Bi urte dira oraintxe Maritxu Berritsu programa bukatu zenetik. Hitz egoki bila jardun dut. «Tristea» diot, batetik, «pena», bestetik.
Tristea ez. Pena bai. Nik, «falta» esango nuke. Falta, bai. Haurrekin lan egiteak magia du. Haurrekin lan egin duenak beste inork ez daki hori. Urte askoan egin nuen lan haurrekin eta bizi izan nuen magia hori. Magia kendu zidaten eta falta sentitzen dut. Puntu. Beste baloraziorik gabe. Magia apurtu da. Bertan lan egin genuenok bai, badakigu, zer magia bizi genuen. Delako Maria haren jaiotzaren berri eman genuen egunean bezala. Edo Kleopatraren historia edo harako futbolari haren kasua kontatu genuenean bezala. Magia. Momentu magiko asko bizi izan genituen.
Irrati-telebistetan programak erretiratzeko ardura hartzen dutenek beti diote gauza bera: «Programak hasi eta bukatu egiten dira». Maritxu Berritsuk hemezortzi urtean iraun zuen. Urte asko dira. Hainbeste denbora lanean eta ez duzu uste bukatuko denik ere.
Defentsa-mekanismoa da hori. Erabaki arbitrarioak izaten dira beti, eta erabakiak arbitrario direnean, ez ditugu ulertzen, ezta barneratzen ere. Erabakiak barneratzeko modu bakarra, ez sinestea da, eta pentsatzea erabakia hartu dutenak konturatu egingo direla eta programa abiaraziko dutela, berriz. Jarraituko dugula, alegia. Arrazoia zeure aldera itzuliko dela eta lehengo lana egiten segituko duzula. Gero, ordea, kantuak esaten duen bezala gertatzen da: «Denborak sendatzen du dena» eta norberaren barrua ere bere onera bueltatzen da. Dolua bete, eta gero, kito. Aurrera.
«Audientziak agintzen du». Horixe dugu beste lelo bat, ezaguna, zeinahi programaren bukaeran.
Audientziak esan nahi du negozio. Enpresa negozioaren bila doa. Negozioa izendatzeko erabiltzen den hitza da audientzia. Enpresa batean bezala. Irrati-telebistan, audientzia da etekina. Negozioa.
Enpresa publikoaren kasuan ere bai?
Kontzeptu horretatik ez da ezer geratzen. Izatez gero, irratiaren arduradunak alderdi politikoek izendatzen dituztela parlamentuan. Horixe besterik ez. Alegia, dirua publikoa dela, parlamentutik datorrela eta hiritarrek ordaindutako dirutik bizi garela bertako langileak. Baina lan egiteko modua eta enpresaren dinamika, guztiz merkantilista da, bai hemen, Radio Vitorian, bai eta komunikabide guztietan ere, izan publiko edo pribatu. Horretan ez dago alderik. Programazioari begiratu besterik ez dago. Besteek arrosa egiten badute, arrosa guk. Besteek horia? Baita guk ere. Linea editoriala aparte utzita. Hori besterik da.
Arratsaldea zaila da irratian, ala? Formula bat entseatu, bestea... neke da entzulea biltzea. Goizean baino nekeago, esan nahi dut.
Irrati kontsumoa jaitsi egiten da arratsaldean, horretan ez da dudarik. Gure bizimoduaren ondorio da eta ez dago bueltarik. Arratsaldean telebista da nagusi. Irratia beste lehia batean dago. Baina hori ez da aitzakia.
Aitzakia?
Kalitatea, doitasuna, lan ona egiteko behar eta konpromisoa... Irrati publiko bat behartuta dago kalitatezko gauzak egitera. Bestela ez du zentzurik. Zertarako nahi dugu hedabide publiko bat, pribatuak egingo duena egitekotan?
Hedabideetako arduradunek esango dute informatu eta entretenitu beste helbururik ez dutela medioek.
Jakina, informatiboak kalitatez egin behar dira; entretenimenduzko saioak ere kalitatez... nahiz eta bezero gutxiago izan. Baina bezero gutxiago izan arren, edukiak zaindu egin behar dira. Goizean lehia estua da irratien artean. Baita arratsaldean ere, baina irrati kontsumoa askoz txikiagoa da, oro har. Goizean igoal izango dituzu hamabost edo hogei mila entzule; arratsaldean, aldiz, lauzpabost mila beharbada. Horiek dira kopuruak.
Goizean zein arratsaldean, kalitateak behar du neurri, ala?
Bai. Ez dut esan nahi goizean arratsaldean baino kalitate handiagoko lanak egiten direnik. Ez. Baina bai kalitatea jaitsi egin dela, bai goizean eta bai arratsaldean, oro har. Gaur egun kalitatea ez da helburu.
Haurrak ere ez.
Haurrak behin ere ez dira irratiaren helburu izan.
Baina hemezortzi urte iraun zuen Maritxu Berritsuk.
Euskara genuelako tartean. Euskaragatik izan ez balitz ez zen Maritxu Berritsu sortuko. Euskaragatik sortu zen. Baina horretan ibili ginenok mundu zoragarri bat deskubritu genuen, zoragarri eta magikoa. Konturatu ginen bizi nahi genuela mundu hori, eta besterekin banatu nahi genuela, asko ikasten genuelako, piztu egiten ginelako... Sormen jakin bat deskubritu genuen, gauzak sortzeko modu bat. Mundu bat. Erreala. Eskueran dagoena. Belarririk duenak entzun besterik ez du. Baina, horixe, haurrak ez dira irratiaren helburu, ezta izango ere.
Ez dira helburu, eta ez dira izango, diozu. Inoiz izan al dira?
Izan ziren, garai batean, gure txikitan, gu haur ginenean, besterik ez zegoen eta. Baina gaur egun haurrak ez dira irrati-kontsumitzaile, oso kopuru txikian ez bada, behintzat, eta ez dira kontuan hartzen. Horregatik ez dira haurrentzako programak egingo, haurrek ez dutelako irratia entzuten. Gurasoek entzuten dute eta beraiek nahi izanez gero, entzuteko haurrei esanez gero, orduantxe entzungo dute haurrek. Hori gertatu zen Maritxu Berritsurekin.
Diozunez, gurasoek eraginda entzuten zuten saioa haurrek.
Gurasoek berariaz pizten zuten irratia, haurrek entzun zezaten. Gero, entzun eta ondo pasatzen zuten haur haiek. Bestalde, baziren beste entzule batzuk hor nonbait galduak, Maritxu Berritsurekin topo egin, gustatu, eta entzuten jarraitzen zutenak. Horrek azalduko luke zergatik egin den hemezortzi urtez haurrentzako programa bat. Gainerakoan, haurrentzako programarik ez da egin irratian. Bai, izan dira zenbait saio, esperimentu modura egindakoak, baina ez besterik. Guk, berriz, programa hura egiteko aukera izan genuen.
Beti iruditu izan zait Radio Vitoria honetan euskarazko beste saiorik ez zela...
Baina bazegoen. Garai batean ordubeteko saioa egin genuen, euskaraz. Hurrena, hiru orduko magazine bat egin genuen gauez... eta, dudarik gabe, gaur baino askoz ere saio gehiago euskaraz, bai, ziur. Maritxu Berritsu baino lehen ere baziren euskarazko saioak, Roberto Oñederrak egina, Jose Mari Isastik ere egiten zuen beste bat... Radio Vitoria Eusko Irratian sartu zenean euskara bideratu beharra egon zen, gure kezken artean zegoen, eta giro horretatik sortu zen Maritxu Berritsu egiteko ideia ere: euskara normalizatu beharra zegoen, eta haurrak ziren etorkizuna, euskalduntzeko bidea. Hori izan zen kontua.
Indarrean irauten duten asmoak direla esango nuke...
Orain, ordea, euskara eskoletan dago eta, orduan, aldiz, hasi berri ginen bide horretan. Gaur egun, Kirmen Uribek esaten duen bezala, euskara gauza normala, euskaraz jardutea naturala da. Eta Maritxu Berritsuren azken aroan ere kontua ez zen normalizazioa, komunikazioa baizik, horretarako da eta hizkuntza, komunikatzeko. Gure saioan komunikatu egiten ginen, eta euskaraz. Gauza naturala zen, entretenimendua, eta horregatik hitz egiten genuen haurrek eta helduek elkarrekin. Ez dago hori baino naturalagorik. Gizartea bera ere familiaz osaturik dago eta, familietan, haurrak eta helduak batera bizi dira. Bada, gure programan horixe egiten genuen, natural bizi, eta euskaraz, ordu horretako komunikazio tresna euskara zelako.
Behin edo behin esan izan didazu hau Radio Vitoria dela, ez Gasteiz Irratia.
Hasieran, 1984an, dena euskalduntzeko premia zegoen. Ordu arteko irrati-emisorea Radio Vitoria zen baina premia handi horrek eraginda, itzuli egin genuen izena bera ere: Gasteiz Irratia, baina enpresaren zigiluak Radio Vitoria izaten segitu zuen. Gero konturatu ginen horretaz. Itsututa bizi ginen. Baina denborak bere lekuan jartzen ditu gauzak eta gaur egun Radio Vitoria esatea iruditzen zait zuzena.
«Itsututa bizi ginen». Itsu segitzen dugu?
Garaiaren produktu ginen, eta garai hartan, egin behar zela uste genuena egiten genuen. Gure esku zegoen dena egiten genuen, gorputz eta arima, baina gero ikasiz joan gara, eta ikasi ahala, ikusi egin dugu, eta ikusi ahala, gauza batzuk alde batera utzi ditugu eta beste batzuekin, berriz, aurrera egin dugu. «Itsututa» esan dut, baina esateko modua da, ez besterik. Presa handia genuen, premia. Giro eta garai ilun batetik gentozen, argira, eta presa genuen, eta irrati publikoa genuen, eta dena bi urtean egin nahi izan genuen, eta... Logikoa zen garai hartarako.
Ez dut ahantzia garai batean kontatu zenidan pasadizoa: euskara irakasle zinen, HABEkoa. Egun batean sartu zara tabernan, hartu duzu egunkaria, eta iragarkia. Bikoizleak behar omen ziren...
Aurkezle eta bikoizleak kontratatzeko deialdia. Azterketaren bat. Ni, tabernan, eta egunkaria hartu nuen, Deia, sekula irakurtzen ez dudan kazeta. Horregatik uste dut patua izan zela, zoria. Joan nintzen azterketara eta orduantxe hasi nintzen ikusten irrati mundua, eta huts zegoela, eta posible zela nik bertara jotzea. Gero, bigarren seinalea izan zen, oposaketak egin zirenean gertatu zen. Egin nituen, gainditu, eta aurrera. Ni, dena den, euskaraz lan egiteko sartu nintzen, eta ez nuen sumatu ere egiten gaztelaniaz jardun beharko nuela, ze delako iragarki hartan jarri izan balu gaztelaniaz jarduteko zela, ez nuen asmoa aintzakotzat hartuko. «Se convocan oposiciones para presentadores y locutores...» irakurri izan banu, ez nuen kontuan hartuko. Deitua sentitu nintzen.
Lehengo batean hizketan eta zera ulertu nizun, orduko maitasuna erabat zapuztu dela...
Ez, maitasuna bere horretan da.
Gogo suhar hura itzali egin dela zure baitan...
Gauzak bere testuinguruan aztertu behar dira. Momentu hartan hizkuntza berreskuratzeko puntura iritsi ginen, kontsentsu bidez. Nik kontsentsu hura bultzatu nuen, guztiz sartu nintzen hartan, ahalik eta jende gehien konbentzitu nuen, esanez hemen euskaldunak bizi zirela eta euskaraz hitz egiteko eskubidea zutela, eta nik ere euskaraz ikasi behar nuela beraiek euskaraz hitz egin ahal zezaten... Nik sinetsi nuen hori eskubide bat zela, eta eskubide horren alde lan egin behar genuela. Eta hala jokatu nuen urte haietan.
Zer gertatu zen, orduan?
Lege bat idazten denean ez da dena idazten. Borondate orokorrak idazten dira, asmoak, etorkizun ideala... Orduan jakin izan bagenu hogei urteren buruan 147 irakasle, hamar edo hamalau urte lan egin eta gero, kale gorrian jarriko zituztela, ez euskaraz ez jakiteagatik, ez gainditzeagatik baizik... hori jakin izan bagenu, atzera mardo egingo genuen. Lege hura defenditu eta babestu genuen etorkizun ideala aurreikusi genuelako, orokorra, gauzak nola gertatuko ziren jakin gabe.
Eta orain?
Orain? Esperientzia egin dugu eta gauza asko ikusi ditugu. Besteak beste, orduko asmo batzuk perbertitu egin direla, gaizki egin eta gaizki erabili. «Joko-arauak ez badira errespetatzen, ez dugu jokatuko». Euskarari buruz esan nezake pertsona batek izan lezakeen sentimendurik eskuzabalena izan genuela, askok. «Nahi dugulako, e! Aldiz, inposatu behar badidazu, ezta pentsatu ere!».
Hori gertatu al da?
Argi dago orduko borondate demokratiko eta solidarioa guztiz perbertitu eta manipulatu dela. Kontsentsu hartan parte hartu genuenon kontra erabili da, eta ni ez nago prest hortik aurrera joateko. Euskara ez da inorena. Perbertsioaren beste adibide bat da 147 irakasle horiekin gertatu dena.
147 irakasleak, berriz.
Niretzat, sinboloa da horien kasua eta behin eta berriz ateratzen dut gaia. Nire ustez, irakasle horien kasua ez da ezagutzen, jendea desinformatuta dago. Hedabideetan ez da ondo informatu. Ezkutatu egin da gaia. Euskal medioetan eman den informazioa, berriz, guztiz zitala izan da, eta gezurra. Irakasle horien kasua ez da euskara ikasi ez dutela. Ikasi dute eta ikasten ari dira, eta badakite, eta haurrekin euskaraz hitz egiten dute, eta euskaraz hitz egiten dute nirekin. Baina ez dute asignatura gainditu. Hori beste problema bat da.
Ez dakit noraino joan nahi duzun...
Iparra galdu dugu, zentzua. Zer esan nahi du kolektibo batek euskaraz ikasi behar duela, nahi ez badu, sentitzen ez badu, behar ez badu, gogorik ez, plazerik ez badu? Azken finean, horixe da hitz egitea, plazer hutsa, eta plazerik ez bada, horrek ez du zentzurik. Horregatik diot iparra galdu dela. Adi, hala ere, ez diot gaizki gaudela. Asko lortu dugu, euskara eskolan dago, unibertsitatean... «Gehiago nahi dugu!», baina inoiz ez gara denok konforme egongo. «Euskaraz bizi behar da!». Gezurra.
Maritxu Berritsun behin baino gehiagotan entzun genuen kantu egindako hitza, Gabriel Arestirena: «Nik ere badut nire egia...» Esadazu zure egia.
Bizi egin behar da, bizi. Bizitza bizi, euskaraz, frantsesez, ingelesez, alemanez, espainolez... Lema asko sortu dira, esloganak. Euskadin esloganez bizi gara: «Euskaraz bizi» da horietako bat. Beste bat, euskaldunak nazionalista behar duela. CCOOekoak ezin du, nonbait, euskaraz hitz egin, ezin euskalduna izan. «Euskalduna berdin nazionalista». PSOEkoak ezin du euskalduna izan. Nonbait.