Paul Rios: «Modu batez edo bestez kontsulta egin behar da»


2021eko uztailaren 12an
«Adorez hartu dut kargua, ardura handia dela kontziente naiz ordea. Jonan Fernandezen ondorengoa izatea ez da samurra, hedabideen aurrean edo gizartean duen presentzia garrantzizkoa baita. Edonola ere, Elkarriko kide ohiengandik laguntza osoa jasotzen ari naiz. Bestalde, Elkarriren sorreratik gaur egunera egoera politikoa asko aldatu da. Egoera berriaren beharrei erantzuteko eta bake eta normalizazio prozesuan aritzeko egokitua da Elkarriren oinordekoa den Lokarri» diosku Paul Riosek.

Lokarriren koordinatzaile nagusiaren ustez «duela urte batzuk zegoen adostasuna baino handiagoa dago gatazkaren inguruan. Gizarteak bakea eta alderdi guztion arteko elkarrizketa nahi ditu».

Elkarriri adioa eta Lokarriren aurkezpena egin berri duzue. Bilbon manifestatzera deitu duzue gizartea. Egiguzu honen balorazioa, mesedez.
Pozik gaude. Manifestazioa aniztasunaren isla izan da. Egia esan jende gehiago espero genuen, baina iazko irailaz geroztik egoera politikoak okerrera egin zuela kontuan hartu behar da. Gizarteak bake eta normalizazio prozesua gertu ikusi du, baina manifestazioa egin zen unean ez zuen aurrerapenik ikusten. Giro politiko nahastu horretan zaila zen besterik lortzea. Gure lema ordea -akordioa, kontsulta eta berradiskidetzea- oso presente dago gizartean eta kalean.

Egun berean gerraren aurkako manifestazioa izan zen. Honen antolatzaileen kritikak jaso zenituzten.
Kritikak ez dira horrenbesterako izan. Gerraren aurkako manifestazioa egun berean izatea tamalgarria izan zen. Ez ginen gauza izan bi manifestazioak koordinatzeko, bi manifestazioen lemak antzekoak eta osagarriak izanda: Indarkeriarik eza eta elkarrizketa Euskal Herrian nahiz munduan.

Bien bitartean, apirilaren 2an beste manifestazio bat izango da leku berean. Anabasa apurra izan da, nolabait.
Apirilaren 2rako hainbat alderdik eta eragilek deitutako manifestazioa eta gurea osagarriak dira. Bien artean ezberdintasunak izan arren, ñabardurak ñabardura, Lokarriren mezuaren antzekoa zabalduko da bertan. Bi manifestazioak batuta PP da kanpoan geratu den alderdi bakarra. Guretzat ez da ezberdintasunak nabarmentzeko unea, batzen gaituena azpimarratzeko baizik. Alabaina, onartu behar da alderdien unea dela.

Badago Lokarriren sorrera ondo ulertzen ez duenik ere. Hau da, ETAri bake prozesua zaindu nahi izateaz kritikatu zaio eta orain Lokarrik funtzio hori bete nahi ote duen errezeloa dago, nolabait.
Elkarrik oso rol argia eta garbia erakutsi du 13 urteetan. Hasieratik indarkeriarik eza eta guztion arteko elkarrizketa izan da bere aldarrikapen nagusia. Lizarra-Garaziko garaiaren ostean ere, ETAk su-etena apurtu ondoren, Elkarrik gizartearen itxaropenari eutsi eta bake prozesuan lagundu zuen. Sarritan ordea, perspektiba galtzen dugu, ez dugu gogoratzen duela hiru urte bizi zen egoera zaila: PP Gobernuan zela eta elkarrizketa bide guztiak itxita zeudela. Elkarriren zeregina gauden egoerara etortzeko laguntzea izan da eta Lokarrik horretan dihardu ere orain. Besterik ez.

Zein dira Lokarri izatearen arrazoiak zehatz-mehatz?
Lokarri bake eta normalizazio prozesua abiatzeko egunaren biharamunerako pentsatuta dago. Egun hori maiuskulaz idatzia izan da gure agendan. Egun hori iritsi da eta laguntzeko prest gaude.

Iritsi da egun hori eta bake prozesuaren hastapenean murgilduta dago jarduera politikoa...
... eta orain egin beharreko lana aztertzen ari gara. Akordioa eta kontsulta bideratzeko eta gauzatzeko urratsak areago zehaztu eta finkatu behar ditugu. Aurrerantzean ere, egoera oso zailak biziko ditugu, horregatik, aldez aurretik, eremua ondo landu behar dugu.

Nola iragartzen duzu prozesua?
Prozesua abiatzeko hiru urrats eman behar ziren: ETAk su-etena eman behar zuen eta eman du. Segidan alderdien mahaia osatu behar da eta hirugarrenik, pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzeko dinamika sortu eta landu behar dugu. ETAk indarkeria uztea beharrezkoa da, baina, halaber, giza eskubide guztien bortxaketak eten behar dira: presoen espetxe politika, Batasunaren kideen espetxeratzeak, Batasunaren beraren ilegalizazioa... Finean, akordioa eta kontsulta egin ahal izateko aldaketa horiek eman behar dira.

Elkarriren ekarpenetako bat Eginoko mahaia izan da. Alabaina, diskrezioa tarteko bere ekarpena ez da ia ezagutzen.
Diskrezioa aipatu dugu eta horri eutsi behar diogu. ETAk su-eten iraunkorra erabaki duela jakin ostean, alderdien mahaia osatzeko dei egin behar da. Une hau oso delikatua da, gauza bat baita alderdien mahaia deitzea eta beste bat berau antolatzea. Eginoko mahaiaren ekarpena alderdien zeregina errazteko egina dago. Agirian hainbat puntu idatzita daude mahaia osatu aurreko elkarrizketan laguntzeko, alderdiek zer-nolako puntuak aztertu behar dituzten jasotzen da ekarpenean. Akordioa garrantzizkoa bada ere, berau lortzeko aurre-akordioa funtsezkoa dela azpimarratzen da bertan.

«Akordioa, kontsulta eta berradiskidetzea« Lokarriren lema. Akordioa non eta zeinen artean?
Hasteko, mahaian gure egitekoa bukatu da. Printzipioz Lokarrik ez du egitekorik izango. Mahaia osatzea alderdien ardura eta zeregina da. Zeinen artean? Alderdiek erabaki behar dute. Nola? Alderdi guztien artean posible bada, baina gu kontziente gara ez direla denak egongo.

Alegia, PP ez dela egongo.
Hori da. Beraz, alderdi guztien akordioa lortu ezean, akordio anitza lortu behar da, eta hori ezean, gehiengoaren borondatea egin dadila. Orduan, gutxienez, normalizaziorako akordio bat lortu behar du mahaiak. Hau da, mahaiak alderdiak batzen dituena bilatu behar du, desberdintasunak non dauden agertu eta etorkizunerako berauek zehaztu, baita aldi berean elkar bizikidetzarako printzipioak finkatu ere. Halaber, esparru juridiko-politiko berri baterako akordioa lortu behar da, oraingoak baino kontsentsu handiagoa izango duena, edo gutxienez erabakitzeko eta itauntzeko eskubidea bermatuko duen esparru politiko-juridikoa.

Alderdien mahaia izango al da ere Nafarroan eta Iparraldean?
Gure lehentasuna alderdiak mahai baten inguruan esertzea da. Non eta nola? Ez da gure ardura. Baina Nafarroan ere bake prozesua urratu behar da, baita horretarako alderdien arteko mahaia eratu ere. Nafarroan bizikidetza ez dago normalizatuta, arazo asko dago, beraz Nafarroan ere akordioa bilatu behar dugu. Iparraldea uneon urrunago dago ezer berririk esateko. Hala ere, akordiorako esparrua bilatu behar dugu, harremanak landu eta kooperazio organo moduko bat sortu beharko litzateke. Baina hori alderdien ardura da eta batzuk horretan ari dira.

Kontsulta berriz nola ulertzen duzue?
Guk nahi dugun kontsulta, akordioa berresteko kontsulta da. Baina gerta daiteke alderdiek akordiorik ez lortzea. Kasu horretan ere, gure proposamena gizarteari zer-nolako bizikidetasuna nahi duen galdetzea da. Modu batez edo bestez kontsulta egin behar da. Gizartean iritzi ezberdinak daude, baina zer etorkizun nahi duen esateko gauza da.

Berradiskidetzea da zuen lemaren azken aldarrikapena.
Gure asmoa berradiskidetzearen printzipioak argitzea da. Diskurtso bat landu behar dugu, baina kontziente gara uneon ezinezkoa dela berradiskidetzearen diskurtsoa plazaratzea. Hori egiten hasteko akordio politikoa behar da lehenik. Akordioa gauzatzen den bitartean berradiskidetzeko printzipioak zehaztu behar ditugu. Garaitu eta garaileen diskurtsoa gailendu behar dugu.
«Politika maiuskulaz egiteko ordua da»
Oso pozgarria eta garrantzitsua izan da ETAk su-etena iragarri izana, gizartea horren zain zegoen eta iritsi da. Politikaren bidean aritzeko oztopo bat kendu da eta orain baldintza hobeak daude bake eta normalizazio prozesua hasteko. Galdera da: ETA itzuli al daiteke jarduera armatura? Bai. Baina zaila egingo zaio, denbora joan ahala gero eta zailagoa. Lizarra-Garazi garaiko su-etena ikasketa izan zen denontzat eta ETArentzat bereziki. Su-etena apurtzeak ekarri zituen giza kostuak nahiz galbide politikoa begi-bistakoak dira. Orain, berriz, iazko irailean amestu genuen horizonte politikoa zabaldu eta behin betiko konponketa politikoa aurkitzeko unea iritsi da. Lehen zeregina alderdi politikoen mahaia gauzatzea da. Pazientzia behar da, ez da lan erraza izango baina alderdiei sendo aritzeko unea iritsi zaie. Politika maiuskulaz egiteko ordua da. Unea aprobetxatu eta gizarteak eurengandik espero dutena eman behar dute alderdiek. Beste galdera bat: alderdien mahaia noizko? Hobe udarako Eguberrietarako baino, lehenbailehen. Urrats finkoak eman behar dituzte ordea. PP kanpoan geratuko da, baina ziur aski egoera berria beste modu batez aztertzen hasia da. Aznarrek berak aukera bezala ikusi du ETAren su-etena.

Kolaboratzaileengan oinarritua
Goiz da aldaketaren ondorioz ekimen berrian izango diren pertsonen eta egituren berri zehatzik emateko. Edonola ere, ondo abiatu gara. Lokarri gauzatzeko erabakia Batzarrean hartu ondoren Elkarriko 3.000 bazkideetatik gehienek segitu diote gure deiari: %97k. 8 langile liberatu aritu gara eta Lokarriren egituran 5 izatea da gurea asmoa. Kideak 700 dira eta batzarretan erabakitzeko eskubidea daukate. Elkarriri sostengu eman dioten jende ezagunek Lokarriri ematen segitzen dute. Guretzat baina, Lokarriren antolakuntzan garrantzitsuenak kolaboratzaileak dira: 6.000. Gure helburua euren parte-hartzea areagotzea da, giza baliabide eta indarra horiek baitira. Sare hori zabaldu eta sendotu nahi dugu.


Azkenak
Herrialde Katalanetako herririk turistikoenak, eskuin muturraren bozen biltoki

Kataluniako azken hauteskundeetako eta Europako hauteskundeetako emaitzetatik abiatuta, presio turistiko handiena bizi duten Herrialde Katalanetako herrietan eskuin muturraren botoak nola egin duen gora aztertuko dugu.


Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu
Puigdemontek nola egin zien iskin poliziei?

Carles Puigdemonten ihesaldiaren bertsio bat kontatu du La Vanguardiako kazetari Mayka Navarrok, "iturri ofizialetatik lortua". Lastozko txapelak, gurpildun aulki bat eta hiru ibilgailu erabili zituzten mossoak nahasteko. Puigdemontek “gaur edo bihar” hitz... [+]


2024-08-09 | Euskal Irratiak
Baionako Euskal Museoak ehun urte bete ditu aurten

Mende batean, Baionako Euskal Museoak izan duen bilakaeraz erakusketa berezia sortu dute. Argazki, tindu edo objektuak ikusgai dira. 1924an William Boissel Bordaleko militarrak bultzatu zuen museoaren sorrera, "euskal herri tradizionalaren" ondarea babesteko... [+]


Sustantziarik gabea

Egia esan, pena ematen dit kritika honi izenburu hau ipintzea. Bizeten Carmen oso opera ederra da, sentimendu unibertsalak jorratzen dituena, hala nola pasioa, jeloskortasuna, maitatuaren posesioa, independentzia... Eta hori guztia musika-lan bikaina oinarri hartuta. Baina... [+]


Gasteizko jaietan izandako bi bortxaketak salatu dituzte

Bi bortxaketa eta beste sei erasoren salaketa zuzenak jaso ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea egin du erasoak salatzeko txosna gunean, ostegunean. Gasteizko Udalak elkarretaratzea ostiralean 11:00etan egin du. Erasoen harira ez dute inor atzeman, momentuz.


Euskal Herriko ikurrak kendu dituzte Atarrabiako pilotalekuan, Nafarroakoa izan ezik

Martxoaren 5ean zabaldutako auto batek armarria “kentzea edo ezabatzea” agindu zuen, “jarrera politiko baten aldeko posizionamendua” dela eta “neutraltasun politikoaren aurka” egiten duelako. UPNk jarri zuen salaketa, eta Atarrabiako alkate... [+]


Lodifobia eta patologizazioa Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean

Bizkaiko e28 koordinadorak salatu du kide trans lodi batek eraso lodifoboa pairatu duela Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean.


2024-08-09 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-08-09 | Axier Lopez
UPNk eta PSNk ez dute lortu Raimundo el Canastero zentsuratzea Tafallan

UPNk mozioa aurkeztu du Tafallako udalbatzan gobernu taldeari eskatzeko bertan behera utz dezala Raimundo el Canastero musika taldearekin zuen kontratua jaietan kontzertu bat egiteko. Lizarrako jaietan izandako polemikaren ondoren etorri da zentsura eskaera. PSN batu zaio... [+]


2024-08-09 | Axier Lopez
Beste milioi bat euro eman die Jaurlaritzak erdarazko hedabideei

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan "euskarazko albisteak areagotzeagatik" diru-laguntzak banatu ditu beste urte batez. Ia milioi bat euro banatu dute Noticias, Gara eta Vocento hedabide taldeen artean, artikulu batzuk... [+]


Ertzain bat atxilotu dute homizidio saiakera egotzita, lan orduetatik kanpo hiru pertsonari tiro egiteagatik

Ertzaintzak ertzain bat atxilotu du, hiru pertsona hiltzen saiatzea egotzita. Agentea lan orduetatik kanpo zegoen, eta deklaratu zuen bere buruaren defentsan egin ziela tiro furgonetan zihoazen ustezko hiru lapurri. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, gezurra da deklaratu duena.


Sardiniak ezetz esan dio kolonizazio energetikoari

Haize-erroten eta eguzki-plaken ezarpen zabalarekin kezkatuta, populazioa "espekulazio energetiko" gisa kalifikatzen duen joera bati aurre egiten ari da.


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


2024-08-08 | Sustatu
Twitterren alternatiben analisia: Bluesky, Mastodon eta Threads

Elon Musk-en jarrera ultra eta toxikoak egunetik egunera agerikoago izanik, X/Twitter noren eskutan dagoen edozeinek ikusten du. Berriz ere egunotan sare horretatik alde egiteko deiak eta agurrak ikusten ari gara, eta horren harira artikulu interesgarria irakurri dugu Electronic... [+]


Eguneraketa berriak daude