Net Hurbil: Famili plangintza nesken kalterako bihurtu denean


2007ko otsailaren 21ean
Indiako klinika batera inspektore batekin egindako bixita kontatu du Carla Power idazleak The New Statesman astekari britainiarrean. Ikerketara joanda, ezustean harrapatu dituzte mediku eta zaintzaileak Hyderabad-eko ospitale batean. Eskatu dituzte haurdunaldia kontrolatzera joandako emakumeei egiten zaizkien eskaner eta gainerako analitiken dosierrak, horien arrastorik ez dagoela baieztatu dute eta legearen baimenarekin ikuskatzaileak eskanerra prezintatu du.
But what if it's a girl (Eta neska baldin bada zer?) darama izenburu Powerren artikuluak. Hasieran kontatu duen inspekzioa 1994an Indiako gobernuak plazaratutako legearen arabera egin ahal izan da: lege honek medikuei debekatzen die haurdun dauden emakumeei jakinaraztea beren erraietan daramaten umekiaren sexua. Horrekin gobernuak zerbait egin nahi du jaiotzen diren mutiko eta neskatxen kopuruen arteko desoreka leuntzeko.

Xifrek erakusten dute bromatarako gaia ez dela: 1981ean Indian 962 neska jaio ziren 1.000 mutileko; 1991n proportzioa 945:1.000 zen eta 2001ean 927:1.000. Mutilen konparazioan gero eta neska gutxiago jaiotzen badira, abortu bidez horiek suntsiarazten diren seinale da. Indiako kopuru handietara joz, milioika. Aipatu ditugun proportzioak gainera India osoa hartuta daude eginak. Badira eskualdeak askoz desoreka handiagoa daukatenak: 1991n ez omen zegoen Indiako eskualde bakar bat 800:1.000 baino gutxiagoko kopururik ematen zuenik, eta 2001ean aldiz 14k gainditzen zuten -azpitik- hori.

Gai arantzatsua da, edonork ikus dezakeenez. Hasteko, emakumeen eskubideen defentsan sexu aukeraketaren kontra ari diren militanteen argudioak eta abortuaren kontrakoak bereizi behar dira, eta ez da beti hain erraza. Bestalde, ez da Indiako afera bakarrik: Hego Korea eta Txinako iturri ofizialek onartzen dute haietan neska eta mutiko jaioberrien balantzea 855:1.000n dagoela, eta badira aditu independienteak horiek benetan 826:1.000n daudela diotenak. Txinaz ari garela, 1990ean ratioa 901:1.000 omen zen, eta Hainan, Guangdong eta beste zenbait probintziatan hori 769:1.000raino apaldu omen da geroztik. Txinan fenomeno honek laster ekarriko dituen ondorioak ez dira bromakoak: 2020an Txinan 33 milioi "guang guan" edo mutilzahar egongo dira batzuen ustez, eta beste batzuen ustez 40 milioi.

Emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileek salatzen dutenez, arazo hau ez da fenomeno berria, aspalditik ari da gertatzen Indian, Asiako beste zenbait herrialdetan bezala. Orain ultrasoinuzko eskanerrez eta beste analisi sistemez erraza da emakumeak barruan daraman fetoa arra ala emea den ezagutzea. Abortua bera lehen baino errazagoa eta azkarragoa den bezala. Baina emakumeen aldeko militanteon aburuz, oraingo abortu selektiboak nesken kontrako bazterketa ziklo oso baten barruan kokatu behar dira Indian: txikitatiko bazterketa, umetako ezkontzak, dote sistema, familia barruko bortizkeria, "ohore garbiketa" deitutako hilketak... "Neska izatea jaiotzatiko akats moduan ikusten da" definitu dio ekintzaile batek idazleari.

Hala ere, antzinako usadioetan ainguratutako gizartearen jokaeratik askoz urrutirago doa azken urteotan Indian eta Asiako eskualde horretan jazotzen ari dena. Umeki emeen akabatze sistematikoa gertatzen ari da liberalizazio ekonomikoa, teknologiak eta populazioaren kontrola hedatu diren garaietan. Erabaki politikoek ere izan dute eragina. Txinan, 1950etik 1970era, gobernuak langile emakumezkoak behar zituenean, umeki emeen abortua eta nesken infantizidioa sekula han ezagutu zen kopururik apaleneraino jaitsi omen zen, Journal of Population Research aldizkariak argitu zuenez. Eta aldiz, 1979an haur bakarraren politika famatua martxan jarri zenetik, nesken kopurua etengabe joan da eroriz, atzetik suntsiketa selektiboa dagoelako dudarik gabe.


Emakume faltaren krisia

Indian ere 1970etik aurrera familia txikien aldeko propaganda egin zen. Abortua orduan legeztatu zen. Eta modan jarri ziren familia txikiak... neskak suntsituta. Batetik, gobernuak emakumeari bultza egiten zion haur gutxi egin zitzan, bestetik gizarteak mutikoak sortzera behartzen zuen; eta bi eskariei erantzuteko modu bat baizik ez dago.

1990eko hamarkadatik datoz Indiak bizi dituen beroaldi ekonomikozko urteak. Hamabost urteotan zabaldu dira Mendebaldeko korporazioentzako lan egiten duten azpikontratak, ongi samar bizi diren herritarrez osatutako klase ertaina, autoen kontsumoa... eta aberatsentzako klinika sofistikatuak. Hemen bezala, haurdun dauden emakumeekin erabiltzeko eskanerrak gauza arrunta bilakatu dira. Indian, Txinan eta Hego Korean. Berrikitan Lancet aldizkariak Indiako sexu-aukeraketan ikertu zuen, eta ohartarazi zuen hori askoz nabarmenago gertatzen dela erdi mailako hiritarren artean landa-eremuetako baserritarren artean baino. Zenbat eta ikasketa handiagoak eduki, emakume horrek orduan eta gutxiagotan edukiko du bigarren haurra neska. Delhin bertan, auzorik aberatsenek omen daukate sexu-ratiorik kaxkarrena. "BMW bat ekarrarazi dezakeenak, nola ezingo du bada ekarrarazi mutiko bat?" komentatu du Carla Powerrek.

Aukeratzen hasita, mutikoak abantaila asko eskaintzen ditu, abizenaren segida bermatzea barne. Gurasoek semearengan dute beren zahartzarorako itxaropena. Alaba bat jaiotzen denerako haren ezkon-sarian pentsatu beharra daukate, eta lehen bezala orain familiak sarritan zorpean sartu behar du alaba bat ezkontaraziko badu. Neskatxaren birjintasuna ere zaindu beharko da, eta ez da broma. Alde askotatik begiratuta, alaba bat sortzea buruhaustetarako baizik ez da.

Badira ikertzaileak ohartarazten ari direnak sexu-desproportzio larri hauen ondorioez. Powerrek liburu bat aipatzen du, Internet bidez hemendik ere eros daitekeena: Mutilzaharrak: Asiako populazioan gizonezko gehiago egoteak segurtasunean dituen ondorioak, Andrea den Boer eta Valerie Hudson-ek idatzia. Hauek uste dutenez, bikotekiderik aurkitu ezingo duten milioika gizonezko horiek kriminalitatea asko ugalduko dute Txina eta Indian batik bat, ondoko urteetan.

Indiako ekintzaile batzuen iritzian ondorio horiek nabaritzen omen dira jadanik. Oraindik emakume-gizon oreka hobea dagoen estatuetara jotzen omen dute gero eta gehiago estatu desorekatuagoetako gizonezkoek emakume bila. Gero eta sarriago entzuten dira, antza, emakume trafikoaz ari diren albisteak. Trafiko hori hain da larria leku askotan, ezen eta estatu batzuetan hori oztopatzeko Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere sortu baitira.

Gobernua urteotan, hasieran esan dugunez, sexu-hautaketaren kontrako kanpainan ari da. Baina arrakastarik gabe orain artean. Delhin bertan 845:1.000 zen proportzioa 2003an, eta orain 814:1.000ra jaitsi da. Emazte militante batek Carla Powerri esan dionez: "Neskak emakumeen sabeletan hiltzen dituzte leku batzuetan, eta gero leku horietako gizonak beste estatu batzuetara joango dira sabeletik bizirik atera diren neskei min egitera".

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


2025-02-14 | ARGIA
Adin txikiko beisbol jokalari bati musu emateagatik entrenatzaile bat kondenatu dute

Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]


2025-02-14 | dantzan.eus
Inauteriak 2025 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]


2025-02-14 | Sustatu
Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]


2025-02-14 | Euskal Irratiak
David Gramond
“Gizartea beldurrarazteko baliatu zuten tortura, militantziari uko egiteko”

Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]


2025-02-14 | Gedar
Munichen, manifestazio sindikal bat harrapatu eta gutxienez 21 pertsona zauritu ditu gizon batek

 Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.


Gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Amurrion, hildako bi agenteren kontura sare sozialetan barre egitea egotzita

"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.


Iruñeko Laba, agur labur bat, irailean indarberrituta itzultzeko

Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]


Eguneraketa berriak daude