Euskara Kultur Elkargoak prebarikazioa eta agiriak faltsutzea leporatu zizkion Pedro Pegenaute Nafarroako Hizkuntza Politikako zuzendari nagusiari. Epailetzak auzia artxibatu berri du. Maiorga Ramirezek honela baloratu du erabakia: «Auzia ez da bukatu oraindik, baina epailetzak -errespetu osoarekin- ez du zuzen jokatu. Auzia, afera askoren arteko beste bat da. UPNren Gobernuak euskararen aurka burutu dituen bidegabekeria askoren beste adibide adierazgarria. Europar Batasuneko (EB) txostenak ere horregatik salatu du Nafarroako Gobernua. Euskara eta indarkeria ez direla nahastu behar dio txostenak, baina Pegenaute jauna hori egiten tematu da behin eta berriro. Pedro Pegenaute UPNk euskararen garapena oztopatzeko ezarritako politikaria da, besterik ez».
Gobernuaren alternatiba gauzatzeko aukerei buruz aritu gara Nafarroako EAko presidentearekin, Nafarroa Bai-z (NaBai) bereziki. Foru hauteskundeak 2007ko maiatzean izango dira eta alderdiak ari dira engoitik lanean.
Legealdiaren azken urtean ari zarete alderdiak. Zein da legegintzaz EAk egiten duen balorazioa?
Hasteko eta behin, UPN eta CDNren gehiengoa ez zen gauzatuko Batasunaren edo honen ordezkoaren bozak kontabilizatu izan balira, horrek legealdia erabat baldintzatu du. Gainerakoan, gu pozik gaude Nafarroako abertzaletasunak egin duen bidearekin. Azkenean, EAk bakarka aldarrikatu eta landu duen politika egiteko jarrera nagusitzen ari delako. 1995ean gobernu alternatibo bat osatu genuen PSN eta CDNrekin batera, Otano auzia dela medio bertan behera geratu zena. Gaur egun aldarrikatzen diren hainbat helburu politiko orduan lortzeko zorian izan ginen: EAErekin aritzeko erakundea eratu zen eta euskararen arloan hainbat aurrerapauso eman zen, besteak beste. Alabaina, ezker abertzalea deitutako mundutik PSNrekin alternatiba eraiki izana aurpegiratu ziguten. Herri Batasuneko burua Patxi Zabaleta zen orduan.
Patxi Zabaleta Aralarreko buru da egun. Zerk bereizten zaituzte Aralarretik?
Politikan konfiantza ez da egun batetik bestera lortzen. 1995ean, EA PSNrekin adostasun batera iritsi zen eremu ez euskaldunak deiturikoak desagerrarazteko, eta HBko Patxi Zabaleta bozeramaleak kontra egin zuen Parlamentuan. HBri lortu genuena gutxi iruditzen zitzaion nonbait eta UPNrekin bat egin zuen bozketan. Noski, jarrera horietatik EAk dituen jarreretara etortzeko denbora behar da. EAren izaera politikoa ezberdina da, gobernatzeko ohitura dugu, Nafarroako Gobernuan egon gara eta EAEkoan gaude. Diputazioetako esperientziak, bestalde. EAk Aralarrek ez duen heldutasuna dauka. Dena den, Aralar HBtik joan zen eta EAren eremu politikora hurbildu den heinean, logikoena litzateke Aralarrek EAren kontzeptu ideologikoak bere egiten dituenean, proiektu berdinean bat egitea.
Bien bitartean, NaBai-ren aldeko apustua egin duzue berriz ere, baina duda-mudazkoa izan omen da. Diotenez, EAren gogoa ez da oso sendoa izan barne prestaketan.
Hori gezurra da. EA da NaBai bultzatzen lehen alderdia, formula hori gehien bilatzen ari dena. Guk baina, NaBai-ren eraikuntza zintzotasunez ulertzen dugu, oraindik guztiz osatu gabe dagoen ekimena baita. Nafarroako indar abertzale guztien batasuna behar dugu, eta bide horretan NaBai pauso bat da, ez da osoa.
Irailera arte ez omen zenuten mugitzeko asmorik.
Hori ere gezurra da. Prozedura kontua izan da. EAko Nafarroako batzar nagusiak NaBai-ren proiektua aztertzea erabaki zuen joan den irailean. Dagoeneko hainbat bilera egin dugu NaBai osatzen dugunon artean eta bide onean ari gara. Gorabeherak izan direla? Bai. Normala da. Proiektua gizarteratzeko unea iritsi da eta kito.
Azken urteotan Batasunarekin sintonia lortu bide duzue. Zerk eragozten du Batasuna NaBai-n egotea?
Batasunarekin batasun horretara iristeko bidea poliki-poliki ibili behar dugu, denbora behar da. Egia da, EA eta Batasunaren artean badago sintonia bat, baina ez denean: hainbat gauzetan bai eta bestetan ez. EArentzat bake eta normalizazio prozesua lehentasunetako bat da, eta horregatik xede horretan sortutako foro guztietan parte hartu dugu: Eginoko Mahaian, Nazio Eztabaidagunean... Nazio Eztabaidagunean parte-hartzeak emaitza onak ekarri ditu, eta Batasunarekiko kidetasuna zeregin horretan gauzatu da bereziki. Baina logikoa denez, EAk nahiz NaBai-k geure erritmo politikoak ditugu eta Batasunak berea. Batasunak hurrengo hauteskundeetan bere kabuz aurkeztu nahi badu, egin dezala. Hori da nire ustez denontzako egokiena eta desiragarriena.
NaBai udarako prest izanen dela iragarri duzue. Zer-nolako egiturarekin?
Alderdien koalizio egiturarekin, independenteak alboan ditugula. Aldi honetan ez dugu Madrilgo Kongresurako genuen arazoa, hau da, orduan lau alderdiak ordezkatu gintuen pertsona -Uxue Barkos- adostu behar izan genuen eta orain alderdiek gure ordezkariak izan ditzakegu. Independenteen zeregina baztertu gabe, independenteei alderdiek adostutakoa bultzatzea dagokie, alderdiek euren iradokizunak kontuan hartuta betiere.
Programaren gauzatzea etorriko da gero. Zertan oinarritu beharko litzateke?
Batez ere UPNren alternatiba izateko konpromisoan, baita abertzaletasuna Nafarroan garatzeko bideak irekitzeko nahian ere. EAn egina dugu jada adostasun programatikoaren agiria, oso eztabaidatua eta landua izan da eta laster jakinaraziko dugu publikoki.
Hautagaiak izendatu beharko dituzue ondoren. EA, Aralar, Batzarre eta EAJ tarteko, 8-10 ordezkari inguru lortzeko aukera izaki. Ez da erraza izango.
Ohiko tirabirak izango dira, logikoak. Alderdi bakoitzak beretzako onena bilatzen baitu. EAk argi dauka, NaBai aurrera ateratzeko inork ez du alderdikerietan jokatu behar, EAk ez du etekin partidista atera nahi NaBairen bidez, baina honezkero blokeotxo moduko bat antzeman dugu NaBai-ren eraketa prozesuan.
Noren aldetiko blokeotxoa?
EAJren aldetik. EAJk NaBai-ren bidez inoiz izango ez lukeen ordezkaritza izan nahia ikusi dugu. NaBai-k 60.000 boz inguru izan zituen azken hauteskundeetan eta EAJk 2.500 Nafarroako Parlamenturako azkenetan. Alderdi bakoitzak anbizioa izateko eskubidea dauka, baina zintzotasunez esana, NaBai-ren osaketa ez da ariketa partidisten menpe egon behar.
Aldaketarako bitartekoa da NaBai. PSNrekin akordioa beharrezkoa da ordea. Nola ikusten duzu PSN?
Hori da apustua eta ez da erraza izango, PSNk orain arte erabili duen mezua aldatu behar duelako. Baina 1995ean posible izan bazen, orain zergatik ez? Orduko akordioan EA izan zen alderdi abertzale bakarra, orain, beste alderdi abertzaleak gure aldera etorri diren heinean, abertzaleon indarra handiagoa izango da, baita UPNren alternatiba gauzatzeko aukera handiagoa ere.
Nola ikusten duzu Carlos Chivite?
PSNren azken biltzar nagusian Nafarroako gobernu alternatiba gauzatzeko modua eztabaidatu zuten bereziki. Alternatiba bai, baina nola eta norekin da kontua. Chivite irabazle izan zen eta Lizarbe galtzaile. Agian, orain, Zapaterok bultzatuta, alternatibaren benetako ordua iritsi zaio PSNri. Jakina, alternatibarik ez dago PSNrik gabe, baina ezta abertzaleon parte-hartzerik gabe ere. Beraz, adostasun batera iritsiko garelakoan nago.
UPNren inguruan plataforma bat osa litekeen susmoa dago.
Susmo hori daukagu. Espainiako hainbat lekutan eskuindar muturrekoak ari dira plataformak eratzen eta Nafarroan ere halaxe egin dezakete. Nafar eskuinak izugarrizko beldurra dio boterea galtzeari. Sektore hauek sortu duten identitate nabarristak ez du inolako oinarririk, baina sostengua indartu dute Nafarroako Parlamentuan eta Gobernuan: Gobernua estu lotu eta azpikeria ekonomiko-politiko izugarria eratu ditu eskuinak, eragileen diziplina hertsiaren eta agintearen morrontza pean. Boteretik nahi den guztia zilegia balitz bezala aritu da UPN, Juan Cruz Alli eta CDN bere esanetara makurtuta. Halaber, ETAren ekintzak erabili ditu horretarako, PSNren eragozpenik gabe. Horiek izan dira nafar eta euskal zaletasunaren aurkako argudio nagusiak eta kaltegarrienak. Orain, UPN nahiz eskuin muturra orobat oso urduri daude. Gobernua galduz gero proiektua, indentitate sasinafarra barne, eroriko delako.
IV. Xedapen Iragankorra ezabatzen saiatu da Miguel Sanz presidentea.
Gero eta ageriago dago UPNren ildo ideologikoak porrot egiten duela. Nabarristek foraltasunaren pean babestu eta aldi berean foraltasuna baliatu nahi dute nafarron eskubideak murrizteko. Hona Sanzek erabilitako argudioa: "IV. Xedapena ezabatu behar da, badaezpada, nafarrak erotu gaitezkeen kasuan ez dezagun erabili». Ordea, IV. Xedapenak dioenez nafarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta aukera daukagu.
Azkenik, EA Nafarroako Ezker Batuarekin (NEB) aritu da zenbait arlotan. Alternatiba gauzatzeko NEB beharrezkoa izan liteke.
Bai. Finean indar politiko aurrerakoi guztiek bat egin beharko genuke eskuinaren aurka. Dagoeneko bide hori jorratu dugu. Ni Tafallako zinegotzia naiz eta PSNk, NEBk eta EAk gobernatzen dugu udalean. EAren bozaren bitartez UPNko aurreko alkatea kendua izan zen. Lizarra, Zangotza, Burlata, Barañain eta beste herrietan ere antzeko koalizioak daude. Beraz, gure ondorioa hauxe da: alternatiba posiblea da. Formula horrek honezkero emaitzak ekarri ditu alor askotan. Tafallan Euskara Zerbitzu bat dago, euskarazko teknikari bat ari da, nahiz eta "eskualde ez euskaldunean" izan. UPNren gobernu alternatibak gobernatzeko modu aurrerakoiak ekarriko ditu.