Asteazkenero egiten den feriagatik ezaguna den Plaza Nagusitik abiatuta, Garagartza enparantzara joan (150 m). Aranzegi baserriraino iristeko bi aukeren artean hautatu beharko duzue han. Ezkerrekoa Potxo eta Areta baserrietatik igarotzen dena edo Arramendi baserritik pasatzen den eskuinekoa, 200 bat metro luzeagoa bada ere, lehenengoa baino malda arinagoak dituena. Biak dira zoladura oneko bideak eta edozein dela ere aukeratutakoa Ordiziko ikuspegi ederra jasoko duzue trukean (385 m).
Aranzegi baserria atzean utzita, porlanezko bideak eskuinera biratu eta berehala, lau bideko bidegurutzera helduko zarete. Ezkerrera jo behar duzue orduan, gurdibidetik gora. Usurbe mendia nahiz Goierri osoko ikuspegi aparta duzuela, larre artean gora eramango zaituzte bideak. Bizpahiru bihurgune emango ditu langa gainditu eta belazeetatik basora irten aurretik. Maiz lokaztua dagoen pistatik aurrera, apur bat behera egingo du lepo batera iristeko. Zuzen jarraitu, han, malda gorari ekin eta laster iritsiko zarete Idoiagabekoa eta Idoiagagoikoa baserrietara (615 m). Bata bestetik hurbil egon arren, Itsasondokoa da lehena, Ordizikoa bigarrena. Altuera nabarmenean dagoen ordoki eguzkitsu ederrean daude biak. Lastima, goi tentsioko postetzarra dutela alboan. 50eko hamarkadan taberna egon zen Idoiagan eta kontatzen denez ekaitz egun batean bertako alaba eta musean ari ziren bi bezero birrindu zituen tximistak.
Murumendi, Mariren egoitza
Idoiagagoikoatik aurrera, harrizko larre-itxitura baten ondotik gora jarraitu behar duzue, lehen muino bat ezkerretik inguratuz. Hasierako malda gaindituta, alertze sail ederren artetik bide lauago batek Larraskanda lepoko belardian utziko zaituzte (645 m). Bideak hurrengo bi muinoak, Ermozeta eta Leizia inguratzen ditu, ezkerretik. Topatuko duzuen bidebanatzean, alertze sailean barneratzen den eskuineko bidetik jo, uso paradez betea dagoen Eizeta deituriko azken muinoa eskuinetik inguratzeko. Soilgunean zidor bilakatu eta laster egingo duzue bat Beasain eta Mandubitik datozen bideekin (765 m).
Saiatz bideko Santiagorako ikurrak zein GR 34, 35 eta 21 ibilbideko arrasto gorri-zuriak izango dituzue hortik aurrera bidelagun Azpeitiraino. Arrapaitz iturria atzean utzi eta azken malda igotzea besterik ez zaizue geratuko Murumendiko tontorreraino (859 m). Ernio, Erlo, Samiño, Izaspe, Aizkorri, Aralar... antzeman ahal izango dituzue talai bikain hartatik, eta gai ez bazarete han izango duzue horretan lagunduko dizuen orientazio mahaia. Ikuspegi ederra, ezta? Ez ahaztu, bestalde, Murumendi Mari Jainkosaren egoitzetako bat dela, Anboto, Putxerri eta Aketegi diren gisa. Mendebaldeko hegian dagoen bere ezkutalekuan egongo da ziurrenik, Damazuloan.
Korosagasti gogoan Illaungo gurutzera
Ipar-mendebaldeko norabidean ekin bideari, erdia baino gehixeago duzue eta oraindik egiteko. Larreetatik behera basora igaroko zarete eta Atxipi izeneko lekuan arestian utzi dituzuen arrasto gorri-zuria eta Done Jakue ikurrak topatuko dituzue. Ibilbide horiekin bat eginda, pagadian behera abiatu. Laster igaroko zarete pago zuzen, garai eta ederrak nagusi diren ordoki batetik, Tonto plaza edo Dantzaleku izeneko tokia da (730 m). Leku hartan bertan eta batik bat 1936ko Gerraren ondorengo urteetan, erromeria egiten zen urtean behin. Itsasondoko festa egun nagusiaren aurreko igandean ospatzen omen zen. Beraz, abuztuaren 15eko aurreko igandean. Musika eta trikitia ez ziren falta, eta inguruetako jende andana hurbiltzen zen.
Maldan behera Zarate muinoaren ekialdeko isurialdetik igaro eta Dominoko mugarria dagoen lepora ailegatuko zarete (605 m). Mugarri honetan, Itsasondo, Beasain, Beizama eta Bidegoiango lurrak bat egiten dute. Santa Ageda mendatetik Pagorriaga baserrira doan porlanezko bidea, lepo honetatik bertatik igarotzen da eta berau jarraitu beharko duzue denbora luzez, Santa Ageda alderantz, noski! Maramendi eta Oterre muinoak eskuin-ezker saihesten ditu bideak Arreta baserri ondotik igaro eta Santa Ageda mendatera irten aurretik (700 m). Azken zati horretan, Maramendi muinoa gaindituta, Gorosagasti baserriaren hondakinetatik gertu igaroko zarete, Beizamako krimena gisa ezagutu zen hilketa izugarri haren gertaera lekutik, hain zuzen.
Santutxotik Beizamara doan errepidea zeharkatu eta hasieran asfaltatutako bidetik Urdanpilletagoikoa baserrira joan. Aurrez aurre duzuen tontorra da Illaun. Artean arrasto gorri-zuriak bidelagun, belardi batzuen artetik sakonune bat inguratzeari ekin. Inguru zoragarriak dira, paisaiaz goza ezazu, iritsiko zara eta noizbait Azpeitira. Halako batean, bidegurutze batean arrastoak eskuinera egin eta albo banatara belardiak mugatuz, urritz eta harlangaitzezko hesi biren artetik doala ikusiko duzue, hori bai bide ederra! Bidean aurrera Illaun eskuinetik inguratu, eta Urraki eta azken honen artean zabaltzen den lepora helduko zarete (735 m).
Beizamako ikuspegi ederra nahi izanez gero, Illaun tontorrera igotzea duzue hoberena. Horretarako, bide eder hori hartu baino lehen, zuzen jarraitu eta Beleku eta Illaun tontorraren arteko lepora igo behar duzue. Sakonune bat zeharkatu eta pinudi batetik irtetean, harrizko horma txiki baten ondotik igo zaitezkete gurutzeraino, batere bide garbirik gabe (823 m).
Lapurbentatik Urrestillara
Urraki eta Illaun arteko leporaino GR34 (Donostia-Arantzazu) ibilbideko pintura markak izan badituzue bidelagun, geratzen zaizuen azken zatian GR 21 (Xabier-Loiola) ibilbidekoak jarraitu beharko dituzue, gorri-zuriak ere horiek. Otsobiaga zein Bidanira daramaten arrastoak, beraz, utzi behar dituzue lepo eta bidegurutze horretan.
Lepotik behera, San Lorentzo ermitara gerturatzen da bidea. Ondoren Beizamako baserriak behean utziz, Aginaga baserria bertatik igaro eta Urraki eta Maubia tontorren artean zabaltzen den lepora zuzentzen da (630 m). Arrastoei jarraika, pagadi bakanak, pinudi eta alertze sail ugariren artean zehar emeki behera eginez, Azpeititik Goiatz bidean Urraki mendatera igotzen den errepidera irtengo zarete. Errepidez metro batzuk egin eta Lapurbenta deituriko parajean zaudete (595 m). Lapurrak izango al ziren hor egon omen zen bentakoak?
Azpeitiko Elosiaga auzoan jada, Eizmendi baserrietara doan porlanezko bidea hartu eta behin hara iritsita, baso-pista batek maldan behera nabarmenean, Altzaga baserri ederrera daraman bidera jaitsiko zaituzte. Altzaga bera, Mendizabal, Igartza eta beste hainbat baserrietara igotzen den porlanezko bidean behera, Azpeititik, Mandubin barrena, Beasaina doan errepidera ailegatuko zarete, Urrestilla auzo parean. Kilometro parea duzue oraindik errepide bazterretik Azpeitiraino!
Ama-alabak hilotz Gorosagasti baserrian
1926ko azaroaren 14ko gauean gertatu zen Beizamako Gorosagasti baserrian. Bi emakume, ama eta alaba hilda agertu ziren. Gertaerak oihartzun handia izan zuen garai hartako gizartean. Atxiloketa ugari egon ziren, zurrumurru asko zabaldu eta mota guztietako ondorioak atera zituzten baina hiltzailea ez zen identifikatua izan. Ordudanik misterio puntu batek inguratu du Gorosagasti baserrian gertatu zen Beizamako krimena.
Igande goizeko hamaikak inguruan, Tolosan neskame aritzen zen Jazinta Odriozola gaztea, hildakoen ahizpa eta alaba, Gorosagasti baserrian aurkeztu zen. Ahizpa topatu zuen lehenik, baserri atarian hilotz. Izua baina, hazi egin zen etxean ama aurkitu ez eta baserritik metro batzuetara, oihuka basoan ama bila zebilela, hau ere hilotz aurkitu zuenean. Bi hildakoak 66 urteko Bibiana Azkardi eta 27 urteko Maria Odriozolak heriotza eragin zien zauriak zituzten, arma zuriz egindakoak. Zituzten zauri ugariengatik hiltzaileari aurre egin zietela suma zitekeen, honek orduan, sala ez zezaten paretik kentzea erabaki zuen. Ama alabarekin jazotakoaz jabetu eta ihes egiten saiatu zen, baina alboan zeraman farolak gaueko ilunean salatu eta bera ere garbituko zuen.
Hildako ama-alabak Beizamako familia estimatu eta maitatu batekoak ziren. Baserriaren jabe izanagatik ere, ezin esan aberatsak zirenik, baserria ez baitzen balore handikoa. Dena den lapurreta izan omen zen hilketaren zioa, baserriko gela guztiak hankaz gora eta hainbat objektu nahiz diru faltatu baitziren.
Bere onera etorri zenean, Jazintak adore nahikoa izan, Azpeitira joan eta jueza gertatutakoaren gainean jarri zuen. Lehenengo ikerketen ondorioz, lehen atxiloketa egin zen, atxilotua Donostiako Ondarretako kartzelan sartuz. Bai guardia zibilak eta bai mikeleteek beste lau atxiloketa burutu zituzten. Atxilotuetako bi, Aranburu abizenekoak eta senideak, gauez linterna baten laguntzaz menditik jaisten ikusi zituzten antza eta susmagarri nagusiak ziren.
Hilketak hunkituta utzi zuen Beizamako herria eta Azpeitiko barruti guztia, baita Goierri eta Toloserria ere. Paraje baketsu eta lasaia izateak gertaera hari laztasun handiagoa eman zion. Gertaerak oihartzun handia izan zuen garai hartako gizartean, baserritar munduan batez ere. Prentsak gertaera eta ikerketen berri maiz ematen zuen, zurrumurru asko zabaldu ziren eta mota guztietako ondorioak aireratu, baina hiltzailea ez zen aurkitu. Atxilotuak askatzeko manifestazio ere egin omen zuten. Hala ere, atxilotuetako bat bere buruaz beste egitera iritsi zen Ondarretako kartzelan eta besteak urte luzez egon ziren giltzapean.
Baserrian ez da geroztik inor bizi izan eta egun hondakina besterik ez da. Ingurua ere, nahiz eta baserri dentsitate handikoa ez izan, hustu egin zen eta orain asko dira inguruotan topa daitezkeen baserri hutsak edo dagoeneko aurriak.
Ez da ordea istorioa hor amaitzen. Gertaera izugarri hartatik hamar bat urtetara edo, Itziarko baserri batean, "Mekatxis" goitizenez ezaguna zenak, hilzorian zelarik, apaizaren presentzia eskatu zuen, barkamena jaso eta zerurako atea zabal ziezaion. Bizitzan zehar egindako bekatuak kontatzen hasita, inguruko baserri bateko morroia ez zela Amerikara joan esan zion, berak hil eta gorpua Urteagako haitzulora bota zuela baizik. Ez hori bakarrik, Gorosagastiko hiltzailea bera izan zela aitortu zuen. Apaizak hori entzundakoan, gizaseme hari barkamena ematea lan zaila zelakoan, artzapezpikuarengana jo zuen aholku eske. Alabaina, azken honek ere, bekatuen larritasuna ikusita Erromara laguntza eskatzea erabaki zuen. Pasaportea bidean zela hil zen ordea... Beherako bidea hartuko zuen ziurrenik.