L'Alguer: Sardiniako herri katalana


2021eko uztailaren 28an
Non la vera Italia -ez da benetako Italia- diote arrantzale herri ttipi honetara iristen diren italiar turista urriek. Eta ulertzekoa da. Mapetan Alghero izenez azaltzen bada ere, L'Alguer geografikoki eta kulturalki Bartzelonari begira egon da beti.

«Afrika eta Europa artean galduta dagoen inoren lurra da Sardinia» zioen David Herbert Lawrence bidaiari ingelesak. L'Alguer irla honetako puntu txiki bat baino ez da.

Glamour handiagoa duten Korsika eta Siziliaren itzalpean dago, baina makina bat katalan etortzen da egunero Gironako hegaldian, eskolan ikasten dutena egia ote den ziurtatzeko: «Balear irlak baino harago dagoen Sardinian, katalanez mintzo dira oraindik XIV. mendean iritsitakoen ondorengoak...». Bertara iritsitakoan, ustekabean harrapatzen dituzte kaleetako seinale elebidunek, italiar via eta katalan carrer elkarren ondoan idatzirik. Karriketako souvenir dendetan, Pais Catalá de L'Alguer aldarrikatzen dute hainbat eranskailu, hautsontzi edo elastikok; Katalunia «kontinentalera» turistek eramango dituzten oroigarriak.

Katalan ikurrak nonahi ageri dira, baina hizkuntzak bizirik ote dirau? Belarria zorroztu dut alde zaharreko carrer estuetan. Portuan, solasaldi alaian zegoen erretiratuen talde bati ulertzen saiatu ondoren, hizkuntza bereiztea zaila dela iruditu zait. Izan ere, Mediterraneoko toki bitxi honetan, hiru hizkuntza entzun omen daitezke: katalana, italiera eta sardiniera, hiruak latinetik eratorriak, eta nahiko antzekoak beraz.

Ana eta Miqelek aldiz, ongi ulertu dute; «baita hitz egin ere», dio mutilak. Las Pluminas ostatuan ezagutu dugu elkar. Orain Tarragonara doaz bueltan, Barcelonetan hiru egun eman ostean.

-Jakin-minak jota nengoen aspalditik. Mito hutsa zela pentsatu nuen askotan, baina aqui també es parla catalá-, esan du Anak irribarretsu.

-Oso mintzaira bitxia da hala ere- gaineratu du Miqelek-. Elkar ulertzeko arazorik ez dugu izan, baina esamolde eta hitz asko arrotzak egiten zaizkigu.

Ritak, ostatuko jabeak, esertzeko gonbita egin eta kafea eskaini digu. Elkarrizketa katalanez jarraitu dute hiruek; atentzioa eman dit zeinen ongi ulertzen dioten elkarri.

Geroxeago, Ana eta Miqeli bon viatge opa eta gero, hamaika istorio kontatu dizkit Ritak, etxeko pasta sendo eta italiar kafeak lagundurik. Ipuinotan, katalan marinel eta sardiniar artzainak protagonistak dira beti. Horietako batean, menditar bat l'Alguer-eko neska ponpox batekin maitemindu eta gero, hau bahitu eta bere mendietako herrira eraman zuen. Denboraren poderioz, ahuntz gazta egiten, baita artzaina maitatzen ere ikasi omen zuen.

Alguertarra da Roberto ere, Ritaren koinatua. Kafea gurekin hartzeko asmoz iritsi da oraintxe, ostatuko atari ondoan duten fruta-denda ireki aurretik. Geroxeago, bere lantokian bisitatu dut. Antzinako sardiniarren ur erritoetaz ari zait, baskulan dagoen mahatsaz erabat ahazturik. Bezeroen ilara luzeari erreparatutakoan deseroso sentitu naiz, baina zorionez, ez dirudi inork presarik duenik hemen.

Gianfranca dugu «ilarakide»etako bat. Itxura ederreko madariei begira dagoela, solasean hasi da. Ama L'Alguer-ekoa zuen, aita aldiz, sardiniarra, irla barrualde menditsukoa. Bere etxeko Lingua Franca italiera izan da beti, honexegatik Gianfrancak hiruak hitz egiten ditu. «Hitz egin baino, nahastu», dio berak umoretsu. Aipatu duenez, ez omen zen oso ohikoa alguertarrak sardiniarrekin ezkontzea. «Ilarakide» guztiak bat datoz.

-Komertziorako hizkuntza katalana izaki, sardiniarrek ikasi beharra zeukaten. Gainera, herriko feriara etortzen zirenean, etxeratze-agindua errespetatu behar zuten menditarrek-, azaldu du Robertok.

-Agoazilak kanpai-hotsez jakinarazten zuen herriko harresia itxi behar zela. Orduan, juduek ghettora jo behar zuten, eta sardiniarrek herritik kanpora.

Adituen arabera, hizkuntzaren biziraupenaren sekretuak alguertarren autoisolamenduan du oinarri. Mediterraneoko merkataritza menderatzen zuten aragoiarrak ez ziren inolaz ere «menditar basati»ekin nahasten. Roberto eta Gianfrancak baieztatuko didatenez, garai bateko pentsamoldeen arrastoak egundaino mantendu dira hein batean.

-Pasqualekin hitz egin behar duzu-, esan dit Robertok halako batean.

Eta helbide bat apuntatu du papertxo batean: Piazza Duomo 2.


Pasqual Mellai, «Pasqualino» lagunentzat

Ostatutik L'Alguer-eko kasko historikora bost minutu eskasean iritsi naiz itsas-pasealekutik. Olibondoz inguratutako Erdi Aroko herria da, bere harresi eta zaintza dorreekin. Aragoiar erako dorre borobil eta sendoak dira hauek, Mediterraneoan zehar aurki daitezkeen aragoiarren inperio ohiaren lekuko; Gironatik greziar irletaraino, betiere itsasoari begira. Estrategikoki eraiki ohi ziren, elkarren bistan dauden dorre sare gisan. Itsas erasoei aurre egiteko, su seinalea pizten ei zen dorrez dorre, portuetako armadak borrokarako presta zitezen.

Zorionez, egun lasaitasuna da nagusi hemen. Turismoak ez du herri zoragarri hau bere mende hartu, eta oraindik lasai pasea daiteke bere kalexka estuetan. Carrer Mallorcan gora noala, egurrezko ate zahar batean kartel bitxi bat ikusteko parada izan dut: «Qui no estima la sua lengua, no vol be al suo pais», dio leloak, Senyera gorri-ori azpian. Hemen ematen dira, hain juxtu, katalan eskolak.

Kalea Piazza Duomoraino iristen da. Bertan konturatu naiz plaza honen seinalea elebiduna, baita izenbiduna ere badela, italiar bertsioaren azpian Plaça de Santa Maria jartzen baitu. Eta berdin gertatzen da Piazza Civicarekin, Plaça del Pou Vell ere delarik. Izenak izen, katedral zuriaren parean dago Pasqual Mellairen denda: Sartoria Lavasecco Catalana. Unibertsitateko irakasle ez, jostuna da L'Alguer eta alguertarrei buruz gehien dakien pertsonetako bat.

Parlem catalá dio sarrerako eranskailuak. «Bon dia», agurtu dut, nire katalana hemen bukatzen delako pena handiz. Adinekoa den arren, sasoian dago Pasqual oraindik. Nire bisitak berak mozten dituen oihalekin zerikusirik ez duela argituta, barrualdean sartu gara.

Hamaika traje daude zintzilik; josten hasi berri batzuk, bukatuta besteak, eta beste hainbeste guraize eta ofizioko lanabes. Ondoko gelan sartzeko gonbita egin dit, non ehunka liburu dauden, denak ederki sailkatuta gaika eta alfabetikoki.

-Kataluniatik jende ugari etortzen da bisitan. Askok hango musika CDak edo liburuak ekartzen dizkidate opari- hasi da Pasqual. -Jostuna naiz, ez daukat unibertsitate ikasketarik, baina asko irakurtzen dut- gaineratu du, apaletatik bi liburu atereaz: Els noms de la fruita a L'Alguer eta Caracterizaçió del lexic algueres. -Duela gutxi argitaratutako tesiak dira, Bartzelonatik bidali dizkidate-, esan du irribarretsu.

Hemengo hizkuntzari buruzko doktoretza-tesia egiten ari direnek Pasqualengana jotzen dute. Lana plazaratu bezain laster, berari bidaltzen diote laguntza eskertuz. Baina ez dira hizkuntz ikerlariak etortzen diren bakarrak. Turista kulturazaleak, baita politikariren bat ere, Carod Rovira kasu, gizon jakintsu honekin hitz egiteko gogoz azaltzen dira bere jostundegian.

Pasqualek Sardiniako historiari errepasoa eman dio, Neolito garaiko nurage eraikin misteriotsuetatik gaurdaino, tarteko feniziar, kartagiar, eta aragoiarrak, besteak beste, ahaztu gabe.

-Herri ugarietako irla dugu Sardinia-, azpimarratu du. Kronolojiak eskatu bezala, liburuak ordenean ateratzen ditu apaletatik, jostailuak erakusten dituen umearen ilusioz. Horrelakoetan -Aixó es molt interesant (hau oso interesgarria da)- esaten du, berebiziko emozioak jota. -50-60ko hamarkada arte ez genuen Kataluniaren berri izan- hasi da kontatzen XX. mendera iristean.- Espainiarekin loturaren bat zegoelakoan geunden, baina gutako inork ez zekien zer-nolakoa. Gero Bartzelonatik etortzen hasi ziren, eta denboraren poderioz, loturak asko areagotu ziren. Gironarako eguneroko hegaldiak mesede handia egin digu. Jendearen hartu-emanak hizkuntza berpiztu du, nahiz eta zaila izango den gureari eustea datozen urteetan.

Antza denez, 15.000 hiztun baino ez dago, denak 40 urtetik gorakoak. Gainera, Lehen Hezkuntzan eskolako ikasgaia den arren, hau bukatzean hautazko asignatura bihurtzen da, eta gutxi batzuk soilik hartzen dute.

Pasqualek katalanez argitaratzen den herriko aldizkaria luzatu dit. Makina bat artikulu ditu: gaur egungo gaiak, historiari buruzkoak, edota poema anitz irakur daitezke bertan. Orriak gainetik begiratzean, honako bidean ikusi dudan Escola de Alguerés iragarrita aurkitu dut laukitxo batean: «Una institució per ajudar els algueresos a defendre i recuperar la própia llengua i la própia identitat».

-Ameslari hutsak dira- dio Pasqualek, -uda aldean doako eskolak eskaintzen dituzte, baina gelak ez dira inoiz betetzen, ezta gutxiagorik ere.

Beste artikulu bat Tarragonako udaletxeaz kexu da. Kataluniako hiri handi hau l'Alguer-ekin senidetuta dago aspaldi, baita Austriako Klagenfurt edo Frantziako Orleansekin ere. Testuak dioenez, azken bi hauekin eskolen arteko trukaketak ohikoak dira, baina ez, ordea, hizkuntza komuna duen herri txiki honekin.

-Agian garai batean bezala jokatu beharko genuke- dio Pasqualek umoretsu. -Herriko harresia berriro itxi eta gureari eutsi, inoren laguntzarik gabe; irla barruko irla-. Baina ez da Pasqual berean ixten den horietakoa. -La diversitat és bella- esan du, Italiako gutxiengoak azaltzen dituen mapa eskuan duela: sardiniarrak, katalanak, albaniarrak, esloveniarrak, friuldarrak… kolore anitzeko bota.

Oso gustura egon naiz gaur Pasqualekin, eta bihotzetik eskertu diot eskainitako denbora. Harremana mantentzeko asmoz agurtu dugu elkar, baina ale hau bidaliko niola hitz ematean, zalantza sortu zait idatzi beharreko helbideaz:

-Piazza Duomo ala Plaça de Santa María?

-Biak jarri, badaezpada.

Menditar «basati» horiek...
L'Alguer-etik ekialderantz, errepidea beste Sardinia batean sartzen da. Mendiak nagusitzearekin batera, Historiaurreko harrizko dorre misteriotsuak (nurage) ageri dira paisaian sakabanaturik. Harrizkoak dira ere Barbaggiako herri ttipiak, granitozkoak hain juxtu, irlako erdigune geografikoan. Eskualde honetako populazioa oso urria da, nahiz eta ehun urte paseak dituzten aiton-amona ugari dauden mendiko herri hauetan. Agian Fil'e ferru, bertako pattarrak, edota kutsatu gabeko aireak zerikusia dute honetan. Zalantzarik gabe, industria ezak ekologiari mesede egiten dio; ez ordea, lan bila dabilenari. Sorgono bezalako herrien «hustuketa»ren isla dugu Taviani anaien Padre padrone filma. Gavino Ledda idazlearen istorioa kontatzen da bertan, nola hogei urterekin irla utzi ondoren, idazle eta hizkuntzalari bilakatu zen artzain analfabetoa.

Gavino bezalako artzain bakartiak, edo ezkondu gabeko emakume haurdun eta tormentatuak ohi ziren protagonistak Grazia Deleddaren eleberrietan. Deledda inguru honetakoa zen, Núgoro herrikoa hain zuzen ere. Bere bizitzan egin zuen bidaia luze bakarrean Stockholm-era joan zen, literatura Nobel saria irabazten lehenengo emakumea izan zen.

Salvatore oso gaztetxoa izango zen Nobel sariduna 1936an hil zenean. Sorgonoko herriko plazan topatu dut, eliza pareko banku batean eserita. Basolanetan denbora luzez jardun eta gero, merezitako erretiroa eskuratu zuen duela urte batzuk, baina gaur goizean lanean aritu da berriz. Herriko karretera oztopatzen zuen zuhaitz baten adarrak kimatzeko eskatu diote, eta pozik dago orain, bere eskarmentuak oraindik ere balio duelako.

Salvatorek ez daki irakurtzen, baina kasik latinez mintzo dela esan genezake. Kroniken arabera, erromatarrek erresistentzia handia aurkitu zuten irlako eskualde honetan duela bi mila urte, hortik Barbaggia izena, legioak eraso eta gero, kobazuloetan ezkutatzen ziren «barbaro»en omenez. Historiak aurrera egin ahala, inperioko hizkuntza nagusitu zen, eta paradoxa bada ere, gaur egun «barbaro» haien ondorengoek hitz egiten dute latinarekin antz handiena duen hizkuntza erromanikoa.

Herriko eliza ez, plazatik bost minutura dagoen «bere» iturria erakutsi nahi izan dit Salvatorek. Norbaitek paretan debekua italieraz idatzi badu ere, berak egunero edaten omen du bertatik, ura ona dagoela zin dagit.

Ez dut dudarik egin.

Aragoiar eta katalanen inbasioa
XIV. mendean iritsi ziren aragoiar eta katalanak balio estrategiko handiko itsas-portu honetara. Alghero hiria bortizki setiatu eta mendean hartu zuten inbaditzaileek, bertako populazioa Iberiar penintsulatik ekarritako kolonoekin ordezkatuz.
Dinastia-ondorengotza ilunak zirela medio, hiria Espainiako koropean geratu zen. Alguertarren fideltasun handia zela eta, Carlos V.ak hiria bisitatu zuen 1541ean, bertako biztanle guztiak (gizonezkoak noski) «zaldun» izendatuz.
Hizkuntza ez ezik, Mesa del Gall (oilar-meza) edo Pazkoko prozesioen moduko erlijio erritoak ere gaurdaino mantendu dira.


Azkenak
Oscar Terolek parte hartu zuen txirigota negazionista bati txistu egin diote Cadizko inauterietan

Terolek barkamena eskatu du eman zuten "ikuskizun lotsagarriagatik", baina aitortu du bat egiten duela bertan esandako ideia "batzuekin".


Mikel Urabaien (Paris 365): “Erakundeek erantzukizuna aldamenekoari pasatzen diote”

Paris 365 jantokiak ez ditu martxora arte aurrez aurreko afariak emango eta erakundeei inplikazioa eskatu die konponbidea lortzeko.

 


Kontziliatzeko, haur-eskolak arratsalde eta gauez irekitzea: Espainiako ministroaren proposamenak hautsak harrotu ditu

Arratsaldez eta gauez lan egiten duen jendea dagoela argudiatuta, 0-3 urteko umeentzat 24 orduz zabalik egongo diren haur-eskolen beharra planteatu du Espainiako Enplegu ministroak. Erreakzio-katea berehalakoa izan da eta agerian utzi du nola ulertzen dugun kontziliazioa, zeren... [+]


Paralelismoak eta distantziak

Orain gutxi Txantreako Irakurle Eskolan Gael Faye idazlearen Ene herri txikia eleberria irakurri genuen, Irati Bereauk euskarara itzulitako bertsioan. Liburuak Gabrielen –Burundin jaiotako haur bat– historia kontatzen du. Aita frantsesa du eta ama Ruandatik ihes... [+]


Martxoak 23 talde armatuak aldebakarreko su etena iragarri du Kongon

Gobernuarekin negoziatu gabe iragarri du erabakia talde armatuak, "arrazoi humanitarioengatik" dela argudiatuta. Joan den astean herrialdeko Goma hiria bereganatu zuten matxinoek, eta, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 900 hildako baino gehiago eragin dituzte hiri... [+]


Zaldibarko zabortegian hildako Beltran eta Sololuze omenduko dituzte igandean, hondamendiaren bosgarren urtemugan

Zaldibar Argitu ekimenak adierazi du "gogaituta" dagoela instrukzio fasearen iraupenarekin, bost urte igarota, oraindik ez baitira kaleratu auziaren ondorioak.


Auzi eta erronka ugari izango dituzte gogoetagai Amikuzeko Otsail Ostegunetan

Otsailaren 6an hasi eta 27ra bitarte, lau ekitaldi antolatu dituzte Donapaleun. Lehena herriko etxean iraganen da, eta ondokoak Bideak gunean.


Erorien Monumentua eraistearen aldeko plataformak EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen jarrera salatu du

Plataformak ostegunerako Iruñeko udaletxe plazan elkarretaratzea deitu du 18:30erako, hiru alderdiek eraikinarekin izandako jarrera salatu eta eraistearen aldeko hautuan berresteko.


Muga-zergen mehatxuarekin, Trumpen esanetara ipini dira Mexiko eta Kanada

Muga-zergak ez ipintzearen truke, AEBen eskakizunak konplitzeko konpromisoa hartu dute: bakoitzak 10.000 soldadu ipiniko ditu mugan, AEBen segurtasunaren izenean.


Lamiakoko ibaipeko autobidearen aurkako manifestazioa egingo dute otsailaren 8an, Bilbon

Subflubiala EZ! plataformak salatu du proiektuak ez diela "herritarren benetako beharrei" erantzuten, eta ingurumenean, gizartean eta ekonomian "inpaktu larriak" eragiten dituela.


2025-02-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?

Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure artean. Esan dezakegu alarmaren eskala osoa kurritu dutela iruzkinek: munduko handiena... [+]


ANALISIA
Trumpismoa Espainian

Proces-aren aurkako epai gogorra 2019ko urrian atera zen eta horrek Bartzelona sutan jarri zuen. Testuinguru horretan, Espainiako Estatuan bolo-bolo irakurri zen eskuineko prentsan jaregindako esaldi hau: “Espainiaren on beharrez, 50 urtero Bartzelona bonbardatu beharko... [+]


Nafarroako Gobernuak salatu du migratzaileentzako arreta bulegoan pintaketa faxistak agertu direla

Gobernuak adierazi du ez duela beste aldera begiratuko "nazioarteko erasoaldi faxistaren eta ultraren aurrean", eta ez dituela onartuko "gorrotoarekin lotutako" eraso gehiago.


Muturreko beroak 2,3 milioi hildako eragingo lituzke Europan mende bukaerarako

Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.


2025-02-04 | Estitxu Eizagirre
"Trantsizio energetikoa eztabaidan"
Mikel Otero eta Aitziber Saroberen arteko mahai-ingurua asteazkenean Donostian

Otsailaren 5ean Donostian "Trantsizio energetikoa eztabaidan: aukerak eta arriskuak" izenburua duen mahai-inguruan parte hartuko dute Mikel Otero EH Bilduko trantsizio ekologikorako arduradunak eta Aitziber Sarobe natur kontserbazionistak. Ekitaldi hau lau talde... [+]


Eguneraketa berriak daude