Ihesi: Orio, gazitik adina gozotik


2021eko uztailaren 16an
Plazatik hasiko dugu ibilbidea, udaletxe berrituaren pareko kioskotik. Garai batean errebotean jokatzen zen plaza honetan eta Oriok ere izan zuen bere taldea. Oria ibaiaren ondoan dago eta normalean jubilatuek betetzen dituzte bertako bankuak.

Moila gainera hurbildu eta arrantza ontziak izango ditugu ikusgai errioko ur bareetan deskantsuan. Itsasorantz joko dugu poliki-poliki eta arrantzaleen kofradiako arkupetako usainak baieztatuko digu arrantzale herrian gaudela, bai horixe!

Errio bazterretik aurrera segi eta Orioko herri ikastola eta kiroldegiaren ondotik pasatuko gara. "Itsaso zahar, olatu berri..." jai handia inondik ere 2004ko urrian inguru hauetan ospatu zena. Kilometroak bai! Egin zirenak eta egiteko dauzkagunak. Animo eta goazen herritarrok gustuko dugun paseotik aurrera. Ezkerrera beti ere Oria, eskuinean berdea, baratzeak eta belardiak Orioko erriberan. Autopis... ññian... agertuko zaig... ññian...; geldi, lehor, inguru orain ez horren ññian... isil honetan. Pasa dugu eta bagoaz hondartzara, itsasora. "Nola aldatzen diren gauzak... -kirol portua, futbol zelaia, kanpin txikitua, hotela, etxeak...- kamarada".

Iritsi gara hondartzara. Merezi du barra muturrera bueltatxo bat emateak; Oria, Orio itsasoratzen den puntura hurbiltzeak. Puntara heldu eta hantxe dago faroa, zain. Faroak badaki itsasoak eman asko, baina kendu ere egiten duela eta XX. mendean zehar hil direnen izenak dauzka soinean idatzita. Fabian Loidi apaizak eginiko bertsoa ere irakurri daiteke, itsasoaren gazia bikain laburtzen duela. Konturatuko zineten itsasorako bista beste barra erraldoi batek oztopatzen duela, puto muro bezala ezagutzen denak. Arrantzaleei herrirako sarrera errazteko primeran datorkie, surfistak berriz kexu dira. Ditxosozko oreka!

Buelta hartu eta atzera hondartza zeharkatuko dugu. Nahi bada hondarretatik edo lehengo bidetik bestela, surflarien eta Dyako egoitzen pareraino. Hala ere behin toki honetan gaudela, hara Jorge Oteizak eginiko gogoetatxoa (ikus koadroa).


Kukuarrira

Akabo ordekak, gorako bidea hor dekank! Bai, gora jotzen duen bide horixe hartuko dugu. Hasiera malkartsua du baina ez kezkatu, ezta horrenbesterako. Zenbat eta gorago orduan eta nekatuago, baina paisaiak ere ederragoak. Segituan gara lehenengo talaian, itsasoaz gozatzeko leku ederra ederrik bada. Zorterik badugu ohikoak diren bi arrantza mota ere ikus ditzakegu: amukoa eta "trasmalluak". Kainaberarekin, amuarekin, barran edo arrokaren batean ariko da arrantzalea. Urraburuak eta lupiak arrantzatuko ditu maizen. Txalupetan txipiroi zaleak ere sumatuko ditugu agian. Trasmallutan, aldiz, sarearekin aritzen dira. Sarezko otartxoak mariskoa harrapatzeko botatzen dituzte: txangurroak, buiak, nekorak... Arrain zuria, berriz, -zapoa, barbarina, paneka, kabra...- otarrik gabe harrapatzen da. Sarea uretara bota eta kateatzen direnean jaso.

Abuztuan jokatzen diren estropadetan jende mordoa biltzen da talaia honen inguruan. Estropadok banku finkokoak dira; eserlekurik mugitu gabe egiten dute arraunean. Itsasoa behean eta arroilak goian egingo dugu Itxasperako bidea. Zertxobait gorantz egingo du bideak eta batez ere pinudiak izango ditugu bidelagun. Ohartzerako baserri handi batekin egingo dugu talka; itsas gainean dagoen Itsaspe. Kukuarripe behar luke izenak ondo izatera; Kukuarri mendiaren magalean baitago.

Segi bidean gora eta hamabost minutura bigarren talaiara iritsiko gara. Ibilbideko punturik altuenean dago berau. Ikuspegi paregabea dago eta bertatik itsasoa bere luze-zabalean ikus daiteke. Talaia honek pertsonak kaiotu egiten ditu. Askatasun sentsazioa ematen du eta eguraldi onarekin Matxitxakotik Txingudirainoko kostaldea ikus daiteke. Getariako arratoia ere paregabea agertzen da leku honetatik. Benito Lertxundi kantari ezagunak ere bere santutegia talaia hauxe dela adierazi izan du.

Paisaiaz gozatu ostean, beherantzako bideari helduko diogu, Andu baserriko bidegurutzeraino. Eukaliptoak mordo bat ikusi eta usaindu ahal izango ditugu bide honetan.

Iritsi da sasoia neurtzeko tenorea. Izan ere, Kukuarri mendira doan bidea hartu nahi duenak gora egin beharko du. Andu baserria pasa eta lehenengo bidegurutzean ezkerrera jo behar da (mapan bide morea). Ordu erditxo bat behar da tontorrera iristeko. Ez dago galbiderik. Gurutzera heldu aurreko azken malda borda baten ondotik igarota hasten da. Langa bat pasa behar da aurretik baina gurutzea behetik ikusten denez, erraz igartzen da zein langak izan behar duen. 1949an jarria da Kukuarriko gurutzea. Herriko sei lagun elkartu eta bururatu omen zitzaien ideia. Inguruko baserritarren laguntzarekin bukatu zuten eta inauguraziora hamazazpi guardia zibil etorri omen ziren. Gurutzearen ondoan Oteizak eginiko Ama Birjina ere badago.

Itsasoa alde batera eta lurra bestera, leku ederra da Kukuarriko gaina. Atseden txiki bat hartu eta lehengo bidetik behera itzuli behar da. Bide honek Done Jakueko kostaldeko bidearekin bat egiten du. Andura iritsiko gara berriz ere eta beherantz jarraituko dugu. Errepidea zeharkatu eta beherago jotzen duen bidezidorretik segiko dugu autopista azpiko tunelera iritsi arte. Behin tunela pasatuta, eskuinean gora doan bidea hartuko dugu.


San Martin eliza

Autopista egitean hainbat baserri bota behar izan zituzten, Lizargarate baserria kasu. San Martin auzoko festalekua zen Lizargarate garai batean. Hamaika erromeria izaten zen bertan baina 1972an bota zuten. Inguru honetan behar zuen lehengo baserriak, San Martin eliza baino lehentxeago. Aurrerago ikusiko dugun bezala beste toki batean dago orain.

San Martin eliza aldapa bukatzearekin batera ikusiko dugu. XIII. mendearen aurretik eraikia da, geroztik berritu badute ere. Orioko eliza nagusia izan zen garai batean eta baita erromesen aterbe ere. Egun, maiatzeko lehen larunbatero egiten den gau ibilaldian, Itziarko martxan, limoi ura banatzen zaie puntu honetan ibiltariei. Hemendik beherakoan bide bazterretan dauden gurutzeek arreta deituko digute. Herrirako bidea 14 gurutzez hornitua dago eta kalbarioetan San Nikolas eliza nagusitik San Martin ermitara gurutzbidea egiten da gurutzez gurutze geldialdiak eta irakurketak eginaz. Azken gurutzea ermita barruan dago.

Behin hemen gaudela, Oriko kostaldeari begira begiak gozatu ostean, ezkerrera, hegoaldera, belardi eder bat ikusiko dugu. Bada bidezidor bat zelaiaren bestaldean ikusten diren harrietara eramango gaituena. Nahi bada zelaia zeharkatu eta Oria ibaiarekin topatuko gara parez pare. Errioan egiten diren estropadak -banku mugikorrekoak- ikusteko ez da toki txarra. Aiako Santio auzoari eta Orioko San Martini ere begirada bat egiteko moduan izango gara. Buelta hartu eta herrirako bideari segiko diogu.


Herrira bueltan

Arte eder batzuk ikusten badituzue, ondo zoazten seinale. Hilerria baino lehentxeago Aldape baserria agertuko zaigu eder asko. Gaur egun Done Jakue bidea egiten dutenentzat ere badute aterbetxo egoki askoa prestatuta. Hilerria pasa eta hurrengo etxea, Jose Luis Korta arraunlari eta entrenatzailearena da, ez bera bezain handia. Orioko herrira sartzear izango gara dagoeneko. Lizargarate Berri baserria ezkerrera utzi eta etxeak nagusituko zaizkigu, berri itxurako etxe zahar dotoreak. Garai bateko Oriren bihotzean sartu gara, kale nagusiak Primo de Ribera izena zuenekoa. Galtzarritik behera segiko dugu eta aldapan eskubitara ikusten den aparkaleku txikian, garai batean Pietateko ospitalea zegoen erromesen babesleku. Gaur pietatearen erreplika dago paretaren gainean. Alde zaharrera iritsi gara, Andu Lertxundiren Goiko Kale liburua girotua dagoen lekura. Hamaseigarrenean aidanez eta Kareletik filmeetan ere agertzen dira Goiko kaleko bazterrak. Aurrera goazela, iturri baten gainean Maria Maestraren irudia topatuko dugu, herriko haur gehienak eskolatu zituenaren omenez. Guruzbideko lehen gurutzea ere plaza polit honetan dago. Segi aurrera eta segituan gara San Nikolas Barikoaren elizaren aurrean. Orioko eliza nagusia errenazentista da eta eraikin gotiko baten gainean eraikia dago. Ezkerrera egiten duen bidea hartu eta han dira berriz ere Oria ibaia, arrantza ontziak, garai bateko errebote plaza... Ez ditu inork eraman.

Guk, merezi dugulakoan, bisigurako adina ez eta plazan bertan dagoen Kolon Txiki tabernan hartu dugu tragoxka. Kalamareak ere ez daude batere txarrak, ze arraio!

Kukuarriko talaiatik: Balea!

Talaiaria irudikatzen dut begiak zabal zabal, harrituta. Bada ezpada bi aldiz begiratu du. Herritik ikusteko moduko sua egin, buelta eman eta han doa ziztu bizian herrira, oihuka: «Baleaaaa, baleaaaa... balea dabil gure uretan saltari!». Nekazariari aitzurra eskuetatik eroriko zaio, handia imajinatuko du, ederra, eta mendi kaxkora igoko da hura ikusteko desiotan. Emakumeek irribarre goxo bat egingo diote, erretoreak kanpaiak joko ditu eta mutiko kozkor bizi batek herrian behera lagunduko du: «Baleaaaa, baleaaaa!». Kofradiara iritsi orduko, prest dira marinelak, arpoiak, sokak... Berehala prestatu dituzte hartu beharrekoak. Han doaz bost traineruak errioan behera, itsasora, bale, zorion, aberastasun bila, beti ere arriskua zelatan dutela...

Ziurtzat jo daiteke kostako herriak sortu aurretik ere harrapatzen zirela baleak. Jakintza hori jaso dute herriok eta askotan euren armarrietan ere bada balerik: Lekeitio, Bermeo, Getaria, Hondarrabia, Biarritz... Gaur antxoatarako eta atunetarako sasoiak diren bezala, bazen lehen denboralditxo bat baleek euren agerraldia egiten zutena, udazken aldera. Baleanos biscayensis, euskal balea Atlantikotik behera ur epelagoetara jaisten zen Kantaurira.

1901. urtean harrapatu zen Kantauriko azken balea, Orion bertan. Bost traineru eta 55 arrantzalek hartu zuten parte harrapaketan. Faena handia izan zen eta tren bereziak jarri zituzten inguruko jendeak balea ikusi zezan. Banatuko zituzten irabaziak eta gustura izango ziren txalupa jabeak, arrantzaleak, tonelariak, parrokia...

Jorge Oteiza
»Orion, nire jaioterrian, umezaroan, hondartzara eramaten gintuen aitonak paseoan. Nik, barrualdeko zulo zabalen aparteko erakarpena sentitzen nuen. Haietako batean ezkutatu ohi nintzen, ahozgora, zeruzko espazioari begira, inguruan, nire gain, oro desagertzen zen bitartean. Babestua nintzen sakon sakonetik. Zerengandik baina? Txikitan, denok, ezereza xumea gisa sentitzen dugu gure esistentzia. Gauzaz, emozioz, mugaz gainezka dagoen zirkulu ezezkorra modura azaltzen zaigu eta haren erdigunean, heriotzari diogun bihotz beldurra sumatzen dugu. Arean sortutako zuloan nire haur bizipena, bereganatzen ninduen zeru ezereza handirantz egiten nuen ihesbidaiarena zen, salbazio-grina, nire ezerezatxotik urruti. Haur deserosotasun edo itoaldi horretan esnatzen da jada gizaki definitzen gaituen esistentziaren sentimendu trajikoa, eta izpiritual salbaziorako hiru ihesbide posibleetatik gutxienez batera gerturatzen gaituena, filosofia, erlijioa eta artea... Haietatik bat aukeratu duen edonork, eta hautaketarik egin ez duenak ere bai, haurtzaro oroitzapenetan topatuko du batenganako hautaketa edo joera naturalaren zergatia».


Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude