Gitarra, txindatak eta tinbalak kalean behera

  • Badator uda eta berarekin iritsiko dira baita ere eguraldi ona, oporrak eta jai giroa. Data hauetan, herrietako festak eta parrandak ugaritu egiten dira Euskal Herrian eta musika eta dantza kaleetan barna zabaltzen da. Giro ona jartzeko, herritarrekin batera kalejiran edo tabernaz taberna dabiltzan musikariak ezinbestekoak dira. Beraiekin izan gara, urteko hilabeterik parrandazaleenetan nola ibiliko diren jakiteko asmoz.

2021eko uztailaren 19an

Carlinhos Brownek karroza gainean hainbat hiriburutako kaleak aztoratu zituenetik, erritmo brasildarrak modan daude gure artean eta are gehiago urteko sasoi honetan, eguraldi ona aproposa baita sanba dantzatzeko. Horregatik, Donostiako Taupada batukada taldeak agenda beteta dauka datozen hilabeteetarako. Taupada sei lagunek sortu zuten, duela sei urte. Orain, ordea, hogeita hamar inguru dira, emanaldietako ikusle ugari taldean sartzen joan direlako. Partaide berriei ez zaie musika ezagupen handirik eskatzen; kide zaharrek erakusten diete erritmoa eramaten eta Brasilgo musika tresnak jotzen.

Erraz ikasten dutela dirudi, emanaldiak ikusgarriak baitira: zuzendarien gidaritzapean, hiru surdoek -danbor handiek- oinarrizko erritmoa ezartzen dute eta cuica, tinela, agogoa, repiquea, tinba, chequerea eta kaxa bezalako musika tresna brasildarren laguntzarekin sekulako martxa lortzen dute. Partido alto, reggae sanba, Rio sanba eta funky estiloen artean, Rio sanba delakoa da jendeak gehien atsegin duena, ezagunena eta erritmo biziena duena delako. Jendeak dantzatu egiten du, makurtu eta altxatu egiten da eta parte hartzen du, perkusioaren aginduetara. Taupadako kideak ere publikoarekin nahasten dira, jo eta jo. Indartsu dabiltza eta musika tresna ugari hondatu izan dituztela aitortu digute.

Udan zehar, modu horretan ibiliko dira hainbat herriko jaietan eta gobernuz kanpoko erakundeek edo beste motatako elkarteek antolatu ohi dituzten ekitaldietan, Gipuzkoan batik bat. Hitzordu nagusienak aipatzearren, Donostiako Aste Nagusia inauguratuko dute. Udalak karroza ipiniko die eta gainean ikuskizuna eskainiko dute. Karrozan emakume brasildar bat dantzan eramateko asmoa dutela ere kontatu digu taldeko kide David Garciak. Gainera, urtero legez, festa brasildarra egingo dute Donostiako Guardetxean. Alde Zaharrera gerturatu eta jendea Guardetxeraino gidatuko dute, «Hamelingo flauta-joleak bezala», dio Garciak. Festan, musikaz eta dantzaz gain, ez omen da caipirinharik faltako.

Horrelako eskaintza erakargarriekin, ez da harritzekoa batukadek duten arrakasta. Gero eta ekitaldi gehiagotan parte hartzeko eskatzen diete eta talde berriak ari dira sortzen. Espainiako Estatuko batukadek urtero elkarretaratzea egiten dute -iaz, Kordoban- eta baita Europakoek ere -iaz, Okzitaniako Tolosan-. Hala ere, bada horrelakoak ezagutzen ez dituenik. «Jende askok ez du musika hau ezagutzen, harritu egiten dira eta nongoak garen galdetzen digute, ez dutelako pentsatzen Donostian batukada egon daitekeenik», dio Garciak.


Erokeriatan

Baina hemengo musika jotzen duten talde orijinalak ere aurki daitezke gure inguruan. 1999an, esaterako, Santutxun nahiko talde berezia jaio zen: Elektrotuna. Aldaketa ugari jasan ostean, egun bost mutilek eta bi neskek osatzen dute Elektrotuna: bi gitarra jole, saxo jolea, baxu jolea, abeslaria, bateria eta dunbala. Punka, rocka eta estilo dantzagarriagoak oinarri hartuta, 80ko hamarkadako abestien bertsioak egiten dituzte. Herriko jaietan parte hartzeko deitzen badiezu, mozorrotuta agertuko dira, dotore-dotore, lan-jantzi laranjarekin edo deskribatzea zaila den arropa bitxiekin. Buruan txanoa eraman ohi dute gainera. Musika tresnak alboan jarri, bafleak eta anplifikadoreak motxilan sartu eta jotzeari ekingo diote. La Polla, Kortatu, Alaska, Itoiz, Ertzainak... Euskal taldeak gehienbat, baina baita atzerritarrak ere. Bazkari herrikoiak eta tabernaz tabernako edo txosnaz txosnako kalejirak alaitzen ohituak daude jada. Hiru ordu inguruz txikiteoan eta jai giroan ibili ostean, beraiek ere kontentu bukatu ohi dutela aitortu digu Jone Sanpedro taldeko saxo joleak. «Tontoarena egitea asko gustatzen zaigu eta guk ere oso ondo pasatzen dugu, jendearen artean murgiltzen garelako», dio. Alde batetik bestera mugitzen direnez eta jendearen artean nahastuta doazenez, publikoarekin harreman handia lortzen dute. Hala, saioetan lagun asko egin dituzte dagoeneko, emanaldian zehar dauden geldialdiei esker.

Ikus-entzuleak 80ko hamarkadako kantak berriz entzutea atsegin ei du gehien. Sanpedroren ustez, egun talde pila sortzen da, asko ez oso ezagunak, baina garai hartako abesti gehienak ezagunak ditu jendeak eta gogoratzea eta parte hartzea gogoko du. Publikoaren arabera, gainera, ikuskizuna egokitzen dute, Ibilaldian, Herri Urratsen eta halakoetan haur asko izan ohi dituztelako atzetik jarraika, adibidez. Euskal Herritik kanpo berriz, jendea txundituta geratzen dela kontatu digu Sanpedrok, atzerrian beraien abestiak ezezagunagoak direlako. Besteak beste, Madrilen, Bartzelonan, Lugon, Palentzian eta Burgosen aritu dira eta oso ondo hartu dituzte beti.
Euskal Herrian ohi denez, emanaldi askotan euria egiten du, baina badute horretarako konponbiderik: halakoetan, jaima eramaten dute, barruan jotzeko. Ikusleek, ordea, beraiekin sartu nahi izaten dute eta sekulako nahas-mahasa sortu ohi da. Dena den, Elektrotunako kideei ez zaie gehiegi axola, ezta aste osoan lan egin ondoren asteburuetan musika tresna hartu behar izatea. Ez dute lantzat, zaletasuntzat baizik eta erokeriatan ondo baino hobeto pasatzen dute. Gainera, gogoa duenak jotako herrian parranda jarraitzea libre du.


Txarangaren atzetik

Festa eta parranda maite duten beste musikari batzuk txarangetakoak dira, dudarik gabe. Nafarrek esan ohi dute ez dagoela txarangarik gabeko herririk Nafarroan. Jaien kulturan barneratuta daude jada eta oinarrizkoak dira zezenak, lagunarteak nahiz kalejirak girotzeko. Horregatik, txaranga tipikoa topatzeko Foru Erkidegora jo dugu. Igandea txaranga kontserbatorioko bandan jotzen zuten Barañaingo hainbat lagunek sortu zuten, 1993an. Egun, hamabost kide dira eta emanaldietan hamabi inguruk jotzen dute. Oro har, ekitaldi bakoitzari dagozkion abestiez gain -diana, kalejira eta abar-, mexikarrak, ranchera motakoak eta dantzagarriak jotzen dituzte. Raul Sánchez-Alarcos Igandeako saxofoi joleak esan digunez, Madrilera edo Guadalajarara joan direnean, bertakoek Sanferminetako irudia daukate eta dantzagarriak eskatzen dizkiete, baina hemen «musika kultuagoa» eskatzen du jendeak, kalitatea nahi du.

Abesti eta abesti artean, asko hitz egiten dietela kontatu digu Sánchez-Alarcosek eta beraiek ere giroan asko barneratzen direla, funtsezkoa baita. Txarangen egitekoa ez da soilik jotzea, ingurukoak alaitzeko hitz egitea ere beharrezkoa da. Gaztetxoenek taberna giroa nahiago izaten dute eta helduxeagoak joan ohi dira txarangaren atzetik. Dena den, gehien hurbiltzen zaizkienak mozkorrak izan ohi dira eta Igandeakoak ere txikiteoan ibiltzen dira beraiekin, baina mozkortu gabe, bestela musika jotzea zaila baita. Halaber, adi egon behar dute, batzuetan jendeak irina eta Cola-Caoa abisatu gabe botatzen baitu. «Mozkortzekotan, saioaren ostean egiten dugu», argitu du saxo joleak.

Txarangak normalean ez dira batera aritzen, herriko jaietako egun desberdinetan jotzen dute edo egun berean arituz gero, ekitaldi desberdinetarako deitzen dituzte. Hala ere, Sanferminetan batik bat, kalean elkar topo egiten dute batzuetan eta abestiren bat batera jotzea da ohikoena. Senidetze hori gustura hartzen du jendeak. Azken finean, gero eta txaranga gehiago egon arren, gehienek elkar ezagutzen dute. Nesken Iruña izenekoa berezienetakoa dugu, hamabi neskek osatzen baitute eta txarangen munduan gizonezkoak izaten dira nagusi. Neskek ikasteko ez dituzte normalean tronpeta, tronboia edo perkusioa bezalako musika tresnak aukeratzen, duela gutxi arte behintzat ez, eta txarangetan gutxiengoa izaten jarraitzen dute. Horregatik, duela hiruzpalau urte, hainbat txarangetatik etorritako neskak biltzen dituen talde hau jotzen hasi zenean, gainontzeko txarangek harrituta begiratzen zieten. «Hasieran, zenbatu egiten gintuzten, ea zenbat neska ginen ikusteko. Txaranga baten erritmoa jasateko gai ez ginela izango ere esaten ziguten, baina orain jada ezagutu egiten gaituzte eta normaltzat jotzen dute», dio Sara Baztan Nesken Iruñako saxo joleak. Urte hauetan, erritmoa jasateko gauza direla erakutsi dute eta Euskal Herrian zehar nahiz atzerrian aritu dira. Batez ere, jendeak parte har dezan galdera-erantzun moduko abestiak eta dantzagarri ezagunak jotzen dituzte. Irauteko sekretua? Ondo pasatzea. «Gure lana besteei ondo pasaraztea da eta horretarako guk ere ondo pasatzea ezinbestekoa da, bestela sumatu egiten da». Hala, aipatu talde eta txarangen antzera, hainbat eta hainbat musikarik txindatak, tronpetak eta umore ona autoan sartu eta aurtengo uda ere herriz herri emango dute, gure parranden gatza eta piperra izateko.

Non daude festazaleenak?
Danborra eta gitarra soinean hartuta herriz herri jaietan murgiltzen den musikari ibiltaria baino aproposagorik ez dago festarik onenak non egiten diren jakiteko. Guk, noski, galdetu egin diegu. Jone Sanpedro Elektrotunako kideak argi dauka: herri txikietako jaiak maite ditu, taldearekin jotzen ari denean nahiz bestela ere. Taupada batukada taldeko kide David Garciari ostera, herri batek baino, ekitaldi batek ekartzen dizkio gogora oroitzapen onenak. Dudarik gabe, kide guztientzako ekitaldirik zirraragarriena iazko ekainaren 28koa izan zela dio. Gehitu Euskal Herriko gay eta lesbianen elkarteak Madrileko manifestazio koloretsura eraman zituen eta bidaian, manifestazioan bertan eta gauean jo eta jo aritu ziren, giro ezin hobean.

Txarangetako lagunei dagokienez, helmuga Iruñeko Sanferminetan parte hartzea dela esan digute, horrelakorik ez dagoela. Egia esan, hiriburuko txaranga gutxi daude, gehienak inguruko herrietakoak dira, baina denak Sanferminetan aritu ohi dira. Gasteizko Ama Zuriaren jaiak ere oso gustuko dituzte biek. Nesken Iruñako Sara Baztanek hirietako jaiak atsegin ditu, egun askotan jotzeak abantailak dituelako: txaranga gehiago ezagutzen dituzte eta harremana ere sakonagoa bihurtzen da. Hori bai, egun bakarrean aritzea baino nekagarriagoa dela aitortu digu. Raul Sánchez-Alarcos Igandeako saxo joleari, aldiz, herri txikietako giroa gustatzen zaio, oro har oso esker onekoak direla baitio. Guadalajarako herrietako jendea, esaterako, oso animatua da eta Goizuetara joaten urte ugari daramatzate. «Han gaude hoberen, lagun gehien egin ditugun lekua da eta oso ondo hartzen gaituzte beti».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Asier Urbieta, 'Faisaien irla'
“Guretzako mugarik ez dago eta horrela estreinatu behar zen: mugarik gabe”

Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]


Sarako Idazleen Biltzarraren 42. edizioak euskal idazle eta irakurle andana bildu ditu

Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]


Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


2025-04-22 | Iker Barandiaran
Ekimen txikiek, elkar hartuta, gauza handiak egin ditzakete

Obducción de la Amenaza / Zirt Zart (Split-ep)
2024

---------------------------------------------------

Musika panorama erraldoia da, helduezina. Horien artean badira foku guztiak bereganatzen dituzten talde handi gutxi batzuk; horren nahian diharduten beste asko,... [+]


'Guardasol gorria'
Kamikaze arduratsua

Guardasol gorria
Lutxo Egia
Susa, 2024

--------------------------------------------------------
 
Hau gerra bat da eta lubakiak behar ditugu. Izan ere, Bilboko Guka kolektiboak hurrengoak erakutsi dizkigu, besteak beste: Arriagako ekitaldien artean, %20 baino ez... [+]

Azokaroa: sei ekintza kultural Ziburuko 6. azokaren atarian

Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta... [+]


“Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak”

Iruñea ez da oso handia, baina Beñat Iturbek elkarrizketarako lekua hautatu duen arte ez dut jakin institutu berean ikasi genuela. Madril eta Iruñea artean bizi da, han hemen baino gehiago, oraingoz. Etxera egin duen bisita bat probestu dut harekin... [+]


Euscool berriaren seinaleak?

Apirilaren 24an, ETB1ean, jendeak aspalditik eskatzen zuen programa eredu bat estreinatuko da: Linbo, late night formatuko ordubete inguruko saioa, gazteek eta gazteentzat egina.


2025-04-16 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren bizitza

Hainbatetan esan izan didate arkitektoen lanaren gauzarik indartsuena dela ekoizten duguna betikotu egiten dela. Eraikinaren betikotasunak gizakiaren presentzia tenporala gainditzen duela eta geroko etorkizunean iraunkor egingo gaituela. Eta liburu batekin gertatzen ez den... [+]


Eguneraketa berriak daude