Pirinioen despopulazioa: Patua aldatzeko beranduegi?


2021eko uztailaren 20an
Iruñetik ekialderantz abiatu eta autoan kilometro batzuk egin ostean Pirinioetako paisaia zoragarrietan murgildu gara. Zortea izan dugu, udaberriko arratsalde eguzkitsua da, baina hala ere igaro ditugun herrietan inor gutxi ikusi dugu kalean. Aurkitutako taberna urriak erdi itxita daude, herrietako plazak hutsak, eta jolasean ari diren haurren argazkia lortzea ezinezkoa izan zaigu. Gehienez ere, bankuan eserita dauden adineko bizilagunak, nekazari eta artzain gutxi batzuk eta ikastetxearen alboan seme-alaben zain dauden lauzpabost emakume topatu ditugu. Herriei bizia falta zaie, edo bizilagunak behintzat bai, eta datuak horren lekuko dira -ikus azken orrialdeko koadroa-. Hain zuzen ere, despopulazioa eta biztanleriaren zahartzea arazo komunak dira Pirinioetako herrietan.

Mugak oso zehaztuta ez badaude ere, Nafarroa Garaiko Pirinioak hainbat herrik eta Aezkoa, Zaraitzu, Erronkari eta Erro bailarek osatzen dute -ikus azken orrialdeko koadroa-. Bailara bakoitzak 7 eta 12 herri artean eta 1.000 biztanle inguru ditu. Duela urte batzuetatik, «seme, ikasi ezazu, ni baino hobe bizitzeko» mezuak gazte asko goi mailako ikasketak egitera Iruñera eraman ditu eta gehienak hirian geratu dira lanean. Exodo handiena gaur egun 30 eta 55 urte bitartean dituzten lagunena izan zen eta hutsune hori nabaria da herrietan. Jende gaztea falta da, haur gutxi jaiotzen dira eta zahar asko dago. Ondorioz, despopulazioaz gain heriotzek ere biztanleriaren gutxitzea dakarte. Tradizionalki Pirinioetan nagusitu diren nekazaritza, abeltzaintza edo egurraren ustiapenen gainbeherak, hiriek eskaintzen dituzten lan aukerek, bikotea bilatzeko nahiak eta zerbitzu faltak ere askori eragin die herritik alde egiteko erabakian. Gainera, ondorioak bi norabidetan doaz: bizilagunak joan egiten dira, zerbitzu gutxi dagoelako, eta Administrazioak gero eta zerbitzu gutxiago eskaintzen ditu herrietan, biztanleria gutxituz doalako.

Esaterako, bailara guztietan medikua ia egunero gerturatzen bada ere, medikuz asko aldatzen dutela diote bizilagunek. Otsagabian, azken urte honetan hamar bat mediku igaro dira dagoeneko. Ginekologoarengana joateko berriz, Zangozaraino gerturatu behar dira -Zaraitzutik 45 kilometrora- eta haurdunaldietan ez da batere atsegina. Gainera, ez dago Zangozarako autobusik eta adineko emakume gehienek ez dute gida baimenik. Pirinioetan garraio publiko gutxi dago, maiztasun urria du eta ez da herri guztietara iristen. Irakaskuntzari dagokionez ere, irakasleak urtero aldatu ohi dituzte, inork ez duelako geratu nahi, eta adin eta maila desberdineko eskolak osatu behar dira. Ikasgela berean lau maila bateratu izan dira. Halaber, 16 urte betetzerakoan ikasten jarraitu nahi dutenek bailaretatik atera beharra daukate. Argindarraren kasuan, neguan hirian baino argi eten eta argi gabeko ordu gehiago jasan behar izaten dituzte. Horrez gain, taberna eta denda ugari itxi dira eta masa kritikorik ez dagoenez, produktuen salneurriak garestiagoak izan ohi dira.


Benetako apusturik ez

Arazo horiei guztiei aurre egiteko lanean dabiltzan pertsona eta taldeen artean, Cederna Garalur elkartea aipa daiteke. Nafarroako mendietako herrien garapena du helburu eta Foru Erkidegoan zehar dituen garapen agentzien bidez, bideragarritasun eta aholkularitza lanak egiten ditu. Amaia Mauleonek 20 urte daramatza Nabaskozen (Zaraitzu) bizitzen eta Cederna Garalurren egiten du lan; zehazki, Erronkari eta Zaraitzu bailaretako arduraduna da. Bere ustez, ez da Pirinioen berpiztea sustatzeko apustu politikorik egin, ez Europako Batasunaren aldetik, ezta Espainiako nahiz Nafarroako gobernuen aldetik ere. Europaren diskurtso ofizialak aurrekontuen zati garrantzitsu bat nekazal politiketara bideratzen dela dioen arren, politika horiek ez dute lortu jendea lehen sektorean finkatzea eta sektore horri eustea garrantzitsua da, Pirinioetan duen tradizioa mantentzeko eta ingurumena eta dibertsitatea kontserbatzeko. Baina Europako laguntzak ez dira eraginkorrak izan, familia ustiapenak babestu beharrean, ustiapen handiak hobetsi dituztelako. Espainiako Estatuan errenta gehien jasotzen dituen pertsona Albako dukesa izatea adierazgarria da. Pirinioetako ustiapen mota, ordea, oso desberdina da eta hala ere politika bera da denentzat. «Lehiakorrak izateko, ustiapen handiagoak izatea sustatzen da -azaldu digu Mauleonek-, instalazioetan diru gehiago gastatzea, baina hemen ez da bideragarria, zonaldeko ezaugarriek eta klimak eraginda errentagarritasuna beste lekuetan baino txikiagoa delako eta merkatuan, ostera, edozein zonaldetako produktuek berdin balio dutelako». Nekazaritzaz eta abeltzaintzaz gain, basozaintza ere gainbeheran dago. Konponbidea? Mauleonen esanetan, lehenengo sektorea ekonomikoki eta sozialki aintzat hartzea. Bertako ekoizpena diruz laguntzea beharrezkoa da, baina langileak erakartzeko hori bezain garrantzitsua da ogibide horiek ez gutxiestea eta gizartean baloratuak izatea.

Bigarren sektoreak, industriak alegia, ez du tradizio handirik, eta bizilagunek berau indartzearen inguruan iritzi kontrajarriak dituzte. Gazte ugarik Pirinio aurreko Agoitz herriko fabriketan egiten du lan eta fabrikak bailaretan ipiniz gero, belaunaldi berriak herrian bertan geratuko liratekeela uste du hainbatek. Mauleonentzat, berriz, Pirinioak industri zona bilakatzea zentzugabekeria da. Zonaldeko baliabide naturalei lotutako industriak badu zentzua, egurrarekin zer ikusia duenak, adibidez, «baina bat-batean ezin dugu pentsatu bailara bakoitzean ez dakit zenbat pertsona behar ditugula industrian lan egiten; oreka aurkitu behar dugu». Ekimen pribatua bultzatzea ere beharrezkoa ikusten du Félix Jamar Aezkoako Batzar Nagusietako lehendakariak. Bere esanetan, jendea gogorik gabe dago eta ilusioa itzuli behar zaio, zonaldean negozioak jartzeko laguntzak bideratu behar dira.


Esperantza turismoan

Hirugarren sektoreari edo turismoari dagokionez, bertakoak ados daude: Pirinioak erakargarriak dira, baina kalitate oneko turismoa eskaintzeko oraindik gauza asko daude egiteko. Turistak ez du dirurik uzten zonaldean, ez dagoelako non gastatu. Halaber, eztabaida bizia dago Egurraren Museoa eta Mendiaren Museoa egiteko, saltoki berriak irekitzeko edo Iratiko basoa berpizteko proiektuen inguruan. Jamarren iritziz, turismoak Pirinioen garapenaren motorra izan behar du. Dena den, Mauleonek ohartarazi du turismoa ez dela bailarek bizirauteko duten panazea eta arriskutsua dela zonaldeko ekonomia jarduera bakarrean oinarritzea. «Bizilagunek eta politikoek erabaki beharko dugu nolako eta nora arteko turismoa nahi dugun: zein turismo kopuru jasateko prest gauden eta turismo jasangarria ala makina bat lagun ekarriko dituen kapital handiko turismoa nahi dugun».

Aipatutako lan aukerak handitzeaz, sustatzeaz eta diruz laguntzeaz gain, herriek biztanleak bereganatu nahi badituzte, zerbitzuen hobetzea ezinbestekoa izango da, eta arestian azaldu ditugu jada Pirinioetan dauden zerbitzu gabeziak. Noski, bertara bizitzera doanak argi izan behar du hirietan baino zerbitzu gutxiago izango dituela. Horietako asko ezin dira herri guztietan jarri, jende oso gutxi bizi delako, baina bai ondoko herriren batean, inguruko guztientzat. Bizi kalitate ona eskaintzea da gakoa, eta era berean, zerbitzuek ekonomikoki Iruñean baino kostu handiagoa ez izatea. Egun, herrian bizitzea garesti ateratzen baitzaie bizilagunei. Etxebizitzak erosteko diru laguntzak banatzea eta azpiegiturak hobetzea ere jendea erakartzeko bidea dela uste dute bizilagunek. Inguruko herriekin nahiz Iruñearekin komunikatzen duten errepideak, adibidez, ez dira onak eta bihurgunez beteta daude. Komunikabideak hobetuko balira, Iruñean lan egin arren jendea bailaretan bizi ahalko litzatekeela eta despopulazioari aurre egiteko alternatiba egokia izan daitekeela uste du Cederna Garalurreko lehendakari José Javier Esparzak.


Aldaketaren atarian?

Hain zuzen ere, errepideen hobekuntza ildo nagusietakoa izango da Nafarroako Gobernuak abiatu berri duen Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoan. Besteak beste, gobernu nafarrak zonaldea zeharkatuko duen hiru erraileko errepidea egitea adostu du Frantziarekin eta Isuko portua hobetu nahi du. Pirinioetako Plan Estrategikoa idatziko duen lan batzordea martxoan sortu zen eta Nafarroako Gobernuko sail guztietako, Cederna Garalurreko, lau bailaren batzar nagusietako eta Pirinio aurreko Agoitz eta Irunberri herrietako ordezkariek osatzen dute. Lehenengo bilera martxoan bertan izan zuten eta plana idazteko sei hilabeteko epea adostu zuten, ekainean jada lehenengo zirriborroa aurkezteko itxaropena duten arren. Orain arte, planean jaso daitezkeen helburuak eta proiektuak aztertu dituzte, maiatzean zehar Pirinioetako hainbat lekutan izan dira, proposamen gehiago jasotzeko asmoz, eta ondoren, proiektu estrategikoak aukeratu, horien kostuak baloratu eta gauzatzeko epeak finkatuko dituzte. José Andrés Burguete Nafarroako Gobernuko Ingurumen Saileko kontseilari eta planaren koordinatzaileak ziurtatu digunez, proiektu horietako batzuk 2007ko aurrekontuetan sartzea eta hartara datorren urtean bertan abiatzea da asmoa.

Batzordeko ordezkariek planerako 300 proposamen baino gehiago jaso dituzte, horietako asko nahiko zehatzak -zaharrentzako egoitza egitea, ibai ingurua garbitzea...- eta horregatik ez dira onartuak izango. Burguetek argi utzi du hasieran behintzat soilik proiektu estrategikoak sustatuko dituztela, zonalde guztiari eragingo diotenak. Ekimenak oraindik ez daude guztiz erabakita, baina lan mundua eta ekonomia; azpiegiturak eta errepideak; gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzuak; ingurumena; lurralde antolamendua eta etxebizitza dira hobetu nahi dituzten ardatz nagusiak. Félix Jamar Aezkoako Batzar Nagusietako lehendakari eta, beraz, batzordeko kidearen esanetan, euskara ere lehentasunen artean dago. Funtsezko kultur ondarea izanik, gazte eta adindunentzako euskara eskolak antolatzea eta zonalde guztian euskarari tratamendu berezia ematea da helburua. «Gobernuak duen jarrera duela ere, zonaldekoek horren aldeko apustua egingo dugu», dio ziur.


Mesfidati

Larrialdi Plana izenarekin ere ezagutzen dena berandu iritsi dela uste du hainbatek. Baina Ingurumen kontseilariaren arabera, Pirinioek eskaintzen dituzten baliabideak aprobetxatuz eta helburuak ondo zehaztuz gero zonaldeko egoera alda daiteke, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa handia dela baitio; azken finean, sail guztiek hartzen dute parte batzordean. Cederna Garalur elkartea eta batzarkideak ere itxaropentsu ageri dira, planean Gobernua bera dagoelako. Argi dute aprobetxatu beharreko aukera dela eta proiektu estrategiko egokiak aukeratzen badira, Pirinioen egoerak hobera egin dezakeela. Zonaldeko bizilagunen artean, ordea, denetarik dago. David Salbotx Bidankozen (Erronkari) bizi da eta ez da fio: «Hauteskundeetarako 12 hilabete falta direla nabari da. Aurreko hauteskundeetan berdina esan ziguten eta lau urtetan ez dute ezer egin. Gainera, plan partehartzailea izango dela saldu digute, baina aurrez idatzia dutela uste dut». Kontatu digunez, Pirinioetan eskuineko independenteek agintzen dute eta Nafarroako Gobernuarekin harreman ona mantentzen dute. Horregatik, are harrigarriagoa iruditzen zaio orain arte ezer egin ez izana. Maite Madoz Otsagabian (Zaraitzu) bizi da eta berak ere zalantzak ditu. Plana hasieratik gaizki abiatu dela uste du, Gobernuak berak esan duelako bileretan nork parte hartu behar duen «eta Gobernuak badaki nori deitu dion. Bailara bakoitzetik gutxienez bi lagunek joan beharko lukete, iritzi desberdinak jasotzeko». Foru Gobernuak euskararen inguruan duen politika ikusita, hizkuntza horrek lehentasuna izango duela sinestea ere zaila iruditu zaie biei. Horrez gain, Agoitz eta Irunberri Pirinio aurreko herriak planean sartzea arraroa dela dio Madozek, bertan ez dituztelako bailaretako arazo berdinak eta biztanle faltarik ez dutelako. Are gehiago, etxebizitzak eraikitzen ari dira Agoitz eta Irunberrin eta Pirinioetako hainbat bizilagun bertara joan dira bizitzera.

Hala ere, bizilagunek onartu dute herritarren aldetik ere inplikazioa falta dela. «Errua gurea ere bada, ez gaude elkartuta eta badirudi ez dakigula benetan zer nahi dugun», aitortu digu Madozek. Azken finean, biztanle kopuru urria dela-eta, bizilagun askok kargu politikoren bat izan du eta jendea nekatuta dago. Erabaki egokiak hartzea eta proiektuak benetan aurrera ateratzea beharrezkoa izango da herritarren konfiantza berreskuratzeko eta Pirinioei bultzada emateko. Horretarako, Kataluniako Pirinioak eta Asturiasko mendialdea eredutzat har daitezke. Mendi aldeko herrien despopulazioa mundu guztian ematen ari den fenomenoa da -Araban oso nabarmena da, esaterako- eta beste lekuetan jarraitzen dituzten politikak kontuan hartzea komeni da. Nazioartean, landa eremuak laguntza ekonomikoen bidez sustatzea izan da gobernu gehienek hautatu duten bidea. Dena den, aldaketa eta ahalegin handiagoak egin beharko dira Nafarroako Pirinioetara belaunaldi berriak erakartzeko. Elkarrizketatutako pertsona guztiek esan digute etorkizuna zaila ikusten dutela, baina Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoa itxaropenerako atea izan daiteke. Etorkizunean, arratsalde eguzkitsu batean bueltatzen garenean tabernak irekita aurkituko ditugu agian, herriko plazak beteta, nekazari eta artzain gazteak lanean eta haur talde ugari kalean jolasean.

Emakumezkoak, are gutxiago
55 urtetik gorako gizonezkoa. Hori da bailaretako bizilagunaren profila. Cederna Garalurrek duela urte batzuk egindako azterketaren arabera, 25 urtetik 45era dituztenen artean hirutik bi gizonezkoak dira eta %50 ezkongabeak. Egoera aldatu ezean, datu horiek edozein gizarte heriotzara daramate. Horregatik, emakumeak erakartzeko eta lan munduan barneratzeko politikak sustatzea beharrezkoa ikusten dute denek. Egun, ordea, kontrakoa gertatzen da, lehenengo sektorea tradizionalki gizonezkoei lotua baitago eta emakumeak hirira alde egiten du, aukera berrien bila. Emakumearen irudia lehenengo sektoreari lotzea edo turismoan emakumeek lan gehiago eskuratzea lortu behar da. Gainera, berdintasunaz hitz egiten bada ere, haurrak zaintzeko ardura gehien hartzen dutenak emakumeak izaten jarraitzen dute eta herrietako zerbitzuak eskasak badira, egoera are okerragoa da umeei dagozkien beharretan. Esaterako, ez dago ongi antolatutako 0 eta 3 urte bitarteko haurren hezkuntza ziklorik eta elkarrizketatu ditugun Pirinioetako amen esanetan, laguntzarik gabe zaila da betebehar guztiei aurre egitea.

Hala ere, bere izena ez argitaratzeko esan digun 50 urteko Aezkoako Hiriberriko emakumeak aurrera ateratzea lortu du. 1990. urtean, Hiriberrin landetxea jarri zuen lehenengoa izan zen, garai hartan Aezkoa ez baitzen turistikoa. Proiektua beldur pixka batekin hasi zuen, baina ondo atera zaio eta landetxe arrakastatsua du orain. «Nire esperientziak beste batzuentzako balio dezake eta berdina egingo dute agian. Horrelako negozioak beharrezkoak ditugu, herria berpiztea lortzen dutelako», dio. Dudarik gabe, mota horretako ekimenek itzuliko diote zonaldeari garai batean izan zuen bizia.

Europako dirua
Nekazaritzara bideraturiko Europako laguntzak ez dira eraginkorrak izan, familia ustiapenak babestu beharrean, ustiapen handiak hobetsi dituztelako. Espainiako Estatuan errenta gehien jasotzen dituen pertsona Albako dukesa izatea adierazgarria da. Pirinioetako ustiapen mota, ordea, oso desberdina da eta hala ere politika bera da denentzat.

Nafarroa Garaiko Pirinioak

Nafarroako Pirinioek 1.895 kilometro koadro dituzte (Nafarroako %18a).Nafarroako %25 natur gune babestuak dira eta horietako %45 Pirinioetan daude.



39 herri

Abaurregaina, Abaurrepea, Aezkoako , Hiriberri, Agoitz, Artzibar, Aria, Aribe, Auritz, Bidankoze, Burgi, Erro, Erromantzatua, Erronkari, Espartza, Ezkaroze, Galoze, Garaioa, Garde, Garralda, Gazteluberri, Gorza, Irunberri, Itzaltzu, Izaba, Jaurrieta, Longida, Luzaide, Nabaskoze, Orbaitzeta, Orbara, Orontze, Orotz-Betelu, Orreaga, Otsagabia, Sartze, Urraulbeiti, Urraulgoiti, Urzainki, Uztarroze.



Biztanleria:

2005. urtean: Nafarroako biztanleriaren %1,9a.
1.000 biztanletik gorako herriak: Agoitz eta Irunberri.
500 biztanlera iristen diren herriak: Erro (747)
eta Otsagabia (651).
30 herri inguru ez dira 300 biztanlera iristen.



Iruñearekiko distantziak:

Gertuen: Agoitz (17 km.)
Urrutien: Uztarroze (104 km.)



Herrietako batez besteko ALTITUDEA: 668 metro.

Baxuena: Luzaide (367 metro)
Altuena: Orreaga (952 metro)

Iturria: Nafarroako Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoaren araberako datuak. Planak Pirinio aurreko Agoitz eta Irunberri herriak barne hartzen ditu.

Bizimodua zaratatik urrun
Jendeak herrietatik alde egiten du, baina badira kontrakoa aukeratu dutenak ere. Erreportajean zehar aipatu ditugun herrietako desabantailak jasaten dituzten arren, hirian baino gusturago bizi dira mendi artean. Maite Madoz Iruñean jaio zen, baina ama Zaraitzukoa du. 1998an, Otsagabia gustuko zuelako eta bertako mutil batekin maitemindu zelako, herrira joan zen bizitzera. Beste lagun batekin, Mendixut herri aldizkaria sortu zuen eta pozik bizi da Pirinioetan. Dena den, azken hamar urte hauetan herriko ia gazte guztiak joan direla eta gogorra dela dio. Lehen, hiruzpalau taberna zituzten bertan, orain bakarra dute eta denda ugari itxi dituzte. Gero eta urriagoak diren zerbitzuez kexatu da eta ez du pentsatu ere egin nahi seme-alabek 16 urte betetzen dituztenean ikasten jarraitzeko izango dituzten arazoetan. Hala eta guztiz ere, argi dauka etorkizunean herrian jarraituko duela, umeak bertan hazi nahi dituelako, herritarrekin harreman hurbila duelako eta «leihoa ireki eta mendia ikustea Iruñeko kaleak ikustea baino atseginagoa delako». David Salbotxek 31 urte ditu eta ama Bidankozekoa du. Txikitatik Iruñean bizi izan bada ere, askotan bisitatu du herria. Duela bost urte inguru, hiriburuaz aspertuta, natura eta lasaitasun bila Bidankozen gelditzea erabaki zuen. Landetxea eraiki eta turismotik bizitzeko asmoa du orain. Herrian 44 lagun baino ez dira eta bakoitzak bere bizimodua egiten omen du: paseatzera edo ehizatzera joan, mendian ibili edo baratzean aritu. Ez daude gazte asko eta lau lagun herriko tabernan elkartu ohi dira, «eta lau diodanean zehazki lau gara, ez gehiago». Erronkarin eta Izaban gazte gehiago biltzen dira eta kultur dinamika oparoagoa dute. Elkarte ugari daude eta hainbat gairen inguruko tailerrak eta zinema zikloa egiten dituzte. Oro har, giro lasaia nagusitzen da zonaldean eta hain zuzen ere hiriko estresetik ihesi, bake hori hautatzen du hainbatek.

Gainbeherak ez du muga administratiborik
Nafarroa Garaiko Pirinioek bat egiten dute Zuberoa eta Nafarroa Beherekoekin eta mugaren bi aldeetan dituzten arazoak berdintsuak dira. Larrainen (Zuberoa) iaz jazotakoa egoeraren adierazgarri da. Paueko Akademia Ikuskaritzak 2005ean itxi nahi zituen ikastetxeen artean Larrainekoa zegoen, baina horrek »ikastetxeak zazpi ikasle baino ez izan arren» gerora herriaren heriotza ekarriko zuen eta bizilagunek protestak hasi zituzten. Zerbitzu publikoak kentzearen aurkako sinbolo bilakatuta, Larraineko ikastetxeak manifestazio batean 300 lagun baino gehiago bildu zituen eta azkenean ikastetxea mantentzea lortu zuten. Azken finean, herri txikiek badakite indarra egiteko elkarlana oso garrantzitsua dela eta mugaz gaindiko kolaborazioa ohikoa da. Luzaide (Nafarroa) mugan dago eta bertako alkate Juan José Caminok kontatu digunez, muga inguruko herriek elkarte komuna sortu nahi dute, Europako laguntzekin proiektu bateratuak bultzatzeko. Bi urte daramatzate lan horretan, baina elkartea legalizatzeko arazoak dituzte. Luzaiden, gainera, etorkizunean merkataritzaren aldeko apustu garrantzitsua egin nahi dute eta bezeroak batez ere Ipar Euskal Herriko eta Frantziako erosleak dira. XIX. mendean 1.200 biztanle eta egun 450 bizilagun dituen herri honetan, merkataritza zentroak eraikitzen ari dira, Iparraldeko bezeroak erakartzeko eta lana sortzeko asmoz. Bakoitzak dituen baliabideak aprobetxatzen ditu, despopulazioaren mehatxuaren aurrean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Real-PSG partiduan begian zauritutako beste pertsona baten kasua berriz irekitzeko agindu du auzitegiak

Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.

 


Eraikiz kolektiboa
“Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


Eguneraketa berriak daude