Ihesi: Lekeitio, hamaika aukera bi kilometro koadroko harribitxian

  • donostiar ume baten gogoa aztoratu zuen. Hamarkada batzuk joan dira,eta gero eta arrantzale gutxiago dago Lekeition; euskarak, antza, hobeto eusten dio oraingoz. Betidanik, Bizkaiko herri honek aurrez aurre begiratu izan dio itsasoari, baina badaezpada kontuan hartu ditu, halaber, lehorretik hurbildu zaizkion bisitariak. Horietako bat izateko asmoz azabiltza, hona zenbait proposamen.

2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lekeitio, Lekitxo bertokoen hizkeran, Bizkaiko ekialdeko kostaldean dago, Lea-Artibai bailaran; Lea ibaiaren bokalaren ezkerrean, hain zuzen. Bizkaia kanpotik joan nahi baduzue hara -eta Bizkaiko leku askotatik ere bai- A-8 autobidetik joan beharko duzue, eta Durangon edo Gernikan irten. Bide bietatik edozein aukeratzen duzuela ere, oraindik puska batez gidatu beharko duzue kostalderaino, eta ez zaizue mendate eta bihurgunerik faltako gainera.

Durango-Markinako bidea aukeratuz gero, herrira sartu bezain laster aparkaleku zabala topatuko duzue ezkerrera. Autoa han utzi eta segi oinez herrira sartzeko erabili duzuen bide beretik. Pare bat minutu besterik ez duzue behar izango herriko alde zaharretako batera ailegatzeko, dendarienera hain zuzen.

Dendari kaletik sartu eta zuzen jarrituz gero, herriaren bihotzera ailegatuko zarete: Independentziaren plaza. Hala ere, merezi du bidea egin ahala dendarien auzo zaharrean galtzeak. Aldapa gora eta behera, kale estuak bata bestearekin elkartzen dira, diseinu zurrun bati men egin gabe. Bazter bakoitzean ezusteko bat dago; izan ere, Lekeitiok ikusgarri dituen eraikin ederretako asko hemen daude: Uriarte jauregia, Turpin dorrea eta abar.

Dendari kaletik aurrera segiz gero, laster helduko gara Gamarra plazara. Han egiten dute bat dendari auzoak eta Lekeitioko beste kasko zaharrak: arrantzaleenak. Baina ez gara oraindik bertan sartuko, eskumarantz joko baitugu, Andra Mari Zeruratzearen elizarantz. Bizkaiko erlijio eraikin ezagunenetako bat duzue Andra Mari, gotiko berantiarrak utzitako harribitxia. Biziro gomendatzen dizuegu, aukera izanez gero, barrura sartu eta XVI. mendeko erretaula polikromatuari begiratzea.

Elizatik irtenda, Independentziaren plazan egongo gara. Itsasoa eta Garraitz irla edukiko ditugu aurrean, portua ezkerrean, hondartza eskuman, Andra Mari Zeruratzearena atzean eta bertokoen euskara bizia nongura. Horra Lekeitioren laburpen-lege bat. Baina Udaletxea eta Turismo Bulegoa ere bertatik bertara ditugu, enparantzatik irten gabe, eta haserratu egin daitezke aurrekoa irakurrita. Arrazoi osoz aldarrikatzen dutenez, Lekeitio hori baino askoz gehiago ere bada, eta horregatik hasi dute Hamaika Lekeitio kanpaina.


Gauza asko oso lurralde txikian

Hamaika hitzaren esangurarik estuena hartuta ere -alegia, hamar eta hamabi artean dagoen zenbakia- kopurua ez da batere makala Bizkaiko bigarren herririk txikienerako: 1,8 kilometro koadro besterik ez. Eta hala ere, Lekeitio gauza da 7.500 lagun ingururi bizitokia eskaintzeko. Japoniako leku batzuek ez daukate hain dentsitate handia. Udan, zer esanik ez, askoz gehiagoren artean banatu behar dute hain lur zati murritza, oporraldia igarotzera baitator kanpotar asko. Beraneantiak, bertokoen euskaraz. Azentua i hizkian jar ezazue.

Orain, Turismo Bulegokoek urtaroen araberako erritmoa hautsi nahi dute. Lekeitio aparta da udarako, baina gainerako sasoietan ere goza daiteke herriak eskaintzen duenaz, ez baita gutxi gizakiek nahiz naturak mendetan zehar eraiki dutena. Lehen, Independentziaren enparantzan eten dugu geure ibilbidea, eta hortik abiatuko gara hurrengo helburuetara. Herriaren bihotzean egonik, aukera guztiak ditugu esku-eskura.

Nonbaitetik hastearren, Garraitz irla bisitatuz hasiko gara. Hori, hala ere, ez dago guztiz gure esku: marea behera dagoela besterik ezin daiteke egin. Marea gora, uhartea benetako uhartea da, alegia, herritik erabat aldenduta dago. Urak behera egiten duenean, ordea, badugu aukera bertaraino oinez iristeko. Erne! Ez da bidea, Lea ibaiak ekarritako hondarra portuan ez pilatzeko eraiki zuten moila baizik -Lazunarri, islako mollia edota malekoia izenekoa-. Bide modura erabil daiteke beraz, baina kontuz: goroldioz estalita dago ia erabat, eta erraza da laban egitea.


Garraitz uhartea

Moilaren hasierara joateko ibairaino joan beharko dugu ia, Isuntza hondartzatik edo errepidetik, Santa Elena etorbidetik. Behin hara helduta, zuzen-zuzen joko dugu Garraitz edo San Nikolas uhartera. 1578an izurriteak jotakoak isolatzeko erabili omen zen, baina gaur egun zorionez ez dago halakorik. Bideak hondartza txiki batera eramango gaitu, eta bertatik bertara edukiko dugu uhartearen tontorreraino doan bidearen hasiera, eskailera batzuk igota.

Hondartzara itzulita aukera paregabea edukiko dugu Lekeitioko marea-errota bisitatzeko. Bertako hizkeran, marierrota esaten zaio, eta horixe du hain zuzen izen ofiziala. Santa Elena etorbidean aurrera eginez helduko gara bertara, bost minutu baino gutxiago ibilita. Learen gainetik Mendexa eta Lekeitio batzen dituen zubitik ederto ikusten da errota. 1555ean eraiki zuten, itsasoko ura eta ur geza elkartzen diren lekuan, eta uneon oso egoera onean ez badago ere, herriko agintariek asmoa dute luze gabe txukuntzeko.


Lumentza mendia, talaia bikaina

Independentzia plazarantz egingo dugu atzera. Eliza ondora heltzean, errepidearen bestaldean Lumentza mendirako igoera iragartzen digun errotulua ikusiko dugu. Mendia 120 metro altu da, eta errotuluaren arabera hogei minutu behar dira goiraino ailegatzeko. Ez da hainbesterako: sasoirik onenean egon gabe ere, hamar minutu aski dira tontorrak eskaintzen duen sariaz gozatzeko. Tarte batzuetan malda handia da, hori bai.

Lumentzako gainak ikuspegi ederra eskaintzen du -irudiek guk baino hobeto adieraziko dute-, eta gainera informazio-panelak begi aurrean dugunaren berri emango digu. Igoera, berriz, via crucisa da. Hamalau gurutze daude bideko bihurguneetan, ia mendi osoa estaltzen duen artadiaren lagun.

Herrira jaitsiko gara berriro, portura joateko ordua heldu da eta. Hemen, ostalaritza eskaintza bete-betean ageri da: bata bestearen ondotik, tabernetako terrazek euren amua botatzen digute, eta aukera ona izan daiteke geldialditxoa egin eta arrain onaz gozatzeko, esate baterako. Bestela, arrantzaleen auzoko kaleetan galdu gaitezke, edo portuaren amaieraraino jarraituz, Talara joan. Han elkartzen dira -edo banatzen dira, auskalo- Lekeitio eta itsaso zabala.


Santa Katalina itsas-argirantz

Talatik gora, eta ezkerrera, San Juan Talakoa baseliza aurkituko dugu, txoko lasaia inondik ere. Aldameneko harrizko jesarlekuak toki ezin aprosagoa dira itsasoari begira egoteko, baina oraingoan bestelakoa da gure helburua. Herrira itzuliko gara Paskual Abaroa etorbidetik, eta beste pare bat minutu ibili ostean Santa Katalina itsas-argirainoko bidearekin bat egingo dugu: Santa Katalina ibilbidea. Txangoak dirauen hogei minutuetan zehar, apurka-apurka herria utziko dugu atzean.

Kaioen etengabeko jarduna lagun, itsas-argira ailegatuko gara azkenik. Orain arte zuzena eta laua izan den bideak eskumara eta apur bat gora egiten du azken metroetan. Plazatxo batera heldu eta hantxe, gure azpian, itsas-argia agertuko zaigu bat-batean, labarrak eskainitako ordoki zati bakarrean eraikita. Ezkerrera begiratuta, Bizkaiko itsasertzak hain berezkoa duen soslaia ikusiko dugu: etengabeko sartu-irtenak etengabeko amildegian. Eskumara, Antzorisko Santa katalina baselizaren aztarnak (XIV. mendekoa) ditugu.


Erdi Aroko harresiaren hondarrak

Bide beretik itzuliko gara herrira, Paskoal Abaroa etorbidearekin berriz topo egin arte. Metro batzuk aurrerago, Erdi Aroan herria inguratzen zuen harresiaren hondarrak daude, eraikin modernoetan txertatuta honezkero. Eta amaitzeko, portura itzuliko gara, ondo merezitako atsedena hartzera. Ezkerrera doan edozein kale aukeratu dezakegu arrantzaleen auzora sartzeko. Dendari auzoan ez bezala, kaleen diseinuak lerro zuzenak ditu hemen, beraz ez dago galtzerik: beherantz goazen bitartean, Lekeitiok bihotz eta arima duen itsasora hurbiltzen ari gara. Azken arrantzaleen erresumara.

Lo egiteko

Aterpetxeak:

Trinkete Etxea Aterpetxea:
902 540 450


Hotelak:

Emperatriz Zita (talasoterapia zentroa): 94-684 26 55
Zubieta: 94-684 30 30
Beitia: 94-684 01 11
Piñupe: 94-684 29 84
Metrokua: 94-6844980


Nekazal turismo etxeak:

Akuiola (Gizaburuagan):
94-684 12 13
Legortza (Ispasterren):
94-684 30 79
Itxas Ertz (Mendexa):
94-624377
Kurtxia (Ispaster):
94-6840607
Legortza (Ispaster):
94-6843079


Kanpinak:

Leagi (Mendexan): 94-684 23 52
Endai (Mendexan): 94-684 24 69


Ostatuak:

Zelai gane: 94- 624 32 15

Jateko
Beitia: 94-684 01 11
Egaña: 94-684 01 03
Kaia erretegia: 94-684 02 84
Goitiko: 94-684 31 03
Nerea: 94-624 36 65
Zapirain: 94-684 02 55
Batzokia: 94-6842683
Mantxua: 94-684 0313
E. Zita hotela: 94 684 31 03
Mesón Arropain: 94 624 36 65
Epermendi (Oleta):94-6841762
Klaudio(Oleta):94-6841803
Ibaigane (Oleta): 946841359

Jaiak uda hasieran eta amaieran

Lekeitiok sona handiko jaiak ditu. Iraila hasierako Sanantolinak dira ospetsuenak, Antzar Eguna eta guzti. Urtero milaka lagun joaten dira bertara, hurbileko eta ez hain hurbileko herrietatik, giro ezin hobeaz gozatzera. Zerbait leporatzekotan, jendetsuegiak izatea leporatu dakieke Sanantolinei.

Uda hasieran, berriz, Sanpedroak ospatzen dituzte lekeitiarrek, eta orduan ikus daiteke herriko tradiziorik ezagunenetako bat: Kaxarranka. Ohitura zaharra da: dakigunez behintzat, XV. mendetik egiten da. Antzina, herriko arrantzaleek maiordomo bi aukeratzen zituzten urtero, Kofradiaren irabaziak zaindu eta banatzeko. Ondasun eta agiri guztiak kutxa batean gordetzen ziren, eta urtero, ekainaren 30ean, kutxa hori maiordomo baten etxetik erreleboa egin behar zionaren etxeraino eramaten zen. Dagoeneko ez dago maiordomorik, baina kutxa gaur arte gorde da Kofradian, haren gainean dantza egiteko ohitura gorde den bezala. Gaur egun, portuan dagoen San Pedroren irudi azpian, Arrantzale Kofradi aurrean, Udaletxe aurrean eta enparantza erdian egiten da dantza, zortzi marinelek sorbalda gainean kutxari eusten diotela beti ere.


Azkenak
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Borrokak balio du: Israel Premier Tech, ez aurten, ez inoiz

Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]


Eguneraketa berriak daude