Garbi Losada: «Antzoki besaulkia oso garestia da»


2021eko uztailaren 27an
Nolatan erabaki duzue komedia musikal bat egitea El vendedor de tiempo entsegu liburuarekin? Ez dira ohikoak musikalak hemen.
Musikalak gustuko ditugulako eta musikal bat egiteko gogoa genuelako egin dugu. Eta jakina, horretara egokitzen zen istorioarekin topo egin genuelako. Kasualitatez egin genuen topo istorioarekin. Liburua irakurri nuen eta gaia gustatu zitzaidan, dibertigarria eta serioa iruditu zitzaidan era berean. Sistema ekonomikoa esplikatzen du anekdota oso naif batekin eta komedia musikala huraxe kontatzeko bide aproposa zen. Musikal gutxi egiten da hemen, arrisku pixka bat duen generoa baita. Alderdi teknikoa oso korapilatsua eta garestia da.

Ikusleek zer moduzko harrera egin dizuete?
Musikalek hori dute, jende askori asko gustatzen zaizkio eta beste askok gorroto ditu. Arriskutsua da zentzu horretan. Dena den, El vendedor de tiempo ez da musikal estandar bat. Musika zuen komedia izatea nahi genuen, musikak ez zezala akzioa geratu. Jendearen erantzuna ona izan da. Barakaldon izan gara oraindik orain eta jende asko etorri da obra ikustera. Orain beheraldian gaude, lan asko egin dugu, estreinatu dugu eta merkatuan nola funtzionatuko duen zain gaude. Ondo funtzionatzea nahi dut, taldearengatik batez ere. Lan handia egin dute, ilusio handiarekin eta merezi dute. Abestu eta dantzatzen duten aktoreentzat musikal bat egitea aukera eta erronka da. Erabat lotu zaizkio lanari.

Liburuko zerk harrapatu zintuen?
Izenburuagatik erosi nuen liburua, bilduma horretako libururik erosi gabea nintzen artean. Gaurko gizartean dugun denbora faltaz dihardu liburuak. Denbora gutxi duten pertsona horietakoa naiz ni, izan ere. Asko gustatu zitzaidan nola zegoen idatzita, ekonomiari buruzko adibide oso grafikoa da, erraz ulertzen dena. Umorearen bitartez, hausnarketara gonbidatzen duen liburua da. Interesgarria iruditu zitzaidan norbaitek bere denbora berreskuratzea erabakitzea, sistemari bere denbora erostearen ideia hori. Eta antzerkian egitea proposatu nion taldeari.

Gustura geratu da Fernando Trías de Bes?
Poz-pozik dago. Estreinaldira etorri zen, eta hainbat funtzio ikusi ditu jada. Ni kezkatuta nengoen zer irudituko zitzaion, ea bere imaginarioa hautsi ote nion, baina asko gustatu zaio.

Amaiera irekia du, baina ez dio zirrikiturik uzten esperantzari.
Funtzionatzen duen sistema da gurea, nahiz eta jendeari asko eskatu eta exijitu. Etxebizitza izateko oinarrizko eskubidea da berez, baina etxe bat edukitzeak asko eskatzen du, 35 urteko hipoteka edo gehiago. Beste alde batetik, etxe bat izateko aukera dugu. Jakina, lehen munduaz ari gara hizketan, bestean ezin dute planteatu ez 35 urtekoa, ez 100ekoa, ez ezer.

Denbora gehiago balu, zer egingo luke Adosek?
Gauza bera egingo genuke, antzerkia, baina agian presio txikiagoarekin. Presio handia dago; antzerki talde guztiak bezala, asmatzera derrigortuta gaude lan egin ahal izateko. Diru asko bagenu, gauza bera egingo genuke, baina lasaiago eta baliabide gehiagorekin. Loteria tokatuz gero, antzoki bat erosiko genuke. Egia esan, gure bizitza idealetik oso gertu gaude. Prekarietateagatik ez balitz! Eguneroko lana oso gogorra da, estreinatzen duzuna saldu behar duzu, publikoari gustatu behar zaio eta programatzaileei ere bai. Kritikariena beste kontu bat da. Batzuetan bidea oso gogorra da. Lanbide hau oso bokaziozkoa da.

Antzerki taldeak ibilbide sendoa izan arren, antzezlan bakoitza apustu bat da.
Ahalegina oso handia da beti eta gero merkatua beste gauza bat da, hor daude zailtasunak. Diru askoko apustuak dira eta gero edozein arrazoi dela-eta antzezlana banatzen eta zabaltzen ez bada, baliteke enpresak porrot egitea. Halako ehun adibide dago. Jende asko geratu da bidean, nekatu egiten zara-eta. Ikuskizun bakoitza berria da eta gauza askori erantzun behar dio. Zure buruarekin leial izan behar duzu, azken batean inoiz ez baitakizu jendeak zer behar duen, ikusleek, programatzaileek... Gauza askok eragiten du: egoera politikoak, hauteskundeek, eguraldiak.. Eguraldi ona egiten badu jendea ez doa antzokira, futbola badago jendea ez doa antzokira. Denak txarrerako eragiten du gainera!

Taularatu dituzuen azken obrak nobela eta entseguetan oinarritutakoak dira. Ez duzue gustuko antzezlanik topatzen?
Irakurtzea asko gustatzen zait, baina eleberria batez ere. Antzerki obra piloa dudan arren, eleberria irakurtzen dut. Bide bat da. Normalean Adosen proiektu kreatiboak nik abiatzen ditudanez, eleberrira jotzen dugu gehiago.

Antzerkia idazten jarraitzen duzu?
Bai, idazten dugunok beti jarraitzen dugu idazten. Kontua da ez naizela gehiegi fio idazten dudanaz. Eta esaten dut: "Nik idatzitakoa erosteko izango al du inork interesik? Nork ezagutzen du Garbi Losada?». Presio handia sentitzen dut nirekin lan egiten duen jendearekiko. Haiek lana izatearen edo ez izatearen erantzule sentitzen naiz eta nolabait banaiz. Datorren urtera begira badut proiektu bat, eta horretan ari naiz. Agian ez da ondo aterako, alabaina beste norbaitek idatzia izateak ere ez du ezer bermatzen. Gustatzen zaidana egin nahi dut; berdin zait nirea edo besterena izan, eleberria edo antzerkia.

Obra asko euskaraz eta gaztelaniaz egin dituzuen arren, azkeneko helduentzako obra gehienak gaztelaniaz egin dituzue. Zergatik?
Las mujeres de verdad tienen curvas gaztelaniaz egin genuen bakarrik, aktoreak kubatarrak zirelako. Como agua para chocolate oso garestia zen, ez genuen dirurik bi bertsioak egiteko. El vendedor de tiempori dagokionez, musikala izaki, ez genekien zer aterako zen castingetik. Diru laguntzetara aurkezterakoan, ez genekien zer egin. Haurrentzako Einstein euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu genuen, baina beldur ginen El vendedorerako ez ote genuen aktorerik aurkituko euskaraz egiteko. Parte hartu duten aktoreekin egin ahal zen, denek baitakite euskaraz eta nahiko ondo gainera, baina aurretik ez genekien zer gertatuko zen. Guk beti bi bertsioak egingo genituzke, biak amortizatu ahal izango bagenitu. Baina gu ez gara multinazional bat, enpresa oso txikia gara. Gainera frogatuta geneukan Manolito laubegirekin eta John Wayneren lagunarekin, oso herri euskaldun batzuetatik gaztelaniazko bertsioa eskatzen zigutela bakarrik. Oso emanaldi gutxi egin genituen euskaraz. Zor bat dugu, guk euskaraz ere lan egin nahi baitugu. Hurrengo proiektua agian euskaraz bakarrik egingo dugu, baina horretarako hemengo merkatuan gobernatu ahal izango dugun proiektua izan behar du. Ezin dugu proiektu bat gauzatu, gero emanaldirik ez eskaintzeko. Jende gutxi doa euskarazko emanaldietara eta programatzaileek ez dute programatzen. Kontua da programatzaileek ere ez dutela diru askorik. Antzoki besaulkia oso garestia da.

Sumatu duzue beherakada euskarazko eskaintzan, beraz.
Niri hala iruditzen zait. Badira salbuespenak, Kutsidazu bidea, Ixabel eta Ama begira zazu moduan, oso ondo funtzionatu dutenak, baina zirkuitu mota batean bakarrik funtzionatzen dute. Konpainiek ez dugu euskarari eusteko ahalmen errealik. Lehen ia leku guztietan egiten genituen bi bertsioak. Orain ez, edo euskaraz edo gaztelaniaz egiten ditugu. Haurrentzako obrekin aldiz ez da gauza bera gertatzen. Haurrentzako programatzean, aldiz, euskarazkoa lehenesten dute.

Arrakasta handia izan duzue Las mujeres de verdad tienen curvasekin. Euskal Herritik kanpo lan asko egin duzue.
Kanpoan lan asko egiten dugu. Merkatua handiagoa da, izan ere. Las mujeres de verdad tienen curvasekin hiru urte daramatzagu. Bartzelonan eta Madrilen denboraldi bana egin dugu. Oso komertziala gertatu da, komertziala diot komedia den eta gai sozial bat jorratzen duen heinean. Ikuskizun batzuek zortea dute. Como agua para chocolate ere arrakastatsu ari da gertatzen, motelagoa izan da aireratzea baina ondo ari da. Hau ere gehiago egin dugu Espainian. Izan ere, hemengo merkatua txikia da, tamaina ertain eta handiko ikuskizunetarako.

Hamabi urteko ibilbidean, zertan asmatu eta zertan huts egin duzue?
Gauza berdinekin asmatu eta huts egin dugu. Konpainia bat sortu eta lanean jarraitzearekin asmatu dugu. Gurekin jende askok egiten du lan eta enpresa txiki bat gara. Akatsek arrisku handiegiak hartzearekin dute zerikusia. Alde artistikoa subjektiboagoa da. Agian ikuskizun batek ondo funtzionatzen du baina gure ustetan beste bat hobea izan daiteke, harrera txikiagoa izan arren. Alderdi ekonomiko eta enpresarialari dagokionez, ikasten ari gara baina era berean erratzen jarraitzen dugu. Ikuskizun bakoitzari falta zaiona jartzen saiatzen gara, eta horrek batzuetan diru asko eskatzen du, askotan ez dugun dirua. Eta hori kontrolatu beharra dago, enpresari eusteko.

Antzerki mundutik kexu asko entzuten dira administrazioaren kontra: antzerkia gutxi laguntzen duela, konpainia nazionalik ez dela... Antzerkia sustatzea zure esku balego, zer egingo zenuke?
Herri batek bere konpainia izateak badu zentzurik, baina badu arriskua era berean. Antzoki publiko asko merkatu pribatuan ere lehiatzen ari dira, diru publikoarekin, eta hori ondo kudeatu beharko litzateke. Behar dena kultur politika bat da eta antzerki politika argiago eta zehatzago bat kultur politika horren baitan. Haatik, oso zaila da hori kudeatzea eta ni ez nago oso ziur gizartearen beharrizanak zeintzuk diren, azken batean gizartearentzako da eta. Azterketa luzea beharko luke. Ihes egiten dit beti politikak. Erraza iruditzen zait hitz egitea eta iritzia ematea, baina zaila kudeatzea. Sektoreari galdetzea ondo dago, dauden sentsibilitateak, gabeziak eta ametsak ezagutzeko. Baina gero horretan bakarrik eta horretarako lan egingo duen jendea behar da.

Antzerki eskola
«Beharrezkoa da eskola ofiziala, eskaera bat badagoelako; gazteek behar duten lekua da. Badirudi unibertsitatean ez dutela ikusten antzerkia karrera baten moduan, baina gizartean bai, aktore gisa trebatu nahi duen jendeak bai behintzat. Batzuek diote langabe fabrika litzakeela, baina gauza bera gertatzen da kazetaritzarekin edo psikologiarekin. Lan merkatuak ez du zerikusirik eskari horrekin»

Denbora, abestiak eta dantzak
Gogor egin behar izan dute lan Koldo Losada, Lierni Fresnedo, Carlos Nguema, Ainhoa Aierbe, Joseba Morrás, Txori García Uriz, Dorleta Urretabizkaia eta Aintzane Crujeiras aktoreek El vendedor de tiempo prestatzeko. Ohiko aktore lanez gain, abestu eta dantzatu behar izan dute-eta. Onik atera dira ahaleginetik, lan ona egin baitute. «Ekipoa oso ondo aritu da. Abesti eta koreografia errazak direla esan dezake batek, baina lan handia eskatzen dute», dio antzezlanaren egokitzaile eta zuzendari Garbi Losadak. Aktoreek kantatzen dituzten abestiak urte askoan Adosekin lan egin duen Joxan Goikoetxeak egin ditu. Denetarik da kantuen artean: biziak eta motelak, alaiak eta tristeak. Kantu horien koreografiak egiteko ardura Carlos Nguemak izan du. Losadaren hitzetan, «ondo hartu die neurria, swinga duten aktoreentzat egin ditu koreografiak, ez dantzarientzat». Ondo tartekatzen dira dantza eta kantuak istorioan eta erraz jarraitzen da istorioa. Moduluzko eszenografia Markos Tomásek diseinatu du eta oso eraginkor gertatzen da Aria enpresak egindako proiekzioekin. Azkenik, ezin ahaztu Xabier Lozanok egindako argiztapen txukuna.


Azkenak
2025-01-27 | Leire Ibar
Langile klasearen batasuna eskatu du GKS-ek faxismoaren eta gerraren aurka

Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]


Zarauzko EAJko zinegotzi ohi baten txaleta eraitsi egin behar dela ebatzi dute, legez kanpo eraiki zelako

Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo... [+]


Bengoetxeak errektore kargua hartu du eta EHUren finantzazioak segitzen du izaten eztabaidagai

Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]


2025-01-27 | Leire Ibar
Dozenaka milaka palestinar Gaza iparralde suntsitura itzultzen ari dira

Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]


2025-01-27 | ARGIA
Migrazio politikak salatu eta auzipetuak kargugabetzea eskatu dute epaiketaren atarian

2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak... [+]


2025-01-27 | Ahotsa.info
EH Baterak Aberri Egunean erabakitzeko eskubidea modu bateratuan aldarrikatzera deitu du

Euskal Herria Baterak apirilaren 11an Donostiako Kursaalen egingo den ekitaldiaren berri eman du. Ekitaldia Aberri Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago eginen da. Agerraldian Mireia Epelde, Xabier Euzkitze eta Carlos Etchepare bozeramaileek hartu dute parte, eta Manex Fuchs... [+]


2025-01-27 | Aritz Arrieta
Euskaldun harrera herria?

Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]


Ez ditzala diruaren hotsak bonben burrunbak isildu

Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]


2025-01-27 | Behe Banda
barra warroak |
Lehen aldiak

Behin batean gertatu zen eta ordutik aurrera egunero gertatzen da […] ez dezagun ikus hemen gertatzen dena. Halaxen da mundua, eta gaur egunean inor ez da profeta bere mendean”.

Beste zerbaitez hitz egin zidaten behin eta ordudanik, ezin dut ezer bestela... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


2025-01-27 | Bertsozale.eus
Bertsozalez bete da Lesaka Bertso Egunean
Bortzirietako Bertso Eskolarekin elkarlanean, egun osorako egitaraua prest geneukan Bertso Eguna ospatzeko; eta bertsozaleek ere ez dute hutsik egin: giro ederra izan da Lesakan goizetik hasita.

Eguneraketa berriak daude