«Padayatra»: milioi bat herri urrats Bhopaletik Delhira


2021eko uztailaren 12an

Pandit Cis Ram Parkera iritsi gara goizeko 09:30 inguruan. Mathura karrikatik bloke gutxi batzuetara dago. Parkea osatzen dute manikura egindako jardin batzuek, eta bertan badira belardiak, loreak, zuhaitzak eta bankuak. Gutako gehienek azkenean seko lo hartu dute itzal guneetan". Parke hori Indiako hiriburu Delhin dago eta leher eginda iritsi direnak Bhopal hiritik Delhiraino hilabetez oinezko ibilaldia egin duten herritarrak dira.

Hemengo egunkari nagusiek albiste labur moduan eman dutenaren hariari tiraka, Bhopal.net bisitatu dugu, International Campaign for Justice in Bhopal mugimenduaren berriak eta dokumentazioa biltzen dituena. Bertako blogean Bhopalgo biztanleentzako justizia eskatuz hilabetez burutu duten ibilaldiaren berri eman dute egunez egun.

Munduak ezagutu duen istripu industrialik larriena 1984an gertatu zen, Indiako Bhopalen. Gas toxikoen ihesagatik milaka lagun hil ziren eta beste milioi erdi bizitarako gaixorik geratu zen. 1984ko 2tik 3rako gauean 43 tona gas toxiko isuri zituen Union Carbidek Bhopalen oraindik martxan daukan lantegian: metil isozianatoa, fosgenoa (mostaza gasa), zianido hidrogenoa eta monoxido karbonikoa, nagusiki. Geroztik, 20.000 herritar hil dira pozoiketa haren ondorioz eta kutsadura toxikoak beste 500.000 herritar dauzka gaixotuta.

2005eko otsaileko Net Hurbil batean aipatu zen sarraski hura gertatu eta hogei urtera artean kalte-ordainak noiz kobratu zain zeudela herritarrak -gaitzek eragindako zorretan itota- eta pozoi tartean bizi direla oraindik. Baina geldirik ez daude. Otsail honen 20an Bhopaletik abiatu eta Delhin bukatu dena ibilaldi berezia izan da, baina urtero burutzen dituzte aldarrikapen ekintzak. Neguazken honetako "padayatra" edo ibilaldiak 1989an egindako beste ibilaldi ospetsuaren oihartzunak ekarri ditu gogora Indian.

Bhopal.net-eko blogean diotenez, "1989ko udan, gasak kaltetutako emakume talde batek egin zuen Bhopaletik New Delhira 'padayatra' heroiko hura oinez. Ez zekiten zenbat kilometrotara zegoen Delhi, ezta harantz nondik joaten zen ere. Ez zekiten hau besterik: iritsi behar zutela lehen ministroari beren kexuak azaltzera. Ez zuten dirurik tren edo autobusez joateko, eta oinez abiatu ziren. Komunikazioaren martingalen berririk ez zuten, eta ez zioten albistea eman ez prentsari eta ez agintariei. Kazetariek beren gisara aurkitu behar izan zituzten, eta argazki gutxi geratu dira". Oinezko erromesaldi historiko hura 75 emakume, 30 haur eta 12 gizonek egin zuten.

Urteak alferrik pasa bailiran, aurten berriro "padayatra" antolatu behar izan dute Bhopalen. 100 pertsona ziren parte hartzekoak, baina azkenean 54 abiatu ziren -gainerakoek mugitzko aski indar ez zeukatelako- gazteena urte batekoa eta zaharrena 73koa. Horietatik 51 gaixotasunak jotako pertsonak dira, 20 emakume eta 31 gizonezko. Batzuk 1984ko gau beldurgarri hartan Union Carbideren usinak isuritako gasak gaixoarazitakoak, beste batzuk ondoko urteetan ur kutsatuak eritutakoak, eta bakar batzuk bi pozoiek kaltetuak, gasak bezala urak. Gainerako hiru ibiltariak Bhopaleko kaltetuen alde lanean ari diren ekintzaileak izan dira.


Ura ostu, gernu horia utzi

"Padayatri" edo ibiltariek sei puntutan bildu dituzte beren eskakizunak. Horien erdiak hondamendia eragin zuen Dow Chemical eta bere buruzagiak legez pertsegitzeari buruz dira. Beste hiru puntuetan, Indiako gobernuari eskatzen diote -berriro ere- batzorde berezi bat sor dezala behar adina diru jarrita, kutsatutako herritarrak eta gutxienez ondorengo 30 urteetan sortuko direnak artatzeko; eta aspaldi agindu zitzaien ur garbia ekarri diezaietela gaur ez daukatenei.

Bhopal.net-eko blogean ibiltariek pasa behar izan dituzten nekeen berri eman zaigu egunero. Baita Delhirako bidean aurkitu dituzten herrietan ikusi dituzten beste hainbat hondamendirenak ere. Abiatu eta bi egunetara, Pillukhedi herrira iritsi ziren, Parvati ibai ertzean. Honela dio oinezko blogariak: "Ur asko dagoenez, industrigune bat eraiki zuten hemen eta gaur zenbait fabrika ikusten dira herritik hurbil. Bazter guztietan ageri dira distilategi batek, gelatina fabrikak eta Coca-Colaren faktoriak hemengo ingurumenari eta jendeari eragin dizkien kalteak. Eskuzko ponpak utzita edo hautsita daude, parajeotan lurpeko ura horia eta kiratsa dariona delako (nekazariek diote astoaren pixa dirudiela); gauza bera gertatzen da inguruko beste herrixketan".

"Padayatri" hauek herriko medikuarekin mintzatu dira eta honek esan die fluor gehiegi daukala urak, Coca-Cola eta beste lantokiek behar baino ur gehiago atera dutelako. Herriotan badira Coca-Colaren kontrako ekintzaileak, eta guztiek egin dute bilera irekia herrian. Baserritar batek baino gehiagok esan die Coca-Cola hemen kokatu zutenean kutsadura kontrolatzeko ardura duten funtzionarioak erosi zituela, eta ondoren bere kontra ziren herritar batzuk ere bai.

Biharamunerako, herriotan norbaitek zabaldu zuen Bhopaleko jendeek faktoria guztiak itxi nahi dituztela, eta horretaz hitz egitera etorri zitzaizkien inguruko langileak. "Eztabaidan aritu gara -dio blogariak-: industria guztiaren jarduera geldiarazi behar al da? Ondo al dago konpainia batek 10 laguni bizimodua eman eta beste 90 hondatzea? Zer egin behar da gobernuak egoera honi errepara diezaion?".

Bost asteko ibilaldi luzea ez dute soportatu ibiltarietako dozena batek, eta etxera itzuli dira. Hemen ez dago "kotxe eskobarik": trena, autobusa, edo ahal dena hartu eta martxa. Azkeneraino iritsi direnek denetik ikusi eta pasa behar izan dute. Batean herriko alkateak eskola utzi die lotarako, eta sua egiteko egurra ekarri, 20 kilo irin eta guzti. Urrunago, lapurrez betetako mendixka batzuek zeharkatu behar izan dituzte, eta elkarren oso ondoan ibili dira egun batez, beldurragatik. Beste herri hartan Bhopal Express filma erakusteko eskatu diete, baina gaueko hamarrak arte argindarrik ez zegoen, eta ibiltarietako batzuk lo gutxi eginda jaiki behar izan dute biharamunean.

Delhira inguratu ahala, trafiko ero eta zorabiagarri baten erdian eman dituzte pausoak. Indiako faktoriarik handienen aldamenetik pasa dira, eta denetan aurkitu dituzte kasik beren sorterri Bhopal bezain paraje kutsatuak. India harrigarri ari ei da hazten.

Martxoaren 26an egin dute azken mitina Delhin ehunka herritarrek. Honela kontatu du blogistak: "Bhopaletik Delhira 800 kilometroko 'padayatra' egin dute 37 biktimak; asteburuan iritsi dira eta beste ehunka kaltetu elkartu zaizkie arazoa konpondu arteko gose grebari ekin diotenean. Hala deklaratu du Rasheeda Bi-k, Bhopaleko tragedian bizirik atera zenak berak: '21 urte, asko dira. Gobernua lo egon da orain arte. Gaur gure txanda da: lortu ala hil'".

Leher eginda egonagatik, Delhin geratu dira. Sonia Gandhik errezibituko omen dituela agindu zieten. Asteazkenean (29) Kimikako ministroak hartu zituen. Emaitza zehatzen zain, baraurik jarraitu dute padayatriek.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude