Istanbuleko Taxim europar auzotik urruti dago Diyarbakir. Autobusak Anatoliar penintsula zeharkatzeko behar dituen 20 orduak, alabaina, ez dira, inolaz ere, distantzia honen isla. Turkia europarzalea «Hego-Ekialdea»z mintzo da beti, nortasunik gabeko izenek distantziak handitzen baitituzte. Gainera, «Kurdistan» entzute hutsak kirrinka egiten du hainbat belarritan.
«Tigris eta Eufrates ibaien arteko lurraldeari Mesopotamia deritzo» ikasten da eskolan. Kurduek Dicle eta Firat deitzen diete ibaioi, eta euren artean dagoen Diyarbakir hiriari, Amed. Turkiako hego-ekialdea.
Izenak izen, bertakoa den Baran familiak ez dauka gauza hauetaz pentsatzeko denbora askorik. Hamabi dira etxean: Badin eta Zemzema 50na urteko bikotea, eta beren seme-alabak. Baina laster hamaika izango dira, Sabahat (25 urtekoa) alaba zaharrena datorren hilabetean ezkonduko baita. Denak, batez ere bere bost «logelakide»ak, oso pozik daude eta ezkongaientzat artilezko ohea egiten ari dira kurdu usadio zaharrei eutsiz. Zemzema beldur da antzinako tradizioak desagertuko ez ote diren, hots, ezkontzeko adina eta sexuaren araberako ordena ezartzen duen hori. Dirudienez, senide zalantzati batek ezkongaien ilara sor dezake bere atzetik. Halakoetan, familia osoaren presio jasanezinak okerreko erabakiak hartzea eragin dezake, gustuko ez duzun lehengusu horrekin ezkontzea ohikoena izaki. Ausartenek etxetik alde egiten dute baina, zorionez, Sabahatek ez du honen beharrik izan.
Halaber, Mehmetek Ahmet (30 urte) anaia nagusia ezkondu arte itxaron beharko luke, baina ez da hau arazo bihurtuko momentuz. Apirilean bete berri ditu 18 urteak eta kezkatuago dago oraintxe egin beharko duen selektibitatearekin, ez baita ikastea gauza xamurra Barandarrenean; ikasgela, telebista-gela, jangela eta logela, leku bakarra diren etxe honetan. Algara eta toki eza oztopo dituen arren, Mehmet salbuespena da bere adinekoen artean, 10 kurdu gaztetik bakarrak bukatzen baititu bigarren hezkuntzako ikasketak. Nolanahi, eskolako liburuak baino, hizkuntzetakoak atsegin ditu gehien, geroan atzerriko mintzairek hainbat ate irekiko dizkiotelakoan. Pilo bat dauzka, denak telebista atzeko zokoan txukun gordeta: ingelesa, frantsesa, errusiera… ariketa guztiak berak bakarrik eginda. Diyarbakirera inguratzen diren turista urriekin hizkuntzak praktikatzearren, txango gidatua eskaintzen die hirian zehar. Bisitariek diruz, edo euren etxean bueltan liburuak edo hiztegiak bidaliaz eskertzen diote paseoa. Paradoxa bada ere, atzerriko hizkuntzen eskuliburuak askoz errazago lor daitezke bertako kurduerazkoak baino. Hain zuzen ere, Santiagoko (Galizia) udaletxeak
Kurdiya Hesa (Oinarrizko Kurduera) 2.000 ale argitaratu eta bidali zituen Diyarbakir-eko eskoletara. Dirudienez, Ankarako gobernuak ez zuen begi onez ikusi atzerriko ekimen eskuzabala, eta jada 6 hilabete pasa direla, liburuek ez dute Turkiako muga zeharkatu oraindik.
Dena dela, ezin esan egoera hobetu ez denik azken urteotan. Orain kurdueraz hitz egin daiteke behinik behin, beti ere eskola, udaletxe edo beste edozein toki publikotik at. Garai gogorrenetan atxiloketa zekarren kalean kurdueraz hitz egite hutsak. Aldi berean, ez zen eskolan onartzen izen kurdua zuen umerik, eta matrikulatu ahal izateko izen aldaketa ezinbestekoa zen. Hau ere gertutik nozitu zuten Lezgin (13 urte) eta Evin (10 urte) anaia-arrebek: etxean izen bat eta kalean beste bat. Gazteegiak ziren nahaste-borraste hori ulertzeko eta negar asko egiten zuten. Baina horiek haurtzaroko kontuak dira. Orain, ordea, euren adineko ume kurdu orok bezala, helduen ardurak dauzkate. Evinek ez du inoiz panpinarik izan; ezta beharrik ere, Kaplan (6 urte) eta Berat (4 urte) senide txikietaz arduratu behar baita. Bestalde, Lezgin biltegi batean lanean hasia da zama astunak mugitzen, egunean 13 turkiar liraren (8 euro) truke.
Badin-ek, haurren aitak, lan jakinik gabe eman ditu azken 9 urteak. Noizean behin eraikuntzan jarduten badu ere, diru behar handia dago oraindik etxean. Beste ogibiderik aurkitu ezean, bere jatorrizko herrian ematen du Badinek denbora gehiena, han duen baratzeak etxeko sukaldea neurri batean hornitzen du-eta.
«Diyarbakirtar askok aukera hori ere ez dauka», dio berak. 80 eta 90eko hamarkadetan hain juxtu, turkiar armadak makina bat kurdu herri errautsetan utzi zuen; 4.000 inguru, Turkia kanpoko zenbait erakundeen arabera. Bestalde, garbiketa etnikoak milioika barne errefuxiatu sorrarazi zituen, eta bost urtetan Diyarbakir-eko populazioa hirukoiztu zen.
Aipatu bezala, Mehmetek bisitaldi gidatuengatik diru sariren bat jasotzen du noizean behin. «Txinakoak irabazten dio soilik ia 6 kilometroko luzera duen basaltozko harresi honi» esaten die turistei, erdigunea inguratzen duen Erdi Aroko murru beltzari erreparatzean. Bestela ere, armeniar eliza, Ulu meskita eta bazarrak, hiru orduko oso txango atsegin eta interesgarria osatzen dute. Tamalez, Turkiako Kurdistango hiriburua ohiko turismo zirkuituetatik oso urrun gelditzen da, eta Mehmetek ez du irabazten, ezta gutxiagorik ere, Berat txikiak beharko lukeen sudurreko ebakuntza ordaintzeko adina. Egia esan, kurdu gutxik lortuko luke, «Hego-Ekialde»ko
per capita errenta herrialdekoaren %42ra nekez iristen baita.
Iheslariak, soldaduak eta zerbitzariak
Ahmet (30 urte) igeltsero aritu zen hainbat urtez. Funtsezkoa zen bere soldata etxeko ekonomian, baina orain ihes eginda dago. Bere erabaki gogorra inori ez zaio arrotza egiten hemen. Turkiarrek hainbestetan aipatutako erreforma gorabehera, ezer gutxi behar da hemen atxilotua eta torturatua izateko. Aurtengo martxoko istiluetan hain zuzen, Barandarrek lehengusu baten bisita espero zuten. Autobusetik jaitsi bezain laster, kalean harrapatu, jipoitu eta espetxera eraman zuen poliziak mutila. Ez zeukan inongo lotura politikorik, ezta gainontzeko 500 atxilotu guztiek ere ziurrenik, baina oraindik kartzelan dago.
«Ankarak dio PKKak (Kurdistango Langileen Alderdiak) antolatu zuela dena, baina gezurra da. Haserreak aterarazi zituen kalera langabetuak eta miseria gorrian bizi den jendea», kexu da Mehmet.
Diyarbakireko martxoko istiluetan 3 ume zeuden hildakoen artean, bat 3 urtekoa. Ankarak manifestariei haurrak erabili izana leporatu zien, eta Europar Batasunak, poliziaren basakeria ez salatzeaz gain, «terrorismoaren kontra»ko agerraldia egin zuen. Antza, garrantzitsuagoa da hiriko altzaria hildakoak baino. Istilu nahiz barealditan, milioi eta erdi biztanleko hiri honetako kaleak umez josita daude beti. Oinutsik asko, gordeketan edo baloiei ostikoka, korrika beti; nekez kontrola daitekeen haurren legioa, are gutxiago sua emandako gurpilek liluratuta.
Kurdistan osoan zehar haur ugari dabil nonahi, Diyarbakir-eko kale estuetatik Ararat mendiko artzainen kanpamenduetaraino. Izan ere, kurduen jaiotza tasak turkiarrena hirukoizten du, Mazedonian albaniarrekin gertatu bezala. Barandarrak ere 14 izango ziren anaia zaharrenak oraindik bizirik baleude, eta ez da hau ez-ohiko kopurua kurduen artean.
Ekialdeko presio demografikoari aurre egiteko azpigarapena da Ankararen arma eraginkorrena, homogeneoa den kurdu populazioa emigrarazteko, sakabanatzeko. Uda honetan, Mehmet eta Firat (15 urte) anaia gazteagoa mendebaldeko Antalia edo Marmaris bezelako gune turistikoetara zerbitzari joango dira, hainbat eta hainbat kurdurekin batera. Istanbul urtero bisitatzen duten milioika turistek, erdiguneko terrazetako langileei nongoak diren galdetzea besterik ez dute; Van, Urfa, Batman edo Diyarbakir bera entzungo dute, isilpeka askotan, ezkutatu beharreko sekretuak bailiran. Estatistika batzuek Istanbuleko populazioaren %40 kurdutzat jotzen dute, baina zaila da jakiten, ezinezkoa baita hiri erraldoi honen zentsu fidagarririk egitea.
Turkiako alde garatua bisitatzeko beste aukeretako bat soldaduska garaia da. Mehmeti bi urte falta zaizkio oraindik, baina ziur dago mendebalderantz bidaliko dutela 15 hilabetez, «Turkia aberatsaz maitemindu eta bertan gera nadin». Bere aitak adibidez, bi urte eman zituen soldadu Babaeskin, Greziako mugatik oso gertu, eta Ahmetek Istanbulen.
Mendebaldeko turkiarrak, aldiz, ekialdera ekartzen dituzte, «kurduak gorrotatzen ikas dezaten» zioen batek. Abdullah Oçalan PKK-ko liderra 1998an atxilotu zuten arte, gerra irekia zegoen eskualde honetan. Hakkari, Sirnak edo Diyarbakir bera, amets gaiztoko izenak bilakatu ziren Istanbul edo Ankarako 20 urteko gazteentzat. Irak eta Siriako mugak lagun, etengabeak ziren PKK-ko gerlarien erasoak inguru menditsu hauetan. Askok desertatu egin ohi zuen zorigaiztoko izen horiek soldaduska zerrendetan ikustean, hain zen bortitza «Hego-Ekialdeko» egoera. Gerraren intentsitatea jaitsi bada ere, Ankarak 40.000 soldadu bidali ditu berriki, martxo eta apirileko istiluek PKKren erasoak berpiztuko dituztelakoan.
Sargori dago gaur eta etxeko txikiak irrikan daude osaba Serdalek presara eraman ditzan bainua hartzera. Oso toki bitxia da hura umeentzat; soldaduz josita dago beti, eta ezin da argazkirik atera.
Zoritxarrez, nekez asma dezakete Barandarrek ur-lasterrak dakarrena. Ankararen GAP proiektuak (Anatolia Hego Ekialdeko Proiektua) Tigris eta Eufratesen urak biltzen ditu bere 20 presen bitartez, 3 milioi hektareako uholdea sortuz. Ekialde-Hurbileko planta hidroelektriko handiena izateaz gain, porlanezko egiturak ibaien hegoaldeko Siria eta Irak kontrolatzeko modu eraginkorrena bihurtu dira: iturri bat ixtea bezain erraza. Halaber, «Hego-Ekialde»ko lehorreko nekazaritza bat-batean hezeko bihurtzean, malaria eta disenteria kasuak hamar aldiz igo dira eskualdeko kurduen artean. Gauzak honela, azpigarapena eta errepresioa bigarren plano batean geldi daitezke datozen urteetan.
Teorian, Turkia 2010ean sar liteke Europar Batasunean; praktikan integraziorako data 2020a ia segurutzat jotzen dute adituek. Barandarren europar pasaporteak lerrotxo bat izango du, turkieraz, eta bandera urdin izartsua, Iran, Siria eta Irakeko mugetako mastetan mugituko du haize beroak. Kurduen giza eskubideak orduan bermatuko ote diren ezin jakin ordea, aski ezagunak baitira ilusio optikoak «Hego-Ekialde»ko basamortuan.