Pedro J. Oiarzabal de Cuadra: «Nor bere modura da euskaldun»


2021eko uztailaren 28an
Identitatea. Nor gara gu, zer gara gu. Agustin eta Pedro Oiarzabal de Cuadra ikertzaileak peskizan hasi ziren 2002an, bata Bilbotik, bestea Nevadako Renotik (AEB). Galdera bat egin zuten, bakarra, eta sarean jarri edo euskaldunak ziren bazterretara helarazi. «Zer da euskaldun izatea zure ustez?». Nork bere neurriko erantzuna ondu zuen, nahi izan zuen moduan, batere mugarik gabe. Oiarzabaldarrek erantzunak aztertu eta azala eta mamia bereizi zituzten, lastoa eta bihia. La identidad vasca en el mundo liburua dugu emaitza.

Euskal identitateari buruzko ikerketa egiten hasi zineten 2002an. Galdera bat formulatzetik abiatu zineten.
Kanpo-lana egin genuen 2002an. Inkesta bat egin genuen, galdera bakarrekoa: «Zer da euskaldun izatea zure ustez?». Internet bidez, faxez, telefonoz… egin genuen galdera, munduan sakabanaturik dauden euskaldunengana iritsi nahirik.

Euskal Herrikoak barne.
Bai. Euskal Herrikoak barne. 60ren bat erantzun jaso genituen. Era honetako ikerketa kualitatiboa egiteko nahikoak ez ezik, gehiegi ere bai. Ikerketa kualitatiboa egin nahi genuenez, galdera egin eta nahi zuen moduan erantzuteko eskatu genion inkestatuari. Guk ez genuen aurrez definituriko gidoirik. Zera besterik ez genuen nahi, alegia, bere burua euskalduntzat jotzen zuten haiek euskaldun izateak beraien ustez gaur egun zer esan nahi duen adieraztea. Besterik ez.

Zehatza ematen du galderak. Erantzunak, asko ez ezik, askotarikoak izan dituzue…
Batzuek eskuz idatzi ziguten, beste batzuek idazmakinez; batzuek faxez, askok internetez… 15 urtetik hasi eta 80 urte bitartekoek erantzun digute. Lehen belaunaldiko eta bosgarren belaunaldiko euskaldunak. Batzuen gurasoak Euskal Herrian jaiotakoak ziren; beste batzuenak, kanpoan; beste batzuenak, aita edo ama, bietarik bat baino ez zen euskalduna… Gizonak eta emakumeak, erdibana jaso ditugu haien erantzunak, guk nahi gabe ere. Horrelaxe fortunatu zen. Horixe da liburuaren abentura.

«Zer da euskaldun izatea zure ustez?», abenturaren hasierako galdera.
Ez al da interesgarria? Are gehiago, euskal identitatea boladan dagoen garaian. Hedabideetan ez da besterik hitz egiten: euskal identitatea bai ala ez; euskal identitatea, batzuetan santutu, besteetan deabrutu. Politika mailan ere, zer da euskal identitatea? Ibarretxe planean ere horixe irakurri dugu, alegia, Euskal Herriak berezko identitatea daukala. Hortik abiatu ginen galderari erantzun bila.

Zu zeu Renon bizitzeak eraginik izan al du galdera horretan?
Bai, jakina. Norberaren bizipenen ondorio ere bada galdera. Hamabi urte daramatzat Euskal Herritik kanpora. Zortzi egin nituen Irlandan, horietarik bost, Belfasten. Eta, han nengoela, bake-prozesua bizi nuen. Harrezkero, lau urte daramatzat Renon. Eta, etxetik kanpora zaren orduko, beti da baten bat, galdera egingo dizuna: «Eta zu, nongoa zara?». Eta «Euskal Herritik nator» esan orduko, beraien galdera: «Zer da Euskal Herria? Zer da euskalduna?». Eta hizkuntzari buruzko galdera, erakundeei buruzkoa, ekonomia… Galdera zaparrada hori erantzun baino, euskaldun askok nahiago du esan espainolak direla, edo frantziarrak.

Entziklopediak dakarren azalpenik eman beharrik ez.
Bai, baina orduan zeure buruaren kontra ari zara, jendeak ez du behin ere jakingo zer den euskalduna. Batzuek irri gaizto ere egiten dute, esanez bezala: «Euskaldun gizajoa! Espainola edo frantziarra izan besterik ez eta!». Erbestean, zeure famili, lagunarte, auzo eta ingurutik lekora bizi zara, eta euskaldun izatea berrinterpretatu beste erremediorik ez duzu. Birdefinitu egiten duzu euskaltasuna.

Hirurogei erantzun bildu eta aztertu dituzue, batetik eta bestetik jasotakoak. Euskal Herritik eta euskal etxeetatik bidali dizkizuetenak…
Euskal etxe guztiekin jarri ginen harremanetan eta, haien bidez, gaia interesatzen zitzaion jendeagana heldu ginen. Baina haien erantzunak ez ezik, eta Euskal Herrian bertan bildutakoez gainera, beste zenbait lekutatik bidalitakoak ere jaso ditugu. Berez zaila da euskal etxerik ez dagoen lekuetan euskaldunik identifikatzea. Guri, adibidez, harrigarria gertatu zitzaigun, Filipinak eta Nikaraguatik erantzunak jasotzea, han ez dago eta euskal erakunderik. Kasu horretan nik uste senide eta lagunek jakinaraziko zietela gure asmoa.

Atzerrian zein Euskal Herrian bizi direnen erantzunak jaso dituzue. Interesgarria.
Beharbada, horixe da lan honen alderdirik interesgarriena: lehenengo aldia da identitatea globaltasunetik aztertzen dena. Ez dugu ezberdintasunik egin diasporako eta Euskal Herriko euskaldunaren artean. Gure iritziz, euskalduna euskaldun da, testuinguru soziopolitiko, historiko, bizipen, biografia eta gainerakoak gorabehera. Badakigu, era batera, gauza bera ez dena euskaldun izatea Iruñean, Buenos Airesen edo Caracasen. Baina kondizionamendu horiek aparte utzita, lanak ez du bereizketarik egin kanpoko eta barruko euskaldunen artean.

Galdera sotila egin zenuten, munduan lau kornerretako erantzunak jaso, eta ondorioak atera. Horiexek zuen lanaren atalak. Liburuan, gainera, sarrera teorikoa erantsi duzue.
Bai. Eskola teorikoen azterketa egin genuen lehenengo. Zer idatzi den identitateari buruz, oro har, eta euskal identitatearen gainean bereziki, aztertu genuen. Izan ere, alderdi askotatik landu da identitatea: antropologiaren ikuspegitik, soziologiarenetik, psikologia sozialarenetik… Badugu geure euskal historiografia ere, hainbat literatura idatzi da eta euskaldunen gainean.

Berniz teoriko-akademikoa eman lehenbizi eta zuen galderari emandako erantzunak aztertu dituzue liburuaren bigarren partean.
Bai, inkestatuen testuak. Eskutitz erakoak dira gehienak: batzuek, poemak bidali zizkiguten. Beste batzuek, hirugarren pertsonan idatzitako narrazioak, beraien bizipenak kontatzen dituztenak.

Liburuan ageri dira erantzun horietako batzuk.
Bai. Hamarren bat. Irakurlea erantzunen aberastasunaz jabe dadin: adierazteko era ezberdinak eta hizkuntza eta hizkeren aniztasuna. Euskalki ezberdinetan idatzitakoak ez ezik, hizkuntza ezberdinetakoak daude: ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz… eta denek, gai beraren inguruan gogoeta eginez: zer da euskaldun izatea? Horixe gai bakarra. Ez dute beste mugarik izan. Ezta muga politikoak ere. Gainera, muga horiek ez dira harresi, migrazio-lekualdatzeak baizik. Identitatea batetik bestera dabil, herrien arteko mugen gainetik.

Euskaldun horien narrazioaren azpian dagoena aztertu duzue zuek.
Soziologia tradizionalak askotan baliatu du molde hori baina lehenengo aldia da euskaldunen gaineko ikerketan erabili dena. Alegia, ikerketa askotan galdera egiten dizute: «Euskalduna zara?» eta, «Bai». Eta elkarrizketa egin eta horixe gordetzen dute. Guk, elkarrizketa horren azpian dagoena aztertzera jo dugu. «Zer esan nahi digu boisetar honek?». «Mar de Platako hau, ari da baina, zer esan nahi digu?». Horrelakorik ez da egin gurean. Guk, aldiz, egin dugu.

Zuen lanaren meritua, esan nahi duzu.
Azterlan asko egin dira euskaldunen gainean. Guk ez dugu esan nahi gurea besteak baino hobea denik, gu geure ikuspegitik ari gara, besterik gabe. Ez dugu galdetzen «zer zara gehiago, euskalduna ala espainola, ala euskalduna bezain espainola?». Azterlan askotan horrelako galderak egiten dira. Eta aurrera! Baina guri horrek ez digu ezer esaten. Bata euskal amerikarra izatea ala amerikar euskalduna... Zer esan nahi du horrek? Zer dago identitate horren atzean? Horixe jakin nahi genuen guk.

Ondorioak ere atera dituzue.
Jabetu gara ezaugarri batzuk komunak direla narrazio guztietan. Guk zazpi multzo ezarri ditugu liburuan. Beharbada, gutxiago ere izan zitezkeen beste era bateko sailkapena egin izan bagenu, baina balio du. Multzo horietan dira familia, bidaia, konpromisoa…

Eta, ondorioetan, beharbada, Gloria Totoricaguenak liburuaren atarikoan aipatzen digun bat, dibertsitatea…
Bai, horixe, dibertsitatea: alegia, nork bere euskaltasuna duela, nor bere modura dela euskaldun, bere egoeraren arabera, bere inguruaren arabera. Euskaldun izateko modu denak dira zilegi, interesgarri, aberasgarri…

Ama lurra
Diasporako euskaldunak jasotako zigorra da: gernikarra liteke Boisen eta, aldiz, amerikarra Gernikan. Agustin eta Pedro Oiarzabal de Cuadraren lana itsasargia dugu denboralean: «Lan honetatik atera genuen ondorioetako bat da ez dagoela identitate hierarkiarik. Euskal Herrian bertan jaiotakoa ez da kanpoan jaiotakoa baino euskaldunago. Ez dago mailakatzerik. Batzuek ez dute ideia horrekin bat egingo. Guk, esan besterik ez dugu egiten: ikerketa hau egin dugu eta horiexek dira ondorio. Beste batzuek beste lan bat egin eta beste ondorio batzuk ateratzen dituztela? Ongi etorri! Eztabaidatuko dugu!».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
“Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna”

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


São Paulotik gutuna

Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
“Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan”

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Beste Guernica sutan

San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]


2020-04-07 | dantzan.eus
Boiseko Jaialdi 2021era atzeratu dute

Bost urtetik behin Boisen (AEB) ospatzen den Jaialdi jaia urtebete atzeratu dute koronabirusa dela eta. Uztailaren 28tik abuztuaren 3ra zen ospatzekoa Euskal Herriko eta diasporako euskaldunak batzen dituen jai erraldoia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urteko... [+]


AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-19 | Erran .eus
Baztandarren hitzordu handia igandean Elizondon

Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.


2018-04-24 | Mikel Asurmendi
Kepa Altonaga, saiogilea
“Euskaldunok ez gara mundu honetara herri normala izateko etorri”

Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]


Eguneraketa berriak daude