Datu zehatzik ez badago ere, EAEn 17.000 katalan inguru bizi direla uste da. Nafarroan, Kataluniako 3.000 lagun daude gutxi gorabehera eta Ipar Euskal Herrian ere katalan ugari dago. Euskal Herriko biztanleria kontuan hartuta, gure artean bizi diren katalanen kopurua altua da, dudarik gabe. Horietako bat Cristina Lagé Manich dugu. Duela hamaika urte Donostiara iritsi zen eta ordutik bertan bizi da. Heldu eta segituan ohartu zen katalan asko dagoela hemen. Halaber, Donostiako Convention Bureauko zuzendariarekin duen harreman profesionalari esker, katalanen artean Euskal Herriarenganako interes turistiko handia dagoela konturatu zen eta hori guztia bideratzeko zerbait egitea otu zitzaion, Kataluniako Etxea edo Casal delakotik haratago joango zen zerbait. «Gaur egun, Katalunia oso gertu dago, informazioa ere berehalakoa da eta beraz, herrimina kentzeko funtzioa duten Casal horietako bat Donostian egiteari ez nion zentzu handiegirik ikusten», dio Lagék. Gainera, bere esanetan, katalana ez da batere pertsona korporatibista, «ez zaio folklorea bereziki gustatzen, ez du soilik elkartzeko asmoarekin elkartu nahi».
Horregatik, Lagék euskaldunen eta katalanen arteko topalekua irudikatu zuen; bi herrien kulturan eta turismoan oinarritutako ekintzak, jardunaldiak eta guneak izango zituen tokia. Duela hiru urte, proiektua Generalitatean aurkeztu zuen eta erakunde horren babesa ziurtatu ostean, jendea eta baliabideak lortzeari ekin zion. Iazko abenduan, egitasmoak asmo izateari utzi zion: Espai Catalunya Topalekua jaio zen Donostian. Elkarteko presidentea Gorka Knörr politikari eta abeslaria da, presidenteordea, berriz, Josean Larrañaga Urko kantautorea eta Cristina Lagé Topalekua zuzentzeaz eta kudeatzeaz arduratzen da.
Gune anitz
Topalekuko logotipoan ate eta leiho handiko txokoa irudikatu dute, katalanek Euskal Herrira sartzeko duten atea eta euskaldunek Katalunia ikusteko duten leihoa, alegia. Hortik abiatuta, erakundea espai -gune, katalanez- ugaritan banatuta dago. Batetik, Casalek betetzen duten funtzioa betetzen du: katalanak bildu ahal izateko lekua da eta aldi berean, informazio eta arreta gunea da. Euskal Herrira datorren katalanari lana, etxebizitza edo behar duena bilatzen lagunduko diote eta Kataluniari buruzko informazioa behar dutenentzat ere ateak zabalik dituzte. Hain juxtu, Lagérekin hitz egiten ari garen bitartean, ama donostiar batek telefonoz deitu du, alaba Bartzelonara ikastera doala eta hango auzo bateko ikasle egoitzari buruz galdetzeko. Auzoa ez dela oso gomendagarria erantzun dio Lagék.
Gunerik aipagarrienetakoa Espai Cultura gunea da; horren baitan, dagoeneko ekintza ugari antolatu dituzte. Esaterako, katalan eskoletan hogei ikaslek baino gehiagok eman dute izena. Kataluniara ikastera joango diren gazteak dira batik bat, «baina harrigarria izan da helduak eta adinekoak ere etorri direla ikustea», gaineratu du Lagék. Katalunian familia duen jendea izan ohi da, bilobekin hitz egiteko oinarrizko jakintzak izan nahi dituen jendea. Euskara eskolak ere eskaintzekoak dira aurki. Bestalde, liburutegi funtsa sortzeko lanean ari dira, Donostiako Amara auzoan dagoen Ernest Lluch kultur etxearekin batera. Batez ere literatura katalan klasikoa bilduko duen funtsa osatu nahi dute. Horrelako libururik ez da jada argitaratzen eta bilketa lana uste baino zailagoa egiten ari zaiela aitortu digu zuzendariak. Gordetzeaz gain, liburuak eta diskoak salgai jartzeko asmoa ere badute Topalekuan. Halaber, prentsa eta beste motatako irakurgaiak eskuragarri ditu bertara hurbiltzen denak.
Solasaldi afariak izeneko ekimenaren baitan, hilean behin hainbat gai jorratzeko eztabaidak antolatzen dituzte. Duela gutxi, adibidez, Euskaldunak Katalunian, katalanak Euskal Herrian izeneko mahai-ingurua egin zuten eta lotzen gaituzten ezaugarri komunak aztertu zituzten. Hilero baita ere, Maite Gonzalez Esnal itzultzaile eta idazleak literaturari buruzko hitzaldiak eskaintzen hasi da -liburu katalanak eta euskaldunak txandakatuz-. Arte erakusketak ere antolatu ohi dituzte eta hurrengo erronka Ibaiko kontzertuak zikloa abiatzea izango da. Urumea topaleku bilakatzeko asmoz -egoitza ibaiaren ondoan dago, laugarren zubiaren alboan-, eguraldi onarekin musika estilo guztietako emanaldiak eskaini nahi dituzte terrazan.
Gainera, haurrei zuzendutako ekintzak dituzte larunbat goizetan. Aurten, haurrak San Jordiren kondaira antzezlana euskaraz eta katalanez ari dira prestatzen, baina Euskal Herriko ingurunean kokatu dute kondaira. «Haurrak garrantzitsuak dira guretzat -dio Lagék-, katalana etorkizunean mantenduko dutenak direlako». Hirurogeita bost urtetik gorakoentzat ere, propio beraiei zuzendutako programak egingo dituzte; pintura tailerra, besteak beste.
Espai Turisme guneari dagokionez, turismoa aldatu egin dela azaldu digu zuzendariak. Jendeak ez du soilik eguzkia bilatzen eta turismo gastronomikoa edo kulturala bezalako kontzeptuak sortu dira. Mota horretako informazio ugari eskaintzen dute Topalekuan, Kataluniako turismoari buruzko hitzaldiak egin nahi dituzte eta etorkizunean, Kataluniako Turismo Partzuergoaren web orrialdera lotura izango duen ordenagailua ipiniko dute egoitzan.
Azkenik, Espai Comerç gunearekin merkataritza bi herriek komunean duten puntu garrantzitsuetako bat dela nabarmendu nahi dute. Ekaina hasieran, adibidez, cava azoka egingo da Donostian eta festa horren baitan, Kataluniako produktu gastronomikoei, artisautzari nahiz turismoari garrantzia emango zaie. Datozen urteetan, azoka Gasteizera eta Bilbora eramango dute antolatzaileek, Topalekuak hartu nahi duen eremua EAE eta Ipar Euskal Herria direla argi baitute elkarteko kideek.
Horretaz gain, gerora begira ideia berriak dituzte: hala nola, Espai Catalunya Euskadi izeneko aldizkaria argitaratzea eta web orrialdea martxan jartzea. Dena den, hori guztia ezinezkoa izango litzateke Via Fora jatetxearen laguntzarik gabe. Izan ere, jatetxeak bere instalazioen zati handi bat elkarteari utzi dio, egoitza izan dezan. Jatetxe kate katalana duela 13 urte sortu zen eta famatua da kultur ekitaldi asko antolatzen dituelako. Izenaren jatorria bitxia da: «Via fora» 36ko Gerran errepublikarrei oihukatzen zitzaien esaldia da, nazionalak zetozela ohartarazteko.
Aipaturiko proiektu zerrenda oparoa ikusita, ez da harritzekoa Espai Catalunyak izan duen harrera ona. Lau hilabete besterik ez badaramatza ere, 105 bazkide ditu jada eta aurtengo helburua 180 lortzea da. Horietatik 6 Ipar Euskal Herrikoak direla nabarmendu du Lagék. Iparraldean katalan ugari dago eta horiek erakartzeko leku estrategikoa da Donostia, gertutasunagatik. Bestalde, urtero ohorezko bazkidea izendatuko du Topalekuak. Aurten, Mireia Lluch, Ernest Lluch zenaren alaba, hautatu dute ohorezko bazkide, aitaren filosofiaren omenez. «Topalekua kulturen arteko zubia da eta Ernest bi herrien arteko zubia izan zen». Bazkideez gain, Espairen Lagun edo Amics egiten diren erakundeen -enpresak, komunikabideak, alderdi politikoak eta bestelako elkarteak tartean- eta babesleen laguntza jasotzen du proiektuak. Espairen Lagunek 180 euro ordaintzen dituzte urtean eta bazkideek, 50.
Bazkide horietako bat Carmen Aguado dugu. Carmen Bartzelonan jaio zen eta Katalunian senitarteko asko ditu, baina Euskal Herrian bizi da txikitatik. «Ez dut nire burua bereziki leku batekoa edo bestekoa sentitzen, egoeraren araberakoa dela uste dut», dio. Topalekuaren berri irratiaren bidez izan zuen eta proiektua hobeto ezagutu zuenean, bazkide egitea erabaki zuen. Bere esanetan, elkartea ez du lagunak egiteko erabiltzen, interesatzen zaizkion ekintzetan parte hartzeko baizik. Erakusketak ikustera etorri ohi da eta mahai-inguru bat entzutera hurbildu zen. Orain, berak margotutako koadroen erakusketa dago ikusgai eta hirurogeita bost urtetik gorakoentzako pintura eskolak eskainiko ditu. Proiektua ondo bideratua dagoela eta etorkizun ona izango duela uste du Aguadok, baina hiritarren artean oraindik gehiago iragartzea beharrezkoa dela iruditzen zaio.
Irudi mitifikatua
Beste bazkide batzuk, ordea, ez dira txikitatik hemen bizi izan eta hona etorri aurretik Euskal Herriaren ikuspegi desberdina izango zuten agian. Toni Strubell unibertsitateko irakasle eta kazetariak Un catalá entre vascos liburuan Euskal Herrira iristen den katalanari buruzko ikerketa soziologiko oso dibertigarria egiten duela kontatu digu Lagék. Katalunian, euskaldun den oro mitifikatua eta idealizatua daukatela azaldu du zuzendariak. Katalanek euskal historia eta kultura ondo ezagutu ohi dute «eta ez dago Euskal Herriari buruzko abestirik ez duen kantautore katalanik».
Arrazoiak arrazoi, nabaria da bi herrien artean lotura sendoa dagoela eta Espai Catalunyak bitartekari lana egin nahi du. Leku guztietara iristeko asmoa dutela eta Euskal Herriko gainerako hiriburuetan antzeko ekimenak egiten laguntzeko prest daudela ziurtatu du Lagék, baina lehenengo erronka Gipuzkoako proiektua ondo lotzea eta finkatzea da. Gaudí, Dalí, Serrat eta Terenci Moixen herriko kultura etxean bertan dugu dagoeneko.