Dena dela, eibartarrak aipatutako krisi sentipena egon badago, eta berak ere onartzen du horretarako sintomarik badela. Non atzematen da hori? «Bada, oraindik ere dantza taldeok ez dakigula zein izan behar den gure tokia gizartean. Ez gara konturatzen lehengo egoera artifizial samarra zela, eta ez daukala zerikusirik dantzak eduki beharko lukeen zereginarekin».
Eredu bat gailendu da dantza taldeetan: Euskal Herri osoko dantzak bildu, ikasi, eta ordu eta erdiko ikuskizuna prestatu. Gero, ikuskizun hori herriz herri eramaten da. «Eredu hori 80ko hamarkadan jarri zen martxan, eta balio lezake, baldin eta talde gutxi batzuek egingo balute», dio Araolazak. Alegia, horrelako emanaldiak kalitate handiz egiteko gauza diren taldeak, dozena erdi inguru dira Euskal Herri osoan Araolazaren ustez. Gaur egungo egoera, aldiz, oso bestelakoa da: talde asko dago, batez besteko kalitatea erdipurdikotzat jo genezake, eta ez dago hainbeste emanalditarako ikusle nahikorik. «Merkatua erre dugu», dio Araolazak.
Xabier Mendizabal, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidentea, bat dator Araolazarekin hein batean. «Hala ere, dantza eta dantza taldeak bereiziko nituzke. Eta ez nuke esango dantzaren egoera berez txarra denik. Dantza tradizionalak egin egiten dira beren jatorrizko herrietan: Zuberoan, Durangaldean, Oñatin, Otsagabin... Alde horretatik ondo gaude, akaso azpiegitura faltan. Alegia, non ikasi dantza? Nork irakatsi? Dantza tradizionalak ez dauka beste kultur arlo batzuek bezain egituraketa sendoa».
Hirietako taldeen arazoak
Mendizabalek, berriz, Araolazak aipatutako arazo berak ikusten ditu hirietako taldeetan, hau da, berezko tradiziorik gabeko taldeetan. «Asko gara, eta hori ona eta txarra da aldi berean. Ona da leku askotan gaudelako, baina txarra da emanaldiak guztion artean banatu behar ditugulako, eta gaur egun ez da hainbeste dantzaldi antolatzen». Hala, talde gehienek bizpahiru aldiz baino ez dute dantzatzen euren herrietatik kanpo. Kontuan hartu behar da Euskal Herrian 350 talde inguru dagoela Mendizabalen esanetan, horietatik 300en bat Biltzarreko kide direlarik. «Ezin denak kalitate handikoak izan. Eta ez dira izan behar. Erronka bestelakoa da, alegia, talde bakoitzak bere helburuak ongi finkatzea». Oier Araolazak garbi dauka zein izan behar den helburua dantza talde gehienentzat: «Izugarrizko kalitatea ez dugunok, hau da, gehienok, argi eduki behar dugu gure lekua, lehenik eta behin, gure herria dela. Eta nago alderantziz gaudela antolatuta, kanpora begira batez ere».
Arazo larriena, irakasle falta
Kalitatea behin baino gehiagotan agertu zaigu dagoeneko, eta horrek goraxeago aipatutako arazo batera garamatza: nork irakasten du euskal dantza tradizionala gaur egun? Eta batez ere, nola? Jon Maya dantzari errenteriarrak horrekiko kezka agertu digu: «Ni dantza tradizional irakaslea naiz lanbidez, baina ez daukat inongo titulurik, ez baitago non eskuratu». Dantza munduko eragile gehienek duten kezka da hori, eta handienetakoa gainera, erakunde publikoei askotan jakinarazi dietenez. Fruiturik gabe, momentuz.
Gauzak horrela, ez dago, eta ez da epe laburrean egongo, dantza tradizional irakasleak prestatuko dituen ikastetxe ofizialik. Ahal dutenek irakasten dute, eta ahal duten moduan, eta sarritan ez da modurik egokiena izaten. Horrek taldeen kalitateari eragiten die noski. Jende gazteak bereganatu ohi du ardura hori, dantzari modura pilatutako eskarmentua beste armarik ez duela.
Folklorea arriskuan?
Dantza tradizionalaz ari gara eta inork ez dauka zalantzarik tradizioari eustea dela horretan dihardutenen helburu nagusietako bat. Baina alderdi horretan ere bada desadostasunik. Sabin Egiguren, Bizkai Folklore Elkarteko presidentea, Dantza Etxea izeneko egitasmoa gauzatzeko ahaleginetan ibili da orain gutxi arte. Azkenean, bere burua bakarregi ikusita-edo, amore eman du, baina berdin-berdin eusten die proiektu haren zutabe ziren aldarrikapenei: dantza tradizionalaren arima galduz doa, dantza taldeen erruz hain zuzen ere, eta arima hori gordetzeko ahalegina egin behar da kosta ahala kosta. «Nik aurresku txapelketa irabazi nuen 1962an, baina handik gutxira jakin nuen hura ez zela gure benetako aurreskua. Musika bai, baina dantza ez. Ni bilbotarra naiz; halako batean Garaira joan nintzen, eta hantxe hartu nuen ezustea. Zer da hau? pentsatu nuen. Eta orduan konturatu nintzen gu egiten ari ginenak ez zeukala zerikusirik benetako euskal tradizioarekin. Esan gabe doa berehala hasi nintzela Durangaldeko dantzakera jator hura ikasten».
Balletizazioa
Egigurenen ustez, balletizazioa gailendu da euskal dantza tradizionalean. «Denak ari dira ikuskizunak egiten, dena goitik behera aldatzen. Eta ni ez nago dantza tradizionala, antzezlekura eramateko egokitzearen aurka. Aitzitik, oso alde nago. Baina hori ez da folklorea, dantza egiteko modu horrek ez dauka zerikusirik euskal baserritarren dantza egiteko erarekin, eta kezkatu egiten nau batzuek folkloretzat aurkeztea hala ez dena». Folklorea, honenbestez, baztertuta ikusten du Egigurenek: «Iparraldean, esaterako, Euskal Dantzarien Biltzarra dantza berri txapelketak antolatzen ari da. Nor eta Euskal Dantzarien Biltzarra, tradizioa defendatzeko sortu zena!».
Dantza munduan, oro har, gutxik egiten dute bat Egigurenek tradizioaz daukan ikuspegi horrekin. «Ikuspegi ‘salbazionista’ da hori -iritzi dio Oier Araolazak-, XX. mende hasieran oso indartsu zebilena antropologian. Modernismoaren eta industrializazioaren aurrean, balore zintzo eta ederrek nekazal-giroetan irauten zutela uste zuten, eta horiek garbi-garbi gorde beharra aldarrikatzen zen. Baina gaur egun tradizioaren ikuspegi dinamikoa da nagusi».
Berreskuratu edo birsortu?
Tradizioa finkoa ez dela azaltzen duten adibide bi aipatuko ditugu. Jakina da berreskurapen lan handia egin dela euskal dantza tradizionalaren esparruan. Galtzeko zorian egon zitezkeen zenbait dantza zulo beltzetik atera dituzte ikerlariek, eta plazetara eraman. Batzutan ordea, hain zen txikia geratzen zen arrastoa, non berreskurapenaz baino birsortzeaz hitz egin behar dugun ia. Ez hutsetik abiatuta agian, baina bai hutsaren hurrengotik.
Jaurrieta herriko dantza ezaguna esandakoaren adibide ederra da. Gaur egun talde gehienen errepertorioan sendo txertatutako dantza da, eta Jaurrietan bertan badago urtero antzezten duen neska talde bat. Ezin esan ordea tradizio handikoa denik tradizioa denbora-unitateekin neurtu behar bada behinik behin. Juan Antonio Urbeltzek Jaurrietan aurkitutako doinu bat eta Baztango mutil-dantzen zenbait urrats elkartu zituen, eta halaxe sortu zen, orain 30 urte inguru, jende askok betidanikotzat daukan dantza hori. Eta betidaniko ez, baina tradizionala denik ezin ukatu, honezkero ondo irabazita baitauka eskubide hori.
Berriagoa da Zangotzako dantzarien ekimena. Orain bospasei urte, hiru mendez desagertuta egon den dantza-sorta bat berreskuratu dute. «Hori birsortzea da», dio Oier Araolazak, «ia hutsetik abiatu baitira, duela 300 urtekoaz arrastorik ez zegoen eta». Hala ere, sorkuntza horrek tradizioan lekua merezi duela uste du Araolazak, inguruko folklorearen moldeei jarraitu egin baitzaie dantza berrian: janzkerak, koreografiak... Gaur egungo tradiziorik zaharrenak ere, noizbait behar zuten sortu berri.
Errusiar balleten eragina
Tradizioaren ikuspegia oso bestelakoa izan arren, Araolaza bat dator Egigurenekin, euskal dantza tradizionalak balletizazioa jasan duela esatean. «Egia da horrek kalte egin ziola dantzakera jatorrizko eta naturalari. Balletizazio hori 1920-30 hamarkadan etorri zen, errusiar balleten arrakasta izugarria eraginda hein handi batean. Folklorea ulertzeko modu berriak agertu ziren, eta horrek euskal dantzan ere eragin zuen». Hala ere, Araolazak ez du uste balletizazioa hain zabalduta dagoenik Euskal Herriko taldeetan. Besteak beste, 70eko hamarkadan Urbeltzen Argiak edo Sabin Egigurenek berak jatorrizko formen alde egindako lanak oraindik ere eragina daukalako.
Kinka horretan dugu dantza tradizionala, zenbait eztabaidatan murgilduta eta biderik egokiena aurkitu nahian. Esan behar dugu hala ere, kezkak kezka itxaropena dela nagusi sektorean. Halaxe adierazi digute hitzez eta halaxe sumatu dugu geuk ere.