izena era askotara ikusiko duzue idatzita -Iaca, Iacca, Jaca...- aragoieraz izan ezik. Fablak 500 bat hiztun omen ditu Chacan bertan, baina aitortu behar dut, inoiz ez dudala inor aragoieraz hitz egiten topatu. Zaila da alderdi hauetan, gaztelania ez den beste hizkuntza bat dagoenik sumatzea. Liburu dendatan ondo miatuz gero, aragoieraz idatziriko liburuxkaren bat aurkitu ahal izango duzue, eta fablaz idatzitako txartelen bat irakurri nahi izanez gero, Cadiera tabernara joan beharko duzue. Eta kito!

Fablarik ez, baina jan-edana bai. Ostalaritza indartsua du Jacak, eta ondo jakin du egokitzen inguratu zaion turismo euskaldun familiarrari.


Nahi adina ibilaldi

Goizeko freskuraren babesean, ibilaldi ugari egin daiteke oinez Jacatik abiatuta inguruko herrixketara: Barós, Asieso, Guasa...

Denbora gehixeago behar da Oroel mendira igotzeko (1.769 m.). Jacatik abiatuta 3 bat ordu. Bestela aterperaino autoz inguratu eta 2 ordutan igoko zarete. Animatuenek, urtero abuztuan antolatzen den Oroeleko igoeran har dezakezue parte.

Pirinioetako gailurrez aparte asko dira, familian eta haurrekin egin daitezkeen ibilaldiak. Formigaletik abiatuta, bi aukera proposatuko dizkizuet: Portaletetik Anayeten lakuraino, edo Portaleteko muga pasa eta berehala autoa aparkatuta, Midi d’Ossauren azpialdera heltzea. Oso aterpetxe txukuna duzue bertan. Echotik aurrera Ozako basoraino iritsi eta Aguas Tuertasen barrena abia zaitezkete, trikuharriz, animaliez eta mendi tontor ederrez inguratuta, eta indarrean egonez gero Estaneseko lakuraino iritsi. Astunen teleaulkia hartuta, amuarrainen lakuraino igo zaitezkete eta paseotxo bat emanez Midi d’Ossauren parera heldu.

Plan errazagoa nahi? Meatzariek zerabilten Artousteko trentxoak izen bereko lakuraino eramango zaituzte, malkar ikusgarri baten ertzetik.

Merezi du, egun ez oso eguzkitsu batean, inguruko herrixka txiki guztiak zeharkatzen dituen errepidea hartu eta Aisaraino heltzea, gero bertatik basoan barrena abiatzen den bidea segitzeko. Garcipollera da, gutxi ezagutzen den beste haran interesgarria. Virgen de Iguacelera doan bidea hartuta, eskuinetara Villanovilla herrixka hustu eraberritua edo Larrosa herri abandonatua aurkituko dituzue.

Zer gehiago? Canfranc bere tren-geltoki eta nazien urrearen inguruko historia harrigarriekin. Urrutixeago Ansó eta Echo. Eta hegoaldera joanda, Riglos, labanaz moztuak diruditen harkaitz gorrixka izugarriekin. Gertu, Loarreko gaztelua. Lur hauek euskaraz mintzo dira oraindik: Loarre, Aierbe... Eta Santa Eulalia de Gállegoko etxe atarietan lauburu ugari ikus daiteke oraindik.


Festarako aukera anitz

Udan zehar ohikoak dira kultur eta musika ekitaldiak, asko eta asko kalean: liburu azoka, kale-antzerkia... Abuztuaren lehen astean, Pirinioetako folklore jaialdiak, mundu osoko kolorez, dantzaz eta musikaz beteko du Jaca.

Herri txikietako festak ere nonahi. Ez aukerarik galdu Os Chotos d’Embún bezalako taldeekin kalejiran ibiltzeko, bizilagunek gazta eta txorixoa banatzen duten bitartean. Esate baterako, Aragües del Puerton. Eta Huescako festak ere ez dira ahaztekoak!

Inguruko udako jaialdien artean, Sallent de Gállegoko Pirineos Sur nabarmendu behar; aurten uztailaren 13tik 29ra. Baita udan zehar, Done Jakue bideko herrietan egiten den antigoaleko musikako Jaialdia. Folk musika Aragües del Puerton eta Jasan uztailean eta Bailon abuztuan. Santa Cilian, berriz, kaleko antzerkia abuztuan.


Kiroling

Talde txikitan edo koadrila handitan, haurrekin edo gabe, eskarmentua izan edo lehen aldiz hurbildu, egoera guztietara egokitutako aukerak aurkituko dituzue: raftinga, arroilen jaitsiera, eskalada, mendia... gainera, izotz gaineko patinaia, eta hegaldiak, Santa Ciliako aerodromoan.

Aldapetan pedalei ondo eraginez gero, Aisako itzulia eman dezakezue bizikletan Guasillotik abiatu eta Castiellotik itzulita. Edo San Juan de la Peñara joan, Oroeleko mendatetik edo Santa Cruz de la Serósetik.

Perretxikoak bildu nahi dituenak, eguraldia eta zortea lagun, aukera paregabea izango du paraje hauetan. Ez dut pista handiegirik emango, baina Somportetik bestaldera pasaz gero, nekez itzuliko zarete onddo, gibelurdin edo zizahoririk bildu gabe.

Eta, aizue, lasai-lasai egon eta aspertu nahi baduzue, horretarako aukera ere izango duzue.


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude