Ihesi: Ereñotzu inguratzen duten bost tontorrak


2021eko uztailaren 16an

Hernanitik Goizuetara bidea hartu (GI 3410) eta 10 minutuan iritsiko gara Ereñotzuko plazara. Urumea ibaiaren ertzean, auzoak aparteko izaera gordetzen du. Hizkerak seinale du Nafarroako muga bertan dena. San Antonio eliza erdian dela, Irrintzi taberna eta Ur Mia elkarteak auzo giroa bero mantentzen dute. Txirrita eskolak eta ondo kostatuta egindako etxe berriek aurrera begira ere bizitza ziurtatuko ahal diote!

Hamaika artista eman ditu auzoak: Txirrita bertsolari handia bertan jaio zen, musika munduan puntan dabiltzan asko ere bertakoak dira, indarberritutako korua du...

Hortik aurrerako deskubrimenduak arratsalderako utzita, San Antonio eliza ondotik ekingo diogu ibilbideari, errepidean gora. Aurrera jo eta berehala Latxe, Txirrita jaiotzen ikusi zuen parajera iritsiko gara. Bidetik pixka bat ezkerrera irtenda, Latxe Zaharraren pareta kondarrak ikusi eta bertsolariaren bustoari agurra kantatuko diogu. Errepidera itzuli eta aurrera, Abillats-ko zentral zaharrera iritsiko gara eta hor utziko dugu errepide nagusia, Zentral aldera doan zubia gurutzatuta.

Akazi, pinu, eukalipto eta haritz artean aurrera egingo dugu pistan, sudurra eta begiak esnaraziz. Pista, errepide nagusiaren paralelo doa eta Ubarroto eta Bezkite baserriak ikusiko ditugu goitik.

Altzusta baserria ezkerrera utziz, paralelotasuna ahaztu, eta eskuinera egingo dugu bidegurutzean. Altzustakoa dugu gaur ikusiko dugun lehen sarobea.

Aurrera jarraituta, Esolamakil sarobea pasa eta pistak eskuinera bira egingo du, baina guk zuzen jarraituko dugu, pista zaharragoan aurrera, eta Zulueta baserrira iritsiko gara, abiatu eta ordubetera. Hona beste sarobea.

Zuluetan gora Urnietako Besabi jatetxetik datorren pistaraino egingo dugu eta bertan eskubira hartuta Oindi eta Adarrarako bide gurutze nagusira. Ezkerrera Adarra dugu eta eskuinera Oindi. Ekin diezaiogun, Oindi igotzeari. Pistan eskubira joko dugu, Oindiko atakara iritsi arte. Ataka pasa eta malkar gogorra igo beharko dugu, baina tontorreko bistak merezi du. Itsasoari begiratu bat bota eta behera egingo dugu, oraindik bide luzea dugu eta.


Aballarri eta Adarra

Oindi jaitsi eta Besabitik datorren pista zeharkatuta, orain beste aldera joko dugu, Adarra aldera. Bigarren pista zeharkatu eta gora egingo dugu zuzen, Aballarrira. Aballarri eskubi aldetik zeharkatuko dugu, bost tontorren ordez sei egin nahi ez ditugunok behintzat. Magalean Arleorreko mairubaratza, eta aurrerago Sanson Harria ikusiko ditugu. Iturrigoxoko borda pasa eta zuzen egingo dugu gora. Tximista mairubaratza ere pasa eta ekin gogor Adarrako azken maldari, ibilbideko hirugarren ordurako menperatuko dugu eta.


Ugaldetxora

Hau da asmatzeko bide zati zailena: erne, beraz. Adarratik behera jaitsiko gara igo garen bide berean, ia Iturrigoxoko bordaraino. Behera goazela, Aranora doan lehen pista bat bada pinu tartean; hori ez da gurea. Beherago pista nabarmen bat ikusiko dugu eskubira doana eta horixe hartuko dugu. Gure pistari fidel, aurrera jarraituko dugu, pista nagusiago batzuk zeharkatuta. Laster, bi ataka ikusiko ditugu, nahiko jarraian, eta bigarrena zeharkatuko dugu. Pista guztiak utzi eta bidez kanpo eta zuzen jarraituko dugu, gentozen norabide berean, atakatik ezkerrera, pinu gazte artean. Berehala, itxitura batekin egingo dugu topo eta hura gainetik pasa eta behera doan itxiturari jarraituko diogu, hegiz hegi, ezker aldetik. Pista eta bide zidorretan egingo dugu behera eta guk beti gure itxiturari jarraituko diogu, egoskor. Litekeena da zenbait zatitan bidea zikin samarra egotea, ehiz garaiz kanpo batik bat. Pistek ezker eta eskubi eraman nahiko gaituzte, baina, ez galdu itxituraren erreferentzia eta bide zidorrak eramango gaitu zuzen. Begiak ondo ireki, zenbait tokitan bide zidorra bilatzea zail baita. Halako batean, eskuineko aldeko itxiturak basoa ixtera egingo du eskubira: guk orduan, ezker aldeko itxitura hartuko dugu lagun.

Bidean behera jarraitu eta itxiturarik gabe geratuko gara, baina lasai: ordurako Ugaldetxo bistan izango dugu. Eskubiko pista hartu eta Urruzona baserrira jaitsiko gara eta hemen ezkerrera joko dugu bidean. Olazar baserria pasatuta Ugaldetxora iritsiko gara, lau ordu eta erdiko ibiliaren ondoren.

Bide erdia egina dugu jada, eta nekatu direnek hau izango dute helmuga. Gehiagorako gogoz denak, segi aurrera.


Agina eta Urdaburu

Ugaldetxo jatetxe ondotik pista hartuko dugu Aparrainsorora. Aparrain baserrirako pista eskubira utzi eta zuzen jarraituko dugu gora eta Aparrainsoroko atseden lekura iritsiko gara, bazkaltzeko leku ederra. Pistak Agina mendia eskubitik zeharkatzen du eta beraz, ezkerrera jo beharra dago, tontorra zapaltzez gero. Egokiena, pistak eskubira nabarmen egiten duenean zuzen jarraitzea da, oso garbia ez dagoen belarrezko bidean gora. Itxiturari jarraituz garo artean pasako gara, malkar handian gora. Laster iritsiko gara tontorrera. Aurrera egiteko bi aukera ditugu Aginan: edo bide beretik hartu Aparraindik datorren pista, edo mendiz beste magalera jota hartu pista. Edonola ere, Aparrainen gora igo gaituen pista hartu behar dugu berriz ere eta berak eramango gaitu Urdaburu azpira. Urdaburu azpian nabarmena da tontorrerako bide zidorra. Utzi pista eta bide zidorrean gora egingo dugu, harkaitz handi baten azpira. Hemen iturria dago eta nekearen araberako tragoa eginda harkaitza jirako dugu, eskubi aldetik. Hamar minutuan tontorrean gara.


Akolako gaina

Bide zidorrean behera egingo dugu, igo gareneko kontrako aldera. Pagosardegiko atseden lekura iritsiko gara, eta hara non, Urdaburu azpian utzitako pista berriz ere aurrean dugu. Pistan jarraituko dugun kilometro inguruan, eta igoera txiki baten bukaeran, eskubira utzi eta bide zidor nabarmen bat hartuko dugu, aurrera. Eukalipto artean zalditegira iritsiko gara.

Hormigoizko bidea zeharkatu eta pistan jarraituko dugu, aurrera. Zenbait ataka pasako ditugu, arbola artetik atera eta garbi une zabal bat ikusten dugun arte. Bideak beherantz egiten du hemen, baina guk eskubira joko dugu, beste 100 metro inguruan. Uso postuetara iristean bide zidorra hartuko dugu ezkerrera eta Akolako gainera helduko gara. Ametz arteko erpin geodesikoak esango digu ondo goazela eta aurrean ikusiko dugu Arrondoko antena, bosgarren eta azken tontorra.


Arrondo eta Ereñotzu


Bidean Akolako trikuharri dotorea ikusiko dugu eta Donostia inguruko bista paregabeak. Trikuharritik eskubira ondo begiratu, hor hasten baita Larre Gain sagardotegira eramango gaituen pista. Arrondoko antena 100 metro aurrerago dugu eta bueltan etorriko gara pistara, Larre Gainera jaisteko (7 ordu eta 45 minutu). Sagardotegiko sagasti ertzean behera egingo dugu orain, itxitura eta sagastiaren kontra. Ataka bat zeharkatu eta behera egingo dugu bide zidorrean, zuzen Ereñotzura arte.

Sarobeak
Bidean hainbat sarobe ikusi ahal izango ditugu gaurkoan. Iberiar Penintsulako kantaurialdean (Galizia, Asturias eta Kantabria), eta Bretainian (Breizh) ere badira zirkunferentzia itxurako baso eremu hauek. Sarobeen kokapena, gehienetan bat dator artzantza trashumantearen larretokienarekin, izan ere, artzantza ekonomiarekin lotzen da sarobe sisteman. Hala ere, oso gutxi ikertu da hauen inguruan.

Sarobeak sarri megalitoen inguruan egoten dira, baina ez dituzte inoiz euren barruan harrapatzen. Gaur egingo dugun itzulian (Donostia-Hernani-Urnieta inguruan), 38 sarobe egon ziren gutxienez, eta 40 megalito (judumahaiak, jentilbaratzeak, zistak eta mugarriluzeak).

Artamugarriak markatzen du sarobearen erdiko puntua. Sarobeen egitura ere adierazten du harri landu honek: Gainaldean, gurutze edo asterisko tankeran, lau, zortzi edo hamasei marra egon ohi dira, eta hauek markatzen dute baztermugarria non den. Hartamugarritik baztermugarrirainoko distantzia, alegia, sarobearen erradioa, 142-147 metro artekoa da paraje hauetan.

Txirrita hil zela 70 urte

Jose Manuel Lujanbio 1860an Latxe baserrian jaio zen, gaurko ibilbidea hasi eta bukatuko dugun inguruan. 13 urte geroago, berriz, Errenteriako Txirrita baserrira joan zen familia osoa eta hortik hartu zuen ezizena.

Hargin oso ona omen zen, aritzen zenean. Bere lan filosofia esaldi honetan laburbiltzen zuen: «lan asko ez dek ona. Eta gutxi ere ez dek, ba, ederra. Onena batez!».

Pello Errota, Hernaniko Olegario eta bere garaiko gainerako bertsolariekin herriz herri ibili zen bertsotan. Paulo Ttikia izan zen Hernaniko bertsolarietan, maisu zaharrarekin kantatu zuen azkena. 1936ko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, eta idazten eta irakurtzen ez bazekien ere, utzi duen bertso jarrien altxorra aberatsa da kopuruz, eta parekorik gabea mailaz -denak eskura dituzue www.armiarma.com helbidean-. Harrigarria da, gainera, bertso jarri hauetako askok duten pisu historikoa eta gaurkotasuna, aldi berean. Zorrotz eta sakon, jolasti eta kritiko... hirurogeita hamar urte eta gero bizirik dagoen oroimena da Txirritarena. Bi bertso hauetan lehen plaza du gogoan, Ereñotzukoa:

Milla zortzireun irurogei ta
amalau urte urrian,
lenengo plazan kantatu nuen
nik Ernani'ko lurrian,
San Antonio deitzen diyogun
ermita baten aurrian,
lagunak alkar ixtimatuaz
lengo oitura zarrian.

Gazte-gazterik asi nitzan da
orañdaño bitartian
zenbait umore eder jarri det
Kantabria'ko partian;
pixka batian ez naiz aztuko
sartuagatik lur-pian,
nere aitamenak izango dira
beste larogei urtian.

Apustutik, auzoko festetara
Ereñotzu auzoa inguratzen duten bost mendiak igotzeko kapritxoa zuen Aritz Zerainek, eta ez kosta gabe, baina konbentzitu ninduen. 2001eko irailean egin genuen zita Ereñotzun eta egun pasarako pronto irten ginen, bidea zenbat luze zen ondo jakin gabe. Lehen ibili hura lasai egin genuen bokadilo, zahato eta guzti eta 9 orduren bueltan. Huraxe izan zen hasiera, eta ingurukoentzat akuilua: auzoko eta inguruko jendea marka nork jarriko hasi zen, eta ginen, eta hasieran oinez egiteko bidea zena korrika apustu bihurtu zen. Axier Etxeberriak 3:48:46 denboraraino jaistea lortu zuen. Beren kasa probatu eta denbora jaitsi dutela dioten auzotarrak ere badira, marka erregistratu gabe badago ere.

Arrakasta ikusita, 2004ko San Antonio jaien barruan jarri zuten bost mendietako martxa eta auzotar koadrila da urtero elkartzen dena. Batzuk ibili osoa egiten dute eta besteek erdia, baina hori bai, lasai lasai, bokadilo, zahato eta guzti.


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude