Net Hurbil: EPO eta hormonaz erraz puzten dira gihar globalizatuak

  • Milioika pertsona ari dira egunero dopatzen beren laneko edo kiroleko emaitzak hobetzeko, edo-eta itxura fisikoa aldatzeko. Tarteka horietako ale batzuk harrapatzen dituzte agintariek dopinaren kontrako kontroletan. Baina produktuok erraz eros daitezke eta denetan daude zabalduta.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Kirolaren inguruko droga eta botikek urtean 20.000 milioi dolar mugiarazten dituzte munduan, 20-25 milioi bezerok beren dosi ugarietan gastatuak. Trafiko horretan daude sartuta maila goreneko kirolariak eta amateurrak. Datuok eta analisi zorrotzak plazaratu zituen joan den astean Madrilgo El País egunkarian Alessandro Donatik. Kiroleko dopin kontuetan aditua da, eta Italiako mafiaren kontrako Libera elkartean ari da lanean.

Iaz bertan Hegoafrikako poliziak 12 tona esteroide anabolizatzaile harrapatu omen zituen, ehunka milioi dosi egiteko adina. Moskun aurkitu eta itxi zuten fabrika bat orduko 200.000 hormona anabolizatzaile dosi ekoizteko gai zena. Zipren gau bakar batean 4,6 milioi eritropoietina (EPO) dosi ostu zituzten, 300 milioi dolarreko balioa zutenak. Horrelako gehiago gertatu ziren mundu osoan. Eta jakinekoa da, poliziak harrapatutako trafikoa dagoen guztiaren zati txiki bat baino ez dela.

Dopin beharrak asetzen dituztenak gehienbat fabrika ez-legalak dira, baina adituen ustez korporazio handiak daude horien atzean ezkutatuta; botikagile handiek giza hazkundearen hormonatik eta eritropoietinatik gaixoek behar dutena baino produkzio handiagoa daukate eta. Trafikoa berriz, asko, Internet bidez egiten da, baina beste asko gimnasioek inportazio kanal ohikoagoak erabiliz burutzen omen dute, eta zati txiki bat errezeta faltsutu bidez. Farmaindustriak gainera dopagarri batzuk beste botiken artean kamuflatzen ditu, eta orduan martxan jartzen dute mafiek botika faltsuen mekanismoa.

Donatik salatu du kirolaren ardura duten agintariak oso atzera dabiltzala droga horiek kontrolatzeko sistemetan. Baina are salaketa larriagoa egin du aipatu artikuluan: Samaranch espainiarra buru zuen denboran Nazioarteko Batzorde Olinpikoak EPOa detektatzeko sistema garatzea enkargatu ziola nori eta dopin kasuetan nahastuta zegoen mediku italiar bati (Francesco Moser txirrindulariari lagundu zion Francesco Conconiri) eta honek lau urte galduarazi zizkiola erakundeari, gezurretan arituz. Gai honetan alfer samar jokatzeko motiboa badute agintariek: txapelketetan irabazten diren kopa, titulu eta dominak nazioen ohorearen eta indarraren erakusgarri erabiltzen dira.

Donati iazko abenduan Kopenhagen aritu zen gai honetaz, luze eta zabal, «Criminality in the International Doping Trade» izeneko biltzarrean. Han aurkeztu zuen dokumentazioa Interneten dago ikusgai.

"Mafiaren Kontrako Nazio Erakundearekin egindako elkarlanean -esan zuen Donatik- ulertu nuen dopinaren inguruko merkatu beltza ez zela nazioarteko komertzio handi bat ulertzeko leiho txiki bat baino. Horregatik burutu dut mundu mailako ikerketa hau. Gaur zuei metodoa, emaitzak eta aurreikuspenak erakutsiko dizkizuet".

Dopin produktuak bitan sailkatu izan dira: lorpenak hobetzen dituztenak eta irudia hobetzen dutenak. Bi helburuetarako erabiltzen dira esteroideak, testosterona, eta gizakiaren hazkuntzarako eta bestelako hormonak. Soilik emaitzak ontzeko berriz, EPO, Nesp eta estimulatzaileak. Horien trafikoa oztopatzen -Donatiren ustez- gutxitxo saiatzen dira estatuak munduan. Esteroide eta testosterona pertsegitzen dira zenbait herrialdetan. Aldiz, hormonak eta EPO askoz gutxiago. Bestalde, estimulatzaileek kirol dopinean duten garrantzia galduta geratzen da narkotikoen -drogaren- arazo zabalaren baitan. Hori guztiagatik dio Donatik gure begien aurrean azaltzen den dopin kopurua oso txikia dela mundu osoan produktu horretaz egiten den erabileraren ondoan.


Schwarzenegger-en giharrak

Trafikoa bost jarduera edo giza sailetan gertatzen da nagusiki: kirolean, militarren artean, body-building munduan (gimnasioetan), show business edo espektakuluan, eta gaixotasun jakinekin borrokan ari direnen artean. Horiek guztiek eskatzen dituzten dopin-gaiak eskuratzen bi sare saiatzen dira: batetik mafiak eta bestetik farmazia-korporazio batzuk.

Farmaindustria gaur erabat globalizatuta dago, eta erraz erabiltzen du munduan botiken kontrolerako dauden legeen arteko ezberdintasuna. Adibide txiki bat: Estatu Batuetan medikuaren kontrolpe zorrotzean agintzen den "Fertabolin" esteroide anabolizatzailea, Malaysian herritar guztientzako publizitatzen da, ahuldadearen kontra eta gosea egiteko. Donatik horrelako beste etsenplu zehatzak eskaini ditu. Komertzio globalaren gorabehera horiek baliatuz, mafia sartzen da erdian, eta mafiak ekarriko ditu produktu debekatu edo oso kontrolatu horiek ezkutuka Europara edo AEBetara.

1970eko hamarkadatik mafiak kontrolatu du esteroide anabolizatzaileen merkatua. Alessandro Donati zenbait izen esatera ausartuz, gaur Kaliforniako gobernadore denarekin "busti" da: Pumping Iron egitetik hasi eta beste hainbat film burutu zituen Arnold Schwarzenegger-ek, body-building-aren propagandista bihurtuz. Donatiren ustez hori lantzen zuten gimnasioak izan ziren esteroide anabolizatzaileak mendebaldean barreiatu zituztenak. Produktuon zabalkundean beste figura ezaguna David Jenkins eskoziarra da. 1971n Europako txapelduna izan zen 400 metroetan; handik urte batzuetara Estatu Batuetan atxilotu zuten anabolizatzaileen kontrabandoan, eta aitortu zuen txapeldun izan zen garaietan hartzen zituela (nahiz eta, frogarik ezagatik, ez zizkioten orduko dominak kendu). Gaur atletentzako gehigarri proteinazkoak saltzen dituen enpresa handi baten -Next Nutrition- jabe da.

Donatiren analisiaren arabera, dopinaren mundua 1995 arte AEBetako mafiak kontrolatzen zuen, Colombo, Gambino eta Gotti familiek. Gero pixkanaka horiek galtzen joan ziren beren nagusitasuna, eta gaur egun Errusiako mafiak dira komertzio horren jabeak, lanak -eta etekinak hein batean- munduko gainerako taldeekin partikatzen dituzten arren.

Dopin produktuen trafikoan gero eta garrantzia handiagoa du Internetek. Iaz trafiko osoaren %25 on-line egiten bazen, bi urte barru %50 izatera iritsiko da, Donatiren kalkuluetan. Horrek are indar handiagoa eman die Errusia, Txina eta Mexiko bezalako herrialdeetan diren produktoreei.

Bere hitzaldiaren bukaeran, Donatik salaketa gogorea egin zuen. Duela 12 urte, 1993ko abenduan Pragan Esteroide Anabolizatzaileen Trafikoari buruzko Biltzarra burutu zen. Bertan, AEBetan narkotikoen pertsegizioa egiten duen DEA erakunde famatuak neurri zehatzak proposatu zituen. Baina ondoko hamabi urteetan ez da kasik deus egin.

"Ondorengo urteotan -dio Donatik- biltzar hartan egon ziren erakundeek ez diote kasurik egin han proposatutakoari. Ez zen sortu arazo hau nazioartean borrokatzeko ez polizia berezirik ez legedi aproposik. Munduko Osasunerako Erakundeak ez ditu ukitu ere egin konpainia farmazeutikoak dopinerako balio duten botiken gain-produkzioa murriztu dezaten, hori baitago legez kanpoko trafiko honen oinarrian. Interpolek trafiko honen kontrako operazio bereziak ez egiteaz gain, bere urteroko dosierretan fenomeno hau aipatu ere ez du egin". Alderantziz, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak deklarazio hau egin omen zuen 1999an: "Poliziak lortu du gimnasioetan atleten artean botiken trafikoa egiten zuten sareak desegitea". Ia-ia...

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dopina
Kirol amateurra
Elitea imitatzen duen eredua aldatzeko lanean

Zergatik eta nola egiten dugu kirola herritar arruntok? Galdera hori abiapuntu hartuta mahaiaren bueltan jarri ditugu Jose Manuel Gonzalez Aramendi, Dorleta Ugalde eta Luis Mari Zulaika kirol adituak. Biztanleriaren gehiengoa sedentarioa dela esan digute, baina baita... [+]


Dopinaren Mundu Agentziak lau urterako kanporatu du Errusia nazioarteko lehiaketetatik

Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak ebatzi du Errusiak galarazita duela mundu mailako lehiaketetan parte hartzea. 2020ko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da, besteak beste.


2017-12-15 | Jon Torner Zabala
Froomen positiboa eta ‘Euskadi’ izena nork eramango lehia... edo ziklismoak zenbat gogaitzen nauen

Realak azken partida galdu ostean –Malagaren aurkakoa– Whatsapp mezua jaso nuen, J.B. Toshack entrenatzaile ohiaren esaldi batekin: “Astelehenetan hamar jokalari aldatuko ditudala pentsatzen dut, astearteetan zazpi edo zortzi, ostegunetan lau, ostiraletan bi,... [+]


2017-09-05 | Oier Aranzabal
Adrian Odriozola. Genetika, kirola eta ikerkuntza
“Dopin genetikoa negozio ikaragarria izan liteke batzuentzat”

WADA (World Antidoping Agency) erakundearen arabera, 2008tik erabiltzen da dopin genetikoa. Baina oraindik ez da kasu bat bera ere ezagutu. Ez baitago detektatzeko modurik. Adrian Odriozola EHUko genetika irakasleak eta bere kideek, diru faltagatik, bertan behera utzi behar izan... [+]


2017-05-30 | Jon Torner Zabala
Kirola (-edo): Debekatutako substantzia kopuru handia atzeman du Guardia Zibilak, gimnasio-ingurumarian

Guardia Zibilak 14 lagun atxilotu ditu Alacant, Valentzia, Valladolid eta Malagan, sendagaiak eta debekatutako hainbat substantzia sortu, faltsifikatu eta banatzen zituen talde kriminaleko kide direlakoan. Europan atzemandako produktu-kopururik handiena da DIANU operazioaren... [+]


2015-11-03 | Jon Torner Zabala
Dopin sarea antolatu izana egotzita, Urdaibaiko kargudun ohiak epaitegietan

Lekuko babestu batek [Urdaibaiko arraunlari ohi batek] deklaratu du ziztadak egunerokoak zirela: astegunetan, entrenamenduen ostean, eta asteburuan, lehiaketaren aurretik eta ostean ere.


Dopina
Zuk ez al zenuke positibo emango?
Zenbatek emango luke positibo Behobia-Donostia lasterketan dopin kontrola denei eginez gero? Eta ez gara ari katarroa sendatzeko hartutako jarabeaz eta eliteko kirolariez. Kirolari profesionalak imitatzen hasiak omen gara, jakinda, hainbat produktu modu ilegalean erosi ditugula,... [+]

Eguneraketa berriak daude