Ximun Haran: «Marshall plana behar dugu Iparraldean»


2021eko uztailaren 12an
Ximun Haran (argazkia: Dani Blanco).
Ximun Haran (argazkia: Dani Blanco).

Pilotaria izan zinen lehenik...

... Nola mintzatu behar dugu?


Zer esan nahi duzu?

Zer hizkuntza.


Euskaraz, nola bestela?

Eskuaraz? Nik ez dakit aski eskuara. Gaztelania, guti. Frantsesez dakit gehiena.


Euskaraz ari zara...

Ez luzaz. Frantsesez mintzatu naiz hemen beti.


Baina Arrangoitzen sortua zara, eskualdun familian...

Gurasoak elkarrekin eskuaraz mintzatzen ziren. Gurekin, beti frantsesez. Hemen denek bezala! Ni sortu nintzenean badakizu zer zen hemen? Estudioak egiteko eta hobe zen frantsesa ongi ikasi.


Esan nahi duzu, bateko eta besteko agerkarietan leitu ditudan elkarrizketak frantsesez eginak direla?

Bai, eta gero eskuarara itzuliak. Nik entzunez ikasi nuen eskuara. Pilotaria nintzelarik herri batetik bestera joaten ginen eta besta egiten genuen partida jokatu eta gero. Orduan ikasi nuen eskuaraz. Zuberoan eta denetan ibili nintzen eta, Zuberoan, besta egin eta kantuan hasten ziren denak. Hura maite nuen! Besta egin eta gero, zenbait egunen buruan, berriz joaten nintzen leku hartara, kantari haiek biltzen nituen eta zintan biltzen nituen.


Magnetofonoan, Alemaniatik ekarritako Grundig batean.

Bai, eta legeak magnetofonoa handik hona ekartzea ez zuen uzten ere!


Baina ekarri zenuen.

Bai. Luzaidetik barna!


Mintza zaitez gustu duzun moduan.

Errazago da frantsesa. Gero itzuliko duzue.


Marijane Minaberryrekin izan nintzen iaz...

Biziki ongi ezagutzen dut Marijane.


... esan zidan oroit dela, artean gazte, joan zelarik bertso txapelketa batera eta Ogeta eta zuhaur jokatzen ari zineten pilota partidaren berri eman zutela. Alimaleko ospe eta fama zenituela.

Urruñan izan zen partida hura. Gertakari handia izan zen garai hartan. 62an edo. Bertsolari txapelketa zen Urruñan. Ogeta eta biok, trinketean. Jendez beterik zegoen eta jende denek ezin ikusi partida, ezin jakin emaitza. Eta bertsolarien saioan eman zuten albistea. Hazparnen behi-azienda sariketa zen, eta han ere eman zuten gure jokoaren emaitza. Eta beste leku batzuetan ere bai.


Gertakaria.

Bai. Ogeta -«Zikloia», ezizenez-, kirolari aparta zen. Ongi hasi ginen, parean. Gero, aldea kendu zidan Ogetak: 45-35 edo. Eta jendea apustuak pagatzen hasi zen. Orduan, xuxen nola ez dakidala, 50-49 irabazi nion. Gauza handia izan zen. Gertakaria. Garaia markatu zuen, Ogeta zelako, batetik, eta emaitzaren estua, bestetik. Izan ere, hiru hilabete geroago, sasoi betean nintzela, berriz jokatu genuen, Donibane-Lohizunen, eta 50-25 irabazi nion. Eta legenda. Horregatik oroit da Marijane.


Oraindik.

Bai.


1928an sortua. Pilotari hasi zinen 18 urtetan eta 41 urte arte. Sona handiko pilotaria. Irauten du ospeak, zure izeneko Joko Berri xapelgoa egiten baita orain. Martinez de Irujok eta Paxkal Ezkurrak jokatu zuten iazko irailean.

...
 


Irri egiten duzu...

Bai. Ezker paretan biziki ona da Martinez de Irujo. Onena, menturaz. Trinketean... ez da berezia. Labeguerie Frantziako politikan bezala, bat gehiago. Joko Berri aipatu duzu, eta zerbait esan nahi nuke. Anitz muga dago gure artean, bai eta pilotarena ere! Trinketa jokatzen da hemen, ezker paretarik ez; ezker pareta jokatzen da han, trinketik ez. Trinketa behar bezala aitzinatzeko, hiru probintziak ttipiegi dira. Ene asmoa zen, 1960an, trinketa Hegoaldean ere zabaltzea. Xede politikoa zen, nolabait.


Politikoa?

Bai, zubia altxatzeko manera Ipar eta Hego artean, beste elkargunerik ez genuen eta. Joko Berri izan zitekeen hango eta hemengo jendeek bat egiteko lekua. Eta txapelketak antolatu nituen, bi urtez, nihaur pilotari arizan nintzen bitartean. Orduan, hainbestean. Baina Frantziako pilota federazioak zer egin zuen? Joko Berrin parte hartu zuten pilotari amateurrei lizentzia kendu. Nik pilotari utzi nionean, kito Joko Berri. Gero, Arbonako trinketaren nagusiak galdegin zidan ea ez nuen Joko Berri jokalekua altxatzen ahal haien herrian. Nik, «plazer handiz!» erantzun nion. Egin nuen. Eta txapelketa jokatzen da urtero. Pilotaren batasuna zen ene asmoa.


Ikusia nago ETBn trinketa partidaren bat edo beste. Ez dakit Joko Berriren gainean...

Hara, kalean zoazelarik, ikusten duzu eskalea, miserablea, goseak, zikin eta zarpail... Ondotik iragan eta txanpon bat ematen ahal diozu. Horixe da guri Hegoaldean ematen digutena. Bai, trinket partidarik ikusia duzu ETBn, baina esanen dizut gauza bat. Izana naiz ETBko kirol-zerbitzuetako arduradunekin, ez bakarrik joana, Haritxelar eta beste nituen ondoan. Trinketa aitzinatzen laguntzeko galdegitera joan ginen. Lagun hartu gintuzten, zinez ongi, «anaiak, adiskideak!»... Esan bai «anaiak!»... Baina gero, deus ez.


Ondoriorik ez, esan nahi duzu?

Badakit trinketa neke dela filmatzen, kamera hemen, kamera han... baina soluzioa bilatu behar da, ongi filmatzeko. Ari ginen eta esan nuen: «Abertzale baldin bazara, ETBk lan hori egitea baitezpadako misioa da». Esan nuen eta bestearen erantzuna: «Misioa? Ez dago misiorik!». Baina hori bai, futbola ETB1-en ematen zuten, euskaraz, misioa zelako. Futbola bai eta trinketa ez? ETBra sartu ginelarik, «anaiak» ginen. Handik irten eta «kusiak». Hendaiara orduko, «frantsesak».


Gisa berean esana duzu politikan. EAJko Ipar Buru Batzarreko kide izana zara. Urruneko delegazioa, Mexikokoa edo, omen zuen alderdiak hemengo adarra.

Mexikokoa baino gutxiago ginen! Asfixiatu egin nahi gintuzten. Badakizu zer esan nahi duen «asfixiatu» solasak?


Haatik, PNVko zarela diozu, oraindik.

Bai. Dimisioa eman nuenean, gutuna igorri nion Xabier Arzallusi. Erantzunik ez nuen jaso, ez idatziz, ez telefonoz, ez deus ere. Deus gertatu ez balitz bezala. Dena den, orain gauzak kanbiatu dira, badakit hori. Esan nahi dut hori dela Hegoaldean. Ez naiz ari alderdiaren gainean bakarrik, oro har baizik: Hegoaldean ez dira gure kontra, baina indiferente dira.


Udalbiltzak lagundu du Iparraldea.

Bai, gauzak kanbiatu dira. Baina, makurra da Udalbiltza bereizi zela. Udalbiltza asmo zoragarria da. Lehenbiziko aldiz!


Bat egin ezean galduak gara. Adio nortasuna, kultura, hizkuntza...

Ez, ez, ez. Komunitate Autonomoan ez. Nafarroan, ez da esaten ahal. Iparraldean... Hara, Hegoaldekoek Iparraldekoen konplexua dute, hemengoak frantsesa mintzatzen direlako. Komunitate Autonomoa eta Nafarroa Espainiar estatuaren barnean dira. Madrilek agintzen du. Bestalde, hizkuntza bat bera dute berdinean: gaztelania; eskuara, gutiago. Hori oso inportantea da. Gainera, Nafarroak Komunitate Autonomoarekin bildu nahi badu, Espainiako konstituzioak uzten du hori! Nafarroako gobernuaren esku da; hori besterik da. Iparraldean? Deus ez. Ez konstituziorik, ez deus. Zinez marjinalizaturik bizi gara.


Hegoaldeak berak ere bazterturik.

Zer diote euskal gobernuaren presidente guztiek? PNBko agintariek? «Iparraldea? Kasu! Beraiek erabaki behar dute. Iparraldeko gizarteak!». Eta diot nik: «Baina zer ari zarete esaten! Ehuneko hamar da hemen abertzalea! Egungo egoera onartuz gero galduak gara!». Kasu eman zer esanen dudan orain: Iparraldea misio-lurra da. Xabierko Frantziskok bezala: misioa. Marshall plana behar dugu, plan osoa, herri ikuspegia izanen duena; ez du balio hirurehun mila euro ematea guri egun, eta berrogeita hamar mila bihar. Ez, fini da hori!


Marshall plan osoa, ez ekonomikoa bakarrik.

Hori da esan nahi dudana. Plan oso bat, plan globala finantzatzeko dirua. Nortasuna, kultura, hizkuntza... baita pilota ere!


Euskal departamenduaren aldeko kanpaina abiatu berri da. Nahikari zaharra da hori...

Departamendua? Irri eragingarri da. Euskal departamendua ukanik ere, hautetsi frantses berak ukanen dituzu, anti-euskaldunak. Ber gauza. Kasu!, ez naiz departamenduaren kontra, horrek dakarrena ageri nahi dut. Departamendua ez da soluzioa. Badugu lurra, hazia erein behar dugu. Zertaz? Ez politikaz, kulturaz baizik, euskaraz. Zertako nahi dut ukan boterea Iparraldeko gazteen %95 ez bada eskuaraz mintzatzen? Hori da ene puntua.


«Itsasuko ageria» egin zenuten Enbatako kideek: «Egun 1963ko apirilaren 15an aberri egunean / Lapurdiko Itsasun landatu dugun arbolaren pean bildurik / huna zer jakin arazten dugun...». Nork egina da agiri hura?

Labegueriek, uste dut. Han ginen, orduko Enbatan, Abeberri, Davant, nihaur eta. Zazpi edo zortzi lagun ginen. Labegueriek izkiriatu zuen, ene ustez. Gero, guziek lagundu genion. Mugimendua aitzinatu eta aldizkaria egin genuen. Nik banuen «prestigioa», pilotari izana bainintzen, eta horrek lagundu zuen nehork guri ez irri egiteko. Pilotari esker izan zen hori.


Itsasuko ageria egin zenutelarik, Gernikako arbolaren muskila aldatu zenuten. Zurekin batera, Julen Madariaga. Enbata eta ETA.

Enbata 62-63an sortu zen eta garai hartako, hemen ziren ETAren lehenengo errefuxiatuak. Gure ondora etorriak ziren eta lagunak ginen. Jai egiten genuen eta gonbidatzen genituen. Baina haien asmoa Enbataz jabetzea zen. Estrategia zinez ongi pentsatua zuten, kalkulatua. Horrek beraien oinarria hemen ezartzen lagunduko zien. 65ean, akordioa egin nuen esanez ETAkoek ez zutela Enbatako jenderik baliatuko, deusetarako, gure mugimenduaren zuzendaritzaren onespena gabe. Alferretan. ETAkoak Enbatan infiltratu ziren, zinez, Enbatako zuzendaritzako zenbait kideren laguntzaz. Baina ETA Enbataren proiektu politikoaren kontrakoa zen. Guk Iparraldeko jendea, kristau demokrata baitzen, katolikoa, hunkitu nahi genuen, eta ez zegoen gure gizartea hunkitzerik biolentzia baliatzen zuen gazteekin, marxista ziren haiekin! Eta, finean, ETAkoek eraman zuten Enbata.


Gerora, Ager aldizkaria egiten hasi zinen, oraindik egiten duzuna...

Bai. 81-82 inguruan, euskal gobernua sortu zenean, Marc Legassek, Enbataren orrietatik euskal gobernu hura iraindu zuen. Esan nuen: «Hemengo jendeak euskal nazionalismoa Enbataren begietatik ikusi du orain artean!». Eta ez bainintzen ados, Ager sortu nuen, Arzallus, Eli Galdos eta Retolazarekin bilkura egin ondotik. Babes emanen zigutela, politikoki eta diruz. Emaitza? Deus ez, ez babes politikoa, ez finantzarioa.


Ez aspaldi, Segi-ko gazteen alde agiria sinatu zenuen.

Bistan da baietz! Euskal Herriaren lehenengo egitekoa, su-etena abiaturik, presoak dira. Presoen auzia konpontzen ez bada ez da bakerik izanen. ETAk ezin du ohorea galdu. Hori konpondu ezik ez du merezi bake prozesua hastea ere.


Duela hiru arte kaleratu zen «Xuberoko kantüak», zuk 50eko hamarkadan egin zenituen grabazioen bertsio berria.

Zintan hartu nituelarik, azkenak ziren kantatzen. Batean, Altzürüküko Queheille kantuan ari eta ene ondoan zen Michel Eppherrek esan zidan: «Bera da kantua dakien bakarra». Kantu bat zen solasik gabea. Eta handik egun batzuen buruan zintan grabatu nion. Anitz grabazio egin nituen. «Xuberoko kantüak» atera zenean Mixel Bedaxagarrek esan zuen: «Zinez inportante da zinta horietan gorderik dena. Bai, egun ere kantuan ari gara Zuberoan, baina ez zinta horietan bezala. Kanta eskola sortu behar genuke, orduan bezala kantatzen erakusteko jendeei». Ni ez naiz konturatzen, ez dakit zein inportantzia duen orduan egin nuen lanak.


50eko hamarkadan egindako grabazioak gure esku jartzea baino gauza ederragorik! Lan preziagarria zurea eta Anjel Valdesena!

Nik ez dakit kulturaz. Kultura mailan sartzeko behar da intelektuala izan, edo akademikoa, edo ikastolen alde zerbait egina izan. Ni ez naiz kulturaren gainean mintzatzeko kapable. Ni pilotan hasi nintzen, eta handik konturatu nintzen zer zen eskuara, zer zen kultura. Euskaltzaleen Biltzarrean sartu nintzen eta, handik, politikara.


Bizi oso bat. Eta zer diozu geroaren gainean?

Euskal Herriaren geroa Komunitate Autonomoa eta Nafarroa dira. Ez dakit hemen izanen den geroa. Hemen, ez dakit eskuaraz bizi nahi duen gaztea bizi ahalko den eskuaraz. Badira ikastolak eta kultur elkarteak eskuaraz lanean ari direnak, baina hori ez da aski. Pozik ikusiko nuke hemengo probintziak eta Hegoaldekoak bat egitea, baina noiz eta nola da ene galdera. Muga hor da, eta muga da.


Mugarik ez dela badiote ere.

«Herrien Europa» diote, baina mihia ari da, ez burua. Europak ez ditu herriak aintzat hartzen. Erregioen batzordea, herriena eta gisakoak bai, baina ez besterik. Europak ez du estatuak besterik ezagutzen. Europak hainbat neurri hartzera behartzen ditu estatuak, ekonomia mailan. Politika mailan, deus ez. Estatu bakoitza subiranoa da bere baitan. Europak ezin du erabaki Euskal Herria independente izanen den ala ez. Euskal Herriak independente izan nahi badu eta Madrilek ezetz badio, Europak Madrili kasu eginen dio. Ez da Herrien Europarik, Estatuen Europa baino. Euskal nazionalismoa baino makurrago dira nazionalismo frantsesa, espainola, ingelesa edo alemana. Denak dira nazionalista!

Michel Labeguerie
Badira lau urte Labeguerieren semea etorri zitzaidana. Esan zidan bere aita zenari omenaldia egiteko asmotan zirela. Hainbat jenderi hots egin zion, batzordea osatzekotan. Han esan nuena esango dizut: «Omendu behar dugu Labeguerie, baina ez politikaria, zeren eta frantziar politikan anitz Labeguerie izanak dira. Frantziar politikari ona izan zen, beste 300 diputatu bezain ona! Hor ez da berezitasunik. Politikari abertzale izan zen aldetik… arrunt kritikatua izan zen eta hobe gauza horren gainean ez mintzatzea. Aldiz, euskal kantaren gainean, lehenbizikoa izan zen kanta modernoa gure mundura ekartzen. Handia izan zen horretan. Are, Ez Dok Amairu taldea bera Labegueriek hasitako bidean eta nihaurrek Zuberoan berreskuratu nituen kantetan inspiratu zen. Oraindik ere beti agertzen da Labeguerieren izena eta esan nezake, oraindik ere, beti dela gai polemikoa.

Bertsoa

Doinua: Hamalau heriotzena
"Marshall plan bat behar da"
Zure hitzak dira,
"Plan oso bat behar du,
ez sosen neurrira."
Baina nork behar dio
gurdiari tira?
Iparraldeak behar
duela argi da.
Orduan zertan egon
kanpora begira?

Nortasun agiria
Ximun Haran (Arrangoitze, 1928). Pilotari ohia. Farmazialaria lanbidez. «Entzuna nuen farmazialari izanik, sosa egin zenezakeela, lanik egin gabe. Eta nihaur ez naiz farmaziara sarri joana». Pilotari ari zen 50eko hamarkadan Zuberoako kantak magnetofoian bildu zituenean Barkoxen, Santa Grazin eta bestetan. Berdin egin zuen Senperen eta Amotzen, eta Bermeon, Azkoitian, Bilbon... Kulturak politikara eraman zuen. Enbata sortu zuen 1962 aldera. «Itsasuko ageria»ren bultzatzaileetakoa izan zen. 80ko hamarkadaren hasieran PNBn lan egin zuen. Ipar Buru Batzarreko kide izan zen hamar bat urtez, dimisioa eman zuen arte. Erretreta harturik Ager aldizkariaren kudeatzaile da bizitokitik. Garai baten lekuko eta eragile handi da Ximun Haran.

Xuberoko kantüak
Aldi hartara joan behar duzu jabetzeko, 50eko hamarkadara. Orduan Frantzian ez zen magnetofoirik. Alemanian egina bai, bazen, Grundig bat. Baina ez zuten uzten Frantziara sartzen. Mugara joan eta ez zidaten utzi. Konfiskatuko zidatela edo atzera eramateko esan zidaten. Eraman nuen, bistan da. Espainiatik barna saiatu nintzen, historia oso bat konta nezake hor, Hendaia, Luzaide… eta pasatu nuen. Oroit naiz, aldi hartan, aitarekin solas egin, kantatu, grabatu, entzunarazi eta… sinestezina zen. Teknologiaren iraultza! Deabruzkoa zen hura! Izuturik behatzen zioten. Aro hartara joan behar duzu hartaz jabetzeko.

«Itsasuko ageria»
Egun, 1963ko apirilaren 15an Aberri Egunean
Lapurdiko Itsasun landatu dugun arbolaren pean bildurik, huna zer jakin arazten dugun

GUK EUSKALDUNEK ZER GIREN
Lurraren, arrazaren, mintzairaren, ohiduren
aldetik, herri bat eta bakar bat gira
Iragan denborako eta egungo nahiaz, nazione bat gira
Naturaz eta historioaz demokrazia bat gira.
herri, nazione, demokrazia gisa

ZER DIOGUN
Batasunaren obratzeko eskubidea gure buruaren jabetasun osoa nahi ditugu herri bakotxari zor baitzako, mende huntan bere buruaren gobernatzeko dretxoa

JAKIN ARAZTEN DUGU
Gure nazionea guhaurrek gobernat nahi dugula bertze herrieri gure Euskal Herria nazionetzat onhar araztera oldartuko girela Horrela bat eginen da Euskal-Herria eta gure aberriari bizia eta segida emanen diogu.


Azkenak
2025-01-09 | Sustatu
Metaren irizpide berriak: bazterkeria libre Instagram eta Facebooken

Metak bere moderazio politikak eta irizpideak irauli ditu Donald Trump Etxe Zurira itzultzeko bezperatan. Fact checker edo egiaztatzaile zerbitzuak etengo dituzte, eta komunitatearen oharrak jarri horren ordez (X/Twitterren bezala), eta aldi berean "adierazpen... [+]


2025-01-09 | Leire Ibar
(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea izango da Baztanen

Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.


Jean-Marie Le Pen: nazismoa eta “arrazen mailakatzea” asumitzen zituen politikaria

96 urterekin hil da Jean-Marie Le Pen, eskuin-muturreko aurpegi ezaguna, Frantziako Estatuan urtez urte indartu egin den Fronte Nazionalaren sortzailea. Ahoan bilorik gabe aritu izan da beti eta beti bere ideia arrazistak zabaltzen. Ideia arrazistak ereiten, eta uztak jasotzen:... [+]


2025-01-08 | Julene Flamarique
Urteko lehen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herrian

2024an beste sei hilketa egon zirela gogoratu zuten. “Nazkatuta, nekatuta eta haserre” daudela adierazi du mugimendu feministak Barakaldoko Bide Onera plazan, eta biktimei arreta eskaintzeko sistemen eraginkortasun eza salatu dute. Barakaldoz gain, herri askotan izan... [+]


2025-01-08
IPUINA
Herrizoma

“Uste dugu distopien eta orokorrean errealitate indibidualista eta etsituaren ofentsiba kulturalaren aurrean utopiak irudikatu behar ditugula, mentalki eta emozionalki indartsuagoak izateko”, erranez banatu berri ditu ipuin eta itzulpen lehiaketako sariak Sukar Horia... [+]


2025-01-08 | Leire Ibar
Hazparneko Laborantza Lizeoan hiru irakasgai euskaraz irakatsiko dituzte datorren ikasturtetik aurrera

Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.


2025-01-08 | Garazi Zabaleta
Aina Socies Fiol
“Balear Uharteetako irla bakoitzean besteetan ez dagoen landare barietate asko dago”

Oporlekuekin soilik lotuko dituzte askok Balear Uharteak, baina agroekologiaren eta kontsumoaren bueltan mugimendu bizia dute Mallorca irlan: Associació de Varietats Locals de Mallorca (tokiko hazi barietateen elkartea) da horren adibide. Abenduaren hasieran, elkarte... [+]


2025-01-08 | Leire Ibar
Israelgo Maccabi saskibaloi taldearen Gasteizko partida bertan behera uztea exijitu dute

Otsailaren 7an, Maccabi Tel Aviv taldeak Baskoniaren aurkako partida jokatzeko asmoa du Gasteizen. Palestinarekin Elkartasuna Plataformak salatu du Israelek kultur eta kirol ekimenak palestinarren aurkako krimenak estaltzeko erabiltzen dituela. Aurpegi zuriketaren aurka,... [+]


2025-01-08 | Nicolas Goñi
Nola bihurtu lurzoruak klimaren laguntzaile?

Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]


2025-01-08 | Julen Azpitarte
Harry Smith: AEBetako artea itxuraldatu zuen zinemagilea, folklorista eta magoa

Artista polifazetikoa izan zen Harry Smith (1923-1991). Inkonformista erradikala ere bai, bere biografia askotan nabarmentzen denez. Instituzio eta galeristetatik urrun, eskale baten itxura izan zuen urte luzez. Berari buruzko azken liburua, Cosmic Scholar: The Life and Times of... [+]


2025-01-08 | ARGIA
Buruko nahasmendua dutenentzako lan aukerak eskatu dituzte Nafarroako Parlamentuan

Arazo mentalak dituztenen kopurua haziz doa, oraindik ere estigma sozial handia dute atzean eta, horri aurre egiteko, buruko nahasmenduren bat dutenak lan mundura bideratzen saiatzen da Elkarkide, Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Lan horretan jarraitzeko laguntza eskatu du.


2025-01-08 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Etxearen planetan

Gabonetan liburu berri bat utzi dute mesanotxean. Etxearen filosofia eta poztasunari buruzkoa, Emanuele Cocciak berriki idatzia. Coccia, filosofo italiarra, ezaguna egin da landareekin ditugun loturak ezagutarazten planeta osasungarri bat eraikitzeko bidean, eta esanguratsua da... [+]


Eguneraketa berriak daude