Euskal Herrian, ezinezkoa
Eguzkia, goienean. Urte-sasoiari ez dagokion beroa dakar hegoak. Erromako Chiesa del Gesù elizan sartu gara. Bertako barroko ederra gozatu nahi dugu, Loiolako Inazioren hilobia ikusi, elizako freskuran atseden hartu. Aulkietako batean eseri gara, kupulan dauden Bacicciaren freskoak hobeto preziatzeko.
Hartan, hamalau bat urteko gazte-talde bat sartu da bi irakasle gidari dituztela. Hogeita hamar bat neska-mutil dira guztira. Elizaren ezker aldeko lehen aulki-ilaretan eseri dira. Irakasleetako batek zirkin egin dio nesketako bati. Neska ikasleen aurrez aurre jarri da. Paper batzuk atera ditu karpeta batetik. Ez dago urduri, egiten dituen keinu eta mugimendu guztiak natural-naturalak ateratzen zaizkio. Elizaren ezaugarri artistikoei buruz hasi da hizketan. Ondo prestatua du gaia, jario gozo eta bizkorra du, oso bakanetan begiratzen du apunteetara. Ikaskideek arretaz segitzen dituzte neskaren argibideak. Eta naturaltasun osoz. Nabarmena da ohituta daudela halako ekitalditara. Aldian behin ikasleren batek eskua jaso eta galderaren bat egiten dio neskari, hark ere jario handiz eta natural. Galdera guztiei erantzun die neskak. Saioak hogei bat minutu iraun du. Bukatu denean, neska-mutilak elizan sakabanatu dira, talde txikitan, neskak esandakoak hobeto begiratzeko.
Neskaren jardun jariotsuak eta galderaren bat egin dutenenak ahoa bete hortz utzi du nirekin den laguna. «Hori, Euskal Herrian, ezinezkoa!», atera zaio.
Italiarrek hiztun fama dute. Berezkotik ere izango dute, jakina, baina Italiako eskolak garrantzi handia eman dio beti ahozkotasunari. Italiako eskoletan ohikoa izan da beti deklamatzea, klasekoen aurrean gairen bati buruz mintzatzea, testuak buruz ikastea, debateak egitea, beti ere hizkeraren jarioa zaindu eta bizitzeko.
Elizatik irten eta, elkarri hitzik egin gabe, terraza batean eseri gara laguna eta biok. Eskatu ditugun bi Nastro Azzurroak ekarri dizkigute. Etsipenak jota eta isilik segitzen dugu. Seguru nago «Hori, Euskal Herrian, ezinezkoa!» generabilela kabutan. Eta baita gure gaztetxoen jardun zangalatrabatsua, etena, motela -eta erronkatsua- ere.
Korporatibismoa
Egizu funtzionarioei buruzko kritika orokorren bat eta laster aterako zaizu funtzionario-talde minduren bat beren estatusaren defentsan. Gauza bera gertatuko zaizu mediku, arotz, txorroskilero edo txerpolariekin ere. Lanbide jakin bateko kideek berehala egiten dute bat beren interesak edo beren irudia kaltetuta sumatu orduko. Beste lanbideren bat kritikatzen duzula? Bost piper, ez da nire gremioa!
Korporatibismoa deitzen zaio elkartasunerako jarrera bihotz zabal horri, eta hitzaren erabilera hori berri samarra bada ere -berez, korporazioak sortzea helburu duen sistema sozio-ekonomikoari deitzen zitzaion hala oraintsu arte-, korporatibismoaren gaitza ez da berria. Adibide bat baino gehiago ditugu literatura klasikoan, filosofoen protesta bat ere barne Alejandro Handiak esku-lanik ez egitea kritikatu zielako. Baina gogoratzen dudan kasurik bitxiena hemezortzigarren mendekoa da. Ezaguna da Voltaire filosofoa Prusiako Federiko IIaren adiskide mina izan zela. Ezaguna, halaber, bien arteko urtetako adiskidetasuna eten egin zela momentu jakin batean. Gutxi ezagutzen dena, hausturaren motiboa da. Voltaireren Luis XIVaren mendea liburuak izan zuen, antza, errua. Bertan, Le roi soleil delakoaren meritu begi-bistakoak txalotzeaz gainera, filosofoak gogor kritikatzen ditu haren autoritarismoa, megalomania eta erregetzaren zentzua. Federiko II mindu egin zuen liburuak, baina ez Voltairek Luis XVIari buruz esandakoak oker zeudelako, errege bat -ia ehun urte lehenagokoa!- modu zorrotz hartan epaitzera ausartu zelako baizik.
Ibilian-ibilian eta ikusitakoak ikusita, egia izango da erregeak direla korporatibismoaren premia handiena dutenak. Eta gizarte honek, gupidaren gupidaz baitago gupituta monarkiaren egoera txit gupidagarriarekin, urtero-urtero ospatzen du Errepublikaren eguna errege jatorra eta monarkia probidentziala ezertan kritikatu gabe.
Ikonografia
Arnaldo Otegi, epailearen aurrean, eskuak ukondoan gurutze eginda eta petxua aterata. Xabier Arzalluz, aterki bat gora eta gora jasoz, Eusko gudariak gara kantatzen ari delarik. Aita Santua, trikornioa buruan duela. Aznar, hankak Bushen mahai gainean jarrita.
Egia bada irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela, lau argazki horiekin egindako foileto hitzik gabea argitaratzeko proposatuko nioke gure unibertsitateari. Manual egokia litzateke historia garaikideko klaseetan. Edo semiotikakoetan. Edo publizitateari buruzkoetan. Edo psikiatriakoetan…
Baina unibertsitateak liburua argitaratuko ez balu ere: irudiok gure begi-ninien memorian gelditu dira garai jakin baten adierazgarri.
Su-etena
Su-etenarekin pozik? Bai, ETAren desagerpenaren atari izango delakoan.
Su-etenarekin itxaropentsu? Bai, baldin presoen egoera konpondu beharrezkoak ez badu hildakoen memoria ahultzen, estaltzen.
Su-etenarekin kezkarik? Bai, baldin alderdietako oilarren kezka bakarrak nork bere oilategia zaintzea badu helburu.
Su-etenak izango du atzera bueltarik? Ez. Bai, zera. Nola ba! Ezinezkoa da! Baina ezetz esaten genuen eta aurrekoan ere oraingo konbentzimendu berdintsuarekin...
Aharrausika
«Espainia puskatuko digute, hausten ari da, bukaeraren hasieran gaude..!» Gero eta durundutsuagoa da Espainia hausten ari dela uste dutenen pesalunbrezko lantua. Katalunia arriskuan, Euskal Herriak mehatxu, Galizia bere errebindikazioak egiteko txandaren zain. Eta orain Andaluzia errealitate nazionala dela esaka...
Goethek zioen inor hasten zitzaionean nazioaren arriskuaz edo heriotzaz hizketan, aharrausika hasten zela, uste baitzuen esaten ziotena ez zela abertzalekeria gizentzeko erretorika besterik. Erretorika hori, ordea, desagertuak uste genituen mamuak berpizten eta indartzen ari da Espainiako partean: frankistak, falangistak, joseantonianoak...
Erreketeak ikusten hastea bakarrik falta zaigu…
Aho-bizarrik gabe
- Akordio batera iritsi naiz nire herriarekin. Herriak nahi duena esaten du. Nik nahi dudana egiten (Prusiako Federiko IIak).
- Emandako hitzak hitz hartaz fidatu dena konprometitzen du, ez hitza eman duena (Jacques Chirac).
- Italia nire enpresa handiena da (Silvio Berlusconi).
Eskarmenturik ez
«Tranpa gaizto batera eraman dituzte gure soldaduak, eta ederki kostatu behar zaigu Iraketik irtetea duintasuna galdu gabe. Informazioa ezkutatuz engainatu dituzte eta bertaraino eraman. Bagdadeko komunikatuak berantak dira, faltsuak, manipulatuak. Esan zaiguna baino askoz ere zailagoa eta gogorragoa gertatzen ari da guztia. Gure gobernua, berriz, iritzi publikoak uste duen baino odolzaleagoa eta eraginkortasunik gabeagoa da. Gaur ez gaude batere urruti hondamenditik».
Goiko testua Bushen edo Blair-en aurkariren baten predikutzat hartuko zenuen noski. Orain laurogeita sei urte idatzitako hitzak dira: 1920 urtean Britainiar Inperioak Irak inbaditu zuenekoak. Hitz esanguratsu horiek, berriz, Thomas Edward Lawrence idazle eta espiarenak dira. Arabiako Lawrence gisa ezagunagoa egingo zaizunarenak.
Botereak hori du abantaila: eskarmentua, orotan, besteen bizkar.