Jesusen seme-alabak hasi dira elkar ezagutzen


2021eko uztailaren 28an
Kristautasuna zuhaitz baten modura irudika dezakegu, beraren historiaren so eginez behinik behin. Eta ez da zalantzarik adar askodun zuhaitza dela gainera. Adar batzuk oso lodiak dira, aspaldikoak. Urrun daude elkarrengandik. Arreta handiagoz begiratuta, batzuek eta besteek orbain galantak dituztela ohartuko gara; mendetan zehar elkarri egindako zaurien aztarna da. Erlijio-kontuek 30 Urteko Gerra eragin zuten Europan, orain mende batzuk; Inkisizio Santuak ere nekez zurituko luke bere burua Hagako epaitegian, gaur arte iraun balu. «Tira, garai hartan fanatiko hutsak ziren», aldarrikatuko du baten batek ulerkor. Egia, baina oraindik ere Espainiako Estatuko kristau ez katoliko askok »adin biblikoa dutenek, batez ere- kristorenak esaten dituzte, eta barka hitz jokoa, herriko abadeaz. Hori adibide bat baino ez da, eta badaude larriagoak.

Nolanahi, azken mendean asko baretu dira kristau arteko gorrotoak. Baita adiskidetasuna sortu ere. Mundu mailan, agerikoa da konfesio desberdinen arteko hurbilketa; hala da goi-karguei dagokienez, eta are nabarmenago herri mailan. Orain, posible da Bizkaiko eliza desberdinen ordezkariak, esaterako, elkarrekin bazkaltzera joatea. Giro on hori geuk ere igarri dugu, kristau familia zabaleko hiru kiderekin batu garenean. Batetik, Samuel Arnoso, Espainiako Eliza Ebanjelikoko ordezkaria, eta artzaina berau. Arima-artzain, jakina. Bestetik, Juan Muela, Euskal Herriko Ebanjeliko Kontseiluko presidentea, eta artzaina halaber, Bilboko eliza independente batean. Hirugarrenik, Jose Maria Angoitia, Bilboko Gotzaitegiko ordezkaria, katolikoa beraz. Tamalez, ortodoxoen ordezkariak ez du etortzerik eduki; ezta beste talde ebanjeliko birenak ere.

Ebanjelikoek -hau da, protestanteek- hainbeste ordezkari bidaltzeak azalpen erraza du: protestantismoa ez da Eliza Katolikoa edo Eliza Ortodoxoa bezain trinkoa. Kristautasunak hainbeste adar txiki edukitzea gaur egun, protestantismoari zor zaio gehienbat, eta haren ezaugarrien ondorio zuzena da: talde txikien autonomiaren defendatzaile sutsuak dira -batzuk beste batzuk baino gehiago- eta ez dituzte hierarkiak atsegin. Aldi berean -paradoxa edo halabeharra-, haiek izan ziren aitzindariak ekumenismoan, alegia, kristau arteko batasun-mugimenduan.


Hiru zatiketa nagusi

Batasun-haizeak ulertzeko, ordea, zatiketaren zergatietara joko dugu lehenbizi. Harrokeria galanta dateke kristautasunaren historia pare bat lerrotan laburtu nahi izatea, baina… Sintesi ahalegin horretan lagungarri, Juan Muelak hiru mugarri aipatu dizkigu: V., XI. eta XVI. mendeak. "Lehenengoan Kaltzedoniako Kontzilioa egin zen, eta hantxe hasi ziren eztabaidatzen ea Jesus gizona zen, Jainkoa zen… Azkenik, hainbat talde txiki baina esanguratsu banatu ziren Elizatik: Siriako Eliza, Armeniakoa, Etiopiakoa eta Eliza Koptoa". Adar horiek oraindik existitzen dira, eta gaur egun harreman ona daukate Erromako Eliza Katolikoarekin.

Lehenengo zatiketa handia XI. mendean gauzatu zen, eta arrazoi politikoak eduki zituen batik bat, doktrinaren inguruko aitzakiak erabili baziren ere. "1054an burutu zen bi multzoen arteko banaketa, baina liskarrak lehenagotik zetozen", dio Juan Muelak. Kontua da Erromatar inperioa izan zena Mendebalde eta Ekialde artean zatitu zenean, Eliza ere zatitu zela. Mendebaldean gaur egungo katolikoak geratu ziren; Ekialdean gaur egungo ortodoxoak. Multzo bien arteko muga 1054. urte hartan gertatu zen behin-betiko, Erromako Aita Santuak eta Konstantinoplako Patriarkak elkar eskomikatu zutenean.


Protestantismoaren sorrera

Zatiketarik garrantzitsuena, zalantza barik, hirugarrena izan zen, XVI. mendekoa: protestantismoaren sorrera. Haren jaiotza-agirian, Martin Luteroren izena agertu ohi da aitari dagokion laukitxoan, baina erditze-lana beste batzuek hasi zuten. Hala ere, Luterok eman zuen azken bultzada. Orduko hartan ere, ez ziren fede edo sinesmen kontuak izan liskarraren sorburu nagusia, botere banaketa baizik. Protestanteek, Ipar Europan nagusi, uko egin zioten Aita Santuaren agintea onartzeari.

Protestantismoak aldaketa handi bi ekarri zituen: batetik, eliza antolatzeko bestelako modu bat ezarri zuen, autonomia handiagokoa, hierarkiarik gabekoa, edo hierarkia ahulagokoa behintzat. Bestetik, eta aurrekoarekin lotuta, kristautasunaren jatorrira itzultzeko ahalegina egin zuten protestanteek. Alegia, ebanjelioetara; horregatik dute -eta nahiago dute- ebanjeliko izena.

Erreforma protestantea, dena den, ez zen aldi bakarreko gertakaria zen. Protestantismoak ere ezagutu zituen bere baitako protestantismo "txikiagoak". Juan Muelak dioskunez, "Luterok funtsean zera esan zuen: ‘1500 urtean Eliza antzinako kristautasunaren ezaugarrietatik aldenduz joan da, beharrezkoak ez diren hainbat gauza ezarriz. Ken ditzagun sobera dauden gauza horiek’. Baina Lutero, gure ustez, erdi lanetan geratu zen. Hala, haren erreformaren ondorengo ehun urteetan, gutxi gorabehera, beste talde batzuk sortu ziren, are gauza gehiago ezabatuz".

XIX. menderako, ebanjelikoen barruko zatiketa izugarria zen. Izugarria izendapen kopuruari dagokionez, baina ez hainbeste sinesmenetan. Izan ere, gurekin bildutako hiru ordezkariek aitortzen dute sinesmen aldetik ez dagoela hainbesteko alderik katoliko, protestante eta ortodoxoen artean, zer esanik ez euretako bakoitzaren barruan. Hala, ebanjeliko taldeen arteko desberdintasunak, sarritan, oso txikiak dira. Luzeegi joko luke hemen guztien berri zehatza ematea, baina gidatxo bat topatuko duzue 5. orrialdean. Izen gehienak entzunda edukiko dituzue: metodista, bautista, pentekostal, presbiteriano…


Ekumenismoa

Ekumenismoa XX. mendeko produktua da, Jose Mari Angoitia Gotzaitegiko ordezkariaren esanetan; "XX. mendean elkarrizketa-kultura agertu da, eta elkarrizketa hori ezinbestekoa bihurtu da edozein harreman politiko, sozial, erlijiosotan". Elkar-ulertze giro horrek bideratu omen du, beraz, kristauek irainak alboratu eta elkarrenganako hitz gozoak erabiltzen hastea, baina Angoitiak gogorarazten duenez, ekumenismoaren oinarriak kristautasunaren beraren hastapenetan daude, Jesusek berak emandako agindua baita kristauak batuta egon daitezen, Bibliaren pasarte baten arabera. Ordurako liskarrak hasita zeuden seinale?

Ekumenismoak, esan dugu dagoeneko, mundu ebanjelikoan izan zuen jatorria. Hala behar zuen, hantxe baitzegoen, eta dago, talde gehien, gehiegi beharbada. Hala ere, haientzat, salbuespenak salbuespen, ez zen zailegia izan batzea. "Hala, 1948an Munduko Eliza Kontseilua (MEK) sortu zen Amsterdamen", azaldu du Samuel Arnosok. Ia 40 urteko lan luzearen ondorioa izan zen hura, eta ia erabat protestantismotik egin zen lan hori, katolikoen esparrutik ahaleginen bat edo beste egin arren. Behe-mailako katolikoengandik beti. Vatikanoak, izan ere, izen bereko bigarren kontziliora arte itxaron zuen (1965) MEKengana hurbiltzeko; ordurako, ehunka eliza protestantek eta hainbat ortodoxok osatzen zuten MEK; eta halaxe segitzen dute, batzar bakoitzean kide kopurua handituz gainera. Eliza Katolikoak, berriz, harremanak sendotu ditu erakunde horiekin azken 40 urteotan, baina ez du oraindik egin kide izateko urratsa, eta ez du ematen bihar bertan egingo duenik ere.


"Hasteko, elkar ezagutu dugu"

Giroa, edozelan, ona da orain oro har, eta ekumenismoa, apurka-apurka, fruitu ematen ari da. "Hasteko, elkar ezagutu dugu, elkar aitortu, eta hori ez da gutxi", dio Juan Muelak. Hala ere, ebanjelikoengan min handia sortu zuen Vatikanok 2000. urtean argitaratutako Dominus Iesus agiriak, esaldi batengatik batez ere. Bertan esan zenez, benetako elizaren arima gaur egungo elizetako batean dago gordeta -Katolikoan, alegia-, eta gainerako elizak ez dira benetekoak, kristau izaera aitortzen zaien arren. Agiri hark ekumenismoaren ibilera moteldu zezakeen, eta are gehiago gaur egungo Aita Santuaren eskutik etorri zela kontuan izanda, baina kalteak, azkenean, ez dira larriak izan. Hura esan eta gero, Ratzinger ez da berriro abiatu bide horretatik, eta are gutxiago Benedikto XVI. denetik.

Ekumenismoak badu muga bat. Hots, ezinezkotzat jo daiteke kristautasunaren erabateko batasuna. Ekumenismoa hurbiltzea da, "ondo konpontzea", ahalik eta gauza gehien elkarrekin egitea… Baina alde batzuk gaindiezinak dira, eliza-antolaketari dagozkienak batez ere. Ebanjelikoak ez ei dira katolikoak eta ortodoxoak bezain hierarkiazaleak, eta batzarrean hartu ohi dituzte erabakiak. Apaiz izatea ere ez da gauza bera leku batean edo bestean. Protestanteek, izan ere, ez daukate klerorik, edonor izan daiteke artzain.


Sakramentuen sakratutasuna

Desberdintasun gehiago topa daitezke beste kontu askotan. Sakramentuen izaeran, berbarako. "Guk ez daukagu sakramenturik", dio Muelak; "guk bai, baina ez katolikoek bezain beste", gehitu du Arnosok. Garrantzitsuena, seguruenik, ez da sakramentu kopurua, haien esanahia baizik. Katolikoen iritziz, Jaungoikoaren eskua igar daiteke sakramentuetan, protestanteentzat berriz askoz sinbolikoagoak dira. Jaunartzean ogia eta ardoa hartzen dituztenean, konparazio baterako, horixe ari direla hartzen uste dute, eta ez inoren gorputzik. Bestalde, erlijio katolikoa "erosoagoa" da haren jarraitzaileentzat, ez du fedea hain sendotasun handiz bizitzera behartzen. Protestanteek gehiago ‘borrokatu’ behar omen dute salbazioaren alde, eguneroko bizitzan.

Sinesmenak ez dira guztiz berdinak, baina desberdintasun horiek ez omen dira erabateko batasunerako oztoporik behinena. Indar handiagoa baitauka -sinesmen arloan beti ere- batzen dituenak, eta hori hitz bakar batean bil daiteke: Jesus. "Jesusek nahi duena bizitzeko gogoa, horrek batzen gaitu", dio Angoitiak. "Jesus da kristautasunaren mezu nagusia", dio Muelak, "ez eliza, ez Biblia… ez ezer, Jesusez gainerako guztia bigarren mailakoa da, eta ados egon daiteke ala ez". Gure hiru berbakideek, aho batez, doktrinaren inguruko aldeak gaindiezinak ote diren galdetuta, ezetz esan dute. "Nola izango dira gaindiezinak, Jesusek berak nahi badu batu gaitezen?". Ia hamar mendez, baina, jaramon gutxi egin diote nagusiari.

Hego Amerikako etorkinak, beste iraultza txiki bat protestantismoaren baitan
"Hurrengo hamar urteotan, edo lehenago, aldaketa handiak egon daitezke Euskal Herriko protestantismoan", uste du Juan Muela artzain ebanjelikoak. Horren zergatia Hego Amerikan dago, itxuraz. "Han izugarri zabaltzen ari da protestantismo mota bat, zoritxarrez fundamentalistena, karismatikoa; predikalarien protestantismoa da, mirarizalea". Ekumenismoaz, ezta hitz egin ere halako giroetan.

Azken urteotako etorkin oldeak sinesmen horiek ekarri ditu gure artera, eta ondorioak dagoeneko igartzen hasiak dira euskal eliza protestanteetan. "Hego Amerikatik datozen etorkin gehienak katolikoak dira", dio Muelak, "baina laurden bat-edo ebanjelikoa da, eta horien artean mota honetakoak dira nagusi. Gure elizetan sartzen dira »pentekostaletan batez ere», eta oso txikiak garenez gero, garrantzi handia daukate kopuru aldetik. Ez datoz berena inposatzera, baina gu batzarraren erabakietan oinarritzen garenez, kopuru hutsa nahikoa da haien pentsamoldeak gailentzen hasteko". Muelak dioenez, Bilboko eliza batzutan kide erdiak baino gehiago hegoamerikarrak dira honezkero. "Niretzat kezkagarria da hori".

Samuel Arnoso bat dator kezkan. "Batzuk hona heldu, lonja bat ireki eta eliza bat antolatzen dute. Gauzak beren erara egiten dituzte, eta ez dute harremanik nahi hemengo betiko ebanjelikoekin. Errazagoa da katolikoekin harremana edukitzea horiekin baino".

"Badago arazo bat", esan digu Muelak, "nik ‘eliza katolikoa’ dioen errotulua ipintzen badut nire lonjan, hurrengo egunean salaketa jasoko dut eta kendu egingo didate. Baina edozein lotsagabek ipin dezake ‘eliza ebanjelikoa’ dioen errotulua, eta ez da ezer gertatzen". Muelak aldarrikatzen duen askatasunak badauka bere prezioa, nonbait.

Gida txiki bat kristau familia ulertzeko


Eliza Katolikoa

Kristautasunaren hastapenetako elizaren oinordekoa dela diote, eta hala onartzen dute protestanteek ere. Jarraitzaile gehien daukana da, eta trinkoena.


Eliza Ortodoxoak

garai bateko Bizantzioko Inperioko Eliza Ortodoxoaren ondorengoak. Gaur egun erlijio nagusia da Ekialdeko Europan. Herrialde bakoitzean patriarka bat egon ohi da. Kristautasunaren hirugarren adar nagusia da kide kopuruari dagokionez. Aldarrikatzen dutenez, eurak dira Jesukristo eta apostoluak hasitako elizaren benetako jarraipena. Bestela, ez dute alde handirik, sinesmenei dagokienez, katoliko eta protestanteekin. Euskal Herrian indarra hartzen ari dira, azken urteotan Errumaniatik heldutako etorkin oldeari esker batik bat.


Eliza Anglikanoa

Katolikoak ez direnetatik, anglikanoak dira katolikoei gehien hurbiltzen zaizkienak sinesmen eta usadio aldetik. Alderik handiena, eta eliza honen sorreraren arrazoia azken batean, Aita Santuaren agintea ez onartzea da. Apaizak ezkondu daitezke, ez dute aitortzarik, ez dute Amabirjina goresten, eta jaunartzean sinbolotzat dituzte ogia eta ardoa, ez Jaungoikoaren benetako odol eta haragitzat. Euskal Herrian badira talde txiki batzuk.


Ebanjelikoak (protestanteak)

Kide kopuruaz den bezainbatean, bigarren multzo garrantzitsuena dira. Arimaren salbazioa norberaren fedearen araberakoa dela uste dute, eta ez meritu edo unean uneko ekintzen araberakoa. Salbuespenak salbuespen, ez dute apaizik, edo hobe esanda denak dira apaiz, ez dute bereizketarik egiten herri eta klero artean. Euren taldeak zuzentzen dituztenei artzain esaten zaie (talde gehienetan, emakumeak ere izan daitezke), eta ezkontzeko eskubidea dute. Aniztasun handia dago euren baitan. Hauek dira talderik esanguratsuenak (guztiek daukate elizaren bat Euskal Herrian):

Bautistak: helduak baino ez dituzte bataiatzen, gorputz osoa urperatuz. Ez daukate sakramenturik.

Erreformatuak: Kalbinoren tesien jarraitzaileak dira, hots, predestinazioan sinesten dute: Jaungoikoak aldez aurretik erabakita dauka nor salbatuko den eta nor ez, eta ez dago hori inola aldatzerik.

Luteranoak: Luterok hasitako bidea zintzoen jarraitu dutenak. Alemanian dute jatorria, eta Hego Euskal Herrian behinik behin, aleman jatorrikoak dira eta alemanez dihardute.

Metodistak: Eliza anglikanoaren adar batetik sortu ziren, AEBek independentzia lortu eta harengandik bereizi zirenean. Bibliak santutasuna lortzeko ezarritako metodoaren arabera bizitzen ahalegintzen dira, eta hortik datorkie izena.

Presbiterianoak: hauen gobernu-sistema batzarrak aukeratutako agure-atso kontseilua da. Grekerazko presbitero (pertsona zahar) hitzetik datorkie izena. Jatorrian kalbinista talde batek Eskozian sortutako adarra ziren, gerora mundu osora zabaldua. Beraz, erreformatuen antzeko sinesmen eta ohiturak dauzkate.

Pentekostalak: bautistengandik sortuak dira eta haiek bezala egiten dute bataioa. Haientzat, kristautasun ikurrik adierazgarrienetakoa glosolalia da, alegia, hizkuntzen dohaina (hizkuntza ezezagunetan mintzazeko gaitasuna). Mirarizaleak dira, eta oso zeremonia zalapartatsuak egiten dituzte. Ekumenismoari muzin egiten diote.

Nabarmenki sustraituta al dago zure eliza?
Espainiako Konstituzioaren 16.1 artikuluak honela dio: "Botere publikoek aintzakotzat izango dituzte espainiar gizartearen erlijio-sinesmenak, eta horren ondoriozko lankidetza-herramana edukiko dute Eliza Katolikoarekin eta gainerako konfesioekin". Agerikoa da Eliza Katolikoari dagokionez hala dela. "Gainerako konfesioek", berriz, azken urteotan baino ez dute lortu estatuarekiko lankidetza. Eta ez denek.

Estatuarekin edozein akordio erdietsi baino lehenago, konfesio bakoitzak frogatu egin behar du baduela Eliza Katolikoan aspaldikoak diren erroak. Hala, "sustraitze nabarmena" deritzon figura agertu da legedian. Izendapen hori lortzeko zenbait baldintza bete behar da: hainbeste jarraitzaile eduki, hainbeste urteko historia Espainiako Estatuan…

"’Sustraitze nabarmen’ izendapena edukitzea ezinbesteko baldintza da Estatuarekin hitzarmenak egiteko", diosku Francisco Ruiz de Mendozak, Espainiako Erlijio Askatasunerako Aholkularitza Batzordeko kideak, "baina ez du hitzarmenok egingo direnik segurtatzen". Ruiz de Mendozak ondo daki zertaz ari den. Bera mormoia da -Bilboko barrutiko presidentea da hain zuzen, bera Errioxan bizi arren-, eta beraren taldeari ez dio gauza handirik ekarri, oraingoz, 2003an izendapena eskuratzeak. Ezta epe laburrean ekarriko ere, Madrilgo gobernuko zenbait ordezkarik otsailean egindako adierazpenen arabera. Beste batzuk, Jehovaren lekukoak berbarako, orain dabiltza sustraitze nabarmena "etiketa" lortzeko ahaleginetan.

"Nik orain ezin dezaket esan zer eskatuko geniokeen gobernuari berarekin negoziatzeko aukera edukiz gero", azaldu digu Ruiz de Mendozak, "baina badira zentzuzkoak diruditen zenbait gauza. Esate baterako, gure zeremoniek, katolikoenek bezala, eragin zibila edukitzea hala izan daitekeen kasuetan: ezkontzak, adibidez. Ona litzateke, baita ere, armadan eta beste zenbait lekutan apaizak eduki ahal izatea, edo zerga batzuk ez ordaintzea, katoliko, ebanjeliko, musulman eta judutarrek bezala".


Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


MADDI OIHENART
“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]


Eguneraketa berriak daude