Ibilbideari ekin aurretik, Usurbilen nondik norakoak aipatuko ditugu, laburrean bada ere. Irisasi mendian -Andatza tontorra bertan dago- historiaurreko tumulu eta trikuharri ugari aurkitu arren, ez dugu hain atzera joko eta Erdi Aroko XIV. mendera egingo dugu. Izan ere, garai hartan hasten da Usurbil hiribilduaren historia, "Belmonte de Usurbil" izenarekin.
1371. urtean eman zion Gaztelako errege Henrike II.ak hiribildu titulua. Garai hartan hainbat auzotan antolatutako baserri batzuk osatzen zuten udalerria, baina leinu boteretsu bat bazen tartean, Atxegatarrak, eta jauntxoaren menpe bizi behar izan zuten luzaroan usurbildar askok. XV. mendetik aurrera ere, Gipuzkoa osoan gertatu zen modura, leinu edo bandoen indarra ahuldu zenean, ez ziren liskarrak amaitu eta gutxienez bi mendez iraun zuten Kalezarrek hasieran, Kaleberrik gero, Aginaga auzoarekin izandako liskarrek; udaletxea eta dendak non kokatu zen arrazoia. Egun ere itzali gabeko sentimendu hori suma daiteke batzuengan.
Probintziako Batzarretara bidali behar zuten ordezkariaren gastua gutxitu asmoz, 1826an Usurbilek, Orio eta Zizurkilekin batera Andatzabea elkargoan parte hartu zuen. Bigarren karlistaldian, bestalde, hiru hilabetez eduki zuten herria hesiturik. Baina Beterriko gainontzeko udalerrietan gertatutakoaren aldean, hemengo borroken ondorioak ez ziren hain latzak suertatu eta erretako baserri nahiz etxe kopurua ez zen hain handia izan.
Gaur Usurbil, Donostiatik 11 kilometrora dagoen 5.600 bizilaguneko eta 24,9 kilometro koadroko herria da. Nekazaritzan lan eginez bizi izatetik, batez ere industrian lan egitera igaro da eta erriberetako lur zelai emankorrak industriaguneetako eraikuntzek ordezkatu dituzte, hein batean behintzat. Inguruan dituen Donostia eta Lasarte bezalako hiri handien aurrean euskal hiztun kopurua mantendu eta izaera propioa garatzen jakin izan du.
Kaleberri edo Elizalde
Herri-kaskoa ez da handia, baina baditu abiatu aurretik, edo nahiago izanez gero ondoren, bisitatxoa merezi duten eraikuntzak, Saroe eta Atxega jauregia dira horietako bi. San Salbador elizaren aurrean, kale Nagusian dago lehena, erretako oinetxe zaharraren ordez XVII. mendean eraikitako barroko estiloko jauregi bikaina. Hareharriz eraikitako fatxada nabarmena du, oso landua, balkoi, leiho, armarri eta sarrerako bi arkuekin. Bigarrena berriz, urrunxeago dago, errepide nagusiaren beste aldean, ibaia zeharkatzeko erabili ohi zen ibia menperatzen zen tokian lehen, industriagunean orain. XVIII. mendean eraikitako jauregi barrokoa da. Armarriaz gain, sarrera nagusiaren aldeetan dituen eskailerak ditu aipagarrienak.
Baserri apainak ere badaude kaxkotik asko urrundu gabe, Gaztañaga eta Artzabal esaterako. XVI. mendeko eraikinaren oinarrietan bi mende beranduago osorik eraldatu eta handitutako baserria da lehena; fatxada nagusian ezkaratz ederra duen eraikin barrokoa bestea, Usurbilen gaur irekia geratzen den bakarretakoa. Biek mantentzen dute jatorrizko egurrezko egituraren zati handi bat eta duten balioa aintzat hartuz monumentu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak. Jarraituko al dute horrela urte luzez?
Demaplazatik Arratzaina
Eliza eta pilotalekuaren artean dagoen demaplaza bada abiapuntua. Paris etxea ezkerrean utzi eta jolasgune berritik barrena, herri sarrerako biribilgune obalatura joan behar duzue. Hortik aurrera segi, Kalezarrerantz. Harresia ez bazen ere, lau aldeetatik gotortuta zegoen Kalezar. "Belmonte de Usurbil" hiribildua sortu zenean Kontzejua Kalezarren ezarri zen, huraxe baitzen, orduan, erdigunea. Horren guztiaren lekuko dira herrigunera sartu ahal izateko dituen bi ate nagusiak eta hainbat etxe-izen: Kontzeju, Eskribanea, Arotzanea, Erreronea, Barberonea... Mendebaldeko sarreratik sartu eta Portalea igarota, ekialdeko sarreratik irtengo zarete. Berehala ikusiko duzue, bidearen ezker aldean, herri sarrera guztietan izaten zen ermitatxoa. Sokorrokoa da hori.
Asfaltozko bidean gora jarraitu, ezker-eskuin irteten diren adarrei kasurik egin gabe. Iartza baserri parean, hormigoizko bidea ikusiko duzue eskuinera. Hori hartu, eta bizkar zabal batean kokatutako XVIII. mendeko Larbain baserriraino jo. Atzera begiratuz gero, ikuspegiak ederrak dira. Zubieta ikus daiteke, han, ibaiaren beste aldean. Aurrera jarraitu eta utzitako errepidearekin bat egingo dugu. Baina segituan utzi behar da berriro. Eskuinera hartu, eta Buenabista igaro ondoren, Ibarrolatxikira helduko zarete, egun nekazalturismorako etxea den horretara. Atzean aurkituko duzue Ibarrolaaundi baserri bikaina, inguruotako baserririk zaharrena, XVI. mendekoa. Gaur egun, eraiki zen garaiko bolumena eta egitura ia osoa mantentzen ditu. Habeen artean oraindik mantentzen da etxe honek zeukan XVI. mendeko dolare zaharraren egitura. Monumentu deklaratua izan da duela gutxi.
Errepidean gora, Egiluze baserrietara doan bidea ezkerrean utzi, eta metro gutxira bidegurutze bat topatuko dugu. Ezkerrera egin eta segi porlan bidetik gora. Artxubieta ondotik iragan eta gain batera helduko gara. Usurbil eta Beterri osoa goitik ikusteko toki aparta, begiratua eman, merezi du-eta.
Eskuineko muino kaskoa, liberalen esku zegoen Donostia kanoiez tirokatzeko erabili zuten karlistek, bigarren karlistaldian (1872-1876). Gotorleku horretako kanoi tiro batek, hain zuzen, Bilintx bertsolaria larriki zauritu eta gutxira heriotzera eraman zuen. Arratzainberri baserri ondotik igaro eta gain batean, aurrez aurre izango ditugu elkarri erantsitako Arratzainaundi eta Arratzainzar baserriak, eskuinerago dagoen Arratzainbordarekin batera. Arratzain oinetxe zaharretik sortutakoak dira hirurak.
Aginagatik Urdaiagara
Baserri aurrean eskuinera jo, Arratzain edo Bordatxo tontorra (340 m) eskuinetik inguratu eta A-8 autobide gaineko zubira heldu, Artikulaaundi baserria zegoen lekura. 70eko hamarkadaren hasieran Bilbo-Behobia autobidea eraikitzeko egindako lur mugimendu eta betelanek, Usurbilen bakarrik, sei baserri betiko galtzea ekarri zuten: Intxuinzabal, Aritzeta, Benta, Artikulaaundi, Artikulatxiki eta Arburu. Bidegurutzean ezkerrera hartu eta autobide albotik aurrera segi. Zakur eta abandonatutako animalien babesleku etxea dena eskuinean utziko dugu, baita aurrerago Aintziberri eta Aintzizar baserriak ere. Azken hau, egun guztiz eraberritua badago ere, Usurbilgo etxe zaharrenetakoa da, Saria eta Urdairarekin batera.
Autobidepetik igaro Arrate baserri berritutik eta poliki-poliki behera egin, hilerri eta gurutze bidetik Aginagako kaxkoraino. Jaisten hasi eta gutxira, ordea, Usurbilgo ederrenetakoa den Arrillagaaundi baserrira iristeko bidegurutzea igaroko duzue. Joan etorri luze samarra izanagatik ere, merezi du Ondare Kultural kalifikatutako baserri hau ikusteak. Zurezko egitura bikaina du harlanduzko habe karratuen gainean, Oria ibaira begira, egutera paregabean.
Aginaga, Zubietaren antzera, antzinako instituzio propioa izan zuen komunitatea da. San Frantzisko Asiskoren eliza eta hilerria ditu, baserri garrantzitsu eta ederrak, eta antzina ontziolak ere bai. Oinetxeetan, beste askoren artean nabarmentzen direnak Etxebeste, Soroa eta Urruzmendi dira. Mapilen berriz, asko dira Irisasitik ateratako egurrez egindako itsasontziak.
Pilotaleku ondoan, Erriberetako kalea hartu eta N-634 errepidepetik igaro behar dugu. Baratze sail ederren artean aurrera, errepidearekin berriro bat egin eta Altzonazko zubitik Urdaiagako Txokoalde auzoan sartuko gara.
Urdaiaga eta Zubietatik barrena
Irisasi mendipean dagoen auzoa da Urdaiaga, Orreagako monasterioarenak ziren lurretan sortua. San Esteban ermitak erdiguneko gaina menperatzen du eta albo banatara bi auzune ditu, Txokoalde eta Santuenea. Lehena Urdaiagako dorre zaharren inguruan sortu zen eta aipamena merezi duten hainbat baserri eder ditu inguruan, hala nola Illunbe, Iparragirre, Urdaiaga bera, Gilisasti, Zabalea eta Berreiartza. Santuenea auzunea, berriz, 1950-1960 hamarkadan eraiki ziren auzo-etxeek eta baserri gutxi batzuk osatzen dute, hala nola, Ermotegi eta Aialde baserriek.
Trenbide-pasagunea zeharkatu eta Saltxipi jatetxe parean ezkerrera jo, malda gorari ekiteko. Maldan gora goazela Aldatxa baserri aurretik igaro, lehen utzitako bidea zeharkatu eta parke dotore batetik gora San Esteban ermita aurreko plazatxora helduko gara. Leku aproposa atseden hartzeko.
Eskaileratan behera, Santueneara jaitsiko gara. Zorrotzeko zubia igarota ibilbidea amaitu daitekeen arren, zertxobait luzatu eta ibaiertzetik doan bide lautik -trena lehen bide horretatik pasatzen zen-, Zubietara jarraitzea gomendatzen dugu, baserri eder ugari baitaude han.
XIV. mendean Usurbilgo hiribildua sortu zenean, bitan banatu zen. Auzokide batzuek, bi herenek, Donostian jarraitzea erabaki zuten, beste herenak, berriz, Usurbilera biltzea aukeratu zuen eta egun ere horrela banaturik daude, azken urteotan eraldakuntza nabarmena jasan behar izan arren. Done Jakue elizaz gain, arkitekturak utzi duen ondareari begira azpimarragarriak dira beste askoren artean Aliri, Alamandegi, Berridi, Lertxundi eta Aizpurua baserriak. Aizpuruan, esaterako, 1813an, Donostiako hiria kiskali berria zela, Donostiako hainbat handiki elkartu zen, hiria nola berreraiki eztabaidatzeko, eta halaxe dago jasoa fatxadako plakan.
Ibilbidea bukatzeko Aliriko zubitik Oria ibaia zeharkatu eta berehala ezkerrera hartu behar da. Kalezar eta Usurbilerako bide zaharra izan arren, segituan mozten da, XX. mende hasieran trenbide berria eta N-634 errepide berria eraiki baitzituzten. Pasagune arriskutsua dago hor, oso tentuz ibiltzekoa. Troia baserri multzotik gora Morkaiko gaina igo eta Ugarte baserri ikusgarri eta ederraren aurretik behera herriguneraino iritsiko zarete, akituta beharbada, baina baserri ederrez asetuta ziur.