Emakumeak II. Errepublikan: Ikurra baino gehiago?


2021eko uztailaren 20an
Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren bidean, emakumeen botoaren errebindikazioa garrantzitsua bezain adierazgarria suertatu da azken bi mendeetan. Izan ere sufragistek burututako ekintzak eta protestak oihartzun goiztiarra izan zuten Amerikako Estatu Batuetan edo Britainia Handian. Jakina denez, I. Mundu Gerra amaitu zenean, borroka horien uztak hainbat herrialdetako demokrazia ordezkatzailean Simone de Beauvoirrek deituriko "bigarren sexuak" parte hartzea ahalbidetu zuen. Espainiako Estatuan aldiz, gizonezkoengan murrizturik zegoen sufragio ahalmena ez zen orokortu, antzeko ekimenen bitartez, hainbat politikarik eskatu zuten arte. Orduko elkarte feministarik garrantzitsuenak (ANME, Asociacion Nacional de Mujeres Españolas) bere programa soziopolitiko zabalean behar baino leku eskasagoa eman zion emakumeen boto aktiboari. Hori dela sufragistek izandako eragina eskas samarra izan zen Pirinioz honuntza eta, arras berandu, Primo de Riveraren diktadura iritsi arte, ez zituzten izendatu lehen emakume ordezkari politikoak. Izan ere, erregimen horretako Udal Estatutuak ahalbidetu zuen lehen emakumezko zinegotzi eta alkatesak izatea. Besteak beste, horri esker, Maria Etxarri eta Elisa Calonge Madrilgo udalean sartu ziren. 1926an Bilbokoan, Rene Castellon eta bi urte beranduago Donostiakoan, Concha Perez eta Carmen Resines, zeintzuk Konstituzio plazako udal aretoan aritu ziren diktadura amaitu arte. Bestetik, 1927an Primo de Riverak martxan jarritako Asanblada Nazional Aholkuemale delakorako, hainbat emakume hautatu zituen eta horrek zabaldu zuen emakumearen botoa eta parte hartze politikoaren auziari buruzko eztabaida, Espainiako Estatuko lehen demokrazian, 1931-1939 bitartekoan, loratuko zena.



II. Errepublikan, ahotsez eta bozez

Erregimen errepublikanoa aldarrikatzearekin batera, behin-behineko Gobernuak hainbat lege dekretu aldarrikatu zituen, Errepublikak burutu behar zituen premiazko erreforma demokratiko zenbait aurreratzeko. Horietako bat izan zen 1907ko Hautesle legea aldatu zuena. Berrikuntzen artean emakumeak eta apezak hautagai izan zitezkeela zioena nabarmentzen zen. Hori dela eta lehen aldiz hiru emakume eseri ziren Madrilgo Gorteetan, beste 470 parlamentarien artean, ekainak 28an burutu zituzten hauteskundeen ondorioz. Emakume aitzindari horiek Victoria Kent Siano, Clara Campoamor Rodriguez eta Margarita Nelken Mansberger izan ziren. Lehenengo biak, Victoria eta Clara, legegintzaldia hasi zen unetik bertatik eta Margarita Nelken, 1931ko abenduaz geroztik. Kentek eta Campoamorrek ibilbide politiko antzekoa burutua zuten ordura arte. Legelariak biak, bata eta bestea aritu ziren 1930eko altxamendu errepublikanoaren aldekoen defentsan. Victoria Alvaro de Albornoz ministro izanen zenaren abokatu izan zen Madrilen eta Clara, Donostian preso zeuden Manuel Andres, Pepe Bago eta bere anaia Ignacioren defendatzailea izan zen. Baina Errepublika gauzatu zenean bide desberdinak hartu zituzten. Kent Partido Republicano Radical Socialista delakoaren kide izan zen bitartean, Clara Campoamor Partido Republicano Radicalarekin lerrokatu zen. Emakumeek hautagai izateaz gain hautesle ere izateko eskubideari dagokionez, jarrera desberdinak izan zituzten. Campoamor izan zen, ezbairik gabe, eskubide hori, hasieratik gauzatu zen arte, sutsuen eta etengabe bultzatu zuena. Victoria Kent-ek aldiz, alderdi errepublikanoen artean nagusitu zen kontrako joerarekin bat eginik, aurkako iritzia azaldu zuen arazo hori eztabaidatu zenean. Campoamorrek eskatu eta lortu zuen konstituzioa prestatu behar zuen batzordean aritzea eta berari zor diogu, sexu berdintasunaren alorrean, inolako baldintzarik edo murrizketarik gabe, orduko testu konstituzionalak parekotasunaren alde jotzea. Parlamentuan bertan boto eskubidea eztabaidatu zenean, bera izan zen gehien aritu zen parlamentaria eta emakumeak eskubide horretatik kanpo laga zituztenen kontra argien mintzatu zena.

Ez zuen batere erraza izan Campoamorrek emakumezkoen boto eskubidean aurrera egitea. Alde batetik, ezkerraren baitan, talde errepublikanoen artean bereziki, emakumeen botoa Errepublikaren aurka eta eskuindarren alde emango zenaren ideia indartuz joan zelako. Hori dela medio, bere alderditik hasita PRRS delakoraino, talde errepublikano guztietatik emakumeek lortzear zuten eskubide horren aurkako gaitzespen borobilak azaldu ziren. Gaur xelebre samarrak diruditen argudioak, serio demonio, adierazi zituzten parlamentari hainbatek. Clara Campoamorren alderdikide Alvarez Buyllak emakumeen botoa Errepublikarako osagai oso arriskutsua zela zioen, honako hauek gaineratuz: "Espainiako emakumea politikoki atzeratua eta atzerakoia da; ez da aldendu oraindik sakristien eta aitorlekuen eraginetik eta emakumeei botoa eskainiz gero, beraien eskutan Errepublikaren aurkako arma jartzea litzateke". Novoa Santos galiziarra saiatu zen argudio iraingarrien bitartez emakumeen ezintasuna azaltzen: "Zergatik eman behar diegu emakumeei gizonezkoei ematen dizkiegun eskubide berak? Gizaki berdinak dira ala?".

Galdera horiek plazaratuta, gizonezkoek emakumeak hauta zitzaketela, baina azken hauek ezin zutela hautesle izan ondorioztatu zuen. Acción Republicanaren partaidea zen Hilario Ayusok onartzen zuen eskubide bereko hautesleak izatea, baina adin desberdinekin. Gizonezkoek 23 urterekin eskubideak osotasunean izanen zituzten bitartean, emakumezkoek 45 urterekin, Ayusoren arabera emakumeek adin hori izan arte borondate eta adimen urrikoak omen zirelako. Komunikabideetan antzeko iritziak ugalduz joan ziren eta urriaren 1ean parlamentuan botoen eskubide orokorra bozkatu ondoren, hurrengo egunean horrela zioen La Voz egunkariak: "Gaur egun emakumezkoen botoa zentzugabea da, herri gehienetan ia-ia emakume guztiak beraien iritzia zuzentzen duten apezen eskutan daude. Egun, emakume espainiarra, nekazaria batez ere, ez da gauza libre eta inoren aholkurik gabe bozkatzeko».

Victoria Kent diputatuaren aldetik etor zitzaiokeen laguntza Campoamorri, baina hori gertatu ordez, oposizioa berarentzat eta akuilu galanta bilakatu zen boto eskubide hori ukatu nahi zutenendako. Kentek argudiatu zuen bera ere ados zegoela emakumeek izan beharko zuten sufragio ahalmen horrekin, baina ahalmen hori atzeratzea hobe zela zioen. Kentek oso ongi islatzen zuen esparru errepublikanoetan zein PSOEko hainbat sektoretan zegoen aipatutako aurreiritzia: emakumeak apezen eta kontserbadoreen gatibu zirela eta horrek hautestontzietan ezezko eragina izanen zuela, alegia. Eztabaidak eztabaida, argi eta garbi azaldu ziren jarrera horiek parlamentuan, baita kanpoko bilkuretan ere. Urriaren 1ean sexuen arteko berdintasuna eta sufragio orokorra bermatzen zuen artikulua bozkatu zenean, oso nabarmen gelditu zen ezkertiarrek auzi horretan zuten zatiketa edo aniztasuna. Eskumatarrek alde bozkatu zutenez aise gainditu zuen aldeko botoak, 161 alde eta 121 aurka izan zirelako. Gobernukide errepublikanoen jarrera desberdinak begibistan gelditu ziren. Niceto Alcalá Zamorak, Fernando de los Riosek, Santiago Casaresek eta Francisco Largo Caballerok alde bozkatu zuten bitartean, Manuel Azañak, Alejandro Lerrouxek, Alvaro de Albornozek, Indalecio Prietok, Nicolau D'Olwerrek eta Marcelino Domingok ez zuten bozkatu eta Diego Martinez Barriok aurkako botoa eman zuen. Abenduaren 1ean, behin betiko bozketa burutu zenean, askoz zailagoa izan zen boto orokorraren onespena lortzea. Ordurako parlamentari eskuindarrak parlamentutik kanpo ziharduten, eta ezkerrean aurreko zatiketa errepikatu zen, beraz, ozta-ozta, 131 alde eta 127 aurkako botoekin, konstituziora igaro zen berdintasunaren oinarrizko eskubide hori. Gobernua berriro ere zatiturik azaldu zen eta ondorengo egunetan komunikabideetan errepikatu egin ziren ohiko adierazpenak. Prietok emakumeen boto aktiboa gaitzesteko bota zuen esaldi famatuak -«Errepublikari emandako labankada makurra»- era ezkor bezain zakarrez laburbiltzen zituen egun haietan esandakoak.


Emakumeak eta hautestontziak susmopean

Pentsatzen zuten baino askoz lehenago jarri behar izan zuten martxan boto orokorra. Izan ere, berez 1935ean amaitu beharko zen legegintzaldia 1933ko udazkenean hiltzorian zegoen, Gobernu errepublikanosozialistaren desberdintasunek aurreratu baitzituzten bozketa orokorrak 1933ko azaroaren 19ra. Euskal emakumeek 15 egun lehenago izan zuten aukera boto eskubidea gauzatzeko, Euskal Autonomia Estatutuaren erreferenduma Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban burutu zutelako orduan. Autonomia Estatutuak adostasun oso handia eskuratu zuenez, ez zen emakumearen parte hartzeari edo beraien botoari buruzko eztabaidarik suertatu. Aitzitik, hauteskunde orokorren ondorioz gauzatu zen aginte aldaketak, Partido Republicano Radicalen eta CEDAren aldekoak alegia, emakumeen parte hartzea ikusmiran eta susmopean ezarri zuen. Clara Campoamorrek ongi azaldu zuenez, 1933tik aurrera emakumeen botoa gizonezkoen errakuntza politikoak garbitzeko lixibarik hoberena bilakatu zen. Emakumezkoen ustezko boto eskuindarrak ederki estaltzen baitzuen lehen biurteko talde ezkertiarren porrota. Beraiek atondu zuten hautesle legearen ildotik joan beharrean, hau da koalizio eta batasun handiak osatu ordez, bakoitza bere aldetik joan zen eta horregatik eskumen koalizioa zen CEDA izan zen garaile. Ezkertiarrek boto gehiago lortu zituzten arren, oso banaturik joan zirelako, Gil Roblesen jarraitzaileek zein Lerrouxek gidatzen zituen errepublikano eskuindarrek diputatu gehiago lortu zituzten. PSOE behera nabarmen joateaz gain, alderdi errepublikano ezkertiarrek egundoko porrota pairatu zuten. Hori dela eta, geroxeago "Biurteko beltza" deitu zuten aro latza hastear zegoen... Dena den, emaitzak aztertzeko garaian, gero eta gehiago larriagotzen ari ziren langabezia, garatu gabeko nekazal erreforma eta talde ezkertiarren banaketa erraz estaltzen zuten batzuek emakumeek eskuinari emandako ustezko botoekin.

Gezurrak buztana labur erranerari ongi helduz, bi urte beranduago burutu zituzten hauteskunde orokorrek argi eta garbi adierazi zuten emakumeen parte hartzeak ez zuela ezkerren garapena oztopatzen, laguntzen baizik. Izan ere 1936ko otsaileko hauteskundeetan, 1931ko ekainekotan izan zuten batasuna Fronte Popularraren bitartez berreskuratuta, ezkertiarrak irabazle suertatu ziren biurteko eskuindarrari amaiera emanez. Orduko kanpainan baita ondorengo hilabeteetan ere, oso nabaria izan zen emakume ezkertiarren jardutea, hilabete eskas batzuk pasata, Gerran emanen zena aurreratuz.


Emakumeak eta hautestontziak

Hautetsiei dagokienez, kopuru apala izan zen emakumezkoena Errepublikako Gorteetan. Estreinako legealdian Victoria Kent eta Clara Campoamorri Margarita Nelken sozialista gehitu zitzaien, bere nazionalitatearen inguruko arazoak konpondu ostean. Azken hauxe izan zen hiru legegintzalditan aritu zen emakume diputatu bakarra. Campoamorrek, emakumeen partehartzearen aldeko borrokalari gartsuenak, hasieran bere alderdia zen Partido Republicano Radical delakoaren aldetik eta Izquierda Republicana zein Fronte Popularretik geroxeago, erabateko zokoratzea pairatu zuen eta ez zen bueltatu parlamentura 1933az geroztik.

Eskumari dagokionez, Rosa Maria Urraca Pastor bezalako mitinlari eta ekintzaile ugari bazituen ere, emakume bakarra, CEDAko Francisca Bohigas, iritsi zen Leondik parlamentura, 1933ko bozketetan. Azken legegintzaldian, soil-soilik Fronte Popularreko honako hautagai hauek bereganatu zuten ardura parlamentarioa: Dolores Ibarruri, Margarita Nelken, Julia Alvarez, Matilde de la Torre eta Victoria Kent. Haien artean, beraz, bi euskaldun genituen: Dolores Ibarruri "Pasionaria" buruzagi komunista bizkaitar ezaguna eta Julia Alvarez Resano, ekintzaile sozialista nafarra, historiak arras bazterturik izan duena. Biek bere jatorrizko barrutietatik kanpo eskuratu zuten parlamentari izaera: "Pasionaria"k, Oviedotik eta Villafrancako maistra ohia zen Juliak, Madrildik. 1936ko legegintzaldia motz-motza izan arren, Ibarrurik aukera izan zuen mitinetan urtetan landutako hitz jarioarekin parlamentuan aritzeko. Alvarez berriz, bestea bezain mitinlari trebea eta aritua bazen ere, bakarrik Parlamentuko batzorde batzuetan aritu zen, Autonomia Estatutukoan esate baterako, Espainiako Gerra Zibila iritsi bitartean.


Parlamentuaz gain politikan jardun

Hala eta guztiz ere, oker handia izanen zen pentsatzea emakumezkoen jardun politikoa parlamentura mugatu zela. Izan ere, aipatu ditugun emakume horiez gain, beste aunitzek jardun zuten esparru politiko desberdinetan. Errepublikak zabaldu zuen aro demokratikoan, sekula baino gehiago garatu ziren emakumezkoen erakunde bereziak. Beraien eskubideak aldarrikatzeko zeuden UNME bezalakoez gain, indar politiko gehienek martxan jarri zituzten hainbat erakunde emakumezkoak elkartzeko eta politikari ekiteko. Esate baterako, Eusko Alderdi Jeltzalearen inguruan Emakume Abertzale Batza lau lurraldetara hedatuz joan zen heinean, karlistek beraien "margaritak" Euskal Herriko eta Espainia osoko txoko askotara zabaldu zituzten. Geroxeago, sortu berria zen Falangeak berak, Frankismoaren garaian jarraipena izan zuen "Sección Femenina" delakoa hasi zen egituratzen, emakume eskuindarrak biltzeko asmoz. Ezkerrak, aitzitik, korronte faxistaren hazkundea zela medio, "Union de Mujeres Antifascistas de España" deiturikoa eratu zuen 1933an. 1934aren bukaeran, Asturiaseko Iraultzaren ondorioz, erakunde hori legez kanpo suertatu zenean, "Comite pro Infancia Obrera" izenaren azpian babestu zuten beraien jardun politikoa. Espainiako Gerraren karietara "Mujeres Libres" anarkistek bultzaturiko elkargoak osatuko zuen emakumeen esparru ezkertiarra.

Sufragioaren errebindikazioa gauzatu ez ezik, beste auzi batzuetan ere emakumeek arreta berezia jarri zuten. Dibortzioaren legea izan zen horietako bat: Espainiak, Errepublika aldarrikatu zenean, senar-emazteen banaketak arautzeko legerik ez zuelako. Gabezia horri aurre egiteko, azkar, 1931ko abenduan, Justizia Ministerioak dibortzio legearen proiektua aurkeztu zuen Parlamentuan eta 1932ko otsailaren 26an gehiengo handi batez -260 boto alde, 23 aurka- onartu zuten. Lege horren eztabaidetan berriro nabarmendu zen Campoamor eta aukera baliatu zuen Kode Zibilean adulterioa epaitzeko zeuden sexu desberdintasunak salatzeko.

Lan munduari dagokionez, berdintasunaren aldeko keinuak gobernu errepublikanoak burutu zituen. 1931ko apirilean bertan, erregimena jaio berria zelarik, kaleratu baitzuen dekretu bat emakumeek notaritza bezalako oposaketetan parte har zezaten. Garai ez hain urrunetan, goi mailako ikasketak burutzeko izandako oztopoak erabat atzenduak, asmoa zen maila guztietan emakumeek aukera izatea beraiek aukeraturiko ikasketetan edo lanbidetan aurrera jotzeko. Urte bereko urrian emakumezko espetxezain adarra sortu zuen Victoria Kentek kartzela arauak gizatiartzearekin batera, lan esparru berezi horietara emakumeak eramanez. Konstituzioa 1931ko abenduan gauzatu zenean, ardura eta lan publiko guztietara emakumeak zein gizonezkoak aritzearen ahalmena bermaturik gelditu zen, legeek ezarritako bateragaiztasunak aparte lagata. Dena den, 1932az geroztik egoera ekonomikoaren larriagotzeak komunikabideen aldetik hasieran, eta, 1934az geroztik gobernuaren partetik, emakumezkoen lanaren aurkako jarrera ekarri zuen. Horren ondorioz, hainbat lanbidetan, aduanetako adituen erakundean, fiskal jardunetan, justiziako idazkaritzetan... zehatz-mehatz emakumeen lana debekatu zuten. Testuinguru horretan, gero eta oihartzun handiago izan zuten emakumeek soil-soilik etxean lan egin behar zutela zioten iritziek. Horien arabera, langabeziari aurre egiteko eta etxeko lanen bitartez gizarteari ordezkaezina zen onura emateko, hobe zuten emakumeek etxean gelditzea. Ñabardurak ñabardura ikuspegi horretan bat zetozen El Debate eta Razón y Fe komunikabide eskuindarrak edo La libertad eta El Sol egunkari errepublikanoak. Bakarrik El Socialista edo Mundo Obrero komunistetatik errebindikatu zuten behin eta berriro lana, sexua edota egoera zibila kontuan hartu gabe. Antzeko lehiak eta kontraesanak eman ziren prostituzioaren inguruan. 1931ko ekainean jardun hori erreprimitzeko zegoen "Real Patronato para la represión de la trata de blancas" delakoa bertan behera gelditu bazen ere, 1935a arte ez zuten kaleratu lege bat lanbide berezi hori arautzeko. Aipaturiko lege horrek ez zilegitzat jo zuen, baina jakina, munduko lanbide zaharrenak, egoera ekonomiko larria lagun, gero eta biziago jarraitu zuen.


Gerra garaian ezina ekinez egina

1936ko uztailak ireki zuen egoera berriak Errepublikaren hiltzoria eta, hiru urte beranduago, bere bukaera gauzatuko zuen. Baina bide batez, emakume askorentzat Espainiako Gerra Zibilak eragin anitz bezain aberatsak ekarri zituen. Frontean, erretagoardietan edo erresistentzia lanetan aritzeak kasu askotan legegintzaldiak eta ohiturek finkaturik zituzten muga estuak atzean laga zituzten. Aipaturiko bateraezintasunak gerraren beharrek aise gainditu zituzten Bidasoako, Kataluniako edo Madril aldeko frontetan aritutako emakumeek. Errepublikako urteetan bere praxia emakumezkoen antzinako roletara mugatzen zutenak, Emakume Abertzale Batzaren kasuan, esate baterako, ederki gainditu zituzten Bittori Etxeberriak, Delia Laurobak, Itziar Mugikak edo Tere Verdesek, presoei laguntzeko lehen elkartasun eta erresistentzia sarea eratu zutenean.

Ezkertiarrei dagokienez, Bidasoa aldeko Puntxastik Somosierraraino, eta bereziki Kataluniako frontean, emakume milizianoak -Casilda Hernaez anarkistak, Mika Etchebehere Poumistak edo Rosario Sanchez "dinamitera" komunistak frogatu zuten legez- faxisten aurka borrokatzeko gizonekiko erabateko berdintasunean aritu ziren, Gerrako lehen hilabeteetan bederen. Europan, I. Mundu Gerran emakumezkoek gizonak ordezkatzeak Gerraren osteko berdintasunaren ideia sendotu zuen bezala, Espainiako Gerran ere berdintsu suertatu zen alde errepublikanoan. Baina noski, aurrerakuntza guzti hauek, guztiak 1939ko apirilaz geroztik deuseztaturik geratu ziren, frankisten garaipenarekin batera. Alde batetik, Espainiako Estatuan emakumezkoa etxera bueltatzearen diskurtsoa erabat nagusitu zelako, bere ondorio atzerakoienekin. Bestetik, frankistek aurrera eramandako errepresioak -Saturraran, Ventas eta Yeserias bezalako espetxeak lekuko- emakumeen eskubideen alde eta Errepublikaren alde borrokatu zutenak oso gogor astindu zituelako. Diktadura latz horretatik alde egin zuten emakume aunitz halabeharrez erbestean gelditu ziren betirako. Aipatu ditugunen artean, horixe izan zen Mexikon hil ziren Margarita Nelken edo Julia Alvarezen patua. Clara Campoamor Suitzako erbestean hil ondoren, bere azken nahiari eutsiz, bere errautsak Donostiaratu zituzten eta egun Polloeko hilerrian harlauza xume baten pean datzate. Beste batzuek, Victoria Kent edo Dolores Ibarruri adibidez, Francoren desagerpena gainditu zutenez, posible izan zuten hona itzultzea. Eta era berean, ondorengo Trantsizioak berreskuratu zituen emakumeen hainbat eskubide Estatuan nola berrezartzen ziren ikusi ahal izan zuten. Ez ordea, demokraziaren funtsa den Errepublikan oinarrituriko egitura politikoaren berreskuratzea. Orduz geroztik emakume zein gizon errepublikazaleok III. errepublika espainiarra edo I. euskalduna gauzatzea zor diegu.


ASTEKARIA
2006ko apirilaren 09a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakumeak eta errepresioa frankismoan
Memorian eta bihotzean gordeta, Saturrarango historia zabaltzen jarraituko dute

Saturraran Elkarteak antolatuta, Oroimen Eguneko ekitaldian batu dira larunbatean 1939tik 1944 bitartean Saturrarango Emakumeen Kartzela egon zen inguruan, bertan preso egondako emakume eta umeak oroitu eta omentzeko.


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


2023-03-28 | Antxeta Irratia
Aberria egin zuten milaka emakume abertzaleren memoria berreskuratzeko lanetan dihardute Irunen

1922tik II. Mundu Gerra artean Emakume Abertzaleen Batzak bildutako 23.000 emakumeren historia laburbiltzen duen erakusketa antolatu dute Irunen.


Urduñako espetxean hil ziren presoen senideen bila ari da Jaurlaritza Extremaduran, identifikazio genetikoa egiteko

Eusko Jaurlaritzaren memoria arloko ordezkaritza bat Urduñako espetxean hildako presoen senideen bila ari da Extremaduran, herriko hilerritik ateratako gorpuzkien identifikazio genetikoa egiteko. Larunbatean aurkeztuko ditu orain arte egindako lanak Castueran (Badajoz).


2022-10-06 | Antxeta Irratia
Emakume errepublikarrek kartzela frankistetan bizitako umiliazioak Irungo Oiasson ikusgai

Emakumeen egoera 1936ko estatu kolpearen ondoko urteetan isilean iragan bada ere, "emakume izanagatik" kartzeletan pairatu zutena argitara eman nahi du Papillons, esangabeko hitza erakusketak Irunen.


2021-08-04 | Euskal Irratiak
Memoria historikoaren bulegoa aurkeztu dute Irunen

Oraindik, ez dago zabalik, baina irailaren 13tik aurrera, erabili ahal izango da.


1936 eta 1945 artean amezketarrek zer bizitu zuten jasoko du udalak

1936ko gerran eta lehen frankismoan Amezketan gertatutakoaren inguruan ikerketa «sakona» egin nahi du udalak, Aranzadiren laguntzaz; testigantzak bildu nahi dituzte.


Urriak 24

2019eko urriaren 24ak, batzuentzat, agian, Franco jeneralaren biografiaren epilogoan tartea edukiko du. Beste batzuentzat espainiar demokraziaren garaipen oroitarria bezala aldarrikatuko da. Badaude ere, eta Espainian (ezta Euskal Herrian ere) ez dira gutxi, iraganeko hezurren... [+]


Zornotzako espetxea, bizidunen hilobia

Zornotza (Bizkaia), 1939ko abuztua. Zornotzako Emakumeen Espetxe Zentrala jarri zuten abian egun El Carmelo ikastetxea dagoen eraikinean, eta Espainiako estatu osotik errejimen frankistarentzat “oso arriskutsuak” ziren emakumeak bertara eramaten hasi ziren.


Eider de Dios
“Ikusezinen artean ikusezinenak dira etxeko langileak”

Etxeko zerbitzuaren bilakaera aztertu du Eider de Dios historialariak doktoretza-tesian, emakume langileen nortasunaren eraikuntza ardatz hartuta. 2016ko irailean egin zuen tesiaren defentsa, eta sari bi irabazi ditu egindako lanagatik. Ondorioz, liburu bat argitaratu du, eta... [+]


2018-04-26 | Arabako Alea
Frankismoaren kontrako erresistentzia sarea antolatu zuen Luis Alava buruzagi abertzalea omenduko dute

Maiatzaren 5ean egingo dute Luis Alava Sautu omentzeko ekitaldia, Gasteizen. Duela 75 urte fusilatu zuten, Madrilen, Francoren kontrako erresistentziako Araba Sareko antolatzaile zena.


Maravillas Lanbertori omenaldia egin diote Larraga jaioterrian

Larragan omendu dute frankistek bortxatu eta erail zuten bizilaguna: Maravillas Lanberto Ioldi. Kantua, musika eta antzezlana izan dituzte herrian.


2018-04-10 | Goiena
Intxortako erresistentzia gogora ekartzeko ekitaldi sorta Elgetan

Elgetako Udalak Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean bi asteko egitaraua gertatu du Intxortako erresistentziaren 81. urteurrena aldarrikatzeko. Aurten, aldaketa nabarmenena da lubakietan egin izan den borrokaldien errekreazioaren ordez Elgetaren gainbehera izeneko... [+]


Eguneraketa berriak daude