Urtarrila amaieran, EAEko Legebiltzarrak onartu egin zuen Oinarrizko Errenta eredu desberdinei buruzko hausnarketa-taldea sortzea, Lan eta Gizarte Ekintza Batzordearen barruan. Horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak inolako konpromisorik hartzen duenik: aztertzea eta hausnartzea, ez besterik. Bada zerbait hala ere, beste inongo erakundetan ez baita egin, ez behintzat Espainiako Estatuan. Baina, zer da Oinarrizko Errenta? Hitzok oso esanahi desberdina daukate bataren edo bestearen ahotan. Erraza da nahastea, eta horregatik, gauzak zertxobait argitzen saiatuko gara lehenik eta behin.
Manolo Saez gasteiztarra Baladreko -Estatu mailako pobrezia, langabezia eta bazterkeria sozialaren aurkako koordinakundea- kidea da. Urtarrileko ebazpenean, Eusko Legebiltzarrak eredu desberdinak aipatu zituen; bada, hauena da muturrekoena. «Bi multzo nagusi bereiz ditzakegu», azaldu digu Saezek. «Batetik, Txertaketako Gutxieneko Errentak daude. Horietako batzuei, azken urteotan, Oinarrizko Errenta esaten hasi zaie. Berbarako, EAEn eta Nafarroan». Errenta horien ardatza lana da Baladrekoaren esanetan, eta baldintza jakinak bete behar dira jaso ahal izateko. «Errenta horien logika ez dago pertsonen eskubideei lotuta, egoera bati baizik: lan faltari, alegia».
Hego Euskal Herrian, Oinarrizko Errenta horiek eskubide subjektiboak dira. Bestela esanda, ez zaizkio inori ukatzen, berau jasotzeko baldintzak betetzen direla frogatuz gero noski. Estatuko beste erkidegoetan -eta ez denetan, denek ez baitute laguntza mota hau eskaintzen-, ilaran jartzen diren lehenengoek baino ezin dute gozatu eskubideaz: aurrekontua agortutakoan, akabo errenta. Gauza bera gertatzen da -baita Euskal Herrian ere-, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzekin (GLL). «Erkidego batzuetan, GLLei hasi zaizkie orain Oinarrizko Errenta deitzen», azaldu digu Manolo Saezek, «aurrez geneukan nahaspila ez zen nahikoa, antza denez; are gehiago korapilatu dute dena».
Oinarrizko Errenta denontzat... edo ia
Beste multzo nagusia Oinarrizko Errenta Unibertsala da. Hala esango diogu besteengandik bereizteko, baina haren defendatzaileek diotenez, bera da Oinarrizko Errenta, eta ez besteak. «Kasu honetan», jarraitu du Saezek, «gakoa pertsona da». Lana eduki ala ez eduki, eredu honen arabera denok eduki behar dugu errenta bat jasotzeko eskubidea. «1998ra arte mugimendu honetan genbiltzan guztiok bat egiten genuen Errentaren lau ezaugarri nagusiak definitzerakoan: banakakoa, unibertsala, baldintzarik gabekoa eta dirutan nahikoa». Saezek salatzen duenez, azken urteotan batzuk aldendu egin dira eredu horretatik, hasierako eskakizunak zertxobait apalduz. Dena dela, erreportaje honetan Oinarrizko Errenta Unibertsalaz ari garenean, ontzat emango dugu lau ezaugarri horiek betetzen dituela, unibertsaltasunari dagokionez ñabardurak badaude ere.
Oinarrizko Errenta Sarea 2001ean sortu zen Espainiako Estatuan, eta mundu mailako beste sare zabalago baten kide da. Presidenteak, Daniel Raventos bartzelonarrak dioskunez, «guk hiritar guztientzat eskatzen dugu Oinarrizko Errenta, hau da, hiritartasuna behar bezala frogatuta daukaten guztientzat. Hiritartasun hori lortzeko baldintzak desberdinak izango dira leku bakoitzean, baina gu ez gara eztabaida horretan sartzen». Baladre ez dator horrekin bat, Manolo Saezek jakinarazi digunez: «Oinarrizko Errenta pertsona guztientzat izan behar da, hau da, benetan unibertsala izan behar da, inor kanpoan utzi gabe. Osasungintzan eta irakaskuntzan hala egiten da dagoeneko: paperak eduki ala ez, jendearen beharrei erantzuten zaie». Unibertsal hitzak ere baditu adierak eta adierak, beraz. Beste eztabaidagai bat, bidenabar aipatzearren, jaso behar dutenen gutxieneko adina da. Guztiei eman, edo 18 urtetik gorakoei baizik ez, edo diru-kopuru desberdinak eman adinaren arabera? Buru adina aburu dago edade kontuei dagokienez ere.
Mugarria, pobreziaren ataria
Oinarrizko Errenta Sareak eta Baladrek iritzi bera daukate Oinarrizko Errentaren zenbatekoaz: pobreziaren ataria edo atalasea. Hori, Raventosen ustez, nahikoa litzateke pobretasuna desagerrarazteko: «Pertsona guztiei ematen bazaie pobreziaren atalasearen pareko diru-kopuru bat hilero, pobrezia berez desagertzen da». Horrek ez du esan nahi, hala ere, gizarte-esklusioa desagertuko litzatekeenik. «Gizarte-langileek esaten dute, eta zuzen dabiltza, herritarren zati batek bestelako arazoak ere badituela -drogarekikoak, psikologikoak...-, eta horiek laguntza beharko luketela, jasotako dirua ondo ‘erabiltzeko’, nolabait esanda. Baina gaur egun dauden pobre portzentaje handi horiek zeharo murriztuko lirateke. Pobrezia desagertuz ez litzateke esklusioa desagertuko, baina bai haren jatorri nagusia».
Pobrezia eta gizarte-esklusio alorrean lan egiten duten elkarte ugarik ez dute uste hala denik. Diru emate hutsa ez da nahikoa, haien ustez, pobrezia desagertzeko. EAPN Euskadi pobretasunaren eta gizarte-esklusioaren aurka diharduen sareko kide Julene Eigurenen iritziz, «pobrezia ekonomia-irizpide hutsez neurtzea hanka sartzea den hein berean, hanka sartzea da gizarteratzea diru-laguntza hutsetan oinarritzea. Dirua baino gehiago behar da pobrezia amaitu dadin. Argi geratu behar da pobreziak dimentsio asko dauzkala. Ez dagokio diruari bakarrik, bizi-egoerei baizik».
Aberatsek aberats jarraitzen dute
Edonola ere, Oinarrizko Errenta Unibertsalak ez lituzke pobreak eta aberatsak berdinduko, haren alde ari diren guztiek argitzen dutenez. Zalantza egin daiteke pobreak desagertuko liratekeen ala ez, baina segurua da aberatsek aberats jarraituko luketela. Aldeak murriztuko lirateke, hori bai, eta batzuek galdu egingo lukete. «Guk ikerketa bat egin dugu hemen, Katalunian -diosku Daniel Raventosek-, eta horren ondorioa zera izan da: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) aldaketa batzuk eginez, eta beste ezer ukitu gabe, urtero 5.500 euro inguruko errenta eman dakieke adin-nagusiei, eta horren erdia adingabekoei. Jakinmin handia geneukan, ea sistema horrekin nork irabazten duen eta nork galtzen, eta hona emaitzak: hamar herritarretatik zazpik irabazi eginen lukete oraingo egoerarekin konparatuta, %15ak lehen bezala jarraituko luke, eta beste %15ak galdu. Aberatsenak dira galtzaileak, noski».
Aberatsek, alabaina, ez dute Oinarrizko Errentarik behar, leporatzen diote askok proposamenari. «Hara -erantzuten du Raventosek-, Oinarrizko Errenta hiritar ororen eskubidea da. Nire ikuspegitik, bizitzeko baliabide materialak ziurtatuta ez dauzkanak ez dauka askatasunik. Biharamunean lanpostu bat lortzearen ala ez lortzearen menpe dagoenak, kontratua luzatuko ote dioten zalantzarekin bizi denak, ez dauka askatasunik. Hala ere, ‘aberatsek zertarako behar dute?’ galdetuko du askok. Lehenik eta behin: geuk behar ditugu aberatsak, Oinarrizko Errenta finantzatu dezaten». Gehiago dutenek gehiago ordaindu, batutakoa denon artean banatzeko. Horra ideia nagusia. Bestalde, ez da ahaztu behar gaur aberatsa dena bihar pobrea izan daitekeela, Raventosek gogorarazi nahi duenez.
Bideragarritasunari buruzko zalantzak
Raventosek aipatutako ikerketak erantzuna ematen dio Oinarrizko Errenta Unibertsalaz hitz egitean berehala sortzen den galderari. Egin liteke? Izan ere, hori da haren aurkakoek egiten duten kritikarik handienetakoa: ekonomiak ezin dio halako eredu bati eutsi. Ikusi dugunez, Oinarrizko Errenta Sareak baietz uste du. Hala ere, Oinarrizko Errenta atseginez hartuko luketen askok ere -Euskal Herriko erakunde publikoetan uste baino gehiago aurkitu dugu- gehiago ikertu behar dela diote, ez dagoelako argi zer nolako ondorioak izango lituzkeen hainbat esparrutan: lan-mundua, merkatu-legeak, kontsumoa, zergak...
Manolo Saezek ere ez dauka zalantzarik: diruari dagokionez, behinik behin, Oinarrizko Errenta asmo bideragarria da. «Dirua nondik atera? Bada, dirua sortzen den lekuetatik. AHTak, autobideak, aireportuak eta abar egiteko erabiltzen den diru guztia nondik dator bada? Soldatari lotutako errentetatik, batez ere. Eta dirua hor dago. Guk ikerketa bi dauzkagu eginda, eta horien arabera gakoa, hemen, borondate politikoa baino ez da, dirua egon baitago. Dagoen lekutik hartu besterik ez da egin behar».
Zelan eragingo lioke lan munduari?
Askoren kezka, beldurra ez bada, Oinarrizko Errentak lan-merkatuan edukiko lituzkeen ondorioei buruzkoa da. Modurik bakunenean esanda: Jendeak ez badu lanik egin behar bizitzeko, nork egingo du lan? Errenta Unibertsalaren aldekoei ez zaie argudiorik falta galdera horren aurrean.
Martxoan, Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ohiak honela esan zuen ARGIAn argitaratutako artikuluan: «(...) lana bere osotasunean ulertzeko aukera ezin hobea aurkezten digu [Oinarrizko Errenta Unibertsalak]; izan ere, ezin dugu ahaztu enplegua lan mota bat dela, baina honetaz aparte beste batzuk ere existitzen dira, lan domestikoa edota bolondres lana, esaterako».
Herritar askori galdetu zaie zer egingo luketen Oinarrizko Errenta jasoz gero, eta ezusteko erantzunak jaso dira. Gutxik utziko lukete lana, soldatapeko lana esan nahi baita, baina baldintzak aldatuko lirateke. Ordu gutxiago lan egin, GKE batean laguntzen hasi, denboraren zati bat ingurukoekiko harremanak sendotzeko erabili...
Daniel Raventosek dioskunez, «gure elkarteak, ez hemen baina bai Belgikan, ikerketa bat egin zuen, sariketa batean bizitza osorako soldata irabazi zuten zenbait dozena laguni jarraituz. Sari hori handiagoa da Oinarrizko Errenta baino, bide batez esateko. Behatu zutenez, gehienek ez zuten lanpostua utzi, eta utzi zutenek lan hobea bilatzeko egin zuten». Halaber, gazte askok aldarrikatu dute lan egingo luketela, baina ez lituzketela onartuko gaur egun onartzen dituzten zenbait kontratu mota. Horregatik dio Raventosek, beharbada, Oinarrizko Errentaren etsairik handienak eskuma eta enpresa-ugazaba handiak direla.
Manolo Saezek beste aurkari bat aipatu digu: lanzaleak, hala esatea zilegi bada. «Pertsonen nortasuna enpleguaren bitartez definitzen dela uste dutenak, hain zuzen. Entziklika batzuek kalte handia egin dute, eta zer esanik ez kalbinismoak. Horrelako jarrerak sindikatuetan ere zeharo hedatuta daude». Dirudienez, gutako askok oso sakon sartuta daukagu gogoan Jainkoak Adami eman omen zion lehenengo agindu hura.