Arbustaingo arranplan ekin diogu bideari, justu ordua eta tenperatura azaltzen dituen ordulariaren azpitik. Garai batean arranpla zen herriko igerilekua eta asko dira bertan igerian ikasi dutenak. Udan ere marea goran dagoenean hainbat gazte ibiltzen da bertan petriletik uretara salto eginez, beraz, busti nahi ez baduzue adi ibili!
Albo batean Urola ibaia dugu eta bestean Amaiako plaza, garai batean Zumaiako portua zena. Julio Beobide ibiltokitik, ibaiaren itsasoratzeari jarraituz abiatu gara aurrera. Ipar-haizea dabilela sumatu dugu kirol portuko belauntzien mastilen zarata entzutean. Eskuinera hainbat bide ditugu, batzuk kirol portua inguratzen dute eta besteek Santio hondartzara daramate. Udan asko dira bertan bainujantzian paseoan ibiltzen direnak eta horrexegatik jarri diote bideari, herriko zaharrek, pasarela Cibeles izena.
Ezkerrera daukagun errepidea amaitzearekin bat, agertu zaizkigu Julio Beobide (ikus koadroa) eskultore zumaiarraren Kresala etxea, eta berau zaintzen dauden kainoiak. Aurrera jarraituko dugu eta ate gorria zabalik badago behintzat, paol muturreraino joango gara. Itxita badago ez pasa, olatuek gogor jotzen dutenaren seinale baita. Itsaso zakarra dagoenean alderik alde hartzen dute olatuek paol bidea eta baita bera eraikitzeko erabilitako harriak bota ere. Atea zabalik daukagu eta goiko pisutik egin dugu muturrerainoko bidea kresal usainak eta olatuen hotsak lagundurik.
Itsaso eta mendi
Paol muturrean merezi du denbora hartu eta inguruari begira jartzeak. Getariara doan N-634 errepiderantz begiratu dugu eta goian Askizu (Getariako auzoa), eta Orruako hondartza ditugu. Arkaitzez beteriko hondartza da hau eta ura behean dagoenean asko dira bertan karakolak, lapak edota olagarroak arrantzatzen dituztenak.
Tunelaren beste aldean lehen aipatutako Santio hondartza dago. Pinudien atzean berriz, Ignacio Zuloagaren museoa. Norabide honi jarraituz paolari bira eman eta hainbat mendi ikusi ditugu aurrez-aurre. Bertan dugun informazio panelaren laguntzaz, Arizmenditik hasi eta Matxitxako lurmuturreraino doazen mendiak bereizi ditugu. Itsasoa lasai dago gaur eta zeru garbiak paisaia erogarri hau ikusten utzi digu. Bistaz gozatuz egin dugu atzera buelta, etorritako bide beretik, arrantzan dabiltzan txalupei begira.
Arrangoletara
Heldu gara berriz ere ate gorrira eta orain Beobideren etxearen atzeko kaletik, Baltasar Etxabetik, egin dugu buelta. Berehala eskuinean bidexka bat agertu zaigu, bertatik joanez katu plazara azaldu gara eta olagarroak arrantzatzeko beste leku bat ezagutu dugu.
Berriz bueltatu gara Baltasar Etxabe kalera eta etxe artetik Arrangoleta plazara iritsi gara. Bertan dugu, eraikin horixkan, Algorri interpretazio zentroa. Barnean, ondoren, gure begiez ikusiko ditugun itsas labarrak eta flyschen -itsaso gaineko geruza bertikalen- inguruko azalpenak ditugu. Zentro honen ezkerrera dagoen aldapatik ekin dugu mendi aldera, itsas labarrak eta itsaso zabala erakutsiko dizkigun tontorrera.
Talaimendi
Baratzeen artetik doan bidexka jarraituz gorantz goaz. CDak zintzilik dituen baratzea eskuinera utziz jarraitu dugu eta berehala ezkerrera dagoen bidea hartu dugu. Orain arnasa sakon hartu eta aldapa gogorrenari ekin diogu. Belarra luze dago eta ia ez dugu bidea ikusi ere egiten baina gorantz jarraitu besterik ez dugu egin behar itsasoa ikusteko. Atzerantz begiratuz herri osoko bista agertu zaigu. Pare-parean, mendian, Artadi auzoko San Migel ermita ere ikus dezakegu.
Heldu gara mendi ertzera eta bertatik lehen paol muturretik ikusi dugun bista berbera agertu zaigu, orain ordea lehen Talaimendi berak ezkutatzen zituen Itzurun hondartza eta Algorri bidea ditugu aurrean. Mendi ertzetik, itsasoa behean dugularik eskuinetara jo dugu eta hala Itzurun hondartza gainera heldu gara; maldarik gabeko gunean eskuinera jo eta hondartzako bidera agertu gara. Gu ez gara hondartzara joango eta Zelai hotelera doan aldapa hartuko dugu. Hotelaren atzeko aldetik eskailerak igo eta itsasoa eskuinera utziz aurrera jarraitu dugu San Telmo ermitara doan bidera azaldu arte. Itsas labarren gainean dago ermita eta behekaldean du Itzurun hondartza.
Algorri
Ermitaren ezkerrera marra txuri gorriak erakutsiko digute Algorrira iristeko bidea zein den. Beherantz doa bidea baina gu harrixka gorrien gainetik, goitik goaz muturreraino. Bertatik Zumaia eta Deba arteko fenomeno geologikoa ikusiko dugu, historiaren liburu irekia. Alde batera edo bestera begiratuz denboran milaka urte egingo dugu aurrera edo atzera, dinosauroak desagertu ziren garaira helduz. Goitik xaflak eta flischak ikusi ondoren, beherantz doan bidexka bat hartu eta marea behean bada haitzetara jaitsi gaitezke.
Ardantzabide
Algorri atzean utzi eta mendi aldera daramatzaten bideak alde batera utziz, ezkerreko beheko bidetik joango gara Ardantza txiki baserrira heldu arte. Bertan zuhaitz arteko bidetik, Ardantzabidetik alde zaharrerantz joango gara. Bidean garabiak ikusi ditugu lanean eta parez pare San Pedro parrokia dugu. Bertara igotzeko etxe gorriaren ondoko eskaileretatik gora joan gara eta Harategi kalera heldu. Ezkerrera San Pedro, herriko zaindariaren eliza dugu. XIII. mendekoa da eta gotorleku itxura du; dorre ia karratua herri guztitik ikus daiteke. Parrokia ezkerrera utziz eskuinera jo dugu eta San Juan iturrira heldu gara.
Alde zaharra
Iturriaren ondoan Juan de Olazabal, Felipe V.aren idazkaria izandakoaren etxea daukagu. Goiko plazara joateko hiru kale ezberdinetatik egin dezakegu bidea baina gu kale nagusitik, erdiko kaletik goaz. Berehala goiko plazan azalduko gara eta bertan garai batean merkatu plaza zena dugu aurrez aurre, Zumaiako argazki zaharrak erakutsiz paretean. Honen ondoan eskuinera San Jose komentua eta bere parean Udaletxea.
Erribera
Merkatu plazaren albotik, San Jose kalea hartu dugu eta Bonifazio Etxegarai aldapan behera abiatu gara, Erribera kalera heltzeko. Hau da dudarik gabe, Zumaian mugimendu gehien eta bizitza gehien duen kalea. Bertan barneratu eta nahi izanez gero tabernaren batean hamaiketakoa egiteko aukera daukagu. Kalea jarraituz horma horia eta leiho berdeak dituen etxearen ondoan aurkitu dugu Marinelen San Telmo kofradia (ikus koadroa). Mastil luzea du leihoan baina bandera falta du; izan ere, aste santuaren ondoren ospatzen diren San Telmo jaietan bakarrik izaten da bandera zintzilik bertan.
Amaiako plaza
Erribera kalea pasa eta ezkerrera dugu Oxford eraikina, erpinean Aita Mariren irudiarekin. Aurrean Amaiako plaza dugu; lehen portu zaharra zen eta belaontziak eta itsasontziak zeuden egun zuhaitzak eta dindanak dauden tokian. Garai hartako etxeak ikus daitezke plazan egiten ari diren etxe berrien artean. Tenperatura altua erakutsi digu termometroak, eta Arranplan egonik zer hobeto uretara sartzea baino?