Comète: Sare ikusezina mugaren bi aldetan

Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarrak 227 pilotu pasa zituen Bidasoaren alde batetik bestera. Andrée de Jongh belgikarrarekin (ezkerrean) hasi zen Cométe sarea, Arnold Deppé ingeniaria ezagutu eta erresistentzia zirkuluetan sartu zenean. (Arg.: Hern
Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarrak 227 pilotu pasa zituen Bidasoaren alde batetik bestera. Andrée de Jongh belgikarrarekin (ezkerrean) hasi zen Cométe sarea, Arnold Deppé ingeniaria ezagutu eta erresistentzia zirkuluetan sartu zenean. (Arg.: Hernani 1992 aldizkaria / La Línea de la libertad)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
1939ko irailaren 1ean Hitlerrek Polonia eraso zuen eta horrekin batera hasi zen II. Mundu Gerra. Hilabete gutxiren buruan Alemaniak altzairuzko makina boteretsu bat zela erakutsi zuen eta gai zela Europa osoa menpean hartzeko. Lehenengo Polonia, gero Danimarka, Holanda, Belgika eta azkenik Frantzia. 1940ko ekainaren 27an tropa naziak Baionara iritsi ziren eta hortik gutxira Iparraldea, Frantzia guztia bezalaxe, bi gunetan bananduta geratu zen: ekialdekoa, gune librea (alemaniarren kolaboratzaile) eta mendebaldekoa, gune okupatua (alemaniarren esku). Egoera larria zen, Europa osoan "erresistentzia" antolatu zuten nazien kontra eta horrekin batera ihesi zihoazen pertsonak laguntzeko erakunde klandestinoak.

Gauzak horrela, Euskal Herriko muga ihesbide paregabea bilakatu zen ezkutuan zeudenentzat. Espainia frankistaren "neutraltasuna" medio, aliatuek herrialde hartan aukera gehiago zituzten ihesa egituratzeko. Comète dugu iheslariak eta hegazkin-pilotu aliatuak Bidasoaren alde batetik bestera pasatzen aritu zen sare ezagunena, baina ez bakarra, gehiago ere izan ziren.

 

Dédée, belgikarra fundatzaile

 

Comète sarearen lehen haria Belgikan ehundu zuen Andrée de Jongh izeneko armiarma txiki batek. Frederic de Jongh irakaslearen alaba zen Andrée eta erizain ikasketak egiten ari zen Gerra lehertzean. Comète sarearen historia belgikar neska gazte honek Gurutze Gorrian izena eman zuenean hasten da.

Han ezagutu zuen Arnold Deppé ingeniaria eta han sartu zen buru-belarri erresistentzia zirkuluetan. Naziengandik ihesi zebiltzanei ezkutalekuak aurkituko zizkieten lehenik, baina jakin bazekiten biek, garrantzitsuena ihesbideak aurkitzea zela. Belgikar kostaldea soldaduz josia zegoen, hortik ezin zen. Beraz, azkeneko aukera Frantzia osoa gurutzatu eta Euskal Herriko muga pasatzea zen, Gibraltar edo Lisboaraino. Deppék kontaktu asko zituen Ipar Euskal Herrian, Doninabe Lohitzunen zineko soinu teknikari aritu baitzen urte luzez. Horien bitartez Andrée (Dédée ezizena erabiliko du hortik aurrera) Alejandro Elizalde mugalariarekin eta De Greff izeneko belgikar familiarekin jarri zen harremanetan. Familia hori Angelura iritsi zen nazien bultzadatik ihesi eta Voisin izeneko etxean bizi zen. 1941eko uztailean Dédée gaztea Baionara iritsi zen, hamaika iheslarirekin eta lehenengo aldiz muga pasa zuen Tomas Anabitarte mugalari hernaniarrak gidatuta.

Mugaz bestaldera, ordea, ez zegoen ia ezer antolatuta eta sarearen zati hura lotzeko Antonio Arakama donostiarraren laguntza estimatua izan zuen Dédéek. Bilboko britainiar kontsulatura jo zuten eta han ingelesak aho zabalik utzi zituen: Nola zitekeen horrelako neska gazte eta txiki batek, hortik Belgikaraino halako azpiegiturarik sortu izana? Ondo pentsatu ondoren Comète sarea diruz laguntzea erabaki zuten britainiarrek, baldin eta pilotu ingelesak erreskatatzeko balio bazuen. Baina Dédéek baldintza bat jarri zuen: sarea belgikarra zen eta erabat independentea, ez zituzten besteen aginduak onartuko.
 
Goian, salbaturiko pilotuei Hernanin eginiko agurra. Beheko argazkian, mugalarien omenez eginiko monolitoa (Arg: Hernaniko Kronika9

 

Belgikatik Gibraltarrera, Euskal Herrian barrena

 

Britainiarren laguntza jasota, sarea osatuta zegoen. Bidearen lehenengo zatia oso arriskutsua zen, Belgikatik Parisera. Muga hartan nazien kontrola oso zorrotza zen eta Frederic de Jongh Dédéeren aitak eraman zuen zati horren ardura. Parisen iheslariek trena hartzen zuten eta Baionan edo Donibane Lohitzunen geratzen ziren. Hortik Ziburura, Kattalin Agirreren etxera. Emakume honek Donibane Lohitzuneko Euskalduna hotelean egiten zuen lan eta Comète sareaz gain, beste hainbat erakundetan zebilen, horregatik kondekoratu zuen Frantziako gobernuak urte batzuk beranduago. Muga pasa aurretik azken etenaldia Bidegain-Berri baserrian egiten zuten, Urruñan. Bertan bizi zen Frantxia Usandizaga, bere bi semeekin eta Juan Manuel Larburu hernaniar erbesteratuarekin -azken honek mugalari jardun zuen, harik eta harrapatu eta kontzentrazio gune batera eraman zuten arte. Bertan hil zen-. Hortik Florentino Goikoetxea mugalari ezagunari jarraituko zioten iheslariek, hau ere hernaniarra. Gau osoa oinez pasatzen zuten, aurretik Florentino eta atzetik Dédée zutela. Bidasoa pasa eta Aiako Harria alderik alde gurutzatu ondoren Sarobe baserrira iristen ziren eta gero Oiartzungo Altzibar auzora, Arbide-Garaiar familiaren etxera. Azken txanpan zeuden.

Donostian Bernardo Arakamaren etxean deskantsatzen zuten pilotuek, erabat lehertuta. Hurrengo egunean britainiar kontsulatuak bidalitako taxi batek lehenengo Madril eta gero Gibraltarrera eramaten zituen eta handik abioiez Londresera itzultzen ziren. Guztira hamar egun eta hamar gau. Bruselatik Londresera 300 Kilometro inguru izango dira, iheslariek aldiz 3.000 egiten zituzten beren buruak salbatzeko.

 

Zenbat ate, hainbeste maratila

 

Sarea osaturik zegoen beraz, baina jakina, sarea hamaika aldiz erori eta hautsi zen 1941ean sortu zenetik 1944. urtea arte. Esaldi zaharrak honela dio ordea: "Zenbat ate, hainbeste maratila", ate bakoitzak baduela nondik ireki alegia. Comète sareari ateak eta kateak jarri zizkioten behin eta berriz, eta mugalari haiek jakin zuten jarritako ate bakoitzari bere maratila aurkitu eta irekitzen. Bidasoa ibaia leku ezberdinetatik pasa zuten, momentuaren arabera, zela Endarlatzatik, edo Irun-Endara zentral elektrikoa dagoen lekutik. Askotan, ibaiko ura oso goian zegoenean, 16 ordu ibili behar izaten zituzten, itzuli handiak eginez, beti Florentinoren atzetik. Herri bakoitzean bazegoen Comète sarean lagunduko zuen familia edo pertsonarik. Horietako asko euskal errefuxiatuak ziren, frankismotik ihesi Iparraldera iritsitakoak. Euskara zen beren tresna garrantzitsuenetakoa, alemaniarrentzat ezezaguna. Baina horretaz gain harrapatuak ez izateko teknika eta taktika ezberdinak erabili zituzten. Pilotuek ingelesa besterik ez zekiten, eta emakume batez lagunduta egiten zuten treneko bidaia luzea, inguruan errezelorik ez sortzeko.

1943ko martxoan Dédée eta Frantxia Usandizaga atxilotu zituzten alemanek Bidegain-berri baserrian, inguruko morroi batek salatuta. Kolpe latza izan zen sarearentzat, haren sortzailea erortzearekin batera sare guztia erori baitzen. Hala ere, ez zuten etsi, François Nothomb belgikarrak hartu zuen ardura eta ibilbidea zertxobait aldatu zuen; Parisetik Baionara itzuli handiagoa egin beharko zuten hortik aurrera iheslariek.
 

 

800 pilotu eta iheslari salbatuta

 

Guztira 800 ingeles pilotu eta iheslari salbatu zituzten sareari esker, baina horren garrantzia ulertzeko komeni da pare bat gauza azaltzea. II. Mundu Gerra hegazkinen iraultza izan zen, abiazioa erabakigarria bihurtu zen Gerraren norabidea markatzeko eta pilotuak ezinbestekoak ziren. Horregatik zen hain garrantzitsua alemanen bateriek botatako pilotuak salbatzea; baina aldi berean, Wehrmachtak indar guztiak erabili zituen erreskateak zapuzteko. 1944an alemanak atzeraka zihoazen, Normandiako lehorreratzearekin soldadu alemaniarren presentzia izugarri handitu zen eta etengabe patruilatzen zuten muga inguruan. Baldintza horietan ezinezkoa zen inor inora eramatea eta Comètek bere jarduna eten zuen. Gerra amaitzear zegoen.

Aberasturiren datuen arabera 1.700 pertsonak kolaboratu zuten sare erraldoi horretan, horietatik 700 inguru atxilotu zituzten eta 200 fusilatuta edo erbesteratuta hil ziren.

 

Florentino Goikoetxea mugalaria
Abiadoreak mugaren alde batetik bestera pasatzeko hainbat mugalarik lagundu zuten. Baina horietan ezagunena eta agian lan gehien egin zuena Florentino Goikoetxea hernaniarra dugu, Altzueta baserriko semea. Guztira, 227 pilotu pasa zituen Bidasoan alde batetik bestera eta horietaz gain agente belgikar eta frantziar ugari ere bai. Florentino arrantzan eta kontrabandoan ibilia zen, baina 1936an Gerra hasi zenean alde egin zuen Ziburura, Guardia Zibila etxera bila joan zitzaionean. Han ezagutu zituen erresistentziako eta Comète sareko kideak, Kattalin Agirre kasu. Ezagutu zuten guztiek nabarmendu dute hernaniarraren leialtasuna eta zintzotasuna. Andrée de Jongh-ekin bikote arraroa egiten zuen: bata euskaldun petoa zen, baserriko gizona, indartsua baina letratu gabea; bestea belgikarra, goi-mailako ikasketak egindako neska formala eta bizia. Gauaren erdian mugalariak basoko bazter batetik koñak botila ateratzen zuenean, orduan izaten ziren komeriak bien artean.

Salbatzailea salbatu zutenekoa

Arrisku momentuetan odol hotzeko gizona zen Altzuetakoa. 1944an iheslarien pasoa erabat itxita zegoen, soldadu alemanak non nahi zebiltzalako. Florentinok korreo lanak egiten jarraitu zuen ordea. Mendian zegoela alemanek deskubritu egin zuten behin eta lau tiro jaso zituen gorputzean, hala ere gai izan zen soinean zituen paperak nonbait gordetzeko. Atxilotuta eraman zuten Baionako ospitalera eta Gestapoko agenteak hurrengo egunean joango zirela abisatu zioten. Aukera hori ikusita, Angeluko erresistentziako kideek, De Greff familia buru zutela, erreskate plan bat antolatu zuten, alemanez jantzita sartu ziren ospitalean eta anbulantzia itxurako kamioneta batean Florentino toki segurura eramatea lortu zuten. Salbatzailea salbatu zuten.

Florentino Goikoetxeak hainbat kondekorazio jaso zituen britainiar eta frantziar gobernuen eskutik Gerra amaitu eta gero. 1980an hil zen eta Ziburuko hilerrian lurperatu zuten, emaztearekin batera. Duela gutxi egin zaio azkeneko omenaldia Hernanin, inguruko beste hiru hernaniar mugalarirekin batera: Juan Larburu, Tomas Anabitarte eta Martin Errazkin, azkeneko biak Floretinoren auzokideak (Otsua-enea baserrikoak) eta txikitako lagunak. Hernanira Comète-aren Lagunen Elkarteko kideak joan ziren eta Udalarekin batera monolito bat jaso zitzaien omenduei beren auzoan, Osiñagan.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: II. Mundu Gerra
Bakerik ez hibakushentzat

Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]


Ospitalepeko zigor-sarekada oroimenean

Ospitalepea, 1944ko ekainaren 27a. Soldadu alemaniarrek sarekada egin zuten Zuberoako 80 biztanle inguruko herri txikian. Zortzi lagun hil zituzten zigor-ekintzan eta hemeretzi atxilotu, guztiak zibilak; horietatik bederatzi deportatuko zituzten eta kontzentrazio esparruetatik... [+]


Hildako guztiek ez dute berdin balio

Normandia. 1944ko ekainaren 6a. Overlord operazioa abiatu zuten: Britainia Handiko, AEBetako eta Kanadako milaka soldadu Normandiako hondartzetan lehorreratu ziren, Bigarren Mundu Gerraren eta, beraz, historiaren norabidea goitik behera aldatzeko. Edo horixe da behintzat duela... [+]


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Genozidio ahaztuak

Genozidioa zoritxarrez modan dagoen hitza da. Rafael Lemkinek 1946an egin zuen definizioaren arabera, “talde nazional, etniko, arrazazko edo erlijioso bat erabat edo partzialki suntsitzeko asmoz egindako ekintzak” dira genozidioa. Ekintza horiek “taldeko kideak... [+]


2024-04-08 | ARGIA
Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu dituzte, tartean 6.000 euskaldun

Urtero bezala, Terres de Mémoire(s) et de Luttes elkarteak Gurseko kontzentrazio esparruan egondako presoak omendu ditu. Horietako asko Euzko Gudarosteko eta armada errepublikarreko kideak ziren. Francoren aurka aritutako beste hainbat, eta Hitlerren eta Mussoliniren... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


“Gaza bonbardatzen ari den pilotu israeldarra da Eichmann”

Palestinarrek pilotu israeldar bat bahitu, epaitu eta urkatuko balute, ez litzateke gauza bera?”. Halako eta bestelako galderei erantzun nahian, Hannah Arendten Eichmann Jerusalemen liburua abiapuntu izanda, mahaiaren bueltan elkartu ditugu bi filosofo eta politologo bat,... [+]


Nor zen Adolf Eichmann?

Karl Adolf Eichmann (Solingen, Alemaniako Inperioa, 1906 - Ramleh, Israel, 1962) Alemania naziko SSetako goi-mailako ofiziala izan zen, bereziki ezaguna Azken Konponbidea edo Azken Soluzioa deitu zitzaioneko “arduradun logistiko” gisa izendatu izan delako... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Comete erresistentzia sarea oroituko dute ostegun honetatik igandera bitartean

 Bigarren Mundu Gerran zehar Belgika, Frantzia eta Euskal Herrian soldadu eta hegazkin pilotu aliatuak laguntzen zituen erresistentzia sarea izan zen Comete. Angelun kokaturiko Comete Sarearen Lagunak elkarteak antolatu ditu erresistentzia... [+]


Madril ez da faxismoaren hilobia

Madril, 1939. Hiria frankisten esku erori baino lehen, munduko faxismoaren aurkako hiriburutzat jotzen zen, gobernu errepublikarraren propaganda eta gerra garaian handik pasatako intelektual antifaxista ezagunak medio. Garaileek hiriburua Sevillara, Salamancara edo Burgosera... [+]


Gerra galtzea eta suizidioa

Espainiako Estatuko Ciudad Realen Anisio Castilloren gorpua berreskuratu dute talde memorialistek berriki, 1943an bere buruaz beste egindako errepublikarra, frankistek bera eta bere familia bakean utz zezaten. Ez da gauza berria, etsaiek harrapatu baino lehen suizidatzeko joera... [+]


Eguneraketa berriak daude