Euskal biodibertsitatearen lauburua: Gure altxor ezezagun horiek


2021eko uztailaren 16an

Urte gutxitan, biodibertsitatea erabilera handiko hitza bilakatu da. Komunikabideetan egunero erabiltzen da eta maiz entzuten da politikoen ahotik. Baina, zer da biodibertsitatea? Zer dela eta halako ospea? Kontzeptua definitzea ez da erraza. Normalean ematen zaion erabilera kontuan hartuz, leku batean bizi den espezie-kopurua da; baina errealitatea konplexuagoa da. Biodibertsitatea biziaren aniztasuna neurtzeko erabiltzen den parametroa da; baina biziaren barietatea antolaketa-maila guztietan neur daiteke eta, horregatik, lau biodibertsitate mota daude. Alde batetik, leku batean dagoen espezieen aberastasuna biodibertsitate espezifikoak neurtzen du. Bestetik, inguruaren banaketa-maila edo mosaiko biologikoen joritasuna biodibertsitate espazialaren bidez neurtzen da. Hirugarrenik, eskualde bateko ekosistema-ugaritasuna neurtzeko, biodibertsitate geografikoa erabiltzen da. Azkenik, espezie bakoitzaren barruan dagoen aldakortasun genetikoa adierazten duen biodibertsitate genetikoak ere, berebiziko garrantzia du, biodibertsitatea eboluzio biologikoaren ondorioa baita, eta horren oinarrian geneen mutazioak eta horietako batzuen hautespen naturala baitago.

Biodibertsitatearen ospea, ordea, mundu mailan ezagutzen ari den etengabeko galeraren ondorioa da. Lurraren historia geologikoan espezieen desagerpena ohiko fenomenoa izan bada ere, gizakiaren eraginez, azken hamarkadetan galera erritmo naturala 1.000 aldiz azkartu da. Egoera kezkagarri horren aurrean, 1992. urtean, Nazio Batuek Ingurumen eta Garapenari Buruzko Nazioarteko Konferentzia antolatu zuten Rio de Janeiron. Konferentzia horretan parte hartu zuten estatuek, besteak beste, biodibertsitatea mantentzea helburu duen hitzarmena sinatu zuten eta, horri esker, biodibertsitatearen inguruko ikerketak eta egitasmoak emendatu egin dira azken urteetan.

Euskal Herria biodibertsitate ugariko lekua da. Arrazoia ezaugarri biogeografikoetan datza. Izan ere, Europa hegoaldeko bi unitate biogeografiko nagusiak diren eskualde eurosiberiarra eta mediterraniarraren arteko muga Euskal Herriaren erditik igarotzen da. Eskualde eurosiberiarrean gainera, bi probintzia biogeografiko bereiz daitezke: itsasoaren hurbiltasuna dela eta, prezipitazio ugari eta muturreko tenperaturarik gabeko klima duen probintzia kantabro-atlantikoa; eta, itsasoarekiko urruntasuna eta altitude igoeraren ondorioz, klima kontinental gogorragoa duen probintzia pirenaikoa. Horrez gain, hiru unitate biogeografiko horiek kontaktuan jartzen diren inguruetan, eragin ezberdinen konbinaketek maila txikiagoko unitate klimatikoak eta biogeografikoak sortzen dituzte. Horri guztiari, askotariko geologia eta litologia, topografia malkartsua eta itsasoa eta lehorraren arteko trantsizioa gehitzen bazaizkio, erraz uler daiteke Euskal Herria biodibertsitate mota guztietan lurralde joria izatea.

Horixe da, hain zuzen ere, artikulu honetan proposatzen dizuegun bidaiaren helburua, biodibertsitate aberastasun horretaz ohartzea Euskal Herriko lau mutur geografikoak ezagutuz eta alderatuz. Ba al zatoz gurekin?


Iparra, uholde eta mareen menpeko lautadak

Iparreko muturra, Biduze eta Aturri ibaien artean dagoen Samatze herrian aurkitzen da, Nafarroa Beherean. Bertan, larre eta artasoroz beteriko lautada zabalak nagusi dira eta, beraz, kolore berdea da paisaiaren ezaugarria.

Berdetasuna bertako klima ozeanikoaren ondorioa da. Klima horretan, itsasoaren eraginez, tenperatura oszilazioa txikia da eta horregatik, neguak ez oso hotzak eta udak nahiko epelak dira. Prezipitazioak ugariak dira urte osoan zehar, eta maiz izaten diren zeru hodeitsuek eta behe-lainoek hezetasun atmosferikoa altu mantentzen dute.

Lautaden jatorria ulertzeko, berriz, azken glaziazio-garaietaraino egin behar da atzera. Orduan, ur kantitate handiak glaziarretan metatu ziren eta, horregatik, ozeanoen ur-maila egungoa baino beherago zegoen. Garai horietan, Aturriren itsasadarra haran zabal eta sakona zen, eta bere bokalea egungoa baino hamabost bat kilometro aurrerago zegoen. Azken glaziazioa amaitu zenean, itsasoak gora egin zuen eta haran-zati luzeak ur azpian geratu ziren. Kostalde berriaren ertzean kokatutakoak, ostera, mareen menpe gelditu ziren eta egungo itsasadarrak agertu ziren. Denborarekin, ibaiek garraiatutako sedimentuek aldaparik gabeko itsasadar horiek bete dituzte eta aipatutako lautadak eratu dituzte.

Gaur egun larre eta artasoroek betetzen dituzten lurrak marea edo uholdeen menpeko inguru zingiratsuak ziren gizakiak uraren sarrera eragozteko dikeak eraiki arte. Barthes izenarekin ezagunak diren hezegune horiek oraindik ikus daitezke Ardanabi, Biduze eta Aturri ibaien bokaleetako zenbait lekutan. Hala ere, hezeguneak baino, hezegune mota ezberdinen mosaikoak dira; lurraren topografiaren arabera, uholde eta mareen eragina ez baita berdina leku guztietan, eta horrek hezegune ezberdinak garatzea ekarri du, hala nola zohikaztegiak, ihitokiak, padurak, urmael txikiak, ibaiertzeko basoak...

Espero daitekeen modura, biotopo aniztasuna dela eta, biodibertsitatea ere, ugaria da. Landareen artean, aipagarria da ur-sistemekin erlazionatutako hainbat espezie bakan bizi dela bertan, hala nola eguzki-ihintzak izeneko landare karniboroak, Lycopodium inundatum pteridofitoa, Pilularia globulifera iratze urtarra, gratiola officinalis...

Faunari dagokionez, biotopo hezeen aberastasunak lautada horiek animalia-komunitate jori eta interesgarrien gordeleku izatea eragiten du. Urpean luzaro egoten diren alderdietan, anfibioak nagusi dira, hala nola ur-igel jangarria edo zuhaitz-igel ezberdinak. Larre hezeetan eta ibaiertzeko basoetan, ordea, hegaztien ugaritasuna nabarmendu behar da. Atal horretan, aipamen berezia merezi du bertako ardeidoen komunitate naro eta askotarikoak. Errepideak utzi eta bigarren mailako bideetatik mugituz, erraza da lertxuntxo txikiak, lertxuntxo itzainak, lertxun hauskarak eta lertxun gorriak ikustea; eta, denbora gehiago eskainiz, ez da zaila amiltxori arrunta, amiltxori txikia edo txori zezen arruntaren presentzia antzematea.


Hegoa, ziertzoak astindutako muino idorrak

Hegoaldeko muturraren bila, Nafarroako Erriberan dagoen Ablitas herriraino iritsi behar da eta behin han, Peñadil eta Monterrey muinoetara hurbildu. Lur horietan, zereal-laboreak eremu idorretako sastrakadi eta erromero-sailekin nahasten dira eta hori dela eta, kolore hori-arrea nagusi da.

Ebroko sakonunea deritzan eskualde hori duela 150 bat milioi urte arte sakonera handiko itsaso baten azpiko arro sedimentarioa zen. Pirinioak eta Kataluniako itsasertzeko mendilerroak altxatzean, itxita geratu eta sedimentazio kontinentaleko aintzira handia bilakatu zen. Duela 20 bat milioi urte, Ebro ibaiak Kataluniako Itsasertzeko mendilerroa zulatu zuenean, aintzira hustu egin zen eta marga, buztin, kararri eta igeltsuz osatutako paisaia tabularra azaleratu zen. Muinoetan, aldapa txiki eta berdineko erliebea ezaugarri duen glazis izeneko paisaia ikus daiteke, eta bere barruan troka txikiak agertzen dira.

Euskal Herriko lekurik idorrena da hau. Bertan, itsasoaren eragina hutsaren hurrengoa da eta, ondorioz, urteko euri kopurua ez da 500 mm-ra iristen. Tenperaturei dagokienez, udan bero izugarria eta neguan hotz handia egiten du; eta egunean zehar ere, tenperaturaren gorabehera handia izan daiteke. Horri guztiari ziertzo izeneko sortalderanzko haizea gehitu behar zaio, haize lehor horrek hodeiak urrundu eta lurzoruak deshidratatzen baititu.

Klimaren ondoriozko lehortasunaz gain, lurzoruaren gazitasun handiak ere ur-eskasiaren arazoa izugarri areagotzen du. Hori dela eta, landareek uraren galera zorrotz kontrolatu behar dute. Horretarako, itxiera errazeko estomak dituzten hosto txiki, lodi eta gogorrak azaltzen dituzte. Esklerofilo izenez ezagunak diren landare horiek formazio ezberdinak osatzen dituzte tokian-tokiko baldintzen arabera. Jatorrizko landaredia mantendu den lekuetan, abaritza nagusi den sastrakadi altua eta itxia agertzen da. Abariztiak desagertu diren inguruetan eta kareharrizko muinoetan ordea, erromero sailak, ezkai-sailak eta ur gutxi dagoen lekuetan agertzen diren larre xerofiloak garatzen dira. Kareharrizko muinoetan, hain zuzen ere, Iberiar Penintsulako hego-ekialdeko endemismoa den Astralagus clusii belar espeziea bizi da. Lurzoruan igeltsuak nagusi diren eremuetan, balio ekologiko handiko sastrakadiak (sastrakadi gipsofiloak) agertzen dira eta, horietan, aipagarriak dira Iberiar Penintsulako endemismoak diren Herniaria fruticosa eta Gypsophila hispanica landare-espezieak.

Animalien kasuan ere, klimak ezarritako bizi-baldintza gogorrei aurre egiteko gai diren espezieak bizi dira. Espezie horietako asko arruntak dira Iberiar Penintsulan, baina Euskal Herrian leku horretan soilik ikus daitezke. Hegaztien artean, aipagarriak dira estepako hegaztiak: ganga azpizuria eta azpibeltza, landa-txirta, atalarra, ezkal-txinboa, Dupont hegatxabala... Narrastiei dagokienez, aipatzekoa da sugandila buztangorria, edo sakanetan ikus daitekeen apoarmatu korrontezalea. Ugaztunen artean, berriz, azpimarratzekoa da arratoi-belarri handi kiropteroa.


Ekialdea, elurra eta harria bi mila metrotik gora

Ekialdeko muturra aurkitzeko, Nafarroa Garaia eta Zuberoa arteko Piriniora hurbildu behar dugu, sortaldeko erpina Euskal Herriko mendirik garaiena den Hiru Erregeen Mahaian baitago. Goi lur horietan, landarediak zailtasun izugarriak ditu garatzeko eta hori dela medio, neguan elurraren zuria eta udan harriaren grisa nagusi dira.

Larra izeneko inguru horretan, goi mendiko baldintzak agertzen direnez, klimak elurra eta hotza ditu ezaugarri. Azarotik maiatza arte, elurrak estaltzen ditu lur horiek eta izozteak noiznahi gertatzen dira. Prezipitazioak ugariak dira urte osoan zehar eta tenperaturak oso hotzak dira neguan eta epelak udan. Hala ere, ezberdintasun handiak daude ipar zein hegoalderantz kokaturiko hegien artean. Laiotzetan, itsasotik datozen fronteak eta lainoak gelditzen dira eta, beraz, hezetasuna oso altua da. Eguteretara, ordea, fronte gehienak hustuak iristen dira eta airea lehorra izaten da.

Geologiari dagokionez, Erdiko Pirinioan nagusi diren granitoa eta arbela harriak kararriez estaliak agertzen dira bertan eta, horregatik, elurra urtzean, paisaia zirraragarria agertzen da begien aurrean, hainbat ezaugarri litologiko, geologiko, morfologiko eta klimatikoren ondorioz, Larrakoa Europan aurki daitekeen sistema karstikorik garatuenetakoa baita. Horren lekuko dugu Larran agertzen diren elementu geologiko karstikoen ugaritasuna eta aniztasuna. Izan ere, era guztietako lapiazak, dolinak, poljeak, sarbegiak, iturburuak, leize-zuloak... ikus daitezke bertan.

Muturreko klimak eta karstaren orografia malkartsuak erabat baldintzatzen dituzte bertako bizi-komunitateak. Landarediaren kasuan, bi estai bioklimatiko bereiz daitezke: 2.200 metrotik gorako estai alpetarra eta horren azpian hedatzen den estai subalpetarra. Lehenengoa, soilik Anielarra, Budogia eta Hiru Erregeen Mahaiaren gailurretan agertzen da. Bertan, landaredi potentziala, hotz eta haize handiari aurre egiteko gai den mendiko larrea da. Larre horietan Elyna myosuroides belar espeziea nagusi da; baina, aldi hotzagoen erlikiatzat har daitezkeen beste hainbat espezie ere, agertzen da. Estai subalpetarrean, ordea, mendiko klimari aurre egiteko gai den mendi-pinuaren baso irekiak dira nagusi. Pinudi horiek itxiagoak dira lurzorua sakonagoa den hegi hezeetan, eta oihanpean ainarra arrunta, ahabia eta gurbe ezberdinez lagunduta agertzen dira. Gailur eta eguteretan, berriz, zuhaitzak sakabanatuagoak daude eta oihanpean ipuruak, sabinak, azeri-mahatsak eta ainarra burusoila dira nagusi. Komunitate horiekin batera, hedadura urriagoko beste hainbat ere garatzen da, hala nola kareharrizko labar eta harkaiztegikoak, hartxingadi mugikorretakoak, leku hirdromorfobokoak... eta horietan guztietan espezie bakanak, askotan endemikoak, agertzen dira.

Animalien kasuan ere, goi mendietako espezie enblematikoak aurki daitezke. Zeruan ugatza, sai zuria eta arrano beltzak ohikoak dira. Basoz gaindiko eremuetan aipagarriak dira lagopodo zuri, harkaitz-txori eta elur txonta hegaztiak, iparraldeko suge leun narrastia; eta sarrio, lepazuri eta elur-lursagu ugaztunak. Pinudietan, aipamen berezia merezi du Anielarran mantendu den basoilarraren populazioak, iraungipen arriskuan dagoen espeziea baita. Horrez gain, zozo paparzuri eta okil beltz hegaztiek, eta soro-muxar ugaztunek ere, populazioak dituzte baso horietan. Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi azken urteotan hartz arre batek Pirinioetako txoko horretan bere bizilekua finkatu duela, espezie horren egoera larria baita Pirinio osoan.


Mendebala, kareharrizko gailurrak larre eta baso berdez inguratuak

Euskal Herriko sartaldeko muturra Lanestosa herritik igarotzen den Kalera ibaia eta Karrantzako Moro haitzaren arteko eremu malkartsuan kokatuta dago, Bizkaiko Enkartazioak eskualdean. Basogintza eta abeltzaintza nagusi diren inguru horretan, baso eta larreak kareharrizko tontorrekin nahasten dira eta, hori dela eta, berdea eta grisa dira bertako koloreak.

Tarte txikian 500 metro inguruko desnibela aurkitzeak kontraste handiko ingurua izatea eragiten du. Kalera ibaiak zeharkatzen duen ibarra marga eta buztinezko material bigunez osatutako kubeta da eta horrexegatik erraztasunez higatua izan da. Kubeta hori inguratzen duten mendiak, ordea, kararri gogorrez osatuta daude. Ezberdintasun geologiko horiek, paisaian ere isla dute: ibarrean landaredia eta forma leunak nagusi diren bitartean, gailurretan euriak eta elurrak zizelaturiko inguru karstikoa garatu da. Gainera, Lanestosatik aurrera, ibaia Moro eta Lobera haitzen artean irekitako haizpitartean sartzen da, eta amildegi eta labar ikusgarriak daude bertan.

Biogeografikoki, Enkartazioak ere probintzia kantabro-atlantikoaren barruan daude eta, beraz, bertako klima ere ozeanikoa da. Hala ere, inguruaren orografia malkartsua dela eta, metereologi fenomenoen eragina ez da berdina leku guztietan, harana fronteetatik nahiko babestuta dagoen bitartean, tontorrek horien indar guztia jasotzen baitute.

Askotariko orografiak eta altitude-gradienteak, giza-populatze urriarekin batera eragin dute latitude horietan aurki daitezkeen landaredi formazio gehienak bertan aurkitzea. Artzaintzak eta abeltzaintzak duten garrantzia dela eta, haranetan belardiak eta goi-lurretan larreak nagusi izan arren, basoak ere ugari dira. Ibai ertzetan haltzadiak agertzen dira. Mendi-mazeletan hariztiek eta baso mistoek hedadura handia mantendu dute. Aldapa handiko lurzoru harritsu eta lehorretan, ordea, garai epelagoen erlikiak diren artadi kantauriarrak garatzen dira. Goragokoa, pagadi karezaleen eremua da, baina mendiko larreen ugaritasunak baso mota horren presentzia hutsaren hurrengoa izatea ekarri du. Horrez gain, aipagarriak dira baita ere, basoa osatzen ez duten beste landaredi mota batzuk, hala nola kareharrizko harkaitz eta lapiazetakoa edo zohikaztegietakoa.

Inguru oparoa izateaz gain, Kantabriako baso-eremu zabalekin lotuta dago eta hori dela medio, fauna ere askotarikoa da. Aipatzekoa da ugaztunen aberastasuna eta, bereziki, gurean bakanak eta urriak diren hainbat animalia-espezieren presentzia. Hartxingadietan eta karst inguruetan elur-lursagua eta soro-muxarra bizi dira. Larreak eta harri-inguruak nahasten diren lekuak erbinude zuri eta sator itsuaren bizileku dira. Basoa nagusi den lekuetan orkatza, ferra-saguzar txikia, lepahoria eta muxar grisa aurki daitezke, eta ibai ertzetan ekialdeko ur-arratoia. Otsoa ere ohiko bisitaria da eta, azkeneko urtetan, zerbait gehiago, otso kumeak harrapatu izan baitira bertan.


Bidaia amaiera

Paperaren gaineko ibilalditxo hau bukatutzat eman behar dugu. Lau muturren konparaketaren bidez, Euskal Herriko biodibertsitatea zenbateraino aberatsa den ezagutzera eman nahi izan dugu; jakina, gai horrek azterketa sakonagoa merezi du: hemen bakoitzaren ezaugarrien zertzelada batzuk baino ez ditugu aipatu. Hala ere, lau inguru horiek Euskal Herriak bere barnean gordetzen duen altxor naturalaren adierazle paregabeak dira. Orain arte bultzatu den garapenak berehalako etekin ekonomikoa izan du ezaugarri, ondare naturalaren kaltetan. Baina gero eta onartuagoa da garapen-eredu horrek gizakiaren etorkizuna bera kolokan jartzen duela. Egoera horretan, nahitaezkoa da garapen iraunkorraren aldeko apustua egitea eta, bide horretan, biodibertsitatea mantentzeko neurriak ezinbestekoak dira.


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude