Nekazari sartuko naiz


2021eko uztailaren 19an
Atea irekita dago eta Leunda Berri (Beizama, Gipuzkoa) baserriko sukalderaino sartu gara bertakoengatik galdezka. «Xabi ahuntzetara joana da, baina itxaron hemen lasai. Terik nahi? ni hartzera nindoan» egin digu harrera abegikorra ordenadore portatila itzali berri duen gazteak. Azpeitia, Beizama, Errezil... zehazki zein herriko euskara darabilen asmatu nahian nabil. «Zu ere bertan bizi al zara?» hautsi du isiltasuna bertaraino eraman nauen Asier Agirresarobe lankideak. «Bai, ni hasieratik nago baserri proiektu honetan». «Orduan, zu zara madrildarra?».

Itziar Arconada. 19 urterekin etorri zen Donostiara bizitzera eta ikastera. Egun 26 urte ditu, Antropologian lizentziatua da, eta bi urte darama Leunda Berri baserrian, egun erdiz baratze ekologikoa lantzen eta beste egun erdiz Mendikoi-en -EAEko landa eremuen prestakuntza, sustapen eta garapen integraleko zentroa-, landa garapeneko proiektuak egiten, teknikari.

Tea hartzen ari garela sartu da Xabier Aranguren, duela zortzi hilabetetik baserrian bizilagun dena. Bi bizitoki eta bi proiektu babesten ditu Leunda Berriko teilatu berrituak.

Arangurenek bizimodu urbanoa zeraman Zumaian, metalgintzan egiten zuen lan. Eta bizimodu horrek sekulako kontraesana sortzen zion bere pentsamoldearekin. Zer ez zuen nahi bazekien, baina alternatiba bila ibili da urte askoan: munduko bazterrak ezagutu ditu, idazle aritu da... Nekazaritza ekologikoko Mendikoiko ikastaro batean izena eman zuen arte. «Kurtsoan gauza orokorrak ikasita, espezializatu nahi izan genuen, eta lagun bat eta biok Leunda Berrira etorri ginen, gehiago ikastera. Beste laguna ez, baina ni etorri eta bertan geratu nintzen, bikotekideari ere ondo iruditu baitzitzaion hona etortzea, haurra hazteko oso leku egokia dela-eta». Baina familia gazteaz gain, Leunda Berri inguruan bizi diren kide gehiago ere baditu euren proiektuak, komunitarioa izatea nahi baitute. Bizimodu komunitarioak bere zailtasunak dituela kontatu du Arangurenek: «Lan erritmoak, lehentasunak, beharrak... bakoitzak bereak ditu eta denak ondo eramaten nahiko zaila da. Baina auzolana du alde ona: taldeak lan astunak askoz errazago egiten ditu, eta giro onean. Oraindik jende berriaren zain gaude, beraz, baserri filosofiari eutsi nahi dionak, edo ikasi edo probatu nahi duenak, badu hemen bizitzeko lekua».

Bizimodu-esperientzien biltegi den baserri hau Beizama herrian integratu behar da. Familia normal bat ez izatea da herritarrei ulertzeko gehien kosta zaiena, "oraintxe mutil bat etortzen da, neska bat irteten da... Baina ikusi dute eurek bezala lan egiten dugula, baratze bat dugula ondo jarrita...». Herrikoen tratuarekin gustura daude Leunda Berrikoak.


Salmenta zuzeneko bi eredu

Arconada eta bere lankide Taniak -Beizaman bizi den beste madrildar gazte bat- 30 kideko kooperatiba sortu berri dute. 60 euroko kuota finkoa jartzen du bazkide bakoitzak hilean, eta trukean Leunda Berriko baratze ekologikoak emandako produktuak jasotzen dituzte astero. Ez dago eskaerarik edo aukerarik, garaian garaiko produktuekin egindako plangintza baizik. Villabona, Andoain eta Lasarte-Oriakoak dira bazkideak eta herri horietako puntu jakinetan uzten dituzte barazkiak, norbera joan dadin bila. Horrela, salmenta puntuen beharrik ez du euren sistemak. Eredua Madrilgo Bajo el asfalto está la huerta kooperatibatik hartutakoa da, orain 8 urte 100 familiarekin martxan jarri, eta egun 500 bazkide badituena. Madrilgo talde horretako kide da Itziar Arconadaren anaia Karlos Arconada ingeniaria, eta bera ere Leunda Berri baserrian bizi izandakoa da.

Arangurenen lan-taldeak ere batik bat garaiko barazkiak lantzen ditu, eta ahuntzak hazi. Ahuntz gazta egitea dute epe luzerako asmoetako bat. Azokan saltzen dituzte zuzenean euren produktuak, Errezilgo Galarraga Goena baserriarekin elkarlanean: errezildarrek Azpeitiko azokara eramaten dituzte bi baserrietako produktuak eta Beizamakoek Tolosako azokara.

Salmenta zuzena dela nekazarien irtenbidea arrazoitu du Arconadak: «Bitartekariekin, produktua egiten duzunetik kontsumitzaileengana iristen den arte informazio pila bat galdu egiten da, eta prezioa izugarri hazten da».


Bizimodu ekologikoa

Elikadura, lan sistema, bizimodua... ekologikoa bizi filosofia da eta Leunda Berrin bakoitzak bere neurrian jartzen du praktikan. Aranguren erradikalagoa da horretan eta errieta egiten dio Arconadari kotxea hartzen duenean: «Kontraesan pila dugu, baina pixkanaka gutxitu nahi nituzke. Arazoa zera da, etxea ordaintzeko zorrei aurre egiteak eskatzen du erritmo batean lan egitea, eta gasolinak asko errazten du hori». Telefono, Internet, telebista eta bestelako teknologiarik ez du erabiltzen Arangurenek. Berria egunkariko mendi ibilaldiak ere eskuz idatzita helarazten ditu. Autarkia du helburu, «etxeko zorrak kitatuta daudenean, azokara ahalik gutxien joatea». Arconada, aldiz, ia egunero jaisten da Azpeitira edo Tolosara. Beharrezko ditu kanpoko harremanak, tartean behin antzerkira eta zinemara joatea... Gaur egun baserriko bizimodua eta herrikoa bateragarria dela dio: «Azpeitian ordu laurdenean nago. Behin Madrilen bizita distantziak beste era batera ikusten dituzu; guretzat ordu laurden bat ez da ezer, eskolara joateko ordu eta erdi behar nuen eta!». Kooperatibako euren lan sisteman oporrak ere aurreikusi dituzte: bi lankide izanik bakoitzak hilabeteko oporrak izango ditu, batez ere neguan, lan gutxien dutenean.

Bizimodu bakoitzak du bere prezioa. Eta dirulaguntzarik gabeko produkzio txiki eta ekologikoa egitea erabaki dutenek kontsumoa ere murriztea dute helburu: «Ezin da espero horrelako produkzio batekin jendea kalean bizi den bezala bizitzea. Onura batzuk ditu horrela bizitzeak, baina asteburuero parranda egitea, edo eskiatzera urtero joatea, edo bidaiatzea... hori ezin da espero» dio Arconadak. Bizimodu komunitariorako kontsumoa adostea funtsezkoa dela gaineratu du Arangurenek: «Bakoitzaren beharrak ez izatea ekonomikoki oso desberdinak, bestela horrek ekonomia pikutara bidaltzen du».

Loturak:

www.mendikoi.net
www.gaztenek.net


Nekazariekin izandako elkarrizketak entzun:


Hasteko trabak eta laguntzak
Hasieran egin beharreko inbertsioa da traba nagusia gazteak nekazari jar daitezen. Leunda Berri baserrikoei eta Jon Arregi artzainari ezinezkoa iruditzen zitzaien lurra eta baserria eskuratzea, espekulazioak zerutara eramandako prezioak ikusita: «Ez da batere erraza izan, baina egoskorra izan nonbait...» egin du hasperen Arregik. Arregi alokairuan jarri zen hasieran, eta Leunda Berrikoek baserria bertakoek berritu zuten. Era berean, irabazi ziurrik ez izateak atzera botatzen ditu gazte asko: «Fabrikan zortzi orduak sartu eta jornal segurua duzu, hemen ez dakizu zenbat ordu sartu beharko dituzun, jai eta astez, eta etekin ziurrik gabe. Gazteek ziurtasuna bilatzen dutela uste dut» azaldu du Joxean Ocio laborariak. Arangurenek ere argi du: «Askok esaten dute baietz, oso polita dela, baina gero horrelako proiektu batean sartzeko prest dagoen jendea bilatzea oso zaila da».

Diru-laguntzak eskaintzen dituzte Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak nekazaritzan euren kasa jarriko direnentzat. Aukera hor dago eta ondo aztertu beharrekoa da, urte batzuetarako konpromisoa eskatzen baitute diru-laguntza horiek, eta beraz, epe ertain-luzerako proiektua izango denaz ziur egon beharra dago. Baina orokorrean diru-laguntzei neurria hartu behar zaiela argi dute nekazariek, dependentzia sortzen dutelako eta urtetik urtera diru-laguntzak murritzagoak izango direla aurrikusten baita.

Nekazaritzan hasteko, ateok jo ditzakezu: Eusko Jaurlaritzako Nekazari Gazteen Bulegoa: Gasteiz (945181611), Durango (946810082) eta Tolosa (943651640), besteak beste. Akuilua nekazari gazteen elkartea: esperientziak trukatzeko gunea, besteak beste nekazari berriei laguntzeko asmoa duena: baserritargaztesarea.net.

Jon Arregi

Sukaldaria zen orain 7 urtera arte. Baina lana egin beharra dagoelako aritzen omen zen, besterik gabe: «Usurbilgo (Gipuzkoa) kalean bizi nintzen, baina mendian nengoenean gero eta nagi handiagoa izaten nuen jaisteko. Lau pareten artean sartu, biharamunean kotxea hartu eta berriro lau pareten arteko lanari ekin... Hau ez da martxa", pentsatu zuen, eta pixkanaka sukaldaritza baztertu eta artzain hasi zen Alegiko artzain batekin. Mantenuaren eta eskupeko baten truke bizi eta lan egin zuen artzainarekin. Probatuta ikusi zuen artzantza oso gustuko zuela. Artzain Eskolan ibili zen ondoren. Bertan irakatsi zizkioten ardien gaixotasunak, ardien genetika nola hobetu, ukuilua egiteko zer baldintza bete behar den... «Artzain eskola? Artzain eskola ukuiluan zegok!», esan diote maiz zaharrek: «Askok ez dute berrikuntza bakar bat ere onartzen».

Geroago ezagutuko zuen Martina Urbistondo, Sarakoa. Honek ama du artzaina eta egun elkarrekin bizi dira Zerainen (Gipuzkoa). 7:00-7:30ak aldera jaikitzen dira egunero eta bien artean ardiak jezten dituzte eskuz, ordu eta erdian. Esne epelari berehala gazura bota, eta bitartean pentsua eman, arkumeen lanak egin, eta gainerakoak aurreratzen dituzte. Ondoren gazta egiten dute, eta ardiak larrera atera. Berehala etortzen da bazkaritarako garaia eta lo kuluxka bat eginda, berriz janak jarri, ardiak ukuilura sartu eta ardiak jetzita gaztak egiten dituzte. 22:30etan bukatzen da euren lana.

8-10 orduko bidean egiten dute trantsumantzia udaberriro, eta gerora begira geroz eta gutxiago egingo bada ere, oso beharrezkotzat du. Beste era bateko trantsumantzia da nagusitzen ari dena, alegia: «Lurrik onenak etxeak egiteko erabiltzen dira, ordeka denak fabrika dira, eta gu geroz eta gorago goaz». Urteko egun denak ematen dituzte ardien inguruan, baina Jonen hitzetan: «Sukaldean ari nintzenean, madarikatzen aritzen nintzen oporrak egiteko. Orain ez dut behar. Gogoz kontra egiteko lanik txarrena hau izango da. Baina gustatuz gero, egun ederrak izaten ditugu». Langilearen 8 orduko lanaren ondorengo libertatea aipatu diot: «Hori igoal iruditzen zaie libreagoa dela. Niri berriz ez».

Gazta dena saltzen dute, eta asko zuzenean. Horrek ardi gutxiago izateko aukera ematen die: «Batek 300 ardi ditu eta hark gazta egiten du; beste bat berriz hor dabil 600 ardirekin, ahal duen bezala eta esnea zentralari ematen. Duzunari etekina atera behar zaio. Eta zentralari emanda askoz etekin txikiagoa ateratzen da, esnea oso merke dago eta. Gaztarekin bikoitza baino gehiago irabazten da litroko».

Mendikoiren ikastaroak

Mendikoi-ren Arkaute, Derio eta Fraisoroko zentroetan, segurtasun eta higienez ekoizten ikasten da, ingurunea zainduz. Baita jarduera zehatz bakoitzerako behar diren instalazioak, makinak eta tresneria erabiltzen eta mantentzen ere, eta ustiategiak antolatzen eta kudeatzen. Hona eskaintzen diren prestakuntza zikloak:

Nekazaritzako ustiategi estentsiboak. Nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboko produktuak ekoizteko gaitasuna lantzen da, merkatuak eskatzen duen kalitatearekin.

Nekazaritzako ustiategi intentsiboak. Laborantza intentsiboa ekoizteko lanak egiten ikasten da, ekoizpen kostu txikienekin, kalitatezko produktuak lortzeko.

Lorezaintza. Kanpoko eta barneko lorategiak jartzen, zaintzen eta hobetzen ikasten da, eta bestetik landareak merkaturatzen.

Abeltzaintzako ustiategiak. Abeltzaintzako produktuak ekoizten, lagun egiteko animaliak elikatzen, maneiatzen, garbitzen eta osasuntsu edukitzen irakasten da, merkatuak eskatzen duen kalitatearekin.

Nekazaritza eta abeltzaintzako enpresen kudeaketa eta antolamendua. Baliabide materialak eta giza baliabideak zein beharrezko lanak antolatzen ikasten da, ekonomikoki errentagarria den kalitatezko ekoizpena lortzeko.

Baliabide naturalen eta paisajistikoen kudeaketa eta antolamendua.


Azkenak
Bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko presidentea

Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.


2025-02-10 | ARGIA
Traktoreak Gasteizko, Baionako eta Tafallako kaleetan, azken protesten urtemugan

Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


Altzairuari eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

AEB inportatzen dituen altzairu eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiola iragarri du Donald Trumpek. Ez du zehaztu noiz sartuko den neurria indarrean.


Bosgarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.


Carrefourren kontrako boikot eguna antolatu du larunbaterako BDZk

Gizarte palestinarrarekin elkartasunean luzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainak "baterajotze nazionalera" deitu du otsailaren 15erako Carrefourrek Hego Euskal Herrian dituen bost merkataritza zentrotan. 


Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

"Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari... [+]


EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.


Beltrán eta Sololuze oroitu dituzte Zaldibargo hondamendiaren bosgarren urteurrenean

Bi langileak oroitzeaz gain erantzukizunak eskatu dituzte, Zaldibar Argituk igandean Eitzagan eginiko ekitaldian. Justiziaren mantsotasuna salatu dute, sumarioa oraindik instrukzio fasean dagoelako.


“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


2025-02-10 | Hala Bedi
Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihua ozen entzun zen ostiralean Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.


Eguneraketa berriak daude