Mikel Zalbide: «Hizkuntza bat eskuratzea ez da eskola-kontu huts»

  • Euskaltzain oso izendatu berri dute eta hedabideen parralera ekarri du horrek. Aldiz, hogeita bost urte baino gehiago daramatza isilean ozen lanean, Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailean, Euskara Zerbitzuko buru. Laborategi nagusitik bertatik ikusi eta bizi izan ditu gure hizkuntzaren aurrera-atzerak eta errekasto zena ibai hazi denean ur handietan murgil egin zuen Mikel Zalbidek. Sakonean jo du, mundura zabaldu, eta gogoeta eta teorizaziotik gure herri honi behar dukeen argi kritikoa ekartzen saiatu da. «Ekin eta jarrai»ri «zentzuz eta senez» eransten asmatu du.

2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
"Gaztetatik Euskara landu gabeko esparruetan hasi zen lanean, zientzia teknikoetan. Orduz geroztik euskara izan da Zalbideren pasioa". Horixe da zuri buruzko aurkezpen batean irakurri dudana.
Euskaltzale naiz, hitzaren esanahi betean, eta horrek bere ezaugarriak ditu. Gure hizkuntzaren bizia zaintzen ahalegintzen gara euskaltzaleok, batetik: euskara galduko ez bada gero eta jende gehiagok euskaraz egitea, ahalik eta esparru gehienetan, nahi genuke. Bere egitura bateratzen, txukuntzen eta eginkizun berrietarako egokitzen saiatzen gara, azal eta mami, bestetik. Bi puntu horietan, oro har, euskaltzale gehienon ezaugarri nagusien ildotik nabil. Euskalgintzaren esparrura terminologia teknikoaren bidetik etorri izana, aldiz, gauza berezitzat har liteke.


Beste hari batetik hasi nahi nuen, hala ere. Ingeniaritzan lizentziatua zara, Txillardegi eta Ibon Sarasola bezala, baina hizkuntza duzu lan-arlo. Zertan ez jardun euskara lantzen, terminologiatik bada ere, lantegi handi batean, patxada ederragoan?
Biziak berak eramaten gaitu maiz, ustez uste gabean, aurrez nekez pentsa genezakeen bidetik. Halatsu gertatu izan zait niri ere. Etxetik euskaldun izan eta familia euskaltzale sendo batean hazia izanak, txikitatik ele anitzeko hezkuntza hurbil-hurbiletik ezagutu izanak, gazte-garaiko lagunarte euskaltzale biziak,.. horiek guztiek zeresan handia izan dute nire ibilbidean. Goi-mailako ikasketak herrian bertan egiteko aukerak orain baino mugatuagoak izan ohi ziren orduan eta, jakina, horrek ere bere pisua izan du nire ikasbidean. Baita aurreko aginte-aldiaren amaieran eta erakundetze berriaren hasieran gero eta nabarmenago ageri ziren beharrei, batez ere baliabide material eta antolamenduzkoei, aurrez aurre erantzuten jardun izanak ere. Horretan guztian ez naiz bakarra, ongi diozunez. Zientzia-tekniken alorreko gazte askok egin izan du, une batetik aurrera, hizkuntzen alorrerako jauzia: batzuek bide akademikotik, besteek lanbide-esparrutik eta zenbaitek bietatik. Zuk aipaturiko aurrekariak hor daude, dudarik gabe, eta aski adierazgarriak dira. Biografiazko zerrenda labur hori erraz zabalduko genuke, gainera, hartara jarriz gero. Ikasbide teknikoetatik gizarte-alorreko lanbidera pasa izana, beraz, ibilbide horren altzoan ulertu behar da.


Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren buru zaitugu 1981etik. Denbora asko. Beste zeregin batzuk egiteko aukera izan duzun arren, nahiago izan duzu bertan lanean segi...
Hutsetik hasiak gara euskalgintzan, administrazio-alorrean. Beste administrazio-atal lan-esparru gehienak (udaletan, aldundietan, herrizaingoan, justizia alorrean, osasun sailean) hor zeuden lehendik, edota Jaurlaritza sortzearekin batera transferitu ziren bertara. Kasu batean zein bestean, bazegoen nondik hasi. Bazegoen eredu bat, lanerako jarduera molde bat, eginkizunari nondik heldu eta kasuan kasuko arazoei nola erantzun erakusten zuena. Gurean ez zegoen horrelakorik. Euskara indarberritzeko saioari administrazio-esparrutik nola erantzun dakiokeen, eta hartarako prozedura administratibo egokiak zein izan litezkeen, ez zegoen inon ezarririk. Euskara Zerbitzurik ez zegoen inon; transferitu ere ez zen inondik transferitu. Unibertsitateak ere ez du, urte luzez, gure esparruko jardunbide hauetarako prestakuntza-aukera handirik eskaini izan. Hori dela medio, geuk sortu eta osatu behar izan dugu, ahal izan dugun moduan, egungo eramolde berezia: aldian aldiko agintariek izan dute hor gidaritza, erabaki kontuei dagokien neurrian, eta bertako teknikariok saiatu izan gara egunean eguneko bideak urratzen, aplikazio konkretuen alorrean. Denbora eskatu du horrek guztiak, jakina. Geure buruak prestatzen saiatu behar izan dugu horretarako, besteak beste. Hori ere ez da egun batetik besterako zeregina gertatu. Orain ere badugu, eta ez gutxi, zer ikasi eta zertan hobetu. Hori guztia horrela izanik, eta ohiz kanpoko abiaburu horretaz inoiz ahaztu gabe, nahiago izan dut alor horretan espezializatzen saiatu, urteetan gurpil horri loturik ari garen lankideekin batera. Horretan saiatu eta, ahal nezakeen neurri mugatuan, gazteei horretarako laguntza eskaini. Hori izan da nire aukera, mende-laurden honetan.


25 urte daramazu lanpostuan. Zertan aldatu da gure hizkuntzaren egoera ordutik hona? Lehenengo, zeure talaiatik jarduteko eskatuko nizuke, eskola-mundutik, alegia.
Aurrera egin da eskola-esparruan. Are gehiago: eskola-munduan aldatu dira gauzak, inon aldatu badira, mende-laurden honetan. Euskarak, bai ikasgai eta bai ikasbide gisa, lehen ez bezalako lekua bereganatu du eskola-munduan. Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu da aldaketa hori sendoen, baina Nafarroako bilakaera ere kontuan hartzekoa da. Egia da goi-mailetan, LHn bereziki, aldaketa hori aski mugatua izan dela. Baina batezbesteko joera hor dago eta kontuan hartzekoa da oro har. Ez komunikabideetan, ez gainerako administrazio-guneetan eta ez hortik kanporako lan-munduan gertatu da, dakidan neurrian, beste horrenbesteko aldaketarik. Besterik ere esan behar da noski. Eskola-munduko hobekuntza horrek ez du ekarri, hori eta horrenbestez, euskararen batez besteko hobekuntzarik. Ez parez parekorik, behintzat. Arrisku handia dago gure artean, hizkuntzaren egoera aztertzerakoan, analisi hori hezkuntza-munduan gehiegi zentratzekoa. Are gehiago: badugu euskaldunok joera, euskararen salbamen-iturri nagusitzat eskola hartu eta gainerako ekimenak, nola edo hala, eskola-munduan egindako saioaren ondoriotzat-edo hartzekoa. "Eskolak neska-mutil euskaldunak (zehazkiago, elebidunak edo ele anitzekoak) sortuko ditu"ela eta, horrenbestez, euskararen salbamena, hurrengo belaunaldian izango bada ere, segurtaturik daukagula uste izatekoa. Euskarak azken hogeita bost urtean egin duen aldaketa ezin da, ordea, eskola-munduan izandako irabazietara mugatu. Ez eskola-alorrean izandakora eta ez, oro har, aginte-esparruetatik bultzatu diren besteetara (batez ere kulturgintzara eta komunikabideen esparrura). Hizkuntzaren bizia, osasuna eta indarra ezin da euskarazko ikasleen hazkundeaz, urteko liburu-produkzioaz, aldizkari-kopuruaz eta irratsaio- edo telebista-orduez neurtu. Beharrezkoak dira lagungarri horiek guztiak, batez ere gizarte molde berri-modernoetan bizi diren hiztun-herri txikientzat. Baina ez dira inondik inora aski. Are gehiago: ez dira horiek, ezinbestean, gurea bezain ahul dagoen hizkuntza baten osasun-egoeraren neurgailu sendoenak. Etxean eta kalean, lagunartean eta lan-giroan, batez ere hitzez baina zenbaitetan idatziz, eguna joan eta eguna etorri lehen baino ugariago egiten al dugu euskaraz? Jende gehiagok egiten al dugu euskaraz, eta lehen baino jardun-gune eta solas-gai gehiagotan? Zaharrek edo gazteek egiten dute maizago euskaraz? Kaletarrek edo herrixketakoek? Goi-mailako ikasketa egindakoek, erdi-mailakoek edo mailarik apalenekoek? Lehen baino errazago egiten al dugu euskaraz, hitzez eta idatziz, gai jasoak eta, bereziki, eguneroko kontuak mintzagai ditugunean? Lasaiago eta biziago al dihardugu euskaraz, eta eguneroko bizibide bihurriaren gazi-gozoak sarriago eta zorrotzago adierazten al ditugu guztiok, geure etengabeko jardunean? Lehen baino begirune eta onarpen zabalagoa eskuratzen al du, egungo egunean, euskaraz ari den eta euskaraz bizi den euskaldun-jendeak? Irizpide horiek ere kontuan hartu behar genituzke, hogeita bost urte honetako bilakaeraren patxadazko hausnarketa egitekotan. Zenbakiak beharrezkoak dira, horretan ez dago dudarik. Lagungarri sendoak dira demolinguistikazko emaitza gordinak eta landuak, argigarriak dira A, B eta D ereduetako haur-kopuruen urtez urteko azalpenak, urteroko liburugintzaren datuak eta abar. Baina ez dira aski, urrundik ere. Zabalago jokatu behar dugu, osasun-egoeraren itxurazko balioespenik egitekotan. Ikuspegi zabal, osatuago hori gabe zail da zure galderari taxuz erantzutea. Labur esanik, eta ikuspegi global horri gagozkiola, bistan da irabazian atera dela hizkuntza esparru batzuetan, eta galtzaile besteetan. Zertan aurrera egin dugun (non-noiz eta zenbat), eta zertan atzera: hori da benetako galdera, lerroarte labur honetan erantzun ezinekoa.


"Gure hizkuntzaren egoera" esan dut. Zuzen esan al dut, ala "euskara" esan behar nuen? (diote, gaztelania ere euskara bezain bertakoa dela etab.).
Galdera honekin bitako bat egin liteke: lerro bakarreko (eta are hitz bakarreko) erantzuna eman, edo hogei orrialdetik gorako txostena prestatu. Zaila da, oso, erdibidetik joaz lerro-sorta labur batez zehatz erantzutea. Horixe eskatzen da, ordea, eta horretan saiatuko naiz. Hel diezaiogun eguneroko mintzajardunari. Elebidun gara euskaldunok, ehunetik laurogeita hemeretzi. Ele bikoak eta are, zenbaitetan, ele anitzekoak. Hori horrela da gaur egun, eta nekez aldatuko da egoera hori (nahi ez genukeen aldera makurtzen ez bada, behintzat) mende berri honetan. Beraz, alde horretatik, euskaldunontzat (euskaraz dakigun eta euskaraz egiten dugun gehien-gehienontzat) gurea da erdara ere, dela gaztelania dela frantsesa. Bestalde, bertako erdaldunentzat (edota, gutxi-asko euskaraz jakin arren, erdaraz bizi diren euskaldunentzat) ez dago duda-mudarako eremu handirik. Bertan jaio eta bertan bizi direnen bizi osoko hizkuntza, dudarik gabe, "bertakoa" da. Euskal herriko biztanle guztion hiru laurdenak egoera horretan daudenez, are "bertako"ago. Hizkuntzaren "bertako"tasunak alderdi asko ditu ordea. Eguneroko mintzajardunari dagokiona alderdi bat da, ez bakarra. Badira alderdi gehiago, kontuan hartu beharrekoak. Hizkuntza ez da, izan ere, komunikazio-tresna bakarrik. Hizkuntza batenganako atxikimendua eta hizkuntza horren bidezko talde-nortasuna ere kontuan hartu beharreko datuak dira. Are gehiago: hizkuntza bik edo gehiagok esparru bera okupatzen dutenean, "bertako" izate hori ez da ezinbestean guztietan berdina, ez da uniformea. Bertan bakarrik hitz egiten den hizkuntza eta munduko hainbat lekutan aldenik alde korritzen duena ez dira, inola ere, "bertako"tasun berekoak. Datu objektiboa da hori, aurrekoa bezain objektiboa. Guk bakarrik egiten dugu euskaraz, mendez mende eta belaunez belaun. Gu bakarrik gara hortaz, eskubidez eta eginbidez, hizkuntza horren ohiko erabiltzaile eta azken babesle. Eta horrek guztiak, nahi eta nahi ez, berariazko ezaugarria dakargu euskaldunoi. Horrekin loturik dago, besteak beste, atzerriko adituek 1953az geroztik language loyalty deitzen dutena eta gure artean, ehun urte lehenagotik hasi eta 1897tik etengabe, "euskaltzale"tasuna esan ohi den hori. Euskara galtzeko arriskuan dagoela jakitea, gure herri-izatearen ezinbesteko osagai dela aitortzea, gutxi-asko euskaraz bizi den hiztun-herri hori bizirik gorde eta aitzinatu nahi izatea eta hizkuntza bera, ahal den neurrian, txukuntzen, bateratzen eta eguneratzen saiatu nahi izatea aparteko tasunak ditugu euskaldunok, munduan beste inork ez dituenak eta izan ezin dituenak. Alde horretatik, euskaldunok hizkuntza biren edo gehiagoren jabe izateak ez du esan nahi hizkuntza biak berdin "gure" sentitzen ditugunik, ez eta bi hiztun-elkarteen era bereko partaide sentitzen garenik. Euskaraz eta erdaraz egin dezakegu noski, eta bietan ongi molda gaitezke gainera, baina erabilera batak eta besteak bere esparru propioa izan ohi dute euskaldun gehienontzat. Eguneroko mintzajardunari gagozkiolarik, eta ohiko jardun-gune eta solas-gaietan ari garelarik, euskaldunon artean euskaraz egitera jo ohi dugu nagusiki, hori dugu bertako jarduera-arau nagusia. Era berean, "bertago"koak ditugu euskararen erreferente sinbolikoak, euskaldunoi bakarrik dagozkigunak eta gure jatortasun etnokulturalaren muinera hurbiltzen gaituztenak. Gaztelania (iparraldean frantsesa), aldiz, erdaldunekin (edo jardun-gune eta solas-gai jakinetan euskaraz oso nekez egiten duten euskaldunekin) jarduteko hizkuntza dugu; errealitate soziokultural hispanikoaren (eta hortik goragoko esparru zabalagoen) partaidetasun-seinale eta sinbolo ere badugu, bide batez. Konstelazio soziokultural bi horien arteko uztardura, azken berrehun urteotan, ez da inondik inora erraza izan. Egonkorra ere ez: galeran atera da txikia, oro har, era handia irabazle. Egia da, horrekin batera, hizkuntzen arteko elkarbizitza gure historiaren atal garrantzitsua dela. Mende luzeetako bizibide nagusiaren adierazleetako bat. Aspaldi-aspaldikoa izateaz gainera, zenbaitek (Humboldt batek, adibidez) uste izan zuena baino iraunkorragoa ere bai. Hori guztia kontuan hartu behar da, "bertako"tasunaz jardun nahi denean.


Hezkuntza Sailean ari zara eta nahitaezko dut galdera. Ez al da ereduak egokitzeko garaia?
Lehengora goaz. Zaila da hogei bat lerrotan horrelako galdera bati erantzun betea ematea. Hortik aterako diren ondorioak ere halakoxeak izango dira: argitasun handirik gabeak. Galdetu egin zaidanez, halere, hitz bi esango ditut. Ni ez naiz egungo eredu-sistema aldatzearen aldeko, bere ordezko formulazio berriak honako baldintza hauek betetzen ez baditu: a) segurtasun juridikoa (egungo eredu-sistemak finkagune sendoa du indarrean dagoen lege-marko nagusian eta, bere katramila guztiekin ere, mende laurdeneko bilakaera adostua ekarri du berekin); b) ikasleen luze-zabaleko euskalduntzea eta norbanakoaren garapen kognitiboa taxuz uztartzea (errazegi jo ohi dugu helburu horietariko batera, lortu beharrekoak biak direla, eta ez bakarra, ahaztuz); c) ikasleen, gurasoen eta hezkuntza-eragile nagusien askatasun-esparrua ez itotzea, goitik beherako hizkuntza-plangintzari behetik gorakoa ere aukeran eskainiz eta babestuz; d) gizarteak beste esparruetan daraman normalkuntza-saioarekin eskuz esku joatea eta, e) ikasleen hizkuntza-gaitasunean formulazio berriak oraingoak baino emaitza hobeak emango dituelako argudio-bide sendo samarrik eskaintzea. Besterik da, jakina, egungo eredu-sistemari eutsiz bere egituran eta aplikazio-esparruan era bateko eta besteko hobekuntzak egitea. Arrazoikoa iruditzen zait azken hori, zeharo, beste edozein hobekuntza-bide bezala.


Zilegi bekit bolo-bolo dabilen esamesa bat zuri transmititzea, jakinaren gainean zauden arren: Arabara datozen inmigrante gehienak A ereduan eskolatzen dira. Neurri batean ikasiko dute euskara, baina ez dago euskaraz hitz egiten ikasiko duten segurantziarik.
Egia da hori, itxura guztien arabera. Etorkinen seme-alaba gehienek, batez ere kalean euskararik ezer asko egiten ez den hiri nagusietan bizi direnek, asignatura moduan ikasten dute euskara. Besterik da aldiz, oker ez banago, eskualde euskaldunenetako egoera. Nolanahi ere, egia osoa ez da hori bakarrik. Are gehiago, euskara indarberritzeari dagokionez honako beste hau da, niretzat, egia nagusia : euskaraz egiten ondo ikasiko duten segurantzarik ez dago inolako erdaldunekin: ez etorkinen seme-alabekin eta ez bertakoekin (zerbait esatearren, ez bilbotar gehienen haurrekin dago segurtasun hori, eta ez tolosar askoren seme-alabekin ere). Eredu batera edo bestera joateak badu bere eragina, eta hori ez da gutxiestea komeni. Baina ametsetan ibiltzea ere ez. Hizkuntza bat eskuratzea ez da eskola-kontu huts. Haurraren eskola-garaiko familia-bizitzan, auzo-giroan edo lagun-taldean nagusi den hizkerak, eta eskola-aldiaren ondoko gizarte-bizitzan (batez ere bere harreman-sare nagusietan) gailen dabilenak eskola-hizkuntzaren gainetiko erakarmena dute. Egundoko pisua dute eskolaz kanpoko faktore horiek gazte-jende horrek hizkuntza bat (batez ere bigarren edo hirugarren hizkuntza denean) ikasteko eta norbere mintzajardunean sendo txertatzeko orduan. Horrek guztiak, ezinbestean, lehentasunen esparrura garamatza. Lehentasunak jartzeko orduan, berriz, gizartean bizirik dagoenari eustea, hura indartu eta sendotzea, izan behar genuke xede nagusi. Azken-azken orduko etorkin-haurrak ondo euskaldundu gabe geldituko diren beldurraren pentsutan ezin egon gintezke. Alor horretan egiten dena, beste hainbatetan bezala, mesedegarri da. Euskalduntzearen erronka nagusia ez dago, ordea, hor. Etxetik euskaldun (nola-halako euskaldun) diren haur askotxoren ahozko jarduna, batez ere hamar urte ingurutik aurrerakoa, kolokan dago: hor ari gara egunean eguneko apustua, hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena eta zabalkundea, jokatzen. Eskola-kontuei dagokienez hor ari gara gure hiztun-herriaren geroa sendoen zurkaizten edo arrisku bizienean jartzen. Horri bilatu behar genioke beraz, lehenik eta behin, irtenbide erosoa. Gizarte irekian bizi gara, gero eta gizarte irekiagoan antza, eta jende-mugimendua areagotu egingo da gurean ere: bai etorkinak direla medio eta bai, askotan ezikusiarena egiten badugu ere, gure "joaileak" direla tarteko. Ikuspegi osatu horretatik heldu beharko diogu, beraz, etorkinen fenomenoari ere. Ez da guretzat kontu berria, baina larritu egiten du panorama, lehendik ere aski korapilotsua. Euskal hiztun-elkartearen etorkizuna are ilunagoa dela adierazten du, ezer adieraztekotan, baina lehentasun-eskema nagusia ez du itzulipurdikatzen.


Hurrean ditudan gurasoen kezka. Haurtzaindegira bidaltzen dute haurra, D eredura. "Gela da D eredukoa!", azpimarratzen didate, hostope berean A, B eta D ereduak dira-eta. Haurtzaindegira sartu eta gaztelania usaina dagoela diote, erabat.
Ez zara hori esaten didan lehena, batez ere hemen, Araban. Lehenik eta behin, eta berriro lehengora noa, garbi esan behar da eskolak (haurtzaindegiak oraingoan) eman dezakeena ez dugula bere neurritik atera behar. Ez dugu pentsatu behar, eskolak eman dezakeena baino gehiago emango duenik. Haurra eskolara (D ereduko gelara) bidali eta, horrenbestez, euskalduntze-bide sendoan sartua dagoela uste izatea gehiegizko ustea da. Hori da lehenengo puntua. Gatozen bigarrenera: egia da ama-hizkuntzari dagozkion ezaugarriak, eta horrek berekin dituen baldintzak, errazegi gainditu uste izan ditugula joan deneko hogeita bost urtean. Hain erraz non, askotan, ama-hizkuntza ez dugun askotan ia kontuan izan, ez ereduen aplikazio-fasean eta ez eskolaren euskalduntze-planetan. Gero eta joera handiago izan da, aitzitik, etxetik erdaldun huts, erdal elebidun eta euskaldun sendo samar diren haurrak gela berean sartu eta gero, berez bezala, haur horiek euskalduntze osoaren arrastoan sartuko direla uste izatekoa. Jakin badakigu ordea, eskarmentua ez baita alferrikako, haurren alfabetatze- eta euskalduntze-lana eredu-aukera hori baino ondotxoz eginkizun konplikatuagoa dela. Egungo jokamoldearen berrikustapenik inon egitekotan, horrelako puntuetan egingo nuke nik berritze-saioa. Ez punta-mutur batetik bestera joateko, eskola-munduan sarriegi gertatu ohi denez, hobekuntza-bide kontrastaturik adosten saiatzeko baizik.


Zer gertatzen da gure herrian, irakaskuntzan, hirugarren hizkuntza ingelesa izendatzen denean, laugarrena alemana, eta gero, hegoaldeko euskalduna Baionara, Luhusora edo Zalgizera joan eta frantsesez moldatzen ez denean?
Horrek, lautatik hirutan, zera esan nahi du: ustez egokienak diren jakituria teorikoez eta trebetasun praktikoez hornitu nahi dituztela gurasoek beren seme-alabak. Ingelesa iruditzen zaie seme-alabentzako tresnarik baliagarriena, bertako hizkuntzez gainera luze-zabaleko atzerri-hizkuntza bat aukeratzeko orduan. Ikasketak amaitutakoan, munduan ibiltzeko jantziago egoteaz gainera lanbide egoki bat eskuratu ahal izateko ere ingelesez jakitea lagungarri gertatuko zaiela uste dute. Uste bakarrik ez: izan ere, praktikan, halaxe da hainbat egoeratan: lanak eraginik edo geure gogoz munduan barrena gabiltzanean, nazioarteko lan-bilera teknikoetan, aireportuetan eta gainerako harreman-guneetan, orobat bibliografia zientifikoa eskuratzeko orduan, berrikuntza teknologikoak ondo erabiltzen ikasterakoan edota pop-kulturaz jabetu, internetez edo telebista-kanal sofistikatuez baliatu eta modernotasun supraetnikoaren munduan murgiltzerakoan, hizkuntza baliagarriena ingelesa da egungo egunean. Lehen frantsesak zuen nagusitasun hura ingelesak eskuratua du hogeigarren mendean. Gatozen harira: ingelesa ikasteaz gainera, bigarren atzerri- hizkuntza bat ikasteko aukera ematen da egun, hainbat ikastetxetan. Europar Batzordeak gomendatu ere egiten du, gainera, atzerri-hizkuntza birekin saiatzea. Eta jakina, hurrengo galdera hor dago: ingelesaz aparte, zein da gure seme-alabentzat, gerora begira, baliozkoen gertatuko dena? Azken galdera honekin, gauzak ez dira aurrekoan bezain argi. Batzuentzat frantsesak du balioa nagusia, ingelesaren hurren, eta hartara jotzen dute. Hainbat kasutan, bai Europa osoan eta bai gure artean, frantsesa da bigarren atzerri-hizkuntza. Horrezaz gainera, Donostia eta Irun artean bereziki, are balio handiagoa du frantsesak: hurbiltasun-faktoreak badu noski, horretan ere, bere pisua. Ilunago dago kontua, ordea, zuk esandako adibide konkretu horretan. Guraso askok, Barakaldon edo Gasteizen bizi direnek kasu, ez da batere normala euren buruari esatea: "Luhusora joaten garenerako, frantsesez jakin dezatela behintzat gazteek". Zenbat aldiz joaten dira, izan ere, Luhusora edo antzekoetara?


Artikulu bikainak idatziak dituzu euskara indarberritzeari buruz. Tartean, nagitasun intelektuala salatu diguzu.
Barandiaranek, Mitxelenak eta Caro Barojak, bakoitzak bere modura, euskaldunon zenbait ezaugarri plazaratuak dituzte. Horietariko batek hitzez hitz, eta beste biek hor nonbait, euskalduna homo faber dela (zehazkiago, izan dela) esana digu. Asko aldatu dira gauzak, Barandiaranek edo Caro Barojak euskaldun jator-petoak aztergai zituztenetik, eta baliteke egungo tipologia nagusia aski aldaturik egotea. Ez dut uste ordea ezaugarri hori gure artetik, batez ere euskaltzaleon artean, erabat galdu denik. Bizirik dago orain ere. Kontua ez da egitea (kasu honetan, "euskararen alde" egitea) bakarrik. Saiatzea ez da aski. Egiten dugunari zer etekin ateratzen diogun neurtu egin behar da, batetik. Zer etekin dakarren eta zer kostu dakarren dirutan, gizajendearen nekean eta atxikimenduan, antolamendu-lanean eta abar. Eskueran ditugun aukeren artean bata aukeratu, edo bestea, ondorio aldetik nolakoa den aztertu egin behar dugu, aukera bakoitzarekin zer irabazten eta zer galtzen dugun ikusi. Eta, batez ere, hartzen dugun bidea zergatik eta zerarako hartzen dugun jakiteko ikuspegi informatua eskuratu behar da: ahal bada aldez aurretik eta, bestela, bide batez. Hori ere behar-beharrezkoa da. Kemena ez da bertute txarra. Europako hiztun-herri txiki askok, gehienek nire ustez, aparteko begirunea digute gure dinamismo hori dela medio. Hori ez da aski, ordea. Buru hotzez eta jakinaren gainean jokatzea ere gizaki ororen dohain preziatuak dira, hemen eta nonahi, eta euskaldunok ez genituzke bigarren mailako ezaugarritzat hartu behar. Proba egiteko gogoa eta, batez ere, aukera posibleen eta elementu unibertsalen gaineko gogoeta-lanerako dedikazio jarraikia, labur esanik, oldarra bezain beharrezkoak ditugu.

Badira gure artean, eta zinez miresten ditut, gogoeta-lanari leihoa zabaltzen saiatzen direnak. Bai unibertsitate munduan, eta bai handik kanpora, badugu buru-langile saiaturik. Gutxien-gutxienak dira horrelakoak, ordea, nire ustean. Gutxi dira eta, oro har, aski eragin mugatua dute euskalgintzaren esparruan.
Euskalgintzaren azken mende-laurdeneko ibilbidea eta batez besteko bilakaera aztertzen badira, gauza bat dago argi: txantxangorri-burua duen elefantetxoa sortzen ari garela (bide batez, eta mamiari dagokionez, esapide hori ez da nik asmatua). Saio hori ez dut, inola ere, gaitzesten. Horri eskerrak hainbat gauza lortu da erakundetze aldetik; baliabide material, ekonomiko eta gizajendezkoak eskuratu eta gestionatze aldetik ere bai. Baina gogoeta-lanean zentraturiko antolamendu ganorazkorik sortzeko orduan motz, oso motz, gelditu gara.


Aldian aldiko adierazpenak gorabehera, hizkuntza eta literatura ditugu Euskaltzaindiak zaintzen dizkigun arloak. Zer egin lezake akademiak hizkuntzaren gramatika arautu ez ezik euskararen prestigio, izen ona eta, are, erabilera bultzatzeko?
Euskaltzaindia 1918-19an sortu zenean, bi eginkizun nagusi zituen begien bistan: bata, hizkuntza bera osatu, eguneratu, txukundu eta batasun-bidean jartzea. Bestea, hizkuntzaren bizia zaindu eta indartzea, euskara jende gehiagok, gizarte-esparru gehiagotan eta zeregin gehiagotarako erabili ahal izateko neurriak bideratzea. Garai batean bietan saiatu zen Akademia. Gerra aurreko garaian, horrela, Seber Altube baten lana, neurri handi batean, bigarren eginkizun horretara bideratu zen. Ikus, besteak beste, La vida del euskera, edo Más sobre la vida del euskera. Gogoeta sakon eta, nire ustez, zentzuzkoa egin nahi izan zuen berak. Ez zen bakarra. Tolosako Mokoroa "Ibar" ere, garai bertsuan, hizkuntzaren giza arteko dimentsio horri heltzen ahalegindu zen.. Gero, gerra ondoan, 1956tik 1960ra bitartean, Euskaltzaindia berriro pizten hasi eta Euskaltzaleen jardunaldiak antolatu zituenean, gizarte-dimentsio hori izan zen berriro aztergai nagusietarikoa, aplikazio-asmo konkretuagoez halere. Eta azkenik, aurreko agintealdia bukatu eta oraingoa martxan jartzeko une hartan, batez ere 1976tik 1980ra bitartean, bete-betean jardun zuen Euskaltzaindiak ,berriro ere, hizkuntzaren dimentsio sozial horri buruzko gogoetan. Ordukoa da, besteak beste, Euskararen liburu zuria. Beraz, Euskaltzaindiak berea izan du egiteko hori eta, sortu zenetik hona hiru epetan gutxienez, horretan jardun ere jardun du. Egia da, halere, 1980tik hona lehen ez bezalako panorama instituzional batekin topo egin duela Euskaltzaindiak. Udalek eta Foru Aldundiek batetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bestetik, panorama instituzional berria ekarri dute eta panorama horretan, egitekoak birbanatu egin dira. Birbanatze horretan hizkuntza-politika, hizkuntzaren plangintza konkretua eta garapen zuzena, aginte legegilearen eta exekutiboaren esku gelditu da nagusiki. Inon argitu ez dena, labur esanik, zera da: gogoeta teorikoaren esparrua nondik eraman behar den.


Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak ere egin izan du zenbait gogoeta horren harian, ala?
Ez, hori beste kontu bat da. Gauza bat da gobernu batek hurrengo bi, hiru edo lau urtean zer egin behar lukeen, eta batez ere non saiatu behar lukeen argitzen saiatzea, eta hori da exekutibo orok behar duen aholku-laguntza, eta bestea hizkuntzen gaineko gogoeta-lan teorikoa bideratzea. Bateraezinak iruditzen zaizkit bata eta bestea.


23 urte daramatzazu Euskaltzaindiarekin lanean. Urgazle zaitugu 1983 urtetik eta, lehenago ere, 1976an bertan, akademiaren matematika-azpibatzordeko kide izan zinen.(Terminología lantzen jardungo zenuten, noski). Zertan aldatuko da zure egoera akademiaren barruan?
Seguru erantzuteko, oraindik ez dakit. Goiztxo da horretarako. Txirritak esaten zuenez, "surtan jartzian probatutzen da, nolakua dan eltzia". Esan dezagun, ikusten dudan perspektibatik, nekez aldatuko dela nire ohiko lan-jarduna Euskaltzaindian sartze hutsagatik: hilean behin izaten dira bilerak, jakina denez. Bileretara joaten saiatuko naiz; tartean lantxoren bat edo beste etortzen bada, horri ere erantzun beharko diot,.. Hortik aurrerakorik ezin dizut ezer asko esan.


Zerk ekarri zintuen bide honetara? Alegia, terminología teknikoa lantzen hasi zinen eta gaur egun, hizkuntza-soziologiaren alorrean ari zara lanean. Ez dakit zuritik beltzera igaro zaren, aurkitik ifrentzura... Italo Calvinoren bizkonde erdibitua ote zaitugu zu ere?
Oso galdera polita. Nork geure singladura pertsonala izan ohi dugu. Ez da gezurra, inola ere egia osoa ez den arren, terminologia teknikoaren mundutik iritsia naizela euskalgintzara. Gauzak osoago esaterik banu, hasiera hartan hizkuntzaren irakaskuntzan eta alfabetatze teknikoan ere buru-belarri jarduna naizela esango nuke. Egia da, guztiarekin, hizkuntzaren corpus-plangintzan aski zentraturik lan egindakoa naizela. UZEIn jardundako ia lau urteak, bereziki, hizkuntza-plangintzak corpus -alorrekoak izan ziren bete-betean. Aldiz azkeneko hogeita bost urtean, batez ere, beste alor batzuetan egin dut lan, nagusiki: Cooper-en garaitik acquisition planning esaten den alorrean, batetik, eta status planning delakoan, bestetik. Eguneroko lanak eraman nau, jakinaren gaineko eta bat-bateko deliberamendu sendoren batek baino areago, perspektiba-berritze horretara. Hezkuntza-mundua izan dudalarik aurrez aurre, aspalditxo konturatua naiz hezkuntza-mundu hori ez dela elementu autonomoa, hizkuntzak ez dituela era horretako esparru itxiak eta hezkuntza, aski esparru garrantzitsua izanik ere, ez dela elementu zentral-nagusia ahuldutako hizkuntza indarberritzeko orduan. Garrantzitsua bai, baina giltzarri ez. Hori dela-eta, ikuspegi zabalago batetik ikusi behar izan dut langintza osoaren panorama. Horretarako, berriz, ezinbestekoa gertatu izan zait hizkuntza-soziologia. Alor horretan XX. mendean gailendu diren gehienen teorizazio-lana aztertzen eta ulertzen saiatu naiz. Aparteko itzala aitortzen diot alor horretan, gainerako beste hainbat gutxietsi gabe, Joshua A. Fishman-i. Zer ikasi asko dugu beragandik.


Hortaz, hezkuntza ez da elementu zentrala?
Hezkuntza formala ez da, ezinbestean, indarberritze-saioaren eginkizun nagusia.


Guk hor egin ditugu gure ahaleginik handienak.
Bai, azken mende-laurdenari dagokionez hala da.


Ondorioz, horretaz ere gogoeta egin beharko dugu.
Jakina..


Beldurrik gabe.
Bai, tentu handiz baina beldurrik gabe.


Gogoeta egin, eta probak gero.
Bai: probatze-lan hori, aldi jakin batez mingarri gerta baliteke ere, onuragarri izan ohi da garaiz eta zuzen egiten bada.


Bejondeigula!
Ez dut kasu bakar bat ezagutzen, mundu zabalean, bertako hizkuntza txiki-ahuldua batez ere eskola bidez indarberritu eta osasun onera etorri denik. Askotan esan izan da corpus-plangintzaz eta eskolaren laguntzaz biziberritu izan dela hebraiera. Horretan berariaz saiatu den zenbait adituk, Bernard Spolsky-k kasu, behin baino gehiagotan adierazi du hebraieraren biziberritzea ez dela nagusiki corpus-plangintzaren (eta, are, hizkera berritu hori eskolan irakastearen ondorioz) indartu aski bestela baizik: lan-taldeak, harreman-sareak, auzoak eta biziguneak sortzetik. Horiek sortzetik, osatzetik eta belaunez belaun transmititzetik etorri izan da, unerik kritikoenetan, hebraieraren benetako indartze-lana. Gero etorri dira gerokoak: agintaritza osoa, unibertsitate-esparrua eta abar. Eta are, egungo egunean ere, hainbat esparrutan eta gizarte-funtziotan hebraiera ez da bertako hizkuntza bakarra.


Orduan, zergatik ez dugu bide hori gehiago lantzen? Zergatik ez dira esperientzia gehiago egiten?
Oso galdera ona egiten ari zara. Gutxiegitan egiten dira horrelakoak gure artean. Eta hori zergatik? Motibo askorengatik, seguru asko. Horietariko bat, agian, guztiok barruan daramatzagun neke-giroa eta beldur-puntua izan liteke. Urteetan aurrera goaz, eta konplikazio gehiegirik ere ez genuke nahi: bide onetik ez goazkeela jakiteak ez du inor lasaitzen, eta geure buruari opa ez dioguna ez genioke besteri opa izan behar.


Beldurrak zaintzen du mahastia...
Hori ere, nire ustez, nagitasun intelektualaren denda ostean dagoen salgaietako bat izan liteke. Bai agintari-jendeak eta bai oinarriko euskaltzale-munduak, bakoitzak bere modura baina biak antzeko asmoz, beren euskararen aldeko saioan txukun samar jokatu dutela, saiatu behintzat zinez saiatu direla, garbi utzi nahi dute. Gogo-giro horrek ere bere pisua du. Gauzarik inportanteena, horrelakoetan, ez da askotan balorazio objektiboa izaten (saio horrek teoriazko ikuspegitik euskara indarberritzeko asko edo gutxi lagunduko duen epaitzea alegia), saio horri loturik doan balio afektiboa eta emozionala baizik. Hots, euskararen alde saiatu izana argi azaltzea baizik "halakotan parte hartu nuen, eta beste halakotan, eta beste halakotan ere bai". Begirune eta errespetu osoa zor diogu horri, gauzak ondo entenditu nahi baditugu. Kontu hori ez dagokie agintariei bakarrik, gorago esan dudanez. Oinarri-oinarriko euskaltzalea ere mundu horretan bizi da; hor barruan bizi gara denok, gutxi-asko.


Hamazazpi orrialde baino gehiago jardun gintezke, honetaz eta hartaz.
Hala da. Baina beste batean beharko du, gaizki ez baderitzozu.

Nortasun agiria
Mikel Zalbide Elustondo (Donostia, 1951). Ingeniari ikasketak egina. Artean ikasle zela Elhuyar Kultur Elkartearen sortzaileetakoa 1972an. UZEIn lan egina. Euskal Unibertsitatea eratzeko ekimenaren partaide. 1981. urteaz gero, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zerbitzuaren burua. Administrazioak euskararen inguruan gauzatu dituen egitasmo nagusietan parte hartu du. Horri loturik, soziolinguistikan jardun du eta euskarak eremu urriko hizkuntza askorekin batera dituen arazoen teoria eta praktikak landu ditu. Euskaltzain urgazle da 1983tik, eta euskaltzain oso izendatu berria da aurten bertan. Hainbat lan argitaratu ditu hemengo eta kanpoko agerkari espezializatuetan.

Euskaltzaleak nahi du
«Euskaltzaleak ere nahi du, nola ez bada!, euskara aurreratzen bada beragatik ere izan dela esan ahal izatea. Ez dago ukatzerik, gainera, arrazoi handia duela desio horretan: inbertsio pertsonal handia egin du askotan, bai denbora aldetik, bai bide-murrizte edo aukera-galtze profesionaletik eta bai diru-irabazien itxaropenetik, eta orain nekez onar dezake, besterik gabe, euskararen alde egin duen apustua ez dela agian egin zitekeen saiorik egokiena izan. Baleudekeela, alegia, ahuldutako hizkuntza indarberritzeko bide sendoagoak. Teoria behar-beharrezkoa dugu, noski, baina jendearenganako errespetua eta egiten duenaren oniritzia inoiz ahaztu gabe. Asko daukagu ikasteko, baina, ez gaude lehen baino ezjakintasun handiagoan murgilduak, bestalde. Hori ere kontuan hartu behar dugu, orekazko iritzi zabalik eskuratu nahi badugu».

Gogoeta teorikoa falta
«Mintzajardunaren giza arteko moldaeraz, eta hizkuntza txiki-handien arteko bizibide-molde posibleez gogoeta teoriko ganorazkorik egingo bada, oraindainokoak baino ondotxoz egitura sendoagorik behar da. Horixe da, oro har, gure artean falta dena. Ez aplikazio zuzenera edo erdi-epekora zuzenduriko ikerketa-gunea, oinarriz eta irispidez gogoeta-lan teorikoan sustraitutakoa baizik. Gure gizarte-bizitzaren beste hainbat esparrutan, unibertsitate alorreko jakintza-esparru askotan bereziki, aurrera egin da mende-laurden honetan. Aldiz hizkuntza-soziologiak, hizkuntzen gizarte-dimentsioaz eta mundu zabaleko fenomeno unibertsal horrek gurea bezalako ingurumenetan dituen ezaugarri ezinbestekoez diharduen jakintza-sailak, ez du pareko garapenik izan. Deigarria da hori, zinez, hizkuntza kontua gure herri-izatearen eta gizarte-bizitzaren auzigai nagusietarikoa dugula kontuan izanik».

Homo Faber
«Homo faber gara euskaldunok. Esamolde arruntetara itzuliz, honelako zerbait dugu euskaltzaleok lege: ‘Ondo ala gaizki, ikusiko di(n)agu gero, baina badaezpada, eman!’. ‘Egin egin behar dira gauzak, saiatu mutilak!’. ‘Ikusiko di(n)agu barruan edo kanpoan ematen duen, baina ez utzi pilota jo gabe!’. ‘Eman, egin!’. ‘Egin’ da gure gakoa, alde askotatikoa. Erro sakonak ditu horrek gure herrian, gure historian. Ezaugarri horretan bat datoz, beste gauza askotan oso bestelakoak izan arren, bai hizkuntzaren bottom-up plangintzan eta bai top-down delakoan ari garenak. Hain gure barruan daramagun kontu horrek, bere onetik aterako ez bada, beste oreka-gune bat behar duela uste dut».


Azkenak
2024-11-22 | Julene Flamarique
Voxen aurka Bilbon protesta egiteagatik auzipetutako zortzik ituna egin dute Fiskaltzarekin eta bat epaiketara joango da

Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]


2024-11-22 | Ahotsa.info
Saskien bidez Nafarroako euskalgintzari inoizko ekarpenik handiena egingo dio Errigorak: 230.000 euro

 Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.


2024-11-22 | Sustatu
Euskarazko esamoldeak baloratzen lagundu online galdetegi honetan

Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.


Gemma Piérola
“Historiak ezin du ezikusiarena egin gu protagonista garen eguneroko arazo horien aurrean”

Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Eguneraketa berriak daude